Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Nafarroako Parlamentuak 1987an onartu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortzea eta horren finantziaketari eustea, une hartan Nafarroako Foru Erkidegoan zegoen unibertsitate ikasketen eskaintza –Opus Deiri lotutako Universidad de Navarra unibertsitate pribatura mugatua, gehienbat– zabaltzearren eta hainbat zentro publikotan barreiatuta zeuden ikasketak erakunde bakar baten baitan biltzeko. 1989-90 ikasturtean abiatu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoa 630 ikaslerekin. 1996-97 ikasturteaz geroztik, 10.500 inguru horretan egonkortu da ikasle kopurua. Irakasleak, berriz, 600 inguru dira. Ikasleen % 92 Nafarroa bertakoa da, nahiz eta inguruko autonomia erkidegoetako ikasleren batzuk ere hartu. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusa Iruñeko Arrosadian kokatu zen. 260.000 m2 ditu, eta campus nagusitik kanpo ere baditu ikastegiak eta berari atxikitako zentroak. Campusa Javier Sánz de Oiza arkitekto nafar ezagunak egina da. 2000-2001 ikasturtean ikasketa hauek eskaintzen zituen: Enpresa Zientzietako diplomatura (1.067 ikasle), Ingeniaritza Tekniko Industriala, Lan Harremanetako diploma, Enpresen Zuzendaritza eta Kudeaketan lizentzia, Ingenieritza Industriala, Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa, Nekazaritza Ingeniaritza, Telekomunikazio Ingeniaritza, Ekonomia, Soziologia eta Zuzenbide lizentziak, eta Irakasle ikasketaks eta Erizaintza. 1995az geroztik, Antonio Pérez Prados da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektorea, eta 1999an berrautatu zuten kargurako 2003 arte.