Azken eguneratzea: 2009/01/08
Lehendakaria auzibidean
Gaur hasi da Juan Jose Ibarretxe Lehendakariaren kontrako epaiketa Batasunarekin hitz egiteagatik
Lehendakariordeak "larria" deritzo Lehendakaria epaitzeari bere lan instituzionala eta politikoa egiteagatik
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak hasi du Juan Jose Ibarretxe Lehendakariaren, PSE-EEko Patxi Lopez eta Rodolfo Ares ordezkariaren eta ezker abertzaleko bost kideren (tartean Arnaldo Otegi) kontrako epaiketa Batasunarekin biltzeagatik alderdia legez kanpo zegoela.
Lehendakaria Sabin Etxetik ateratzen Iñigo Urkullu eta Jose Antonio Ardanza alboan dituela
Lehendakaria Sabin Etxetik ateratzen

Ahozko ikustaldia ikusmin handiarekin jarraitzen ari dira Bilboko Justizia Jauregira gerturatu diren komunikabideetako 150 profesional inguru, kargu politikoak eta hiruko gobernuko alderdi politikoetako, alderdi sozialistako eta ezker abertzaleko militanteak eta jarraitzaileak.

EAJren egoitza nagusitik, Sabin Etxetik, Justizia Jauregira dauden berrogeita hamar metroak bere alderdiko eta Eusko Alkartasuneko agintari eta militanteek lagunduta egin ditu Lehendakariak goizeko 08:50ean.

Berarekin joan dira, besteak beste, bere emaztea, Begoña Arregi, Jose Antonio Ardanza Lehendakari ohia, Joseba Azkarraga eta Javier Balza Sailburuak eta Bizkaiko eta Arabako Ahaldun Nagusiak, Jose Luis Bilbao eta Xabier Agirre.

Lehendakariordearen hitzak

Idoia Zenarruzabeitia Radio Euskadiko Boulevard saioari emandako elkarrizketan
Lehendakariordea Radio Euskadin eman duen elkarrizketan

Idoia Zenarruzabeitia Lehendakariordeak "larria" deritzo Euskadiko Lehendakaria bezalako ordezkari instituzional bat epaitzeari "bere lan instituzionala eta politikoa egiteagatik, hau da, elkarrizketa politikoa egiteagatik herrialdeko arazoak konpontzeko".

Ahozko ikustaldia hasi baino minutu batzuk lehenago Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Lehendakaria kriminalizatu dutela salatu du Lehendakariordeak. Bestalde, salatu du "gaizkile arrunt bat balitz bezala" eraman dutela zigor epaiketa batera eta gaineratu duenez, "hori ez lukete mendebaldeko ezein demokraziatan onartuko".
 
Zenarruzabeitiak salatu du instrukzio faseak "sustapen politikoa" izan duela. Azaldu duenez, "norbaitek Lehendakari bat akusatuen aulkian ikusi nahi izan du eta lortu du".

Bere aburuz epaiketa hau ez litzateke irisi behar izan ahozko epaiketara, izan ere, "Auzitegi Gorenak berak erabaki zuen bere garaian, kereila kriminal bat ez onartzean, ekintza eta elkarrizketa politikoari zegokien zerbait ez litzatekeela zigor arlotik epaitu behar"

"Espainiako Gobernuaren kontrako kausa itxi zuen, beraz, ez dugu ulertzen zergatik hemen instrukzio fase bat ahozko epaiketan bukatu den" deitoratu du Lehendakariordeak.

Herrizaingo Sailburuaren hitzak

Balza adierazpenak egiten

Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailburuak "auziari sakontasunez ekingo dion epai bat, eta ez oinarririk gabeko itxiera bat" eskatu du, izan ere, epaiak "argi utzi behar du politikak bere alorra duela, eta bakearen eta normalizazioaren alde asko lagundu dezakeela".

Epaiketaren ahozko ikustaldia amaitzerakoan egindako adierazpenetan, Balzak modu egokian jokatu dutelako "uste osoa" dutela jakinarazi du. "Azken urteotan egindakoaz ez gara damutzen, ezta ezkutatzen ere", gaineratu du.

Halaber, Herrizaingo Sailburuaren arabera, "Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute ezer ezkutatzeko, elkarrizketaren, normalizazio politikoaren eta bake prozesuaren alde lan egiten baitute", adierazi du. Ildo honetatik, "bake prozesua dagokion unean berriz ere aurrera ateratzen saiatzearen beharra" azpimarratu du.

Balzaren ustetan, "oso argi geratu da hemen eztabaidatzen ari dena, funtsean, auzi politiko bat dela, eta ez juridikoa. Herri honetan oso garrantzitsuak diren bi arlotan, konponbideen bilaketan eta elkarrizketa politikoaren aldeko apustuan, eragina duen eztabaida politiko bat da", azaldu du.