Gizarteratze-txostena

Deskribapena


Zer da?

Atzerritarren Bulegoan aurkezten den txosten bat da, derrigorrekoa beheko bizileku-baimenetako bat eskuratu nahi duten eta Europar Batasuneko herritarrak ez diren atzerritarrentzat:

  • Errotze sozialeko aldi baterako bizileku-baimena, ahaidetasun-loturarik ez badu bizileku-baimena baduen beste atzerritarren batekin (senidea, izatezko bikotekide erregistratua edo lehen mailako senide zuzenak).

  • Errotze sozioformatiboko aldi baterako bizileku-baimena.

Atzerritartasun Erregelamenduak ezartzen du 127.c artikuluan zein diren gizarteratze-txostenaren funtzioa eta edukia, eta zerrendatzen du, jarraian, zer elementu diren gizarteratze horren adierazgarri. Aurkeztu behar dira, beraz, txostenerako esanguratsuak izan daitezkeen agiriak, dela Erregelamenduak berariaz aipatzen dituen elementu horiei buruzkoak direlako, dela bestelako gizarteratze-erakusleei buruzkoak direlako, bereziki alor hauetako jarduerekin lotuak badaude: prestakuntza, kultura, lana, parte-hartzea eta boluntariotza etab.  

Berarentzat derrigor bete beharreko baldintza ez izan arren, eska dezake txostena, ordea, aldi baterako bizileku-baimen bat berritzeko epean egonik berritze-eskakizunetakoren bat betetzen ez duenak, dena delako baldintza hori batere ez nahiz neurri batean bakarrik ez bete. Hala denean, interesdunak gehitu dezake txostena gainerako dokumentuei, baldintzetako ez-betetzeak haren bidez konpentsatzeko. 

Non eskatu?

Euskal Autonomia Erkidegoan gizarteratze-txostena egitea Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari dagokio, zehazki haren egituraren parte den Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzari. Eskabidea aurrez-aurre aurkez daiteke, Zuzeneanen (Eusko Jaurlaritzako herritarrentzako arreta-zerbitzua), baina baita telematikoki ere.

Behin txostena eskuraturik, interesdunak Atzerritarren Bulegoan aurkeztuko du, kasuan kasu beharrezkoa den gainerako dokumentazioarekin, dela errotze sozialaren edo lan-ikasbidezko baimena eskatzeko, dela lehendik badaukan baimen baten berritzeko.

Gizarteratze-txostena, beraz, Eusko Jaurlaritzan eskatzen da, eta ondoren, dagokion Atzerritarren Bulegoak (Araba, Bizkai edo Gipuzkoakoak) gainerako dokumentuekin aztertu eta baloratuko du, baimena eskuratzeko edo berritzeko eskaeraz ebazteko.

Nori dago zuzenduta


Europar Batasuneko herritar ez diren atzerritarrei, errotze bidezko bizileku-baimenaren zenbait kasutan, edo aldi baterako bizileku-baimen bat berritu beharrean egonik baimenaren berritze-eskaerari txostena gehitu nahi badiote.

Erakundeak


Kudeatzen duen erakundea

  • Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa / Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetza > Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritza

Ebazten duen erakundea

  • Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa / Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetza > Etorkinen Harrera eta Integrazioko Zuzendaritza

Kontaktu-informazioa


Harremanetarako datuak

Zuzenean: Herritarrentzako arreta zerbitzua

Kodea(k)

  • Gizarteratze-txostenaren eskabidea: 0218402

Eskabidea eta dokumentazioa aurkeztea


“Eskabidea” botoiaren bidez, sartu tramitazio elektronikoko aplikazioan.

Oharrak:

Inprimakia ez da zertan bete, sinatu eta bidali saio bakarrean. Nahi baduzu, Administrazioaren sistema informatikoan gorde dezakezu, eta beste saio batzuetan ekin prozesuari. Administrazioak hilabetean gordeko ditu bete diren datuak. Nolanahi ere, arauak ezarritako epeetan aurkeztu beharko da eskabidea.

Inprimakia betetzeko informazioa:

  • Zeure izenean ari bazara:
    • Eskatzailea atalean, aukera ezazu Titularra.
    • Datu pertsonalak atalean, bete itzazu Titularraren datuak.
    • Sina ezazu eskabidea.
  • Beste pertsona edo entitate baten izenean ari bazara:
    • Eskatzailea atalean, aukera ezazu Ordezkaria.
    • Datu pertsonalak atalean, Titularra azpiatalean, adierazi zein diren ordezkatzen duzun pertsonaren datuak; Ordezkaria azpiatalean, berriz, idatzi zeure datuak.
    • Sina ezazu eskabidea.

Oharra: Entitateek ordezkariekin dihardute beti.

Eskabide-orriara sartu hurrengo botoiaren bitartez.

Beste tramite batzuk