«Osakidetzaren 2014-2015eko Lan-Eskaintza Publikoak kalitatezko enplegu publikoa eskainiko du, berme juridikoekin»

2015.eko abenduak 12

José María Armentia, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendaria

Zaindari eta administrazio-laguntzaile probak gaur izango dira BECen, eta erizain eta erizain-laguntzaileenak, berriz, bihar izango dira.

Osakidetzaren Giza Baliabideen zuzendari José María Armentiak gaur goizean azaldu duenez, «2014-2015eko lan-eskaintza publikoak kalitatezko enplegu publikoa eskainiko du, erabateko berme juridikoz». «Horrek erakusten du, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak konpromiso serioa eta errealista duela Euskadiko herritarrekin», gaineratu du.

Armentiak Osakidetzako lan-eskaintza publikoko azken probak hasi bezain pronto egin ditu adierazpenok. Gaur eta bihar izango dira azterketak, Barakaldoko BECen. 

Guztira 53.930 pertsona lehiatuko dira Osakidetzan, bederatzi lan-kategoriatako batean plaza lortzeko. Lehendabiziko probak azaroan izan ziren Donostian, honako espezialitate hauetan: familiako medikuntzako espezialista eta emaginak, laborategiko teknikari espezialista eta pediatriako mediku espezialista eta fisioterapeuta.       

Gaurtik aurrera, Barakaldoko BECen zaindari eta administrari-laguntzailetarako probak egingo dira (gaur, larunbata), eta bihar (igandea) erizain eta erizain-laguntzaileenak.

Probak gauzatu ahal izateko, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak eta Osasun Sailak 600 pertsona inguru mobilizatu dituzte, halako muntako deialdi baten alderdi desberdinez ardura daitezen.

Lan-eskaintza publiko honek denboraldi honetarako legeak baimentzen duen plaza kopuru maximoa eskaintzen du (guztira 1.014). Edizio honek, hala, baditu hainbat berritasun: hautaketa-prozesuaren gardentasuna bermatzen duten neurriak artikulatu izana; destinoa aukeratzeko izangaien behin betiko zerrenda argitaratu aurretik, izangaiek behin-behinean esleitutako puntuazioa berrikusteko aukera izatea; probetan erantzun alternatiboak dituzten galdetegiak ipiniko dira, oinarri espezifikoetan argitaratuta gai-zerrendekin bat betiere, eta ez dute penalizaziorik izango erantzunek.

                                                     Donostian, 2015eko abenduaren 12an