|
| Iñaki Perurenak Ospitalearen lehen harria altxatu du sinbolikoki. JB |
Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak Quiron Bizkaia ospitalea izango denaren lehen harria jartzeko ekitaldian parte hartu du. Klinika Erandion egongo da.
Euskadik giza garapen jasangarria lortzeko osasun sistema ona izatea herritarrek eta erakundeek ezinbestekotzat jotzen dutela esan du Lehendakariak hitzaldian.
Zentzu horretan, euskal osasun zerbitzua ongien baloratuta dagoen erakundea dela esan du. "Euskaldunak harro daude. Orain 25 urte Osakidetza jaio zenetik egin den bidaia bizia izan da eta ordutik handitzen eta hobetzen ari da", gaineratu du.
Ibarretxek hainbat datu eman ditu ezagutzera ekitaldian. Lehendakariaren aburuz, datuen tamaina ikusita, beldurra ematen dute. Joan den urtean bi euskaldunetik bat joan zen larrialdietako zerbitzuetara, eta milioi bat pertsona artatu ziren zerbitzu horretan. Hamar pertsonatik bat ospitaleratu behar izan ziren; guztira, 220.000 ospitaleratze izan ziren 2007an.
1997an Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea onartu zenetik arretaren "kalitatea eta eraginkortasuna" bultzatzeko "jauzi" eman dela gaineratu du. Hori guztia aurrekontuetan emandako igoerarekin gertatu da. "Osasunaren arloan pertsonako 1.506 euro inbertituko dira 2008an, orain hamar urte baino bi aldiz gehiago", adierazi du.
Horren guztiaren emaitza euskal osasun zerbitzua haztea eta hobetzea izan dela esan du Ibarretxek eta Euskadik historian izan duen osasun arreta maila onena duela gaineratu du. Herritarrek baloratzen duten bezala munduan ere modu berean baloratzen dela azpimarratu du. "Iberoamerikako azken Goi-Bileran Zumarragoko Ospitaleak Iberoamerikako Saria lortu du eta joan den urtean, Ekialdea Eskualdeak eta orain bi urte Zumarragako Ospitaleak Europako Bikaintasunaren saria lortu zituzten", amaitu du.
Quiron ospitaleari dagokionez, proiektu honek "Quriron Taldea behin-betiko Euskadin barneratzen duela" adierazi du Lehendakariak. Herritarrek euskalduna bezala duten ospitalea dela esan du, bere lan egiteko modua kalitatean eta gizatasunean oinarrituta baitago. "Gure sisteman ezarri nahi dugun filosofia da hori, hitzarmenen bidez, herritarrei eskaintzen zaien baliabide bat gehiago baita", gaineratu du.
Quiron ospitalea
Quiron Taldeak 80 milioi euro baino gehiago inbertituko du Bizkaian egingo duen ospitalean. 2009 urte amaieran egongo da funtzionamenduan eraikin berria.
80 milioi horietatik 15 baino gehiago puntako mediku-teknologiako ekipamendua erosteko erabiliko dira. Ospitaleak diagnostikoa, tratamendua eta telemedizina egiteko ekipo modernoenak izango ditu.
Banakako 110 logela izango ditu eraikinak eta ospitale orokor batek dituen zerbitzu guztiak, onkologiako eta kirurgiako eguneko ospitalea barne, izango ditu. Instalakuntza bereziak ere izango ditu: nemodinamika gela, PET-TAC, 64 koroako TAC helikoidala, 1,5 teslako erresonantzia magnetiko itxia, tesla bateko erresonantzia magnetiko irekia, excimer laserra, partikulen azeleragailu lineala, ganmakamara, …
1990ean ezarri zen Quiron Taldea Euskadin, Donostiako Quiron ospitalea erosi ondoren. 1993an Laguntza Bidezko Ugalketa Unitatea jarri zuen abian taldeak Donostian. Taldean lan gehien duen ugalketa unitatea da Donostiakoa. 1997an Laguntza Bidezko Ugalketa Zentroa ireki zuten Bilbon.
|