Azken eguneratzea: 2008/10/13
Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak Mintzalaguna programa arrakastatsua hedatuko dute
Mintzalaguna egitasmoak 2600 partaide ditu, 570 taldetan antolatuak Euskal Herri osoko 48 herritan. Baztarrika sailburuordeak euskara ikasten ari diren horiek mintzalagun izatera "animatu", ez euskararen erabileraren "mesedetan" delako, hori ere bai, baina batez ere "norberaren mesedetan" delako.

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Jasone Mendizabal Topaguneko (Euskara Elkarteen Federazioa) zuzendariak Mintzalaguna egitasmoa indartzea, hedatzea eta diruz laguntzea xede duen hitzarmena sinatu dute gaur goizean Donostian 2008, zeinaren ondorioz Topaguneak urterako 72.776 euroko diru laguntza jasoko duen.

Zer da Mintzalaguna programa? (Berbalaguna, Solaskide, Mintzakide… izenez da zenbait tokitan ezaguna). Euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak edo euskara erabiltzeko solaskideak behar dituztenak biltzen ditu programa honek. Aurtengo ikasturteari begira matrikulazio kanpainako diptikoak honela aurkezten digu Mintzalaguna programa: "Euskaraz mintzatzeko lagunik nahi? Euskaraz mintzatu nahi duen horri laguntzeko prest? Nahikoa da ordu libre bat izatea eta euskaraz mintzatzeko gogoa izatea! Hona hemen zure aukera: izan zaitez mintzalaguna. Ba daukazu zer eskaini, badaukazu zer ikasi".

Sinatu berri dugun hitzarmenari esker lau lan-ildo nagusi garatzen ari da Topagunea:
- Mintzapraktika abiarazteko sustapen-lanak: Txorierri eskualde osora zabaltzeko egitasmoa, Ezkerraldea (Santurtzi), Lizarraldea, Basauri eta Arabar Errioxa.
- Mintzapraktika programak egonkortzea: Gasteiz -200 lagunetik gora ari dira Gasteizko Mintzalaguna programan parte hartzen- eta Sakana.
- Ohiko programen garapena: Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Getxo, Mahatserria, Donostia, Eibar, Arrasate, Bergara, Elgoibar, Hernani, Iruñerria eta Irun.
- Mintzalaguna programen hobekuntza eta garapenerako urratsak:

  • Mintza Egunaren III edizioa: Getxon ekainean egin zena, 250 lagun baino gehiagok parte hartu zuelarik.
  • Aldaera berriak: guraso-laguna esperientzia hedatzea, unibertsitario-laguna, e-mintzapraktika, etorkinentzako mintzapraktika, tokiko hizketa…
  • Formazioa eta prestakuntza saioak
  • Komunikazioa: aurten lehenengoz izen-emate kanpaina -oraintxe zabalik dagoena, urriaren 15era arte- kanpaina bateratua da, euskarri bateratuak sortu eta erabiltzea, on line bidezko zabalkundea…
  • Mintzalaguna egitasmoen neurketa eta ebaluazioa.

Patxi Baztarrika sailburuordearen hitzak

Erabilera eta lankidetza. Bi hitz horietan laburbil genezake gaurko hitzarmenaren eta ekitaldiaren muina. Erabilera, erabilera eta erabilera. Ditxosozko erabilera, hil ala biziko erabilera. Erabilera baita edozein hizkuntzaren giltzarria, baita euskararen etorkizunarena ere. Erabileran dago kakoa, erabileran koska. Behin baina gehiagotan errepikatu dut baina, bai, salbatzaileak ez, hiztunak behar ditu euskarak. Maitasun hitzak baino gehiago, hitzak, euskaraz esandako hitzak: hitz goxoak eta garratzak, atseginak eta mingotsak, baina euskaraz esandako hitzak guztiak ere: hori da euskarak behar duen botika eta pizgarria.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren jardunean, beraz, oinarrizko irizpidea dugu erabilera bultzatzearena, esparru formaletan bai, baina  bereziki esparru ez formaletan.

Eta erabilera zabalduko bada, hiru dira derrigorrez betebeharreko baldintzak: lehenik, gutxieneko ezagupen maila -euskaraz zerbait jakin behar da, ezer jakin gabe ezin baita erabili-; bigarrenik, euskararen eta erabileraren aldeko erabaki eta atxikimendu librea -norberaren erabakia behar da-, eta hirugarrenik erabiltzeko aukera izatea. Horregatik guztiagatik herri-erakundeen hizkuntza politikaren zutabe nagusiak: batetik, eskola eta euskaltegiak -herritar guztiei euskara ikasteko bitartekoak bermatu gizarte elebiduna izatera iristeko bidean-; bestetik, atxikimendu librea helburu duen aldeko sentiberatzea -etorkizuna elebi eta eleanitza da, eta ez elebakar; aniztasuna dugu aberastasun, elebakartasuna, aldiz, muga-; eta, azkenik, erabilera-aukerak sortzeko eta hedatzeko ekimenak, bereziki esparru ez formaletan. Erabilera da hizkuntzaren arnasabide benetakoa eta ezinbestekoa. Erabilerarik gabe jai du euskarak. Eskola eta euskaltegietatik kalera, dendara, kirolera, lantokira, lau haizetara zabaldu behar dugu euskara. Azken 25 urteetan emandako aurrerakada bistakoa izanik, bistakoa da halaber Euskadin hainbat eremutan urriak direla oraindik euskara erabiltzeko aukerak, hainbat lekutan oraindik ere ez dela erraza euskaraz hitz egiteko une, gune eta kideak aurkitzen. Kontuan izan behar da, ikerketa soziolinguistikoek erakusten digutenez, guztiz aldatu dela elebidunaren profila azken hamabost urtetan: orduan ez bezala, gaur egun, 24 urtetik beherako gazte elebidunen %60ak eskolan edo euskaltegian ikasi du euskara, ez du etxeko naturaltasunean ikasi, eta askok ez daukate etxean erabiltzeko aukerarik. Gainera, gaurko elebidunen erdia baino gehiago gunerik erdaldunenetan bizi dira. Euskaldunberri horiei laguntza eta babesa eman behar diegu, euskara erabiltzeko aukera berriak euren esku jarriz.

Eta horixe da hain zuzen ere Mintzalaguna programaren funtsa. Euskararen erabilera sustatzeko propio sortutako egitasmoa dugu Mintzalaguna, euskaraz mintzatzeko eta praktikatzeko aukera berriak zabaltzea xede duen programa. Pixkana-pixkana, han-hemen, euskaraz hitz egiteko une eta gune berriak zabaltzen ditu Mintzalaguna programak. Euskara eskolaren bidez eta euskaltegiaren bidez ikasten ari direnak, euskaraz hitz egiteko solaskideak behar dituztenak, euskaraz dagoeneko pixka bat dakitenak, horiek guztiak batu eta euskaraz jarduteko gai diren euskal hiztunekin harremanetan jartzen ditu Mintzalaguna programak. Ikasten ari diren ikasle horiek dakiten euskara erabili dezaten, dakiten euskara lasai eta beldurrik gabe hitzetik hortzera erabili dezaten, hanka sartzeko beldurrik gabe, euskararik txarrena erabiltzen ez den euskara baita. Euskara jasoa edo erdipurdioa, formala edo ez formala, gutziak dira on euskararentzat eta, bereziki dira on, euskal hiztunontzat. Euskara erabili, euskararekin jolas egin, euskararekin gozatu: hauxe da helburua. Erabiltzeko ikasten da euskara, eta erabili ahala ikasten da. Horixe da Mintzalaguna egitasmoaren helburua: ikasitakoa erabili, erabili ahala ikasi, eta naturaltasuna irabazi.

Eta une honetan ikasle mintzalagun hauen ahalegina aitortu nahi dut. Hizkuntza bat ez da goizetik gauera ikasten. Edozein hizkuntza ikasteak ahalegin berezia eskatzen du. Eta ahalegin berezi horretan, ezagutzatik erabilerarako jauzia zaila bezain erabakigarria den jauzia dugu. Milaka mintzalagunek -programa guztiak kontuan hartuta dagoeneko 2.500 mintzalagunetik gora ari dira 48 herritan- urrats hori emateko ausardia erakutsi dute. 48 herri, 450 mintza-talde, 2.500 mintzalagun: ekimen garrantzitsua, ezbairik gabe. Bejondeiela! Hasierako zailtasunak poz-iturri eta aberastasun bilakatuko direlakoan bainago. Hizkuntza Politikarako sailburuorde naizen aldetik, bihoakie denei nire aitormen publikoa.

…. eta elkarlana

Honela dio Hizkuntza politika aurrera begira. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren 2005-2009 egitasmoaren 7. jardunbide nagusiak: "gizarte ekimeneko organismoak indartzea eta beren ekarria bideratzea".

Joan den astean EHBErekin sinatutako hitzarmena zela-eta, orduan ere, elkarlanari buruz aritu nintzen. Gaur elkarlan hori azpimarratu nahi dut. Herri-erakunde eta eragile sozialen arteko lankidetza baita bidea, bakoitzak dagokiona eginez, baina batera lan eginez. Guztiok gara beharrezko, bakoitza dagokionean eta dagokion neurrian. Izan ere euskararen normalizazioak guztion ahalegina eta guztion ahaleginak norabide berean jartzea eskatzen baitu.

Mintzalaguna programa eta HPSren eta Topagunearen artean sinatutako hitzarmen hau bategite horren erakusle dira. Mintzalaguna programaren ideiak sinplea ematen du, sinplea eta ona. Baina ideia onak ere modu egokian garatu behar izaten dira arrakastatsu eta emankor izan daitezen. Eta ondo baino hobeto asmatu dute euskara elkarteek eta Topaguneak -Euskara Elkarteen Federazioak-, eskaria eta eskaintza, eskarmentua eta berrikuntza, ekimena eta gogoeta, oraina eta etorkizuna uztartuz.

Bukatzeko, euskara ikasten ari diren horiek mintzalagun izatera animatu nahi nituzke -izena emateko epea etzi arte irekita dago-. Animatu gainera ez euskararen erabileraren mesedetan delako, hori ere bai, baina batez ere norberaren mesedetan delako. Diptikoak dioen bezala, "hurbildu mintzalagunera!, zabaldu! lagunartea, zure euskara, bizipenak, zure ideiak, ahoa, zure zaletasunak euskaraz bizitzera".

Bilbo, 2008ko urriaren 13an