|
Wuppertaleko Skulpturenpark Waldfrieden Museoan ikusgai izango dira martxora arte.
|
| Monumento a la Tolerancia (fuente: http://www.eduardo-chillida.com) |
HernanikoChillida-Leku aire-zabaleko museoan Eduardo Chillidaren lanak ezagutzeko aukera paregabea dute bisitariek. Guztira, 391 eskultura eta paperean egindako 300 lan ("grabitazioak", grabatuak eta marrazkiak) dira bertan ikusgai.
Orain gutxi, nazioarte mailan Donostiako eskultoreak duen ospea agerian geratu da berriro ere. Chillida-Leku Museoko zortzi eskultura handi Düsseldorfetik gertu dagoen Wuppertalera eraman berri dituzte; hiri horretan Skulpturenpark Waldfrieden Museoa irekiko dute urriaren 31n. Tony Cragg ezaguna da museoaren sustatzailea. Britainia Handiko artista ezaguna Chillida-Leku Museoa bisitatu ostean Donostiako eskultorearen lanekin txundituta geratu zen. Horregatik, hain zuzen, aire zabaleko museo berriaren inaugurazio ofizialean Chillidaren eskulturak erabili nahi izan ditu.
Monumento a la tolerancia, Lo profundo es el aire XII, Homenaje a Balenciaga, Elogio de la arquitectura XV, Escuchando a la piedra III, Peine del Viento XIX eta Homenaje a Pili dira berriki Alemaniara eraman dituzten lanak, eta orain dela zenbait hilabete, ekainean, La mesa de Luca Pacioli eskultura eraman zuten. Horrez gainera, Chillidak paperean egindako 16 lan ere jasoko ditu Wuppertaleko museoak. Laburbilduz, XX. mendeko artista euskaldun garrantzitsuenetako baten lana ikusteko parada izango dute alemaniarrek.
Bestalde, Alemaniara eraman dituzten eskulturen ordez jendartean hain ezagunak ez diren beste eskultura batzuk jarriko dituzte Chillida-Lekun: De música III, Peine del Viento XVII, Estela XVIII, Basoa IV, Harri II eta Lotura XIX.
|