|
Aste honetan bertan, Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak abian jarriko du ikuskapen-kanpaina bat Euskadin salgai dauden jostailuek dituzten etiketatze- eta segurtasun-baldintzak egiaztatzeko, eta irregulartasunak dituztenak erretiratzeko, adibidez, CE ikurrik ez daramatenak edo ziurtagiri hori egiazkoa dela frogatu ezin dutenak, edo produktuaren fabrikatzailea edo arduraduna zein den adierazten ez dutenak. Horretarako, ehun establezimenduri egingo zaie bisita, horien artean bazarrak, multiprezioko dendak, jostailu-denda espezializatuak, azalera handiak eta inportazioan aritzen diren dendak.
Bestalde, ikuskaritzak irregulartasunak izan ditzaketela edo osagaien artean pinturak edo bernizak izateagatik toxikoak izan daitezkeela uste duen jostailuen laginak hartuko ditu ondoren aztertzeko. Marka ezagunei ere egingo zaie ikuskapena, horietan ere segurtasun-arazoak eta osasunarentzat arriskuak atzeman baitira, Mattel eta Bindezzen kasuan gertatu den moduan.
Aurten, Euskal Autonomia Erkidegoko merkatutik 1.080 jostailu-unitate erretiratu dira etiketei buruzko araudia betetzen ez zutelako edo haurren osasunarentzat arriskutsuak zirelako. Horietatik 800 baino gehiago Mattel markakoak dira, elementu toxikoak atzeman zaizkielako erretiratuak, eta 95 Bindezz-en arte eta eskulanen jokokoak, horiek ere substantzia kaltegarriak baitzituzten. Azpimarratzekoa da, Mattel-en kasuan, enpresa bera izan zela alerta zabaldu zuena eta bere kasuan eta baita Bindezz-en kasuan ere, eurak izan zirela euren produktuak merkatutik erretiratu zituztenak.
2007/1/1etik 2007/11/28ra arte alerta sarean baztertutako jostailuak: produktuak, unitate baztertuak eta jatorrizko herrialdeak (pdf, 25 Kb)
Nolanahi ere, jostailua artikulu nagusietako bat izan ohi den Eguberrien aurreko egunotan, Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko zuzendaritzak segurtasun osoarekin erosteko hainbat aholku eskaintzen ditu:
-
Adinaren arabera aukeratu behar da jostailua. Hiru urtetik beherako haurrentzat izan behar badu, "ez da komeni 36 hilabetetik beherakoentzat" dioen mezurik ez duela egiaztatu behar da; mezu hori baldin badu, zer arrisku izan ditzakeen azaldu behar du labur-labur.
-
Etiketari arreta handiz erreparatu behar zaio, bereziki CE markarik ba ote duen ikusteko; izan ere, marka horrek adierazten du jostailuak segurtasunari buruzko Europako araudiak betetzen dituela.
-
CE marka ez ezik, honako datu hauek ere adierazi behar dira etiketan: jostailuaren izena, sozietate-izena eta/edo marka; fabrikatzailearen edo berak baimendutako EBko ordezkariaren edo EB barneko inportatzailearen helbidea; jostailua erabiltzeak izan ditzakeen arriskuak eta horiek saihesteko moduak.
-
Jostailuak pilak baldin baditu, haurrek pilak manipulatzeko aukerarik ez dutela egiaztatu behar da, produktu toxikoak izaten baitituzte.
-
Jostailua muntatu egin behar bada, erabiltzeko jarraibideak izan behar ditu, behar ez bezala muntatuz gero arriskutsuak izan daitezkeen zatiak aipatuta.
-
Bideo-joko bat erosi behar badugu, zein adinetarako gomendatzen den izan beharko dugu kontuan, eta adin horretarako sailkatzeko arrazoiak adierazten dituzten informazio-deskribatzaileei (indarkeria, sexua, diskriminazioa...) erreparatu.
Eguberritako gastua murriztea, lor daitekeen erronka
Badatoz Eguberriak, eta garai horretan kontsumorako joera areagotu egiten denez, egun horietan tipikotzat hartutako produktuen prezioak gora egiten du; hortaz, erosketa-saskia inoiz baino garestiagoa izaten da. Publizitatearen presioa, masa-kontsumismoa, jende-pilaketak, jaiegunetako bozkarioa, edo azken orduko presak dira nagusi egun horietan, eta horren ondorioz, kasu askotan, gehiegi erosten dugu, edo azkarregi eta gehiegi pentsatu gabe.
Gure ekonomia kolokan jar dezaketen ezohiko hamaika gastu izaten dira: opariak, menu bereziak, haurrentzako jostailuak, jarduera ludikoak... Horrelakoetan, kreditu-txartelen erabilera bereziki kontrolatu behar da, eta gastu horiei aurre egiteko kreditu erraz horietako bat eskatzea erabakitzen baduzu, ez ahaztu interesetan betiko maileguen hirukoitza ere ordaintzera irits zaitezkeela. Gauza bera gertatzen da kreditu-txartelekin ordainketa atzeratzen dugunean.
Baina egun berezi horiek igaro daitezke kontrolik gabe kontsumitzearen ondorioak pairatu behar izan gabe. Gomendio xume batzuei kasu eginez gero, Eguberrietan gastatzen dugun diru-kopurua murriztu ere egin dezakegu:
-
Komeni da aldez aurreko aurrekontu bat finkatzea egun horietan gasta dezakegunaren arabera, eta ahal dela aurrekontu horri jarraitzea. Oparia egin behar diegun lagunen zerrenda egitea ere lagungarri izan dakiguke, eta horietako bakoitzarekin zenbat diru gastatu behar dugun ere idatzi.
-
Prezioak libreak direnez, artikulu berdinaren prezioa nabarmen alda daiteke denda batetik bestera. Konparatu prezioak eta kalitateak, eta aukeratu erosketarik onena.
-
Eguberrietako menuak prestatzeko garaian, malgutasunez jokatzen ikasi behar dugu; izan ere, egun horietan hainbeste garestitzen ez diren elikagai ugari aurki ditzakegu.
-
Eguberrietan garestitzen diren produktu gehienak aldez aurretik eros ditzakegu. Zenbait kontserbazio-metodok aukera ematen digu elikagaiak aldez aurretik erosteko. Esaterako, hainbat elikagai izotz daitezke, eta, hala, prezioek gora egin baino lehen egin ditzakegu erosketak. Gainera, pixkana-pixkana erosita, gastua dibertsifikatu ere egingo dugu, eta errazagoa izango zaigu ezarritako aurrekontuari lotzea.
-
Urtetik urtera jende gehiagok jotzen du Internetera opariak bilatzeko, ohiko merkatuan topatzeko zailak diren artikuluak lortzeko aukera ematen duelako, edo bestela, prezio merkeagoak aurki daitezkeelako. Kasu horietan, oso garrantzitsua da zerbitzari seguru bat erabiltzea (giltzarrapo itxia agertzen da ordenagailuaren beheko eta eskuineko aldean, edo 's' bat Web-orriaren izenaren adierazlean: https).
-
Halaber, komeni da informazio zehatza eskatzea prezioari buruz, bidaltzeko moduari eta horren kostuari buruz, eta bermeari eta itzulketari buruz. Interneten erosten denean, enpresa ezezagunak direnean, produktua eskuratu arte, ez ordaintzea edo prezioaren zati txiki bat ematea gomendatzen da.
Gomendio horiek guztiak lagungarri izan daitezke, beraz, Eguberrietan diru gehiegi ez gastatzeko; horrek ez du esan nahi, ordea, urtean zehar bete beharreko gainerako aholkuak alde batera utzi behar ditugunik. Esaterako, produktuen etiketak eta iraungitze-data egiaztatzea, erosketaren egiaztagiria gordetzea, artikuluaren bermea egiaztatuko duen dokumentua eskatzea, eta abar.
Vitoria-Gasteiz, 2007ko abenduaren 3a
|