Agerraldi honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak gaur Kosovon gauzatuko den independentzia aldarrikapena baloratu nahi du, honek erakusten baitu larriak izan arren identitate eta pertenentzia gatazkak bakean eta demokrazian konpon daitezkeela.
Gaur, gure etxearen baitan, Europa zaharrean munduari erakusten zaio arazoak konpon daitezkeela elkarrizketa eta demokrazia oinarri, herritarren nahimena errespetatuz.
Europan, Serbia, Errusia eta Espainiaz landa, guztiek onartzen dute eta normaltasunez hartu Kosovoren independentzia. Ez baita hau lehen aldia munduan konponbide hau erabiltzen dela. Aldiz erabakitzeko eskubidea konponbidearen giltzarri izan da sarritan mundu osoan. Erabakitzeko eskubidearen bitartez bideratu dira gizarte moderno eta aurreratuetan, bakean eta era demokratikoan, identitate eta pertenentzia arazoak, Quebec-etik Montenegrora, Irlandatik pasata. Eta eztabaida hori zabalik da egun Belgikan edo Eskozian, Euskadin eta Katalunian bezala.
Ibarretxe Lehendakariak adierazi duen moduan XXI. mendea identitatearen eta nazioen mendea da , herritarren nahimenarekiko begirunearen mendea.
Europar Kontseiluak gomendioa luzatu die berritan Europako estatuei esanez herritarrei hitza emanez eta erabakitzeko eskubidean oinarrituta konpondu behar dituztela arazoak. Kosovok, beraz erakusten dio munduari indarrean dela nazioarteko legedian onartua den burujabetzarako eskubide demokratikoa, erabakitzeko eskubidea. Eta, era berean, arrazoia kentzen die eskubide hori ez dela indarrean inongo herri demokratikotan esanez erabakitzeko eskubidea ukatu izan dutenei.
Aldiz, herritarren nahimenaren errespetua luzaroan irauteagatik gaiztotutako arazoen konponbiderako giltzarria da. Nazio eta gizarte desberdinen arteko elkarbizitza arazoak elkarren arteko errespetuan oinarrituta, elkarrizketaren bitartez eta herritarren nahimena eta erabakitzeko eskubidean eta herriek bere etorkizuna erabakitzeko duten eskubidean oinarrituta konpondu behar dira.
Amaitzeko, Ibarretxe Lehendakariak Stanford-eko Unibertsitatean herenegun eman zuen hitzaldiko gogoetaren aipu bat ekarri nahi dut hona:
XXI. mende honetan, Euskadiren eta Espainiaren arteko harreman arazo politikoa, elkarrizketaren bitartez, elkarrenganako begirunean oinarrituta eta Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidean oinarrituta konpondu behar dugu.
Arazoaren gakoa Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearen aitortzan eta eskubide hori era paktatu eta negoziatuan erabiltzean datza.
(…)
Beraz, Autodeterminazio Eskubidea, Euskal Herriari zor zaion erabakitzeko eskubidea, dugu euskal gatazka politikoaren konponbidearen atea zabal dezakeen giltza.