Azken eguneratzea: 2007/03/19
Bilboko Iberdrola Dorrearen lehen harria
Lehendakariaren esanetan, eraikina Euskadik etorkizunera begira duen aliantza estrategikoaren emaitza da
40 pisuko dorrea Euskadiko altuena izango da
Lehendakaria, Bilboko Alkatea, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Iberdrolako Presidentea dorrearen lehen harria jartzen.(J.B)

Lehendakariaren, Bilboko Alkatearen, Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren eta Iberdrolako Presidentearen arteko bostekoak itxi zuen Iberdrola Dorrearen lehen harria ezartzeko ekitaldia. Iberdrola Dorreak 165 metroko garaiera izango du, eta Euskadiko eraikin altuena izango da.

Hitzaldian, Ibarretxek gogora ekarri zuen dorre hau bezalako proiektuak "publikoaren eta pribatuaren arteko aliantza estrategikoaren" emaitza direla. Horri esker, Bilbo eta Euskadi "ez dira lehenaldia bakarrik,  batez ere etorkizuna dira", gaineratu zuen.

Lehendakariak "maketen Bilbo" sortu zuten buruzagien "ausardia" nabarmendu zuen. "Hiria berriro asmatu" eta "betiko hiri zaharraren barruan eraikitzeko gune berri bat" sortzearen aldeko apustua egin zuten, Ibarretxeren hitzetan.

Iberdrola Dorrea Abandoibarran egongo da, Bilboko itsasadarraren ertzean, Guggenheim museotik oso gertu. 62.000 metro karratuko eraikina izango da, eta 40 solairu eta 165 metroko altuera izango ditu. Euskadiko eraikin altuena izango da, baita Estatuko garaienetako bat ere. Cesar Pelli arkitekto argentinar ezagunak diseinatu du eta heliportua izango du. Besteak beste, Iberdrola enpresa elektrikoaren egoitza izango da.