Azken eguneratzea: 2012/06/12
Lanbidek eta Gasteiz hiriak DBEren inguruan ebatzi gabeko egoerei buruzko polemika itxi nahi dute, "inor babesgabe gera ez dadin"
Gemma Zabaletaren eta Javier Marotoren arteko presako bilera bat egin ondoren lortu da akordioa
Gemma Zabaleta Enplegu sailburuak eta Javier Maroto Gasteizko alkateak presako bilera izan dute gaur eguerdian, bi erakunde horiek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) eskatzaileei buruzko datu berberak izan ditzaten, eskatzaile horien egoera egiazta dadin, “inor babesgabe” gera ez dadin, eta eskatzaile guztiek beren espedientea behar bezala bete dezaten, eta horrenbestez, gai horren inguruko edozein polemika itxita gera dadin.
Orobat, topaketa horrek baterako lan-ildo bat adosteko ere balio izan die bi erakunde horiei, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eskatu duten eta oraindik jasotzen ez duten pertsonek Diru-sarrerak Bermatzeko Legeak ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela bermatzeko.
Horrela, datorren astean beste bilera bat egingo dute, egoera horiek guztiak bermatzeko. Bilera horren helburua zera da, hurrengo nominan Gasteizen ebazteke egon litezkeen kasu guztiak ixtea, betiere erabat bideratuta badaude eta Diru-sarrerak Bermatzeko legea betetzen dela egiaztatzen bada, ezein erakunderen laguntza gehigarririk ez behar izateko.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Gasteizko Udalaren artean lorturiko akordio horren helburua zera da, "inor ere babesgabe gera ez dadin eta inork inolako iruzurrik egiteko aukera izan ez dezan gizarte-babeserako sisteman bere egoera pertsonala egiaztatu gabe sartzen denean”.