Adineko pertsonek izaten dituzten istripuen % 92 erorikoak dira

2015.eko martxoak 02

Osasun Sailak gida bat argitaratu du adineko pertsonentzako aholkuekin, etxe barruan eta kanpoan erorikoak saihesteko

64 urtetik gorako pertsonek, emakumeek gehienbat, urtean eroriko bat edo gehiago izaten dute etxe barruan edo inguruan

Adinekoek pairatzen dituzten istripu guztietan erorikoak dira % 92, eta urtean 4.500 ospitaleratze eta 150 heriotza inguru dakartzate horiek

Hainbat euskal udalerritan egiten ari diren prebentzio-tailerren osagarri da gida. Esandako tailerrak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako zein udal-esparruko profesionalak ari dira ematen.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, Miren Dorronsorok,  Eusko Legebiltzarraren Osasun Batzordearen aurrean hitz egin du gaur, adineko pertsonen ezbehar-tasari buruzko txosten bat aurkezteko. Datu horiek erakusten dutenaren arabera, hainbat esku-hartze egin beharra dago istripuon ondorio larriak saihesteko.

Miren Dorronsorok nabarmendu duenez, Euskadin 64 urtetik gorako pertsonen erdiak, emakumeek gehienbat, urtean izaten dituzten istripuen % 92 erorikoak izaten dira. Horien ondorioz, 13.500 artatzen dituzte Larrialdietako zerbitzuetan, bai osasun-zentroetan bai ospitaleetan. Horietatik, 4.500 ospitaleratu behar izaten dituzte, eta zoritxarrez, 150 hiltzen dira pairatutako lesioen ondorioz.

Hainbat azterketek egiaztatzen dutenez, erorikoek heriotza gehiago eragiten dituzte zirkulazio-istripuek baino, eta erortzen den lau lagunetatik batek mugikortasuna eta independentzia murrizten dizkioten lesioak pairatzen ditu, baita goiz hiltzeko arriskua handitzen dutenak ere. Halaber, eroriko gehienak etxe barruan edo inguruan gertatzen dira, eta lotuta daude etxeko eta eguneroko bizitzako jarduerekin, hala nola nork bere burua zein etxea garbitzearekin, janariak prestatzearekin edo etxe barruko eta kanpoko joan-etorriekin.

EAEko 64 urtetik gorako biztanleen bilakaera demografikoa ikusita, laurden batek baino gehiagok (% 26,5) adin hori gaindituko du 2026rako; gehiago izango dira, orobat, laurogeita hamar eta ehun urteko pertsonak, eta ondorioz, askoz gehiago izango dira istripuak.

Osasun Sailak «Asko duzu ibiltzeko, eroriko batek ez zaitzala geldi» izeneko gida argitaratu du euskaraz eta gaztelaniaz. Adinekoek erorikoak etxe barruan zein kanpoan prebenitzeko aholkuak daude jasota gida horretan.Gure adinekoei osasuna eta bizi-kalitatea zaintzen laguntzeko hainbat gomendio jasotzen ditu gidak, eta 2013-2020rako Osasun Planean dago jasota.

Egoera horiek saihestea da gida hau eta tailerrak abian jartzeko arrazoia; izan ere, bi laguntza-tresna horiek helduentzat garrantzitsuak direla uste du Miren Dorronsoro Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, haren hitzetan prebentzioa delako lesioak saihesteko modurik onena, “ezen istripuak ezustean gerta badaitezke ere, saihesgarriak dira. Erorikoak prebenitu egin daitezke”.

«Asko duzu ibiltzeko, eroriko batek ez zaitzala geldi! Adinekoek etxe barruko zein kanpoko erorikoak prebenitzeko aholkuak» izeneko gidak honako hiru alderdi hauei buruzko gomendio praktiko eta errazak ematen ditu oso modu bisualean:

  • Ingurune hurbilean zaindu beharrekoa; besteak beste, hainbat aholku eta aldaketa etxerako (logela, bainugela, sukaldea, argiak, etxeko lanak...) eta kalerako (makila edo makulua erabiltzea, zebra-bideak edo denbora adierazten duten semaforoak dauden tokietatik igarotzea, eta abar).
  • Zaintza pertsonalak; besteak beste, oinetakoek, oinak zaintzeak, ikusmenak, entzumenak... zer garrantzi duten aipatzen da, baita gaixotasun jakin batzuek eta botikek erorikoak gertatzeko izan ditzaketen ondorioak ere.
  • Jarrera-higienea; atal honetan hainbat gomendio biltzen dira eskailerak nola igo eta jaitsi, aulki batean nola eseri eta altxatu zein ohean nola sartu eta jaiki azaltzeko. Azkenik, erorikoa izanez gero zer egin behar dugun ere aholkatzen da.

Gidak adineko pertsonak beren osasunaren zaintzan inplikatu nahi ditu, eta istripuak nahiz erorikoak prebenitzeko erakunde arteko eta faktore anitzeko ekintza baten barruan sartzen da. Hala bada, izaera komunitarioko tailerrak ere ematen dira udalerri edo auzoetan, eta horietan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osasun Publikoko Zuzendaritzako teknikariek, Osakidetzako osasun-zentroetako profesionalek zein udalen osasunaren, kirolaren eta gizarte-zerbitzuen arloetako teknikariek ere parte hartzen dute.

Osasun Sailak prestatutako gida honek 60.000 ale ditu oraingoz, eta Osasun Sailaren eta Osakidetzaren webguneetan ere eskuragarri egongo da.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko martxoaren 2(e)an