|
| Izaro |
Urdaibaiko Biosfera Erreserban dagoen Mundakako olatuaren surf-aren ikuspuntuko kalitate-galera dela eta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateari gaiari buruzko ikerketa zientifikoa garatzea agindu zion, Mundaka udaleko, Surf Taldeetako eta gaiaz arduratutako beste Administrazioetako ordezkariekin, 2005eko Apirilan, bilera egin ostean.
Mundakako itsasadarraren bokalean gauzatutako ikerketa-lan horrek helburua izan du olatuaren arazoari buruzko diagnostiko zientifikoa plazaratzea. Diagnostiko hori oinarri zientifiko gisa erabiltzeko asmoa egon da edozelako erabakia hartu baino lehenago. Ikerketa gauzatzeko 51.000 euro luzatu zaizkio Euskal Herriko Unibertsitateari konbenio baten bitartez.
Itsas-klima (olatuak eta korronteak), sedimentuen natura, hare-hondoen formaren eboluzioa, airetiko argazkiak eta higadura/garraio/sedimentazio prozesuak aztertu ondoren, kanpo itsasadarraren funtzionamendua ezagutu da. Ondorioz, azaldu ahal izan da Mundakako olatuaren kalitate-galera.
Ondorengoak dira EHUk egindako ikerketaren ONDORIO NAGUSIAK:
AURREKARIAK.- Bokalearen oreka sedimentarioa dinamikoa da. Berau osotzen duten elementuak (Laida hondartza, Mundakako barra, marea arteko eta marea azpiko hondo hareatsuak) aldakorrak dira ingurumen-aldagaien (olatuen, mareen eta haizearen) arabera. Mundakan surf-a era egokian praktikatzeko beharrezkoak dira olatu moderatu eta intentsoak (udazkenean eta neguan ohikoak), marea beherako egoera (hobea da marea bizietako egoera) eta Hegoaldeko edo Mendebaldeko haizeak. Barraren kalitatea (hareazko hondoa denez) aldakorra da urtearen zehar, surfa praktikatzeko ezaugarri hoberenak udaren ostean ditu barrak. Ondoren, pixkanaka ezaugarri horiek galduz doa negua aurrera joan ahala.
EBOLUZIOA.- Itsasadarraren ubide nagusiaren azken dragatu burutu eta Laidako hondartzaren Hegoaldeko zatian hare-isurketa egin eta gero (2003. urtea), bertan jasotako harearen higadura handitu egin zen Arketako ubidearen eraginez. Denbora gutxian jasotako higadura-tasaren handitzeak sisteman hare-kopuru handia sartuarazi zuen. Hare hori bokalea zeharkatu eta Laidatxuren parean metatu zen ubideak ezin baitzuen berau garraiatu. Horrek betiko ubidearen etena sorrarazi zuen. Ondorioz, hondartzaren erdialdean ubide berria sortu zen. Ubide berri horrek barraranzko hare-garraioa eten zuen eta Mundakako olatuaren ohiko apurketa zaildu zuen. Ondoren, hondartzaren Hegoaldean jaso den higadura-tasa jaitsi eta isurketa baino lehenagoko balioetara itzuli zen.
Maiatzatik Irailera sortutako hareazko tapoia desagertuz joan da, ubidea hasierako egoerara itzuli da, hots, Mundakako arroka-ertzaren albora, eta barrak sedimentua irabazi, eta ohiko forma eta kokapena lortzen doa. Maiatzan olatuen apurketa ez zen gertatzen portuaren ahoa igaro arte. Hori ohiko ubidearen lekualdaketari eta ondorioz, barraren sedimentu-galerari zor zitzaion. Irailean olatuaren apurketari dagokionean, hobekuntza nabaria behatu da, ubidea ohiko egoerara itzuli da eta barrak harea irabazi du. Halaere, olatuaren apurtze-hasiera apur bat desplazaturik dago Hego-Ekialderantz eta apurketa progresiboa ohikoa baino apur bat lehenago amaitzen da. Halaere, behatutako joerak egoera hurrengo asteetan hobetuko dela adieraztera darama.
ONDORIOAK
- Lortutako emaitzak ikusirik ez da aurreikusten neurri zuzentzailerik edota neurri zuzenik bokalearen kanpoko aldearen gainean (Mundakako barran) hartzea. Sistemak berak eta beraren osagaiak era naturalean lotzen dabiltza lehengo ezaugarri morfologikoak. Prozesu natural horrek Mundakako olatuaren etorkizuna bermatzeko askoz ere egonkorragoa, iraunkorragoa, eta ziurragoa da.
- Kanpo itsasadarraren funtzionamendu-ereduak itsasadarraren bokaleak gertaturiko ingurumen-alterazioaren kausak zeintzuk izan diren identifikatzea lortu du (Laidako Hegoaldean gertaturiko harea-isurketa masiboa, berauren higadura azkarra eta berau kanporatzeko ezintasuna Laidatxu hondartzaren parean). Halaber, 2001. urtetik aurrera garatzen ari den dunen birsortze-proiektuaren aldetik Mundakako olatuaren gaineko eragin negatiborik ez dela egon baieztatu da.
- Egindako ikerketaren iraupena (Maiatza-Iraila 2005) kontuan hartuta, esan daiteke ikerketa itsasadarraren kanpoaldeko udako funtzionamenduaz soilik arduratu dela. Mundakako barraren erantzuna, hau da, itsasadarraren kanpoaldearen erantzuna, neguan zelakoa izan daitekeen oraindik ezezaguna da. Horregatik, egokia litzateke ikerketarekin jarraitzea urteko zikloa bete arte. Horrela, lekuaren funtzionamendu orokorraren eredua lortuko litzateke.
SAILAREN ERABAKIA
Ikerketa zientifikoaren ondorioak ikusirik eta Eusko Jaurlaritzak Mundakako olatuaren ingurumen-balioa, paisaje-balioa eta kirol balioa aitortzen dituela kontuan hartuta, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak erabaki du jarraipen zientifikoa 7 hilabetez luzatzea Urdaibaiko Biosfera Erreserbako itsasadarraren kanpoaldeko dinamika eta Mundakako barran olatuen sortze-baldintzak ezagutzeko.
Halaber, berriro baieztatzen du Urdaibaiko Biosfera Erreserbako ingurumen balioak eta ingurumen kalitatea babesteko konpromisoa, ekintza eredugarrien bitartez, Laidako dunen birsortze proiektua kasu.
Ingurumen Sailburuordeak, Ibon Galarragak, eskertu du EHUren lana: ez bakarrik ikerketak "egonarri gutxiko erabakia, erabaki okerra edo itzulezina" hartu baino lehenago beharrezkoa zen informazioa plazaratu duelako baizik eta era berean, baliogarria izan delako sakonki ezagutzeko lekuaren funtzionamendu-dinamika.
|