Azken eguneratzea: 2006/11/30
Elebiduna izango den gala datorren igandean egingo da Donostiako Kursaal Jauregian, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak parte hartuko duela
Euskararen Nazioarteko Egunerako ekitaldian euskaldunberriei aitorpena egingo zaie Ukan sariaren bitartez
Bilboko kontzertuan Alex Ubagok kanta bat euskaraz abestuko du, eta Bide Ertzeanek kanta bat erdaraz

Euskararen Nazioarteko Eguna 2006 logoaEuskararen Nazioarteko Eguna datorren igandean, San Frantzisko Xabierkoaren egunean, hain zuzen, ospatuko dela eta, hainbat ekitaldi prestatu ditu astebururako Eusko Jaurlaritzak, Ukan lagun hartuta, euskararen birusa gero eta gehiago hedatu dadin.

Hala, ostiral-larunbat-igandean ekitaldi handi bana egingo da hiru lurraldeetako hiriburuetan. Ostiral gauean kontzertua egingo da Bilbon, La Casillan, jende gazteari begira, Alex Ubago eta Bide Ertzean musikariekin. Elebitasuna bultzatu duen kanpainaren mezuarekin bat eginda, Alex Ubagok Bide ertzean taldearen kantu bat abestuko du euskaraz, eta alderantziz, Bide ertzean taldeak Alex Ubagoren kantu bat gaztelaniaz joko du, bakoitzak ohikoa duen hizkuntzatik harago. Oraindik lortu daitezke sarrerak kontzerturako, horretarako jarrita dagoen telefonora deituta: 900100588. Ekitaldi honetarako Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilboko Udalarekin batera jardun du.

Hurrengo egunean, larunbatean, Gasteizen Euskararen Jaialdia egingo da. Arratsaldeko 5etatik 8etara bitartean, Lakuako Gizarte-etxean hainbat ikuskizun eta ekitaldi egingo dira, bai haurrentzat bai nagusientzat. Haurrek jolasak, puzgarriak, tailerrak eta txokolatea izango dituzte arratsaldea jolasean igarotzeko. Bitartean helduek arte-adierazpenak zuzenean gozatuko dituzte: muralista bat lanean, antzerki-deklamazioa, musika-saio atsegina. Ekitaldiari amaiera emateko saio laburra egingo da, Ukan aurkeztu, kantuak entzun eta agintarien parte hartzearekin. Ekitaldi honetan Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Eusko Jaurlaritzarekin bat egin dute.

Igandean egingo da ekitaldi nagusia, Euskararen Nazioarteko Egunean. Aurten Donostian egingo da, urteroko txandakatzeak hala aginduta. Hiru Foru Aldundiek eta Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, ekitaldi instituzionala deitu dute iganderako, Kursaalean, eguerdiko 12:00etan.

Euskararen Eguna izanik, ere, elebitasunak bere lekua izango du, ikuskizuna osatuko duten arttisten artean eta haien jardunaren barruan. Kantari, dantzarik, bertsolari-repentizadoreek, ordubeteko saioa osatuko dute. Tartean izango da Lehendakariaren adierazpena eta, euskararen bitartez elkarbizitzarako hain ekarpen handia egin duten euskaldunberriei aitorpena, Ukan sari sortuberriaren bitartez.


Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldian, abenduaren 3an hurrengo artistek parte hartuko dute:
 
Dantza: Jon Maya, musika Iñaki Salvador.
Kantaria: María Berasarte gitarra jotzailearekin
Aktoreak: Patxo Telleria eta Mikel Martinez
Poesia irakurketa: Karra Elejalde, txalapartan Juan Mari Beltran
Kukai eta Juan Mari Beltran
Orfeón Donostiarra
Aurkezleak: Julio Ibarra eta Afrika Bibang


Euskararen Eguna, 1949. urtetik

San Frantzisko Xabierkoaren eguna egun handia eta berezia da euskararentzat, gure hizkuntza protagonista duen ekitaldi guztien artean garrantzitsuena. Izan ere, egun horretan euskararen inguruan biltzen dira euskaldun guztiak, dela Euskal Herrian, dela atzerrian munduan zehar sakabanatuta daudenak. Izan ere, hizkuntzak ez dauka mugarik, hango eta hemengo jendea, ideologia eta pentsaera oso ezberdinekoa biltzen ditu, hizkuntzari begirune, onespen eta konpromisoa erakusteko.

1949an lehenengo Euskararen Eguna egin zenean ezarri zioten euskarari bere Nazioarteko Eguna. Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz Iparraldera alde egindako euskaltzaleek eta hemengoek, elkar hartuta, Euskaltzaleen Biltzarraren babespean egindako lanak ekarri zuen ospakizun hori.

           Bilbon                                      Donostian                    Gasteizen

Euskararen Nazioarteko Eguna 2006 Bilbon kartela ikusiEuskararen Nazioarteko Eguna 2006 Donostian kartela ikusiEuskararen Nazioarteko Eguna 2006 Gasteizen kartela ikusi