Kontratazio publikoari buruzko glosarioa
Kontratazio publikoari buruzko terminoen katalogoa
Adjudikatzeko irizpideak
Eskaintzak puntuatzeko orduan kontuan hartuko diren ezaugarriak edo alderdiak dira, eta lizitazioaren baldintza-agirietan definituta daude. Irizpide bakoitzari puntuazio bat ematen zaio, eta pleguan puntuazio hori aplikatzeko modua zehazten da.
Adjudikazio-prozedura
Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuak atal honetako arauen arabera adjudikatuko dira. SPKLren 131. artikulua.
Adjudikazioa
Adjudikazioa da botere adjudikatzaile batek lizitatzaile bati sektore publikoko kontratu baten kontratista izaera ematen dion egintza, aurrez ezarritako adjudikazio-irizpideen arabera bere eskaintza gainerako lizitatzaileen eskaintzaren gainetik hautatzeagatik.
APAPEL
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
Azpikontratatzea
Kontratua gauzatzen den bitartean, kontratistak beste enpresa batzuekin azpikontratatu ahal izango du kontratuen zati bat egitea, baldintza-agirietan edo kontratuetan kontrakoa esaten ez bada. SPKLren 215. artikulua.
Behin-behineko bermea
Kontratazio-prozeduran ez da behin-behineko bermerik eskatuko, salbu eta, salbuespenez, kontratazio-organoak, interes publikoko arrazoiengatik, beharrezkotzat jotzen badu eta espedientean arrazoituta justifikatzen badu. SPKLren 106. artikulua.
Behin betiko bermea
Berme hori adjudikaziodunak kontratua formalizatzeko duen betebeharrari erantzuten dion fidantza bat da. SPKLren 107. artikulutik 111. artikulura.
Botere adjudikatzailea
Sektore publikoko kontratuak esleitzeko ahalmena duten erakundeak. SPKLren 3.3 artikulua.
CPV
Common Procurement Vocabulary edo Kontratu Publikoen Hiztegi Komuna. CPV kontratazio publikoari aplika dakiokeen sailkapen-sistema bakarra da, kontratazio-organoek eta erakunde esleitzaileek beren kontratuen xedea deskribatzeko erabiltzen dituzten erreferentziak normalizatzeko. 213/2008 (EE) Batzordearen Erregelamendua, 2007ko azaroaren 28koa, kontratu publikoen hiztegi komuna (CPV) onartzen duena; eta 2004/17/EE eta 2004/18/EE Zuzentarauak, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, kontratu publikoen prozedurei buruzkoak, CPVren berrikuspenari dagokionez: EUR-Lex - 32008R0213
EBAO
Europar Batasunaren Egunkari Ofiziala
EKAB
Europako kontratazio-agiri bakarra enpresen finantza-egoerari, gaitasunei eta egokitasunari buruzko adierazpen bat da, kontratazio publikoko prozedura baterako. Informazio gehiago EKAB zerbitzuan.
Enpresa lizitatzailea
Lizitazio batera eskaintza bat aurkezten duen edo aurkeztuko duen pertsona fisiko edo juridikoa.
Enpresaren sailkapena
Sektore Publikoko Kontratuen Legearen arabera, Enpresen Sailkapenak aukera ematen du sektore publikoko erakundeekin kontratatu nahi duten enpresen kaudimen ekonomiko eta finantzarioa eta tekniko edo profesionala egiaztatzeko. Informazio Orokorra - Enpresen sailkapena (euskadi.eus)
Epea
Epearen barruan: eskaintza lizitazio-iragarkian edo baldintza-agirietan ezarritako epea amaitu baino lehen aurkeztu behar da, adierazten den lekuan.
** OHARRA: Eskaintza aurkezteko azken unera arte ez itxarotea gomendatzen da, gorabehera teknikorik izanez gero bidaltzeko aukera blokeatzen baitu: Harremanetarako eta enpresei laguntzeko - Lizitazio elektronikoa (euskadi.eus).
Erregulazio harmonizatua
Erregulazio harmonizatuko kontratuak dira, SPKLn ezarritako balio zenbatetsiaren atalase jakin bat lortzeagatik, publizitateari eta prozeduraren aukeraketari dagokienez arau berezi batzuen mende daudenak. Garrantzi komunitarioko kontratuak dira, eta, beraz, publizitate kualifikatua izan behar dute Europar Batasun osoan. SPKLren 19tik 23ra bitarteko artikuluak.
Erakundea
SPKLri dagokionez, sektore publikoko kontratuak adjudikatzeko ahalmena duen erakundea da, botere adjudikatzailea ere esaten zaiona. SPKLren 3. artikulua.
Errekurtso berezia, Kontratazio-arlokoa
Kontratazio-arloko errekurtso berezia deritzonaren bidez aurkaratu ahal izango dira: lizitazio-iragarkiak, kontratazioa arautu behar duten baldintzak ezartzen dituzten pleguak eta kontratu-dokumentuak, esleipen-prozeduran hartutako izapide-egintzak, esleipen-erabakiak, beste esleipen baten xede izan behar zuten aldaketak, legezko betekizunak betetzen ez dituzten bitarteko propioei enkarguak formalizatzea eta emakidak erreskatatzeko akordioak. Informazio gehiago: SPKLren 44.etik 60.era bitarteko artikuluak.
15 egun balioduneko epean aurkeztu behar da, esleipena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita (egun baliogabeak: larunbatak, igandeak eta jaiegunak), eta errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoak bere webgunean adierazten dituen erregistro-helbideetan jartzen da.
Eskaintza
Pertsona fisiko edo juridiko baten eskaintza, lizitazio-iragarki bati erantzuteko.
- Eskaintza, prestaketa: Eskaintza aurkezterakoan, kontratazio-pleguetan ezarritako parametro guztiak hartu behar dira kontuan. Beraz, eskaintza aurkeztu aurretik, kontuz ibili behar da eskatutako dokumentu guztiak entregatzeko, bai forman, bai funtsean; hau da, dokumentuak ezarritako erretiluetan entregatzea eta edukia pleguetan eskatutakoa izatea.
- Eskaintza, aurkezpena: Pertsona fisikoak edo juridikoak eskaintza entregatzea. Eskaintzak ofizialki aurkeztuko dira, administrazio-klausula zehatzen agirian adierazten den moduan.
- Eskaintza, behar bezala alta eman dena: Enpresak eskaintza bat lizitazio batera bidaltzen duenean, botere esleitzailearen aurrean dokumentuak aurkeztu izanaren erregistro-zenbakia duen egiaztagiria jasoko du. Agiriak aurkezteko lekua eta epea pleguetan adierazten dira.
- Eskaintza, baztertutakoa: Eskaintza bat baztertu egin daiteke hainbat arrazoi direla medio, baina kontzeptua da eskaintzak funtsezko edo formazko akats bat duela, eta, beraz, ez da onartutzat jotzen.
Eskaintza nabarmenki baxuegiak
Kontratazio-organoak uste baldin badu eskaintza bat eginezina dela nabarmenki baxua izateko moduan formulatuta dagoelako, artikulu honetan ezarritako prozedura izapidetu ondoren soilik utzi ahalko du lizitazio-prozeduratik kanpo. SPKLren 149. artikulua.
Eskaintzak aurkezteko epea
Iragarki-oholean ezarritako eskaintza aurkezteko azken eguna eta ordua.
** OHARRA: Eskaera aurkezteko azken unera arte ez itxarotea gomendatzen da, gorabehera teknikorik izanez gero bidaltzeko aukera blokeatzen baitu: Harremanetarako eta enpresei laguntzeko - Lizitazio elektronikoa (euskadi.eus)).
Eskaintzen ebaluazioa
Lizitazio batera aurkeztu diren eskaintzak aztertzea. Azterketaren emaitza gisa, eskaintza bakoitzari puntuazio bat ematen zaio. Puntu gehien dituena eskaintza irabazlea da.
Eskuratze-sistema dinamikoak
Erosketa-sistema dinamikoa erabilera arrunteko erosketetarako kontratazio-teknika bat da, guztiz elektronikoa eta indarrean dagoen bitartean irekia hautaketa-irizpideak betetzen dituen edozein enpresa interesduni. Beraz, ez da enpresa parte-hartzaileen kopurua mugatzen.
Prozedura murriztuko arauen arabera garatzen da. Bi etapa: lehenengoan, eskatutako hautaketa-irizpideak betetzen dituzten enpresak sartzen dira, eta bigarrenean, erosketak egiten dira, aurreko etapan onartutako enpresak beren eskaintza aurkeztera gonbidatuz. SPKLren 223. artikulutik 226.era.
Esparru-akordioa
Administrazio publikoen kontratazioa arrazionalizatzeko sistema bat da, eta esparru-akordio hori indarrean dagoen bitartean adjudikatzen diren kontratu guztietarako komunak izango diren baldintza edo termino batzuk aurrez ezartzean datza. Esparru-akordio batean oinarrituta egiten diren kontratuei "oinarritutako kontratu" esaten zaie. SPKLren 219. artikulutik 222. artikulura.
Esleipenduna
Edo adjudikazioduna. Lizitazio batean eskaintza bat aurkeztu eta irabazi duen pertsona fisiko edo juridikoa.
Ez-betetze
Kontratugile batek, doloz edo zabarkeriaz, hitzartutako betebeharrak betetzen ez dituenean. Ondorioak aldatu egiten dira kontratua bertan behera uzteko arrazoiaren arabera. SPKLren 192. eta 293. artikuluak.
Forma-akatsa
Eskaintza baten forma-akats batek esan nahi du ez dela aurkeztu kontratazio-pleguetan eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentua.
Funtsezko akatsa
Eskaintza batean funtsezko akats bat badago, horrek esan nahi du ez dituela betetzen kontratazio-pleguetan eskatutako baldintza batzuk.
Gaitasuna eta kaudimena
Espainiako edo atzerriko pertsona natural edo juridikoek izango dute sektore publikoarekin kontratatzeko gaitasuna, baina bakar-bakarrik baldin eta jarduteko gaitasun osoa badute, kontratatzeko debekuren bat jaso ez badute eta ekonomia- eta finantza-kaudimena eta kaudimen tekniko eta profesionala egiaztatu badute edo, lege honek hala eskatzen duenean, sailkatuta badaude. SPKLren 65-97 artikuluak.
Gardentasuna
Administrazio publikoek eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuek, hala nola alderdi politikoek edo diruz lagundutako erakundeek, aldian-aldian jakinarazi behar dituzte beren jardueraren daturik garrantzitsuenak, dagozkien ekonomia- eta aurrekontu-elementuekin, eta pertsonei erraztu behar diete haiek zaintzen dituzten dokumentu eta artxiboetan dagoen informazio publikoa eskuratzen.
EAEko kontratazio publikoari dagokionez, ikus Informazio orokorra - Gardentasun-txostenak (euskadi.eus)
Gutun-azalak
Ohikoena 3 gutun-azal egotea da, honela osatuak; hala ere, 2 gutun-azal ere egon daitezke, baita gutun-azal bakarra ere. Hori guztia botere adjudikatzaileak baldintza-agirietan jasotzen duenaren araberakoa da:
- Gaitasuna eta kaudimena: enpresa egiaztatzeari eta eskatutako kaudimen-irizpideei buruzko administrazio-dokumentazioa da.
- Balio-iritziak: automatikoki ebaluatu ezin diren irizpideak dira. Ez zaie formula matematikorik aplikatzen eta, beraz, irizpide subjektibotzat hartzen dira. Adibidez, memoria teknikoak, zerbitzu-proiektuak, obra-proiektuak, gure produktuen deskribapen fisikoak, etab.
- Formulak: automatikoki ebaluatzen diren irizpideak dira. Formula matematikoak aplikatzen dira, eta, beraz, irizpide objektibo eta automatikotzat hartzen dira. Gutun-azal horren barruan beti egongo dira eskaintza ekonomikoa eta formulak erabiliz ebaluatuko diren eskaintza teknikoaren irizpideak.
Iragarkia
Zerbaiten publizitatea egiteko erabiltzen den testua kontratatzailearen profilean:
- Aurretiazko informazioaren iragarkia: Kontratazio-organoek aurretiazko informazioaren iragarki bat argitaratu ahal izango dute, erregulazio harmonizatuko obra-, hornidura- edo zerbitzu-kontratuen berri emateko, baldin eta kontratu horiek adjudikatzeko asmoa badute. SPKLren 134. artikulua.
- Lizitazio-iragarkia: Administrazio publikoen kontratuak esleitzeko prozedura ireki izana jendaurrean jakinaraztea. Iragarkia kontratatzailearen profilean argitaratzen da, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuak direnean izan ezik. SPKLren 135. artikulua.
- Akatsen zuzenketaren iragarkia: Lizitazio-iragarki bat argitaratu ondoren Administrazioak antzemandako akatsak zuzentzeko iragarkia.
- Kontratuen formalizazioaren iragarkia: Kontratuen formalizazioa, dagokion kontratuarekin batera, hamabost eguneko epea baino lehen argitaratu beharko da, kontratua burutu ondoren, kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean. Kontratua erregulazio harmonizatukoa denean, formalizazioari buruzko iragarkia, gainera, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da. SPKLren 154. artikulua.
Kaudimena eta gaitasuna
Espainiako edo atzerriko pertsona natural edo juridikoek izango dute sektore publikoarekin kontratatzeko gaitasuna, baina bakar-bakarrik baldin eta jarduteko gaitasun osoa badute, kontratatzeko debekuren bat jaso ez badute eta ekonomia- eta finantza-kaudimena eta kaudimen tekniko eta profesionala egiaztatu badute edo, lege honek hala eskatzen duenean, sailkatuta badaude. SPKLren 65-97 artikuluak.
KEAO
Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa. Informazio gehiago: Kontratuen inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoa (KEAO) (euskadi.eus)
Kobrantza-eskubideak eskualdatzea
Kontratu administratibo bat gauzatzearen ondorioz kontratistak Administrazioaren aurrean dituen kredituak eskualdatzea. Lagapena aldez aurretik jakinarazi behar zaio Administrazioari. Administrazioari eskualdatzearen berri eman ondoren, lagapen-hartzailearen aldeko ordainketa-agindua emango du. SPKLren 200. artikulua.
Kontratatzailearen profila
Kontratazio-organoek beren kontratatzaile-profila soilik Interneten bitartez zabalduko dute: hor bilduko dituzte beren kontratazio-jarduerari buruzko informazioa eta dokumentuak gardentasuna eta dokumentu horietarako sarbide publikoa segurtatze aldera. Kontratatzailearen profilera sartzeko modua baldintza-agirietan eta agiri baliokideetan jaso beharko da, bai eta, kasu guztietan, lizitazio-iragarkietan ere. Kontratatzailearen profila zabaltzea ez da eragozpena izango bestelako publizitate-bitarteko batzuk ere erabil daitezen hala ezartzen den kasuetan..
Kontratazio publikoa
Sektore publikoak erosten dituen produktu eta zerbitzuak.
Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordea
Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeen kontratazio publikoaren arloko kontsulta-organo espezifikoa da. Informazio gehiago: Informazio orokorra - Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordea (euskadi.eus)
Kontratazio-mahaia
Kontratu publikoen arloan espezializatutako laguntza teknikoko organoa da, kontratatzeko eskumena kontratazio-batzorde bati badagokio izan ezik, prozedura irekietan, prozedura ireki erraztuetan, prozedura murriztuetan, lehia-elkarrizketako prozeduretan, lizitazio-prozedura negoziatuetan eta berrikuntzarako elkartzeko prozeduretan esku hartzen du. Halaber, mahaia eratu ahal izango du, aukeran, lizitazio-iragarkirik argitaratu behar ez den prozedura negoziatuetan.
Kontratazio-mahaiak administrazio publikoetako kontratazio-organoei laguntzen die, SPKLren 326.2 artikuluak esleitzen dizkion eginkizunak betez.
Kontratazio-plataforma
Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforma web-atari bat da, kontratazioari buruzko informazioa trukatzeko nodo nagusia, eta sektore publikoko erosleen eta lizitatzaileen arteko topagune birtuala da.
- Tramitazioa: Botere adjudikatzaileentzako sarbidea (euskadi.eus)
- Lizitazio elektronikoa: Enpresentzako sarbidea (euskadi.eus)
Kontratu txikia
Kontratu txikiak 40.000 eurotik beherako balio zenbatetsia duten kontratuak dira, obra-kontratuak direnean, edo 15.000 eurotik beherakoak, hornidura- edo zerbitzu-kontratuak direnean, alde batera utzi gabe estatu-eremuan zentralizatutako obrei, zerbitzuei eta hornidurei buruz 229. artikuluan xedatutakoa (SPKLren 118. artikulua).
Kontratua
Sektore publikoko kontratu batean zehazten dira sektore publikoko erakunde batek pertsona fisiko edo juridiko batekin obrak, produktuak edo zerbitzuak erosteko baldintzak, zerbitzu publikoen funtzionamendua bermatzeko. Sektore Publikoko Kontratuen Legean ezarritako arauak beteko dira. SPKLren 12. artikulutik 27.era.
Kontratua amaitzea
Kontratuak bete direlako edo suntsiarazi direlako azkenduko dira. SPKLren 209. artikulua.
Kontratua formalizatzea
Adjudikazioa egin ondoren, kontratua administrazio-agiri baten bidez formalizatu behar da.
Kontratuaren balio zenbatetsia (KBZ)
Botere Adjudikatzaileak ordaintzeko prest dagoen gehieneko zenbatekoa, balizko luzapenak eta aukerak barne. Beraz, 2 urte gehiagorako luza daitekeen kontratua bada, eta haren zenbatekoa 10ekoa bada, balio zenbatetsia 30 izango litzateke.
Kontratuen erregistroa, EAE-koa (REVASCON)
Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroa da kontratazio publikoari buruzko informazioa emateko sistema ofizial nagusia, eta, beraz, honako hauetarako euskarria: kontratazio publikoa ezagutzeko, aztertzeko eta ikertzeko; kontratu publikoen arloko estatistikarako; kontratazio publikoari buruzko informazioaren arloko nazioko eta nazioarteko betebeharrak betetzeko; kontratuei buruzko datuak administrazioko beste organo batzuei jakinarazteko, gardentasun-printzipioaren arabera. Informazio gehiago: Kontratuen erregistroa (REVASCON) (euskadi.eus)
Laginak
Batzuetan, lizitazioetan laginak aurkezteko eskatzen da, eta zer, nola, non eta noiz aurkeztu behar diren kontratazio-pleguetan zehaztuta egongo da. SPKLren 89.1.e. artikulua.
Lizitatzailea
Lizitazio batera eskaintza bat aurkezten duen edo aurkeztuko duen pertsona fisiko edo juridiko bat.
Lizitatzaileen Erregistroa, estatuarena (ROLECE)
ROLECE siglek Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Estatuko/Sektore Publikoko Erregistro Ofiziala esan nahi dute. Bertan izena ematen duten enpresen eta autonomoen gaitasuna, jarduteko gaitasuna, gaikuntza pertsonala, kaudimen teknikoa eta finantzarioa eta sailkapena egiaztatzen ditu. ROLECEn inskribatzeak Espainiako Estatuko administrazio publiko guztietan izango ditu ondorioak.
Lizitatzaileen eta enpresa sailkatuen erregistroa, EAE-koa
Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-sektore publikoetako erakundeekin eta tokiko sektore publikoko erakundeekin kontratuak egiten dituzten edo egiteko moduan dauden banakako enpresei eta enpresa sozialei buruzko datuak biltzen ditu. Informazio gehiago: Lizitatzaileen erregistroa (euskadi.eus)
Lizitatzeko aldi baterako gaikuntza
Lizitatzaileen Erregistroan inskribatuta ez dauden edo indarreko ziurtagiririk ez duten enpresek edo ABEEan lehiatu nahi duten enpresa-taldeek aldi baterako gaitu behar dute elektronikoki lizitatu ahal izateko. Informazio gehiago: Lizitatzeko aldi baterako gaikuntza - Lizitazio elektronikoa (euskadi.eus)
Lizitazioa
Administrazio publikoen kontratuak esleitzeko prozedura ireki izana jendaurrean jakinaraztea. SPKLren 135. artikulua.
Lizitazioaren gehieneko zenbateko
Gehieneko prezioa da lizitatzaileek aurkezten dituzten eskaintzetarako. Hau da, aurkeztutako eskaintza baten zenbatekoa zenbateko horren berdina edo txikiagoa izan daiteke, baina inoiz ez handiagoa. Zenbatekoa gaindituko balu, eskaintza hori automatikoki baztertuko litzateke.
Lizitazioaren pleguak
Lizitazio-pleguak dokumentu administratiboak dira, eta zer eta nola erosiko den zehazten dute.
- Administrazio Klausula Orokorren Agiria (AKOA): Kontratuari oro har aplikatu beharreko arauak eta baldintzak. SPKLren 121. artikulua.
- Administrazio-klausula partikularren agiria (AKPA): Honako hauek jasoko dira: kontratuaren kaudimen- eta adjudikazio-irizpideak; kaudimen- eta adjudikazio-irizpide gisa edo exekuzio-baldintza berezi gisa ezartzen diren kontsiderazio sozialak, lanekoak eta ingurumenekoak; kontratuko alderdien eskubideak eta betebeharrak definitzen dituzten itunak eta baldintzak; kontratua lagatzeko aurreikuspena, 214.1 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera lagatzerik ez dagoen kasuetan izan ezik; adjudikaziodunak langileen soldata-baldintzak betetzeko duen betebeharra, aplikatzekoa den sektoreko hitzarmen kolektiboaren arabera; eta lege honetan eta berau garatzeko arauetan eskatzen diren gainerako aipamenak. SPKLren 122. artikulua.
- Preskripzio tekniko partikularren agiria (PTPA): Prestazioa arautuko duten eta haren kalitateak, gizarte-baldintzak eta ingurumen-baldintzak definituko dituzten preskripzio tekniko partikularrak jasotzen dituzten baldintza-agiriak eta dokumentuak dira. Lege honek kontratu bakoitzerako ezartzen dituen baldintzekin bat etorriz, ondoren akats materialak, egitezkoak edo aritmetikoak eginez soilik aldatu ahal izango dira. SPKLren 124. artikulua
Oinarritutako kontratua
Esparru-akordio batean oinarritzen dira, eta bertan aurrez ezarritako terminoetan oinarritzen direlako bereizten dira. SPKLren 221. artikulua.
Pertsona fisikoa
Gizabanakoa, legearen aurrean eskubideak eta betebeharrak dituena. Pertsona fisikoa (euskaltzaindia.eus).
Pertsona juridikoa
Legezko egitura duen pertsona-talde edo elkartea, eskubide eta betebeharrak dituena. Pertsona juridikoa (euskaltzaindia.eus)
Plikak irekitzea
Lizitatzaileek aurkeztutako proposamenak irekitzeko eguna eta ordua, lizitazio-iragarkiaren iragarki-taulan argitaratuak.
Prozedura, adjudikatzekoa
Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuak atal honetako arauen arabera adjudikatuko dira. SPKLren 131. artikulua.
Irekia: interesa duten enpresaburu guztiek aurkez ditzakete proposamenak, eta ezingo dira negoziatu kontratuaren baldintzak lizitatzaileekin. SPKLren 156. artikulua.
- Ireki arrunta: 2 milioi eurotik gorako zenbatekoa duten obretarako, 100.000 eurotik gorako zenbatekoa duten zerbitzu eta horniduretarako, eta obra-emakidetarako eta zerbitzu-emakidetarako erabili behar da (murriztuaren alde egiten ez bada).
- Prozedura ireki sinplifikatua: Balio zenbatetsia 2.000.000 eurokoa edo txikiagoa izatea obra-kontratuen kasuan eta 100.000 eurokoa edo txikiagoa izatea hornidura- eta zerbitzu-kontratuen kasuan. SPKLren 159. artikulua.
- Prozedura ireki sinplifikatu laburtua: 80.000 eurotik beherako obretarako eta 35.000 eurotik beherako hornidura edo zerbitzuetarako. SPKLren 159.6 artikulua.
Prozedura negoziatua, publizitatearekin eta publizitaterik gabekoa:
- Publizitatearekin: Prozedura murriztuko xedapenak aplikatzen dira parte hartzeko eskaeren edo parte-hartzaileen hautaketaren alderdian. Beraz, lehen fasean iragarkia argitaratuko da, enpresa interesdunek gaitasunari eta kaudimenari buruzko dokumentazioa soilik sar dezaten; ondoren, bigarren negoziazio-fase bat egongo da, lehen fasean gai izan diren enpresekin. SPKLren 167. eta 169. artikuluak.
- Publizitaterik gabekoa: Prozedura negoziatua da, aldez aurretik argitaratu behar ez dena, eta inguruabar tasatuetan bakarrik erabil daiteke prozedura hori. SPKLren 168., 169. eta 170. artikuluak.
Prozedura murriztua: Iragarkia argitaratzeko lehen fasea dago, enpresek gaitasuna eta kaudimena egiazta ditzaten. Baldintza-agirietan zehazten diren betekizun horien arabera, enpresak hautatzen dira, eta azken horiei bakarrik emango zaie eskaintza aurkezteko aukera. Ezin da enpresekin negoziatu, prozedura irekian bezala. SPKLren 160. artikulutik 165.era.
Publizitatea
Administrazio publikoen kontratuak esleitzeko lizitazio-iragarkia, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuetan izan ezik, kontratatzailearen profilean argitaratuko da.
Erregulazio harmonizatuko kontratuak direnean, lizitazioa, gainera, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, eta botere adjudikatzaileek lizitazio-iragarkia noiz bidali den frogatu ahal izango dute. SPKLren 135. artikulua.
Argitalpen horiek lizitatzaileei edo etorkizuneko lizitatzaileei zuzenduta daude, eta lizitazioei buruzko informazioa jasotzen dute.
Sektore publikoa
Sektore horretan sartzen dira honako hauek: a) Estatuaren Administrazio Orokorra. b) Autonomia-erkidegoen administrazioak. c) Toki-administrazioa osatzen duten entitateak. d) Sektore publiko instituzionala.. SPAJLren 2.1 artikulua.
SIMAP
"Information system for public procurement" edo Europako kontratazio publikoari buruzko informazioa. Informazio gehiago: SIMAP - European public procurement (europa.eu)
Sorta
Kontratu publikoetan, kontratuaren xedean alderdi bakoitzak duen gauzatze independentearen kontratu-aurreikuspena, betiere kontratuaren izaerak ahalbidetzen badu. SPKLren 99.3 artikulua.
SPAJL
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
SPKL
9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora.
Ted Tenders electronic daily
Europako kontratazio publikoari buruzko Europar Batasunaren Egunkari Ofizialaren gehigarriaren online bertsioa da: TED Tenders Electronic Daily (europa.eu)
Trazabilitatea
Prozesu baten jatorria eta etapak identifikatzeko aukera.
Zuzenketa
Kontratazio Mahaiak enpresak aurkeztutako dokumentazioa berrikusi ondoren, eta uste badu ez dela zuzena edo osatu gabe dagoela, zuzentzeko eskakizuna bidal diezaioke, errekerimendu horretan zehaztutako egunen epean enpresak dokumentazio zuzena aurkez dezan.
Zuzentaraua
Europar Batasuneko erakundeek onartutako egintza juridikoa, estatuak helburu bat lortzera behartzen dituena, administrazio nazionalei modua eta baliabideak aukeratzeko askatasuna emanez. Barne-zuzenbidean aplikatzeko, beharrezkoa da transposizioa egitea (estatu kideko agintariek barneko legegintza-, erregelamendu- eta administrazio-arauak egokitzea, kasuen arabera, zuzentarau batean ezarritako emaitzak lortzeko).
Azken aldaketako data: