Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 1996ko uztailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
3166

137/1996 DEKRETUA, ekainaren 11koa, Euskadiko egoera soziopolitikoari buruzko Euskal Gizartearen Egoera izeneko ikerketa­saria sortzeko eta arautzeko dena.

Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen ekainaren 20ko 305/1995 Dekretuaren 8, 1, c) atalean xedatzen denez, Analisi eta Komunikaziorako Idazkaritza Nagusiaren egitekoetako bat hau da: "Jaurlaritzak parte hartzen duen alorretako gizarte egoera eta bilakaerari buruzko azterlan, txosten edo ekintzak prestatu, Jaurlaritzaren Lehendakaritzak horien berri izan dezan". Halaber, Dekretuko 10, f) atalean, Analisi eta Komunikaziorako Idazkaritza Nagusiaren Argibide eta Azterlan Zuzendaritzari betebehar hau izendatzen dio: "Gizarteak bizi duen egoeraren bilakaeraren berri unean-unean izatea Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen bidez".

Helburu horiek betetzeko, oso interesgarria da garai honetako euskal gizartea ezagutzen lagundu dezaketen ikerketa eta azterlanak bultzatzea, eta alde horretatik, akuilu gisa, arlo horretako lanak sustatuko dituen sari bat, "Euskal Gizartearen Egoera" izenekoa guztiz baliagarria izan daiteke.

Ondorioz, Lehendakaritzaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1996ko ekainaren 11n eginako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. atala.- Helburua eta deialdia.

Euskadiko egoera soziopolitikoari buruzko "Euskal Gizartearen Egoera" izeneko ikerketa­saria sortzea; dekretu honetan adierazitako gorabeherak jasotzen dituen lan bati egokituko zaio.

Saria halako diru kopurua ematea izango da, eta urtero egingo du Lehendakaritzako idazkariak horretarako deialdia; bertan hainbat argibide —helburua, diru kopurua, akzesitak, lanak aurkezteko tokia eta epea, emakida, ordainketa eta sarikurra entregatzea— zehaztuko dira.

2. atala.- Lanek bete beharreko baldintzak.

1.- Sari honetara aurkezten diren lanek Euskal Autonomi Elkartea hartuko dute ardaztzat —nahiz eta beste eremuetako erreferentziak ere erabiltzea zilegi den — eta ondoren aipatzen diren gaien ingurukoa izan behar dute:

- baloreak eta bizimoldeak,

- indarkeria eta bakegintza,

- gazteria eta politika,

- Euskadiko kanpo irudia,

- euskal erakundeen irudia,

- ideologia politikoak,

- hauteskundeetako emaitzak: botoa eta abstentzioa,

- ikerketa soziopolitikorako metodologiak eta Euskadiko egoera soziopolitikoa ezagutzen lagundu dezaketen beste guztiena.

2.- Metodologia dela eta, ikerketa kuantitatiboa zein kualitatiboa izan daiteke.

3.- Aurkezten diren lanek argitaragabeak izan behar dute, eta deialdiaren aurreko bi urteetan egindakoak. Defendatutako doktoretza-tesiak ere aurkeztu ahal izango dira, baldin eta argitaratugabeak badira.

4.- Sari hau bateraezina da ikerketa-lana egiteko jaso daitezkeen bestelako sari, beka edo laguntzekin.

3. atala.- Egileek bete beharreko baldintzak.

1.- Lanak aurkezteko epea amaitzen den momentuan, goi-mailako titulazioa izatea, edota unibertsitate-karrerako azken bi urteetan aritzea.

2.- Pertsona fisiko horiek beren kasa edota beste batzuekin elkartuta aurkez daitezke; kasu honetan, taldeko partaide guztiek bete beharko dituzte deialdiko baldintzak, eta ikerketa-buru bat aukeratuko dute.

Inola ere ez da onartuko pertsona fisikoak pertsona juridikoen izenean edo ordez aurkezterik (institutuak, unibertsitateak, erakundeak, enpresak, elkarteak, e.a.).

3.- Debekatuta dute sari honetara aurkeztea Euskal Administrazio Publikoetako langileek (Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorra eta bere erakunde autonomoak, Foru Administrazioa eta Tokikoa) eta Estatuko beste Lurralde Administrazio batzuetakoek, baldin eta ikerketa-lana beren lanarekin batera burutu badute, edo ikerketa-lana beren lanbidearekin elkarlotuta dagoenean.

Edozein zentrotako (publiko nahiz pribatua) unibertsitate­irakasle guztiek, berriz, parte hartu ahal izango dute.

4. atala.- Lanak aurkeztea.

1.- Ikerketa-lanarekin batera txosten zehatz bat aurkeztu beharko da, helburuak, gaiaren justifikazioa, metodologia, ikerketak hartutako denbora-tartea eta, hala badagokio, ekarpen berriak azalduz. Txosten horrek bost eta hamar folio bitarteko luzera izango du, alde batetik eta tarte bikoitzarekin idatzita, eta, ikerketa-lana bezala, lau kopiatan entregatuko da, ezizen baten sinadurarekin.

2.- Halaber, gutunazal baten barnean, norberaren datuak (izen­abizenak, NAN, helbidea eta telefonoa) eta egilearen/en curriculum vitae aurkeztu behar dira.

3.- Agiriak aurkezteko tokia eta epea urteroko deialdi­erabakiak ezarriko ditu.

5. atala.- Epaimahaia.

1.- Sariaren esleipena proposatzeko eta, behar izanez gero akzesitak ere bai, epaimahai bat osatuko da honako kideekin:

- Lehendakaria: Jaurlaritzaren Lehendakaritzako idazkaria edo bere ordezkoa.

- Bokalak:

- Argibide eta Azterlan Zuzendaritzako titularra, edo bere ordezkoa.

- Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduradun teknikoa.

– Sariak hartzen duen gaian adituak diren unibertsitateko hiru irakasle, Lehendakaritzako idazkariak izendatuak.

- Idazkaria (hitza bai baina botorik ez): Prospekzio Soziologikoen Kabineteko teknikari bat.

Epaimahaiaren osaera Lehendakaritzako idazkariaren erabakiz jakinaraziko da eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Sariaren esleipenaren berri ematen duen erabakia baino hilabete lehenago.

2.- Epaimahaiaren edozein akordio ontzat emateko beharrezkoa izango da kideen gehiengoaren aldeko botoa izatea; berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren botoak erabakiko du. Dekretu honetatik kanpo gelditzen den guztiaren gainean Herri­Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak organo kolegiatuentzat araututakoa aplikatuko da.

6. atala.- Esleipena

1.- Sariaren esleipena proposatzeko eta, behar izanez gero akzesitak ere bai, epaimahaiak kontutan hartuko ditu lanen kalitatea, zuzentasun tekniko-zientifikoa, planteamenduaren eta metodologiaren orijinaltasuna edota berrikuntzarik ekarri ote duten bakoitzari dagokion ikerketa-alorrean.

2.- Epaimahaiaren esleipena proposatzen duen akta Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkariari bidaliko zaio, eta honek sariduna izendatuko du erabaki bidez. Erabaki horrek administrazio bidea amaituko du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Lan bat aurkezten denetik hiru hilabetera, bere gainean erabaki adierazirik eman ez bada, gaitzetsitzat joko da.

3.- Saria eman gabe gera daiteke, bai osorik bai zati batean.

4.- Sariaren esleipena zuzenean jakinaraziko zaie irabazleei. Ondoren dirusaria emango zaie eta, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Idazkaritzak hala erabakiz gero, ekitaldi publiko batean sarikurra emango zaie.

7. atala.- Eskubideak ikerketa-lanen gainean.

Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioak beretzako gordetzen du lanak —banaka zein denak batera— argitaratzeko eskubidea; hala egiten badu, sariaren aipamena agertu beharko du.

GEHIGARRIZKO XEDAPENA

"Euskal Gizartearen Egoera" sarirako lanak aurkezteak, berez, bertako oinarriak osorik onartzeko hitzarmen berariazkoa dakar, dekretu honetan eta urteroko deialdi-erabakian ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 1996ko ekainaren 11n.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.


Azterketa dokumentala