|
Miren Azkaratek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuak, "BAT Basque Team-en" babespean datorren irailaren 5etik 17ra Pekingo XIII. Paralinpiar Jokoetan parte hartuko duten hamaika euskal kirolariak aurkeztu ditu gaur. Atleta minusbaliatuen alorrean BAT-ek abian jarri duen lehendabiziko ekimena izan da honako hau, aurreko ekainean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskal Irrati Telebistak (EITB) fundazioa eratu zutenetik.
Nazioarte mailan onenen pare aritu da azken urteetan Euskadi paralinpiar kirolean, parte hartzeari dagokionean eta baita dominak lortzerako garaian ere. Aurreko JJOOetan, Atenas'04, Euskal Erkidegoko kirolariek 8 domina lortu zituzten; urrezko 4, zilarrezko 3 eta brontzezko 1.
Euskal ordezkaritza Atenasen lortutako arrakasta berresteko moduan da, izan ere euskaldunen artean badira mundu mailan onentsuenak diren hainbat kirolari: Javier Otxoa barakaldoarrak urrezko domina (errepide proban), eta zilarrezkoa (jazarpen proban) eskuratu zituen Atenasen; Sara Carracelas igerilariak urrezko hiru domina lortu zituen 2004ean, Atlanta eta Sydney-tik berriz urrezko hiru, zilarrezko bat eta brontzezko bi ekarri zituen etxera. Javier Conde lasterkari bilbotarrak berriz, Bartzelonako olinpiar jokoetan hasi eta ez du hutsik egin ordutik ona, 9 domina lortu ditu guztira: urrezko zazpi eta zilarrezko bi.
Olinpiar Jokoetan gertatu den bezala euskal ordezkaritza espainaiko selekzioak Pekinera eramago duen kirolarien %8a baino gehiago da eta Paralinpiar Jokoetako 20 kiroletatik bostetan izango dute ordezkaritza: txirrindularitzan, igeriketan, atletismoan, judoan eta boccian (petankan oinarritutako modalitatea)
Pekingo Paralinpiar Jokoetan 4.000 kirolarik hartuko dute parte 130 herrialde ordezkatuz. 471 modalitate izango dituzte aipatutako 20 kirol ezberdinek, horietatik 17 Olinpiar Jokoetako programarekin bat eginez eta hiru bereziki minusbaliatuentzat egokitutakoak: goalballa, gurpi-aulkiko rugbya eta boccia.
Olinpiar Jokoetan bezala, diru laguntzak emateaz gain BATek laguntza teknikoa, medikoa eta formakuntza eskaini die kirolariei. Fundazioak, Naturgas Energia, La Caixa, Igualatorio Médico Quirúrgico eta Cespa Ferrovial babesle dituela, emaitzen araberako hautaketa egin du bekak jaso dituzten 11 kirolariak aukeratzeko.
BAT Basque Team-en sorrerarekin Eusko Jaurlaritzak kirolaren aldeko apostua egin du, gure kirolariak goi mailako txapelketetan ordezkaritza handiagoa izan dezaten. Horrez gain Euskadiko enpresa pribatuak kirol mundura erakarri nahi ditu fundazioak, kirola baita Euskadiren Barne Produktu Gordinaren %1,9a.
BASQUE TEAM-EKO KIROLARIAK PARALINPIAR JOKOETAN
JAVIER CONDE Barakaldo (1964/07/14) ATLETISMOA
YOLANDA MARTÍN Donostia (1975/05/12) BOCCIA
VÍCTOR HUGO GARRIDO Venezuela (1966/10/21) TXIRRINDULARITZA
AITOR OROZA Bilbo (1976/07/17) TXIRRINDULARITZA
JAVIER OTXOA Barakaldo (1974/08/30) TXIRRINDULARITZA
AMADOR GRANADO Andoain (1967/05/15) TXIRRINDULARITZA
SHEILA HERNÁNDEZ Barakaldo (1985/10/10) JUDOA
ANA RUBIO Irun (1993/02/21) IGERIKETA
SARA CARRACELAS Donostia (1981/09/15) IGERIKETA
RICHARD ORIBE Donostia (1974/02/22) IGERIKETA
ARKAITZ GARCÍA Gasteiz (1983/09/02) IGERIKETA
Bilbo, 2008ko abuztuaren 27a
|