Nafarroa

Euskal Herriko lurraldea, Aturri ibaitik Ebro ibaira hedatzen dena. Herrialdea bitan banatua dago 1530. urteaz geroztik. Nafarroa Beherea, Aturri ibaitik Pirinio mendietara hedatzen da eta Nafarroa Garaia Pirinioetatik Ebro ibaira. “Nafar” hitza, VIII. mendearen bukaeran, frankoen agirietan agertu zen lehenengoz. IX. mendean, Iruñeko erresuma sortu zen. XI. mendean Iruñeko erresuma Nafarroako erreinu bilakatu zen, eta hurrengo mendean erreinu haren barruan sartu zen Nafarroa Beherea. XVI. mendean, Nafarroa Garaia Gaztelako erresumaren mende geratu ondoren (1512-1530), Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea bereizi egin ziren. Nafarroa izen soila ematen zaio eskuarki Nafarroa Garaiari gaur egun.