|
Gobernu Batzordeak HABE erakundearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean, bi erakundeen hizkuntzalaritza aplikatuaren inguruko liburutegi zerbitzuak hobetzeko lankidetzarako hitzarmena baimendu du. Hitzarmen honen bitartez eragin nahi da bi erakundeen liburutegi-zerbitzuak optimizatzea, HABE Liburutegiaren funts eta baliabideak Unibertsitateari eskainiz, eta bide batez, horien erabilera sustatzea.
Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak, bere zereginetarako eta helduen euskalduntzearen alorrean lan egiten dutenei zerbitzua emateko, hizkuntzen didaktikan eta hizkuntzalaritza aplikatuan espezializatutako liburutegia eta hemeroteka sortu du. Dituen funtsengatik erreferentziazko liburutegia da , esaterako HABEk bere liburutegian 30.000 argitalpen eta bere datu-basean 90.000 artikulu inguru bildu ditu.
Orain, gaur Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak baimendu duen lankidetza hitzarmenaren bitartez, UPV/EHUk eta HABEk, nork bere eskumen eta eginbeharren barruan, aurrerantzean sortuko den lankidetza arautu nahi dute eta horren barruan helburu nagusia hau izango da: hizkuntzalaritza aplikatuan espezializatua dagoen HABEren liburutegiaren funts eta baliabideak EHU/UPVko ikasle, irakasle eta ikertzaileek erabil ditzaten sustatzea eta, halaber, helduen euskalduntzea eta alfabetatzea azterlan eta ikerketa unibertsitarioen interesgune bihur dadin bultzatzea.
Liburutegi arloan, HABEren eta UPV/EHUren arteko lankidetza honako eremu hauetakoa izango da:
a. Liburutegien arteko mailegua (bai liburuak, bai artikuluen kopia digitalizatuak edo paperean).
b. Liburutegiaren katalogoa REBIUN katalogo kolektiboan (Unibertsitatearen katalogo kolektiboan) sartzeko bideragarritasuna aztertzea.
c. Liburu-erosketak koordinatzea.
d. Aldizkarien harpidetza koordinatzea.
e. Beste hainbat lankidetza.
f. Aurreko jarduerak bideratzeko, HABEko eta Euskal Herriko Unibertsitateko liburutegiko hainbat arduradunen artean bilerak egitea.
Liburu maileguaren alorrean, UPV/EHUk HABEko katalogoari emango dio lehentasuna Hizkuntzalaritza Aplikatuko dokumentuak eskatzeko orduan. Jokabide bera erabil liteke euskal argitalpenak eskatzeko. Horren truke, HABEk konpromisoa hartzen du dokumentua dagokion fakultatera helarazteko eskaera egiten denetik hiru egunera gehienez ere. Gainerakoan, maileguaren baldintzak REBIUNen indarrean daudenak izango dira. Ahaleginak egingo dira UPV/EHUk HABEren liburutegiari nolabaiteko onespena eman eta, horrela, REBIUNen katalogoan agertzeko UPV/EHUren liburutegi lankide gisa.
UPV/EHU eta HABE lankidetzan arituko dira liburu-erosketak koordinatzeko. Lankidetza horren helburua baliabideak hobeto kudeatzea da. Horretarako, neurriak hartuko dituzte Hizkuntzalaritza Aplikatuaren eremuan, ahal eta komeni den neurrian, dokumentuen bikoiztasunik ez sortzeko, batez ere erabilpen urriko eta kostu handiko dokumentuetan. Liburuekin bezala, eta arrazoi berberengatik, bi erakundeek adostu egingo dituzte Hizkuntzalaritza Aplikatuaren esparruko aldizkarien hainbat harpidetza.
Gasteiz, 2007ko abenduaren 26a
|