Azken eguneratzea: 2008/01/29
'Europar Batasunaren Tratatua' eta 'Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatua' euskarara itzultzen ari dira
Lisboako Tratatuaren aurreikuspenak

Hurrengo hilabeteetan eta Lisboako Tratatua  indarrean jarri baino lehen emango du Eusko Jaurlaritzak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Itzultzaile-zerbitzu Ofizialaren bitartez, 'Europar Batasunaren Tratatua' eta 'Europar Batasunaren funtzionamendurako Tratatua' izenekoen behin betiko testuen euskarazko bertsioa; hain zuzen, 'Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuari' 'Europar Batasunaren funtzionamendurako Tratatua' izen berria emango zaio Lisboako Tratatua indarrean jartzen denean.  Behin betiko testuetan Lisboako Tratatuak sartutako aldaketak ere jasoko dira.

Testu horiek euskarara itzuliko dira, besteak beste, Lisboako Tratatuan bertan ezarritako aurreikuspenak betez eta 2005. urteaz gero Europar Batasunean euskararen erabilera ri buruz agertzen hasi diren aukerez baliatuz.

 

Lisboako Tratatuaren aurreikuspenak tratatuen testuak euskaraz emateari buruz

'Europar Batasunaren Tratatuko' 53. artikuluko 2. idatz-zatia [zenbaketa berriaren arabera 55. art.]

“Tratatu hau Batasuna osatzen duten Estatuek ezarritako beste edozein hizkuntzatara ere itzuli ahal izango da baina, horretarako, hizkuntza hori lurralde osoan edo horren zati batean ofiziala izan beharko da, dagokion herrialdeko konstituzio-ordenamenduekin bat etorriz. Estatu horrek, orduan, itzulpenen kopia ziurtatua eman eta Kontseiluaren artxibategian gordeko da.”

'Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko' 313 bis artikulua [zenbaketa berriaren arabera 358. art.]

“Europar Batasunaren Tratatuko 53. artikuluan xedatutakoak tratatu honi ere aplikatuko zaizkio.”

16. adierazpena, Europar Batasunaren Tratatuko 53. artikuluko 2. idatz-zatiari buruzkoa

“Biltzarraren ustez, tratatuak 53. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen diren hizkuntzetara itzuliz gero Batasunaren kultur eta hizkuntz aniztasunaren aberastasuna errespetatuko litzateke (2. artikuluko 3. idatz-zatiaren laugarren paragrafoan jasotzen den helburua, hain zuzen). Ildo horretan, Biltzarrak berretsi egin du Batasunak hartutako konpromisoa: Europako kultur aniztasuna errespetatu eta hizkuntza hauei eta beste batzuei arreta berezia ematen jarraitzekoa.

Biltzarrak Batasuna osatzen duten Estatuei gomendatu die 53. artikuluko 2. idatz-zatian ezartzen den aukerari heldu nahi badiote Lisboako Tratatua sinatzen den egunetik zenbatzen hasiko den sei hilabeteko epean jakinarazi beharko diotela Kontseiluari zein hizkuntzatara itzuliko diren tratatuak.”

 

Esteka:

- Tratatuen bertsio Konsolidatuak euskaraz

 

(Iturria: Eusko Jaurlaritza - Europako Gaiak)