APNABI elkarteko kideek Ertzaintzaren Iurretako instalazioak bisitatu dituzte
2014.eko Maiatzak 15
Ertzaintzak eta elkarteak batera antolatutako ikastaro baten amaiera izan da bisitaldia
APNABI (Autismo Bizkaia) elkartearen Aldamiz ikastetxeko ikasleek eta irakasleek Iurretako ertzain-etxea bisitatu dute, hango polizia-zerbitzuak bertatik bertara ikusteko. Elkarteko kideei egunerokoan lagungarri izan dakiekeen segurtasun-jarraibideak irakasteko APNABI elkarteak eta Ertzaintzak elkarrekin antolatu duten prestakuntza-ziklo baten amaiera izan da. Ertzaintzak harremanak ditu hainbat gizarte- eta hezkuntza-erakunderekin haien prozesu pedagogikoetan laguntzeko.
APNABI ikastetxeko berrogeita hamar irakasle eta ikasle inguruk bisitatu dute gaur goizean Iurretako ertzain-etxearen instalazioak. Erreskateez eta larrialdiez arduratzen diren Ertzaintzaren unitateek hartzen dituzten instalazioak bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte. Bisitaldia Ertzaintzak eta elkarteak elkarrekin antolatutako eta 2013ko abenduan hasi zuten ikastaroaren amaiera izan da. Ikastaroan, Ertzaintzako adituek hainbat azalpen didaktiko eman dituzte, APNABIko irakasleen laguntzaz, elkarteak Bizkaian dituen hiru zentroetan.
Ekimenaren helburua APNABIko ikasleak gizarteratzen laguntzea da, eta Ertzaintzak ematen dituen segurtasun-zerbitzuak ezagutu eta erabiltzeko nahikoa informazio ezagutaraztea. Gaur Iurretara egin duten bisitaldian hainbat sailen lana azaldu zaie, adibidez, helikopteroena, urpekariena eta mendiko erreskatearena, azalpen didaktikoetan ikasitakoa osatzeko.
Esperientzian parte hartu duten Ertzaintzako eta APNABIko kideak pozik agertu dira lortutako emaitzarekin, eta etorkizunean lankidetzari eusteko nahia azaldu dute.
Elkarte sendoa eta ezaguna
APNABI autismoaren arloko Bizkaiko elkarte nagusia da. 70eko hamarkadan sortu zuten autismoa zuten hainbat lagunen senideen ekimenez. Izan ere, garai hartan, ezjakintasunagatik, gaixotasun kontsideratzen zutena duintzeko elkarrekin lan egitea beharrezkotzat jo zuten.
Egun, elkarte sendoa eta ezaguna da, eta espektro autistaren asaldura duten Bizkaiko pertsonen ia 700 familiei laguntzen die. 150 profesionalek baino gehiagok hartzen dute parte, 14 lantokitan banaturik.
APNABIk espektro autistaren asaldura duten pertsonen eskubideak bermatzea du helburu, eta kalitatezko erantzun osoa eta pertsonalizatua ematen die bizitza osoan.
Informazio gehiago:
http://www.apnabi.org/eu/conocenos/quienes-somos/