euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Itzulketak Koronavirusen garaian: epeak eten egiten dira

Itzulketak koronabirus garaian

Pentsatu al duzu zer erosten ari zaren? Merkataritza-establezimenduetan erositako premia biziko produktuez gain, merkataritza elektronikoak produktu ugari eskaintzen ditu oraindik. Hala ere, egungo osasun-larrialdiko egoera dela eta, gogoratu komeni dela ezinbestekoa dena baino gehiago ez erostea, eta aztertu zure ingurunekoak lehenago; baliteke gertuko saltokiek ere internet bidez saltzea.

Dena den, produkturen bat itzuli behar baduzu, ez kezkatu. Edozein modalitatetan erositako produktuak itzultzeko epeak, hau da, online edo aurrez aurre (denda fisiko batean), geldirik daude alarma-egoerakedo egon daitezkeen luzapenek iraun bitartean. Beraz, martxoaren 10ean jertse bat erosi bazenuen denda batean eta itzultzeko 30 egun zenituela esan bazizuten, egoera hau amaitzen denean egin ahal izango duzu. Ez kezkatu, halaber, zure erosketa Internet bidez egin baduzu eta espero baino txikiagoak izan diren zapatila horiek itzuli nahi badituzu. Honek guztiak itxaron dezake. Edonola ere, ez ezazu ahaztu denda fisiko batek ez daukala itzulketak onartzeko betebeharrik. Itzulketa-politika ezartzeko aukera dauka, eta politika hori errespetatu beharko dugu.

Itzultzeko aldia berriro hasiko da martxoaren 14ko Errege Dekretuak (alarma-egoera deklaratzen duena, edo hala badagokio, haren luzapenek) indarraldia galtzen duenean. 

Itzultzeko epeak eten arren, enpresa saltzaileak, gehienez ere, 30 eguneko epean entregatu beharko ditu online erositako produktuak (beste epe batzuk hitzartu ez badira).

Online merkataritzaren hazkundea

Konfinamendu egoera honek, non pertsona gehienak janaria erostera joateko besterik ez baitira ateratzen etxetik, online erosketak ugaritzea eragin du. Gobernuak martxoaren 29an onartutako  neurri berrien ondoren, debekatuta dago lanera joatea funtsezkoak ez diren jardueretara, baina Internet bidez erositako produktuak banatzeaz eta entregatzeaz arduratzen diren pertsonek lan egin dezakete.

Egia da ezinbestekoa denerako bakarrik atera behar dugula etxetik; beraz, beti izango da gomendagarriagoa hurbileko merkataritzaren alde egitea, zure ingurukoarena. Jasangarriagoa da, eta tokiko ekonomiari laguntza emango diozu. Erostera ateratzen zarenean, gomendio hauek soilik hartu behar dituzu kontuan.

Nolanahi ere, gogoratu produktuak Internet bidez erosi behar badituzu, webgune seguru batean egin behar duzula: Helbidea https://-tik hasten bada (batzuetan s hori ordainketa-orrian bakarrik aurkituko duzu) edo giltzarrapo bat badu helbide-barraren ondoan, lasai eros dezakezu, horrek adierazten baitu leku segurua dela. Gainera, Online Konfiantzaren gisako ziurtagiria edo Interneten jardunbide egokiak sustatzen saiatzen diren beste ziurtagiri batzuk badituzte, askoz hobeto.

Erreparatu, halaber, enpresaren datuei (izena, helbidea, telefonoa edo posta elektronikoa …), produktuaren ezaugarriei (ez pentsa litro bateko lentilletarako likido potea erosten ari zarenik eta benetan litro erdikoa denik), ordaintzeko moduei eta azken prezioari (batzuetan bidalketa-gastuak aparte sartzen dira).

Pertsona batzuk koarentena honetaz baliatzen ari dira Internet bidez beste produktu batzuk erosteko, premia biziko produktuetatik harago. Komeni da gogoratzea online erosketek trafiko maila altua sortzen dutela kaleetan: garraiolariak, paketeria banatzen duen jendea (entregatzeko zein itzulketak jasotzeko) … Beraz, hobe da behar-beharrezkoa dena baino gehiago ez erostea, hau da: elikagaiak eta premia biziko produktuak. Eta gogoan izan, itzulketek itxaron dezakete.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana