|
Komunikazio hori beharrezkotzat jo dute, merkatuan "SMS Premium" esaten zaion zerbitzuagatiko fakturazioa dela eta erreklamazioen kopurua izugarri handitu dela ikusirik. Sistema horren bitartez, erabiltzaileak mezu labur bat bidali eta ordaintzen du, adibidez lehiaketaren batean parte hartzeko, edo komunikabideren bateko (TB, irratia, aldizkariak, etab.) iragarkietan agertzen den melodiaren bat jaisteko, edo sakelako telefonoan jasotako gonbidapen bati erantzuteko. Erabiltzaileak mezua ordaindu, eta mezuaren mozkinak operadoreak eta iragarleak banatzen dituzte elkarren artean.
Arazoa, ordea, honako hau da: kasu batzuetan, SMS hori bidali dutenei, zer harpidetzen ari diren jakin gabe eta hartarako baimenik eman gabe, alta ematen diete prezio jakin bat duten mezuak behin eta berriz jasotzeko zerbitzuan. Horren ondorioz, telefono-faktura nabarmen igotzen da; izan ere, SMS horien prezioa handia da (batzuek 1,50 euro ere balio dute), eta hainbat eta hainbat mezu jasotzen dira.
Gainera, sistema horretan baja emateko edo sistema desaktibatzeko aukera izugarri zaila da; izan ere, askotan ez da erraza izaten zerbitzua ematen duen enpresa zein den jakitea, eta erabiltzaileak ez du jakiten nori erreklamatu. Horretarako irtenbidea, agian, telefonia-konpainiari mezuak jasotzeko zerbitzuan aldi baterako baja emateko eskatzea izan daiteke; baina beretzat interesgarria izan litekeen zerbitzua galduko luke kontsumitzaileak; izan ere, era guztietako SMSak jasotzeko aukerarik gabe geratuko litzateke.
Egoera hori ikusita, Eusko Jaurlaritzak operadoreei gogorarazten die, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren idazketa berriaren arabera, zerbitzu horietan alta eman baino lehen "kontratatzeko borondatea argi eta garbi egiaztatu behar dela". Horregatik, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak kontsumitzailearekin kontratua egin dutela frogatzeko eskatuko die telefonia-konpainiei (haiek fakturatzen baitituzte zerbitzu horiek), baita honako eskakizun hauek betetzeko ere: aldez aurretik informazioa ematea, egindako kontratazioa dokumentu bidez frogatzea eta kontratua desegiteko modua azaltzea.
Aurreko guztia kontuan hartuta, zera eskatzen zaie operadoreei, aipatutako eskakizunak betetzen ez badira, SMSak behin eta berriz jasotzeko zerbitzuengatiko fakturarik ez egitea, eta, zerbitzu horiengatiko fakturarik egin bada, kaltetuek arrazoi horrengatik egindako erreklamazioak onartzea.
Gasteiz, 2007ko apirilaren 16a
|