Azken eguneratzea: 2012/12/05
Hemendik aurrera, erabiltzaileek meteorologia kaltegarriari buruzko informazioa aukeratu ahalko dute EAEko 7 eremu geografikoren artean
Euskalmetek meteorologiari buruzko abisuak, alertak eta alarmak emateko sistema berritu du
Euskal Meteorologia Agentziak (Euskalmet) aurkako fenomeno meteorologikoengatiko abisuak, alertak eta alarmak emateko sistema berritu du. Hartara, informazio-mota horren erabiltzaileek, hala nahi baldin badute eta beren irizpidearen arabera, EAEko 7 eremu geografikotako informazio zehatza jaso ahalko dute.
Euskalmeten web-orrialdearen (www.euskalmet.euskadi.net) erabiltzaileez gain, erakunde publiko eta pribatuetako 954 mezu-harpidedunek (horietatik 171 komunikabideetako profesionalak dira), beren beharren arabera, nahiago duten eragin-eremuko informazioa eskura dezakete.
Orain arte Euskalmetek meteorologia kaltegarriari buruzko informazioa bere web-orrialdearen eta ohiko abisuen bidez ematen zuen, horretarako bi parametrotan bakarrik arreta jartzen zuen mapa oinarri hartuta: itsasoa eta lehorra.
Hemendik aurrera, Euskal Meteorologia Agentziak ondo bereizitako 7 eremu sartuko ditu mapa horretan.
1.- Itsas-kostako aldea (itsasoko lehen bi miliak barne hartzen ditu, baita olatuen eta mareen eragina zuzen jasaten duten kostaldeko tokiak ere).
2.- Mendebaldeko kostaldea (EAEko mendebaldean dauden kostaldeko udalerriak).
3.- Ekialdeko kostaldea (EAEko ekialdean dauden kostaldeko udalerriak).
4.- Kantaurialdeko mendebaldeko barne-eremua (EAEko mendebaldean dauden udalerriak)
5.- Kantaurialdeko ekialdeko barne-eremua (EAEko ekialdean dauden udalerriak).
6.- Tarteko eremua (Lautada eta Arabako mendialdea).
7.- Ebro ondoko eremua (Arabako Errioxa eta Zanbrana)
Eremu horietako bakoitzean koloreak banaka agertuko dira (horia, laranja eta gorria). Horren bidez, interesdunek lehen eskutik jakin ahalko dute zein den aurreikusitako egoera meteorologikoaren arriskugarritasuna beren eragin-eremuetan.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta meteorologikoak emateko egungo sistemaren harpidedunei laster galdesorta bat bidaliko die; hain zuzen, gorago aipatutako eremuen artean zeini buruz jaso nahi duten informazioa azal dezaten.
Ekimen berriak ahalbidetuko du Euskalmeten baliabideak optimizatzea, erabiltzaileentzat informazio gehiegi ez kargatzea eta; halaber, aurkako meteorologiak eragindako kalteak gutxitzeko asmo nagusiaz, datu interesgarriak pertsonalizatzea.

(7 eremu geografikotan banatutako mapa berriaren fikziozko adibidea)