Aizpitta Meatzaritza Ezagutzeko Zentro berria ireki dute Zerainen
 
"Ingelesen etxea" izenarekin ezagunagoa den eraikinak hartuko du meatzaritzari eskainitako zentroa

Martxoaren 12tik aurrera, Gipuzkoako udalerrira bertaratzen diren lagunek Aizpitta Adieraztegia bisitatzeko aukera izango dute. Zerainek eta Goierrik betidanik izan dute harreman estua meatzaritzarekin, eta horren isla da museoa. Aizpeako meatzaritza-esparruan dago Aizpitta (antzina "ingelesen etxea" edo "ingeniarien etxea" izenekin ezagunagoa), labe zaharretatik gertu.

Bi solairutan banatuta dago zentroa. Goiko solairuan ematen diote hasiera bisitari; bertan, eskualdeko meatzaritzaren historia, garapena eta eragina birpasatzen dituen ikus-entzunezko lana nabarmentzen da. Herriko biztanleen testigantzak erabili dituzte horretarako. Solairu berean meatzeetako lanaren nondik norakoak erakusten dituen ukipen-pantaila eta meatzaritzaren goren aldiaren lekuko izan ziren objektu ugari ere ikus ditzakete bisitariek.  

Horren ondoren, beheko solairura joango dira. Eskualdeko meatzaritzari buruzko informazio panelak aurki ditzakete bertan, hizkuntza desberdinetan: gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. Aparteko aipamena merezi du Manuel Laborderen burdinazko tresna ugari erakusten dituen zilindro ikusgarriak.

Zeraindar guztiak museoan ordezkatuta daude. Izan ere, bisitaldiari amaiera emateko, herriko biztanle guztien izenak biltzen dituen panel berezia erakusten dute.


Azken eguneratzea: 2008/03/13