Osakidetzak protokolo bat jarri du martxan, jaioberrien segurtasuna indartzeko eta haurra gurasoengandik bereizteko arriskua gutxitzeko

_seguridad_recién_nacidos_.jpg

2014.eko Ekainak 05

Jarraibide guztiak biltzen ditu, haurdunalditik ospitaleko sendagiria jaso arte

 

 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak protokolo bat jarri dute martxan. Haren helburua da, batetik, jaioberrien segurtasuna indartzea eta, bestetik, haurra gurasoengandik bereizteko arriskua txikitzea. Protokoloa gaur goizean aurkeztu dute, prentsaurrean, Osakidetzako Arreta Sanitarioko zuzendari Antonio Arraizak eta Osakidetzako Osasun Publikoko eta Pazientearen Segurtasunerako Programen koordinatzaile Enrique Peirók. Euskal Osasun Zerbitzuaren Sareko ama-haurren arretarako gune guztietan aplikatuko da.

Biek nabarmendu dute pazientearen segurtasuna zaintzea dela Gobernuaren jardunaren lehentasun nagusietako bat osasun-politikei dagokienez. Aldi berean, etengabe ebaluatu beharreko alderdia ei da, eta ildo berean, hortaz, etengabe hobetu beharrekoa. Horiek horrela, Jon Darponen Sailak Euskal Osasun Zerbitzuaren barruan pazientearen segurtasuanren alde bultzatzen duen estrategia globalaren barruan sartzen da, bada, ekimen berri hau: segurtasuna bermatzearena haurdunaldi, erditze, eta puerperioaren asistentzia-prozesuan zehar.

Horretarako, eta Sailak berak bultzatuta, hobekuntza-talde bat eratu da, gure ama-haurren arretarako guneetan diharduten profesionalek osatua: ginekologoak, amaginak, pediatrak eta erizainak. Helburua da protokolo bateratu bat berrikusi eta adostea ama-haurren gune guztietarako, eta haren bidez haurra eta gurasoak elkarrengandik bakartzeko arriskua ahalik eta txikiena izan dadin lortzea. Halaber, salbuespen kasuetan bete beharreko jarraibideak ere definitu nahi izan dira. Protokolo berritzailea da. Bertan, haurra, gurasoak eta osasun-profesionalak dira parte-hartzaile, eta zera bilatzen du: gurasoak segurtasunaren arloan prestatzea eta sentsibilizatzea, eta aldi berean, euren inplikazioa lortzea, segurtasunaren aldetik gerta daitezkeen gorabeherak prebenitzeko ekarpenak egin ditzaten.

Arraizak eta Peirók azpimarratu dute oso garrantzitsua dela ama eta haurra etengabe egotea kontaktuan erditzearen osteko lehenengo orduetan. “Horregatik —azaldu dute— gure zeregin guztiak (zainketak, azterketak, probak…) ohe ondoan eramango ditugu aurrera, haurra gurasoengandik ez bereizteko. Edonola ere, hori posible ez bada, eta jaioberria beste tokiren batera eraman behar badute, amari, aitari edo beste senideren bati eskatu diogu profesionalarekin batera joan dadila”.

Protokoloan haurdunaldia hasten denetik, erditu eta ospitaleko alta jaso arte bete beharreko jarraibide guztiak daude jasota. Bestalde, protokoloa osatzearekin batera, jaioberria identifikatzeko eta zaintzeko prozedura ere berrikusi eta bateratu da.

Azken batean, jomuga zera da: ama-haurren arretarako erakunde guztiek protokolo, prozedura eta eranskin berberak edukitzea eta aplikatzea, berariazko helburuak, lan-ildo definituak, adierazleak eta urteko emaitzak dituztela. Horrekin bermatu nahi da, hain zuzen, ama eta jaioberri guztiei arreta bera ematea ama-haurren arretarako gune guztietan, haurdunaldian, erditzean eta puerperioan zehar. Hain zuzen, segurtasuna ardatz duen ingurunea sortzeko, behar-beharrezkoa da dokumentu bateratuak erabiltzea, praktika klinikoari lotutako aldagarritasuna murrizteko.

Ildo horretan, eta definitutako estrategiaren bidetik, jaioberriaren segurtasun klinikorako protokoloa garatu duen erreferentziazko taldeak zera proposatu du: lanean jarraitzea, diziplinarteko hainbat lan-talderen bitartez, protokoloak sistematizatzeko, lehentasuna emanez erdiberria den amari, jaioberriaren zainketei eta elikadurari lotutako protokoloei.

Horri guztiari lotuta, eta sentsibilizazioa handitzea helburu, dibulgazioko liburuxka bat sortu da. Liburuxka horretan jaioberriak berak azaltzen die gurasoei nola jokatu behar duten bere segurtasuna bermatzeko. Halaber, gogorarazten die ama-haurren arretarako guneetako profesionalekin koordinatuta jardun behar dutela, eta ahal den guztietan, ohe ondoan artatu behar dutela, horrek baitu lehentasuna.