Sabino Irulegik eta Jose Maria Azkuek 2004ko Nardiz sariak jaso dituzte nekazaritza eta arrantza sektoreetan izan duten ibilbide profesionalarengatik
Ibarretxe lehendakariak Euskal Gobernu baten lehen Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren izena daramaten instituzio-sariak emango ditu martxoaren 18an, ostirala
DONOSTIA. 2005-03-16. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuak Gonzalo Saenz de Samaniegok eta Gipuzkoako Landa Garapeneko diputatuak, Nuria Lopez de Gereñuk, 2004ko Nardiz Sariak aurkeztu dituzte komunikabideen aurrean. Sabino Irulegik eta Jose Maria Azkuek jasoko dute saria, nekazaritza eta arrantza sektoreetan izan duten ibilbide profesionalarengatik.
Sabino Irulegi Nekazaritza sektorean izan duen ibilbide profesionalarengatik sarituko dute. Kontuan izan dute, “besteen alde egin duen lan eskerga, musu-truk eskainitako laguntza handia eta nekazaritza sektorearen alde egindako lana, elkartegintza eta kooperazio mugimenduaren alde, batez ere”. Aho batez, halaber, arrantza sektorean izan duen ibilbidearengatik Jose Mari Azkue sarituko dute, “aitzindaria izan delako arrantza-tresnak berritzen, bai arrantzale modura, bai ontzi-jabe modura eta bai Gipuzkoako arrantza kofradietako buru eta langile bezala, 30 urte luzeetan”.
Instituzio-sari horiek, euskal gobernu baten lehenengo Nekazaritza sailburuaren izena daramatenak, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak emango ditu martxoaren 18an, ostirala. Haien helburua, ibilbide profesionalarengatik, nekazaritza eta arrantza sektoreetan, nabarmendu diren hiritar eta taldeen lana saritzea da.
2004KO SARIAK
Sari horietarako hautagaiak Euskadiko Nekazaritza eta Arrantza sektoreetako elkarte, sindikatu eta erakunde desberdinek aurkez dezakete, batetik, eta erakunde publikoek, bestetik (Eusko Jaurlaritza, Aldundiak eta gainerakoak). Epaimahaiko partaideak goian aipaturiko guztien ordezkariek osatzen dute. Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza saila sari horien sortzaile eta sustatzailea da. Sari bakoitza 6.300 eurokoa da dirutan eta, gainera, saritutako biei Javier Herrerok Nardiz Sarientzat berariaz egindako “Hiru elementuak” izeneko eskultura emango zaie.
SABINO IRULEGI
Sabino Irulegi Gipuzkoako Andoain herriko Anaztegi baserrian jaio zen. Gaztetatik, esne ekoizpenaren ardura hartu eta, horrekin batera, 1968 inguruan, GURELESA esne kooperatiba mugimenduan murgildu zen. 1977. urtean, urrats berri bat eman zuen baserriaren alde, nekazaritza mugimenduaren barruan, EHNE sindikatuaren sorreran parte hartuz. Hala, lehen zuzendaritza taldeko partaide izan zen.
1979. urtean, Gipuzkoako Batzar Orokorrak berrezartzean, Nekazaritza Diputatu kargua hartu zuen Xabier Aizarna Diputatu Nagusi zela. Lehenengo legealdia, 1979-1983, etapa gogorra bezain itxaropentsua izan zen. Izan ere, dena egiteko zegoen eta, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zituen eskumen guztiak. 1981. urtean, Gobernu Zentraleko Ministerioak eskumen batzuk transferitzean, Sabino Irulegik Eusko Jaurlaritzaren delegatu lanak egiten zituen. Garai horretan lan handia egin zuen baserrietako azpiegitura kaxkarrak (argi-indarra, landa-bideak, ur-hornikuntza…) hobetzen, bai eta Gipuzkoako udal guztiak premiazko egiteko horretan inplikatzen.
1983. urtean, berriz ere, Jose Antonio Ardantza diputatu nagusi zela, Nekazaritza diputatu izendatu zuten. Bigarren legealdi horretan, 1983-1987, jadanik hainbat eskumen eskuratuta zeuden eta izaera exekutiboagoa zuen. Aldi horretan, baserri azpiegituretan inbertsio handiak egin ez ezik, aldundiaren egungo nekazaritza antolaketaren oinarriak ezarri zituen. Hala, gaur egun eztabaidaezinak diren eta indarrean dauden egitasmoak abian jarri zituen (elkartegintza, osasun-kanpainak, aurrerakoen hazkuntza guneak…). 1987. urtean, bigarren legegintzaldiaren amaieran, Gipuzkoako Aldundian Nekazaritza departamentu buru izateari utzi ondoren, Andoaingo bere ustiategira itzuli zen.
1988. urtean LURGINTZA kudeaketa zentroan gerente lanetan hasi zen, Valentin Zamora ahaztezinaren agindupean. Laster, berak hartu zuen LURGINTZA kudeaketa zentroaren ardura eta, Valentin Zamoraren filosofiari jarraituz, elkartearen egitura berritu zuen arlo askotan, kudeaketa modernizatuz, azpiegitura teknologikoa garatuz, IKTrekiko harremanak sustatuz… Lan horretan 1998. urtean jubilatu zen arte jarraitu zuen
Jubilazio ofizialaren ondoren, berriz ere, Sabino Irulegi Andoaingo bere ustiategira itzuli zen. Esne-behiak kendu eta, gaur egun, limusina arrazako haragitarako behiak hazten ditu.
JOSE MARI AZKUE
Jose Mari Azkue Orion jaio zen, zortzi senidetako familia batean. Horietatik zazpi bizi dira gaur egun. 13 urte zituela, anaia zaharrena bezala, itsasoan hasi zen lanean aitarekin batera. Garai hartan, aita “Miren” izeneko ontziaren jabea zen.
1957. urtean, 26 urte zituela eta, ordurako, itsasontzi baten patroi, Senegalgo Dakarrera joan zen, 16 laguneko eskifaiarekin. Gipuzkoa eta Bizkaiko beste itsasontzi batzuk ere izan zituen bidelagun eta ez ziren, 1958. urteko martxora arte itzuli.
1960. urtean Orioko “San Nicolas” arrantzale kofradiako buru izendatu zuten eta lan berri horretan jardun zuen itsasoko lana utzi gabe. Izan ere, Jose Mari eta bere bi anaia baxurako hiru ontziren jabe izatera iritsi ziren. Kofradiako lehendakari 20 urtetan izan zen, bi alditan, eta lehendakariorde, berriz, 10 urte gehiagotan. Urte horietan, halaber, Gipuzkoako Arrantzale Kofradien Federazioko Gida Batzordeko kide izan zen. Horrez gain, 30 urtez, “Gure Artea” Gipuzkoako arrantzaleen Lan-istripuetako Mutuaren lehendakari.
1978. urtean, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste itsasontzi batzuekin batera Venezuelara joan zen arrantzara eta hurrengo urtean itzuli. Baxurako arrantzan teknologia berriak sartzen aitzindaria izan da: nylonezko sareak, arraiak aurkitzeko zunda eta sonarren erabilera itsasontzietan etab. Gaur egun, haren seme, anaia eta ilobarekin batera, Orioko “Kantabriko Berria” itsasontziaren jabea da.