|
Jaurlaritzak Gobernu kontseiluaren bileran Rodriguez Zapatero presidenteak Herri-galdeketa Legearen kontra aurkeztu duen helegitea aztertu du eta gezurrezko oinarrietan eraikia dela ondorioztatu behar dugu.
Eta beraz, errealitatea faltsutu behar duen helegiteak zaila du aurrera egitea.
Nola ulertu daiteke bestela esatea, Zapateroren Gobernuak egin duen moduan: "bakea lortzea" ETArekin indarkeriaren amaiera negoziatzea esan nahi duela eta "normalizazio politikoa" Euskal Herriaren autodeterminazioa ezkutatzen duen eufemismoa dela…
Ajuria Eneako itunak kontzeptu horiek jasotzen zituen eta orduan ez zegoen arazorik.
Eta hori bera dio, hitzez hitz, Diputatuen Kongresuak 2005eko maiatzaren 17an onartu zuen adierazpenak, eta orduan ere ez da arazorik.
Rodriguez Zapaterok herri galdeketari onartzen badu ETArekin egin nahi dituen elkarrizketaren atarian,hor ez da arazorik.
Aldiz, Eusko Jaurlaritzak, Ibarretxe Lehendakariak eta Eusko Legebiltzarrak herri galdeketa planteatzen badute, hor bai, hor sortzen dira arazoak.
Estatuaren abokatuak helegitean diona egia balitz, ulertu beharko litzateke Zapaterok ETArekin negoziatu zuela eta Batasunarekin hitzartu nahi izan zituela Konstituzioaren kontra dauden erabakiak, Espainiaren subiranotasunaren kontra dauden erabakiak, eta Espainiaren batasunaren kontra dauden erabakiak.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak demokrazia eztabaidan oinarritzen dela esan du eta eztabaidarik gabe ez dagoela demokraziarik, nahiz batzuetan eztabaida hori ez izan Estatuaren Gobernuaren gustukoa.
Eta gezurra da orain Rodríguez Zapatero Presidenteak bere burua elkarrizketaren zaletzat eta defendatzailetzat azaltzea.
Norekin negoziatu eta hitzartu du, bada, Zapaterok Gernikako Estatutua ez betetzea?
Ala Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu zuen Gernikako Estatutuaren erreforma negoziatu eta horri buruz hitz egiteko prest azaldu al zen?
EZ, bada! Ez zuen hitz egin nahi izan ere, are eta gutxiago negoziatu eta horri buruz bakarrik Rajoyrekin mintzatu zen, EZ esateko, jakina, Legebiltzarrak demokratikoki onartutako Estatutu Berriaren proposamenari.
Lehendakaria eskua luzatu zion azken hauteskunde ondoren hitz egin eta negoziatzeko, akordioak lortu ahal izateko.
Eta Rodríguez Zapateroren erantzuna EZETZA izan zen. Ez dago elkarrizketarik, ez dago negoziaziorik.
Ez da harritzekoa, Zapaterok bere xedea agerian utzi duelako:
Rodríguez Zapateroren xede nagusia, berak hala aitortuta, Ibarretxe Lehendakaria Lehendakaritzatik kentzea da.
Espainiaren arazoak arazo, krisi ekonomikoa, langabezia, defizita… Zapaterok helburu bakarra du: Ibarretxe Lehendakaria lehendakaritzatik kendu.
Bere helburua ez da elkarrizketa edo akordioak erdiestea, horretarako aukerak eskaini zaizkio. Krisi ekonomikoa, krisi, Zapaterok, eta bere hitzak dira, Ibarretxe Lehendakaria lehendakaritzatik kendu nahi du, ez besterik.
Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu beharreko alegazioak lantzeari ekin dio eta uztaila amaitu baino lehen aurkeztea espero du.
Atxiloketei buruz Jaurlaritzaren balorazioa
Azken orduetan gertatu diren ETAren balizko kideen atxiloketei buruzko balorazio positiboa egin du Jaurlaritzak. Azkaratek adierazi duenez, "albiste ona baita justiziaren esku jarri izatea azken hilabeteetan egindako atentatuen eta hilketen ustezko egileak".
|