|
Getariako jostun ospetsuari eskainitako zentroaren itxura zein izango den zehaztu berri dute.
|
| Cristobal Balenciagaren lana aztergai izango da |
Toño Foraster arkitekto bilbotarra eta Victoria Garriga arduratuko dira Balenciaga Museoaren barrualdea diseinatzeaz. Getariako jostun ezagunaren lanaren nondik norakoak aztertuko ditu museo berriak. Ezin ahatz dezakegu goi-mailako jantzigintza esparruko pertsonaia garrantzitsuenetakoa izan zela Balenciaga. Zentroaren barrualdea nork diseinatuko zuen erabakitzeko lehiaketa AV62 arkitektura enpresako kide diren Forasterrek eta Garrigak irabazi zuten. Museoaren bi atalak (Berroeta Aldamar etxe historikoa eta oraindik eraikitzeke dagoen etxe modernoa) aztertzen ditu proiektu berriak.
Museoaren sarreran zorua apur bat okertuta egongo da. "Arrail" batekin topo egingo dute bisitariek, eta bertatik, zentroa osatzen duten hiru solairuetara joan ahalko dira. Arkitektoek aurkeztu duten proiektuaren arabera, beheko solairuan ikus-entzunezko instalazioa eta Balenciagaren erretratu berezi bat jarriko dituzte. Bestalde, jostunak Parisen zituen jantzi-denda (dendariak eta bezeroak, barne), estudioa eta tailerra gogora ekarriko dituzte lehendabiziko solairuan. Ezbairik gabe, Getariako diseinugilearen lana ezagutarazteko era bikaina da hori.
Bigarren solairuan aldiz, 1937 eta 1968 bitartean Balenciagak egindako lanen bilduma ikusgai izango da. Jostunaren bilakaera agerian uzteko balioko du bilduma horrek. Solairu berean 100 objektu baino gehiago bilduko dituen erakusketa iraunkorra jarriko dute. Aldi baterako erakusketentzako areto bat, denda bat, kafetegi bat eta erabilera anitzeko areto bat ere hartuko ditu museoak.
|