Azken eguneratzea: 2006/03/20
Euskadiko Liburutegien Lege-proiektua onartu du Jaurlaritzak
Europako esparruan berriki egin diren ekarpen tekniko eta doktrinazkoak biltzen ditu, ondare digitalari garrantzi handia emanez

Kultura Sailburuak aurkeztuta, Gobernu Batzordeak Euskadiko Liburutegien Legearen proiektua (pdf, 400kb) eztabaidatu eta onartu du, Legebiltzarrera lege gisa tramitatzeko. Liburutegien euskal Lege-egitasmo hau Kulturaren Euskal Planaren hausnarketen oinarritzen da eta liburutegien atalean, 1990 Kultur Ondare Legea garatzera dator.

Lege honekin, liburutegien alorreko ordenamendu juridikoa eguneratu eta, aldi berean, osatu nahi da, hala kontzeptuen alorrean nola antolaketa, kudeaketa edo plangintzarenean. Era berean, Lege honekin, Museoen Lege-proiektuarekin zabaldutako kultura ondarearen alorreko arau multzoa eratze aldera zabaldutako bideari jarraipena eman zaio, honen ondoren Euskal Institutuaren legea eta Liburutegi legearekin zer ikusi handia duen Artxibategien legea etorriko dira; lege egitasmo guzti hauek Kulturaren Euskal Planaren hausnarketetan oinarritzen dira eta Euskal Kultura Ondarearen Legea garatzera datoz. Xedea kultur adierazpen desberdinen ordenazioari eta kultur ondarearen babesari dagokienez  hobetzea eta aurrera egitea delarik.

Kulturaren Euskal Planaren eztabaida eta hausnarketetan aurreikusitako beharrak betetzera eta 1990an finkatutako markoa garatzera dator, beraz, Lege hau. Eusko Legebiltzarrak Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 17ko 7/1990 Legea eman zuen, besteak beste gure bibliografi ondarea eta liburutegiak arautzeko eta, Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionala sortuz, euskal liburutegi-sistema propio baten oinarriak jarri ahal izateko, betiere, administrazio, erakunde eta titular pribatuen arteko lankidetza bultzatzeko asmoarekin eta Euskadiko liburutegi-eskaintza desberdinak hobeto integratu, koordinatu eta optimizatzeko helburuarekin.

Orain beste urrats berria emango da liburutegi alorrerako berariazko legearen bitartez. Gaur egun, pilatutako esperientzia eta sektore honetako berezko beharren azterketa teknikoa kontuan hartuta, komenigarri ikusi da berariazko araua sortzea Euskadiko egungo liburutegi sistema osotasunean berraztertzeko eta sistema horretan Europako esparruan berriki egin diren ekarpen tekniko eta doktrinazkoak sartzeko.

Premisa horietatik abiatuta, lege honek sektorearen erregulazio zehatzagoa eskaini nahi du, Euskadik liburutegi azpiegitura eta zerbitzu moderno eta koordinatuagoak izan ditzan, herritar guztiek erraz erabiltzeko modukoak. Horrela, gainera, optimizatu egingo dira herri-administrazioek establezimendu horietarako jartzen dituzten baliabide eta bitartekoak.

EUSKADIKO LIBURUTEGIA, LIBURUTEGI SISTEMA ETA IRAKURKETA SARE PUBLIKOA

Hortaz, teknologi baliabide berriek eskaintzen dituzten aukerak eta aipatutako ekarpenak gehituz, legearekin, arlo honetako ordenamendu juridikoa eguneratu eta, aldi berean, osatu nahi da, hala kontzeptuen alorrean nola antolaketa, kudeaketa edo plangintzarenean helburu jakin batekin: informazioaren gizarteak eskaintzen dituen tresnak pixkanaka ezarriz, Euskadiko liburutegi-bitartekoak denon eskura jartzea era osoago eta eraginkorrago batean.

Halaber, legeak jarduera publiko eta pribatuaren arteko lankidetza bultzatu nahi du, baita liburutegien alorreko plangintza sustatu ere, betiere, kulturarako interesa areagotzeko aukerak handituz, kultura pertsonaren eta gizarte osoaren berezko ondasuna denez gero. Horretarako, konpentsaziozko liburutegi-politika burutuko da, bai pertsonei dagokienez, egoera txarrenean dauden gizarte-sektoreei arreta berezia eskainiz, bai Euskadiko lurralde eta herriei dagokienez.

Lege honen bitartez, oinarrizko eskubide diren adierazpen askatasuna eta informaziorako irispide publikoa bermatu nahi dira, hau da, euskal gizartearen sektore guztietan zabaldu nahi da irakurzaletasuna, oinarrizko zutabea baita norbanakoaren prestakuntza, garapen eta heziketan. Horretarako, ordea, liburutegi publikoek eskaintzen dituzten zerbitzuek herritarren aukera-berdintasuna bultzatu behar dute, nork bere askatasunetik, aukera izan dezan bere burua landu, literatur eta kultur interesak gauzatu, ezaupideak etengabe areagotu, pertsona edo hiritar gisa dituen gaitasunak hobetu, nazioarteko errealitateetara iritsi eta bizitza osoan zehar ikasteko.


Ildo horretatik, funtsezkoa da liburutegiaren erakundeari asmo handiagoko modu batean heltzea, hezkuntza, kultura eta informazioaren benetako eragile izan dadin eta bakea, tolerantzia eta gizakumearen berezko balioak bultza ditzan. Era  berean, aginte publikoek helburuak betetzeko behar diren bitartekoak bermatuko dituzte eta liburutegi-zerbitzuen titular diren administrazioen arteko koordinaziorik estu eta eraginkorrena bultzatuko dute.
Euskadiko Liburutegi Sistema, hortaz, lankidetza-harremanen bitartez liburutegi-zerbitzuak emateko gai diren erakundeen multzoa da lege honen ikuspegitik. Hauek dira sistemaren oinarriak: informazio-politika, nazioarteko lankidetza, planteamendu bibliotekario bat (administrazioen arteko koordinazioa) eta Euskadiko Liburutegiaren izatea bera.  Legeak Euskadiko libutegi nazionala sortzea arautzen eta bideratzen du.

 
Euskadiko Liburutegiak, lege honetan araututako euskal bibliografia gordailatzeko zentroa denez, helburutzat dauka, besteak beste, Euskadiko bibliografi produkzioa eta euskararen hizkuntza-eremuarekin erlazionatutakoa bildu, kontserbatu eta zabaltzea. Beste erakunde batzuekin batera, koordinazio-lanak egingo ditu euskal bibliografi ondarea eskuratu, kontserbatu eta zabaltzeko. Izan ere, ondare hori kontserbatzeak duen garrantzia ukaezina da, balio handikoa baita informazio, hezkuntza eta ikerketarako eta kultura, hala orokorra nola, bereziki, Euskal Herriarena, ezagutu eta garatzeko.Horrekin batera formatu berrietan sortutako ekoizpenaren gordailua izango da. 

Horrekin batera, Irakurketa Sare Publikoa eratuko da toki-administrazioen menpeko liburutegi sareak batzeko. Bertan, foru aldundien eta Estatuaren liburutegiak eta liburutegi pribatuak ere sartu ahal izango dira beren borondatez, beren liburutegi-zerbitzuen multzoa herritar guztien eskura jartzen badute. Horrekin batera, Irakurketa Sare Publikoa, herri liburutegiez osatua, zabalik da beste erakundeetako liburutegiak (foru liburutegiak, estatuarenak edo erakunde pribatuenak) bere baitan hartzeko eta era horretara elkarrekin herritarrei liburutegi zerbitzua eskaintzeko.   

Azkenik, legearen beste helburuetako bat da Euskadiko liburutegi-araubide juridikoa osatzea eta, horretarako, errealitate berrira egokitutako erregulazioa ezartzea arau-hauste eta zehapenetarako, izan ere, lege-erreserbaren printzipioaren arabera, hori guztia maila honetako arau baten bitartez xedatu behar da, Euskadiko Liburutegi Sistemara eta irakurketa publikoko sistemara iristeko eskubidea eta horien funtzionamendua bermatzeko eta Euskadiko Bibliografi Gordailuaren alorrean xedatutakoa betetzen dela ziurtatzeko.

Legean oinarrituta Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea eratuko da eta aholku erakunde honek bere betekizunen artean Irakurketa Publikoko Mapa egitea izango du.

LEGEAREN EGITURA

Xede honetarako eta tresna gisa, legeak zortzi titulu eta berrogeita bost artikulu ditu eta, horretaz gain, bi xedapen gehigarri, bi iragankor, indargabetzaile bat eta bost azken xedapen.

I. Tituluak xedapen orokorrak jasotzen ditu eta, bertan, legearen helburua eta aplikazio-eremua arautzen da, liburutegien sailkapena egiten da eta lankidetza-printzipioa ezartzen da sistemaren oinarrizko elementu gisa.

II. eta III. tituluek Euskadiko Liburutegi Sistemari eta Euskadiko Irakurketa Sare Publikoari buruz dihardute hurrenez hurren. Arlo horretan, zehatz errespetatu dira euskal herri-administrazio desberdinen eskumen-esparruak eta bakoitzari bere bidea jarri zaio integratzeko eta liburutegien alorrean administrazioen arteko harremanak artikulatzeko, betiere, tresna bideragarri bat ezartzearren liburutegien alorreko politika publikoaren koordinazioa eta lankidetza gauzatzeko eta, era horretan, legea eraginkortasunez exekutatu ahal izateko. Ildo horretatik, Sarean eta Sisteman integratzearen ondorioak zehazten dira, Sareko liburutegien erregistroa sortzea aurreikusten da eta irakurketa-sare publikoko liburutegiek eman behar dituzten zerbitzuak eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak adierazten dira.  Azpimarratu behar da, agindu bat ematen zaiela liburutegien titularrei erabiltzaileen eskubideak berma ditzaten liburutegiak berdintasun-egoeran eta inolako tratu diskriminatzailerik gabe erabiltzeari dagokionez.

IV. titulua Euskadiko Liburutegiari buruzkoa da. Bertan xedatzen denez, Euskadiko Liburutegia Euskadiko Liburutegi Sistemaren buru izango da eta berak burutuko ditu koordinazio-lanak euskal bibliografi ondarea bildu, kontserbatu eta zabaltzeari begira. Euskadiko Liburutegiaren sorreran aintzat hartzekoa izan da gainerako euskal herri-administrazioek arlo horretan burututako lana eta, ildo horretatik, Liburutegiak horiekin koordinatzeko eta lankidetzan aritzeko borondatea du.

V. Tituluak, Euskadiko Bibliografi Gordailuari buruzkoak, bibliografi lanak definitzen ditu eta kontzeptu horren barruan sartzen ditu teknologi berriek sortutakoak eta bibliografi interesekotzat jotzen diren lan eta bildumak. Euskadiko Bibliografi Gordailua arautzeak aukera emango du euskal bibliografi ondarea egituratzeko. Horretarako, behar diren aleak bilduko dira Euskadiko bibliografi produkziotik eta euskararen hizkuntza-eremuarekin erlazionatutako lanetatik, horien adierazpen-era dena dela, tradizionaletatik hasi eta berritzaileenetara. Titulu honek bi araubide desberdin ezartzen ditu, bata nahitaezko gordailuetarako eta bestea borondatezkoetarako. Horien oinarrizko alderdiak ezartzen ditu, baina zehaztasunak, entregatu behar diren aleen kopurua, adibidez, geroago erregelamendu bidez finkatzeko uzten ditu.

VI. tituluak Nazio Intereseko Funtsak definitzen ditu eta horien araubidea Euskal Kultura Ondarearen Legean sailkatutako ondasun higigarrientzat ezarritakoa izango dela xedatzen du. Halaber, horiek gure kulturaren erreferente gisa duten garrantzia kontuan hartuta, hainbat berariazko neurri ezartzen dira Euskadiko Liburutegiaren zuzeneko esku-hartzearen bitartez funts horien kontserbazioa bermatzeko.

VII. tituluan Liburutegien Euskal Kontseilua sortzea aurreikusten da. Kontseilua kide anitzeko aholkularitza-organoa izango da liburutegien alorrean eta horren zereginak eta osaketa geroago erregelamendu bidez arautzeko uzten dira.

VIII. tituluan zehapen-araubidea zehazten da. Tresna horren bitartez, hainbat helburu lortu nahi dira: herritarrei kalitatezko liburutegi-zerbitzua jasotzeko eskubidea bermatzea, Euskadiko Liburutegi Sistemaren eta irakurketa-sare publikoaren funtzionamendua zaintzea eta Euskadiko Bibliografi Ondarearen Gordailuaren alorrean xedatutakoa betetzen dela ziurtatzea. Araubide horrek toki-erakundeen autonomiaren oinarrizko berme instituzionala ziurtatzen du, Konstituzioan eta Estatutuan jasota baitago, eta ez du eskumen-araubidea aldatzen, liburutegien titulartasunaren ingurukoa euskal herri-administrazio desberdinei baitagokie, baina bai ematen du aukera zeinek bere esparruan modu bateratu eta eraginkorrean esku-hartzeko markoa finkatzeko.

Legearen bi xedapen gehigarrietan, sei hilabeteko epea ezartzen da Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea eratzeko eta, urtebetekoa, hori sortzen denetik, Irakurketa Publikoko Mapa egiteko. Lehenengo xedapen iragankorrean, Euskadiko udalerrietan sor daitezkeen arazoak ikusita, bost urteko epea ezartzen da udal-liburutegiak legean ezarritako baldintzetara egokitzeko eta, gainera, babestu egiten dira toki-entitateek baldintza horiek betetzeko epe horretan burutu nahi dituzten ekimenak, betiere, ordenamendu juridikoaren araberakoak badira. Bigarren xedapen iragankorrean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari hainbat zeregin esleitzen zaizkio Euskadiko Liburutegia abian jarri arte. 

Legearen testua osatzeko, xedapen indargabetzaile bat eta bost azken xedapen daude, horrelako xedapenetan ohikoa den edukia dutelarik. Azken xedapenetatik, bi bereizi behar dira: lehenengoa, horren bitartez aldaketa bat sartzen baita Euskal Kultura Ondarearen Legean, euskal bibliografi ondarearen definizioan distortsiorik egon ez dadin, eta bigarrena, zeinetan lege-gordailuaren eta Euskadiko bibliografi ondarearen arteko bereizketa egiten baita.


Informazio gehigarria: Euskadiko Liburutegi Sistema Nazionala gaur egun

Euskadiko Liburutegi Sistema Nazionala 1990ean sortu zen (7/1990 LEGEA, uztailaren 3koa, Euskal Kultur Ondareari buruzkoa), Eusko Jaurlaritzak kudeatu eta zuzentzen du eta Euskadiko herri liburutegiak osatzen dute. Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalaren barruan 276 liburutegi eta sukurtsalak daude.  Horietatik  219 Katalogo bateratuan daude.
Euskadiko Liburutegi Sistemaren katalogo bateratua, On line dagoen katalogoa da eta honi esker posible da web bidez eta elebiz parte hartzen duten liburutegi guztietako funtsetan kontsultak egitea, bai eta erabiltzaile-txartel bakarra edukitzea zentro guztietarako balioduna. Egun (urtarrileko datuak) Euskadiko Liburutegi Sistema Nazionalaren Katalogo on line honetan 1.906.680 liburu (ale) daude.
Katalogoak aukera ematen du, gainera, jakiteko aleak non dauden, eskuragarri dauden, irakurleren batek hartuak dituen eta noiz itzultzekoak diren ere. Interneti konektatutako edozein ordenagailutatik egin daiteke kontsulta.
Beraz, OPAC liburutegi-sarean sartzeko-tresna da, honako zerbitzuak ematen dituen aplikazioa alegia:
-Liburutegi-sareko funtsak kontsultatzea
-Ezagutzea egile baten, gai jakin baten, euskarri zehatz baten edo edonolako irizpidearen araberako izenburuak
-Aurkitzea dokumentuak, dagokion liburutegian
-Irakurleari bere bilaketan laguntzea, lotura edo erreferentzia bidez
-Denbora errealean dokumentuen nondik norakoa jakitea (eskuragarri edo maileguan hartuta dauden eta abar), eta gainera:
-iradokizunak eta erosketa-proposamenak egin ahal izatea,
-katalogoan sartu berri diren azken izenburu interesgarriak egiaztatzea,
-bere bibliografia propioak sortzea,
-fitxa pertsonala kontsultatzea eta
-transakzioak egitea (maileguak berritu eta dokumentuen erreserba egin)
-Kanpoko informazio-guneekin lotzea (beste katalogo batzuk, datu-baseak eta hainbat informazio-sistema)

Euskadiko Liburutegien Bilgunea

Euskadiko Liburutegi Sistema Nazionaleko katalogo on line honen ondoan, Eusko Jaurlaritzak beste herri erakunde eta erakunde pribatuekin elkarlanean Euskadiko Liburutegien Bilgunea garatu du. Bilgunea Euskadiko hainbat erakunde publiko eta pribatuetako bibliografia funtsek osatutako katalogo kolektiboa da. Bilgunearen koordinazioa Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailari dagokio eta hiru hilabetero eguneratzen da, bertan azaltzen dira ELSNren liburutegiez gain honelako katalogoak:


- Eusko Jaurlaritzaren 13 liburutegien katalogoak
- Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomo eta sozietate publikoetako liburutegien katalogoak (4),
- 3 unibertsitatekoak (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustoko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, ),
- Vitoria-Gasteizko Liburutegi Publikoa (Arabako Foru Aldundia)
- Gasteizko Apaiztegiko liburutegia,
- Lazkaoko Monastegiko liburutegia,
- Loiolako Santutegiko liburutegia
- Labayru Ikastegiko liburutegia
- Sancho el Sabio liburutegia
- Andrés Isasi Musika Eskola
- ERESBIL, Musikaren Euskal Artxiboa