Azken eguneratzea: 2010/01/19
Arkautek ertzainen eta udaltzainen prestakuntza areagotuko du aurten
5.000 agentek baino gehiagok ikastaroak egingo dituzte euskal poliziaren kidego ezberdinetan sartzeko, lan-gaitasuna hobetzeko, espezializazizatzeko edo goi karguetara mailaz igotzeko

Euskal Herriko Polizia Ikastegiko Kontseilu Araupetzaileak 2010erako heziketa-plana onartu zuen iragan ostegunean. Ertzaintzaren XXII. Promozioan sartzeko ikastaroa, udaberrian martxan jarriko den XXIII. Promozioa, lehen mailako agente, ofizialorde eta ofizial karguetara mailaz igotzeko ikastaroak eta etengabeko prestakuntzara bideratutako zazpi ikastaro dira plan berriaren alorrik azpimarragarrienak. Kontseiluak, era berean, udaltzainen prestakuntza bultzatzea eta babes-zerbitzuak ematen dituzten langile pribatuei zuzendutako ikastaroak antolatzea onartu zuen.

 

Arkauteko Ikastegiko heziketa-plan berriaren xede nagusia Ertzaintzak uneoro 8.000 agente lanerako prest izatea da. Horretarako, Ikastegiak promozio berriak jarriko ditu martxan urtero erretiroengatik, heriotzengatik edo beste hainbat arrazoirengatik gertatzen den langileen beherakadari erantzuteko. Horrekin batera, Arkauteko Ikastegiak lanean dauden agenteak trebatzeko politikak ere bultzatuko ditu aurten, azken urteotan Ertzaintzan egin ez diren mailaz igotzeko ikastaroei berriro ekinez eta Euskal Polizia zerbitzuetako (Ertzaintza eta udaltzainak) agente guztien profesionalizazioa bultzatuz.  

   

Ertzain berrien prestakuntza


 
Martxoaren 1ean hasiko da Ertzaintzaren XXII. Promozioko prestakuntza-ikastaroa. Etorkizuneko 260 agente sartuko dira. Aurkeztu direnetatik 411 lagunek hautaketa-prozesuko lehen bi faseak gainditu dituzte.
Jarraian, udaberrian, XXIII. Promoziorako hautaketa-prozesuari ekingo zaio 8.000 agenteko lantalde ofizialean hutsik geratzen diren ehun bat plaza zuzenean betetzeko.

 

Mailaz igotzeko ikastaroak


 
2010ean zehar, Ertzaintzako lehen mailako agente, ofizialorde eta ofizial kategorietara igotzeko zenbait ikastaro egingo dituzte. Era honetako prozesurik gabe epe luze baten ostean egingo diren lehen ikastaroak dira. Ofizial kategoria lortzeko azken ikastaroak, adibidez, duela bost urte egin ziren, eta ofizialorde izateko, berriz, ez da bakar bat ere egin hamar urtetan. Lehen mailako agente izateko azken ikastaroa, ordea, 1998an egin zen. 
Lehen mailako agente izateko ikastaroaren deialdia hilabete honetan bertan egingo da, eta 125 pertsona hartuko dituzte.
Ofizialordeen ikastaroak aurreratuago daude. Astelehenean hasi zen Ikerketa Kriminalean agintari espezialistak hezteko 2008an deitutako hautaketa-prozesua gainditu zuten 110 ikaslerekin. 483 aurkeztu ziren orotara.
Ondoren, Herritarren Segurtasunerako ofizialordeentzako beste ikastaro bat hasiko dute 586 hautagairen artean hautaketa-prozesua gainditu duten 50 ertzainek.
Ikastegian eskolak amaitu ostean, ofizialordeen ikastaro horietako agenteek lau hilabeteko praktikak egin beharko dituzte dagokien lekuetan. 
Ofizial izateko ikastaroaren hautaketa-prozesua martxoan hasiko da. 60 plaza daude. Agente horiek irailetik abendura egingo dute prestakuntza.

 

Eguneratzea eta hobetzea


 
Ertzaintzako langileen beharra eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroen programa zabala garatuko du Euskadiko Poliziaren Ikastegiak 2010ean. Ikastaroetan parte hartuko duen agente kopuruari begiratuta, Herritarren Segurtasuna bermatzeko etengabeko formakuntza izango da garrantzitsuena, 1.440 ertzainek egingo baitute. Agenteen lana eguneratzeko eta hobetzeko eskainiko diren gainontzeko ikastaroak honako hauek izango dira: babeserako etengabeko formakuntza (235 lagunentzako lekua dago), esku-hartzean etengabeko formakuntza eta garraioan, Bideko Segurtasunaren Legean izan daitezkeen aldaketetan, zaintzan eta jazarpenean... espezializatutako ikastaroak.
Halaber, Herritarren Segurtasun Saileko agente guztiek jasoko dute Ertzaintzako arauzko arma luze berrira egokitzeko ikastaroa.
Bestalde, euskara ikastaroak eskaintzen jarraituko du Ikastegiak; bi fasetan egingo dira, apiriletik uztailera eta irailetik abendura, hurrenez hurren.
Ertzaintzako 1. hizkuntza eskakizuna lortzeko azterketa prozesu bi ere egingo dira urtean zehar eta horietara 500 agente inguru aurkeztuko dira.
Segurtasun pribatuan babes zerbitzua eskaintzen duten langileen prestakuntza hobetzeko laster abian jarriko diren lehenengo ikastaroetan ere lanean ari da Ikastegia.

 

Udaltzainak


 
Euskadiko Poliziaren Ikastegiak duen beste helburuetako bat zera da, Euskadiko Udaltzaingorako agenteen eta agintarien prestakuntza. 2010. urtean zehar 50 bat euskal udalerritako Udaltzaingora sartzeko ikastaroak eskainiko dira. Ikastegia bera arduratuko da hautaketa-prozesu osoan ikastaroak koordinatzeaz eta udaletxeei aholkuak eskaintzeaz. 
Ikastaro horietaz gain, udaltzainak lehen mailako agente, ofizialorde eta ofizial kategorietara igotzeko ikastaroak ere eskainiko dira. Udal-administraziotik Arkauteko Ikastegira bideratzen diren beharrizanen arabera egingo dira deialdi horiek
.