Azken eguneratzea: 2008/03/31
Bermealdian dagoen artikuluren batekin arazoak dituen jendearen % 33 ez dago pozik establezimenduak emandako konponbidearekin
Hori adierazten du Eusko Jaurlaritzak produktu elektronikoen, mugikorren eta ordenagailuen erosketa-azturei buruz eginiko azterketa batek, izan ere, artikulu horiek kontsumo-arloko erreklamazioen ehuneko handia eragiten baitute

Gutxi gorabehera bost pertsonatatik batek izan du arazoren bat produktu elektroniko bat erosi ondoren, artikulua bermealdian dagoenean, kasurik gehien-gehienetan. Egoera horiek gertatzen direnean, jende gehienak establezimendura jotzen du, lehenik eta behin. Baina hori egiten duen jendearen % 33 ez dago pozik eskainitako konponbidearekin eta aitortzen du erositako artikuluaren funtzionamendu txarrak zenbait eragozpen eragin dizkiola: atzerapena konponketan, denbora luzea produktua baliatu gabe, joan-etorriak, deiak...

Hori dugu Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak produktu elektronikoen, mugikorren eta ordenagailuen erosketa-azturei buruz eginiko azterketa baten ondorioetako bat, artikulu horiek kontsumo-arloko erreklamazio ugari eragiten baitituzte, hain zuzen ere. Izan ere, eta aurreikuspenen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileek aurkezten dituzten erreklamazio guztien gutxi gorabehera % 20k du zerikusia Bermeen Legearen ez-betetzeren batekin.

Egoera horri aurre egin nahian, Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak 40 zehapen-espediente ireki zituen iaz, eta 1.500 eurotik 3.000 eurora bitarteko isunak biltzen dituzte espediente horiek. Orain arte, aldi berean eta arrazoi berdinarengatik irekita dauden kontsumo-arloko zehapen-espediente gehien dituen multzoa honako hau da: produktu iraunkor guztientzat legez ezarritako bi urteko gutxieneko bermealdia ez errespetatzea.

 

Arazoen konponbidea bermealdian dauden artikuluekin

Saltoki batek bermealdian dagoen produktu baten matxura dela-eta ematen duen erantzuna bere itzulketa-politikaren mende dago batez ere. Gauzak horrela, eginiko azterketaren datuetatik ondoriozta daitekeenez, kasuen % 66tan arduraz jokatzen da kontsumitzaileen ustetan, dela produktua aldatuz edo ordainduriko dirua itzuliz (% 42), dela hondaturiko artikulua konponduz (% 24).

Beste puntan daude egoera horiei behar bezala erantzuten ez dieten establezimenduak. Zenbait kasutan, hirugarren pertsonengana bideratzen dituzte arazoak (% 12), normalean fabrikatzailearengana, eta beste zenbaitetan, ez diote arazoari inolako jaramonik egiten eta ez dute inolako konponbiderik eskaintzen (% 9).

 

Berme-epea zein den ez jakitea

Aparatu elektronikoak, etxetresna elektrikoak, ordenagailuak edo mugikorrak erostean, berme-epe bat dagoela ziurtzat jotzen dute erosleek. Baina, egiaz, gehienek ez dakite Legeak bi urteko aldia ezartzen duela artikulu horietan sor daitezkeen arazoak doan konpontzeko beren eskubidea balia dezaten.

800 laguni eginiko telefono-inkesten eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan eginiko talde-bileren bidez egin da azterketa, eta erakusten digunez, jendearen % 70k dio behar bezalako informazioa jaso duela erositako produktuaren bermeari buruz, nahiz eta askoz ere gutxiago diren berme horren aplikazio-epea egiaz zein den dakitenak.

Gauzak horrela, ordenagailu bat erosten duen jendearen % 40 inguru interesatzen da bermealdia zein den jakiteaz, eta ehuneko hori % 21eraino gutxitzen da telefono mugikorren kasuan; datu horrek erakusten digunez, despoltsapen ekonomikoa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da berme-epea zein den jakiteko ardura.

Azterketan parte hartu zuen jendeak ezjakite hori justifikatzeko gehien baliaturiko argumentua zera da, artikulu bat erosten dutenean ez dutela pentsatu ere egiten epe laburrean artikulu hori honda daitekeenik. Bermealdia zein den jakiteko kezkarik ez izate horretan eragin dezakeen beste faktore bat kontsumitzaileek euskal merkataritzan duten konfiantza-maila handia da. Azterketaren emaitzen arabera, hamar lagunetik bederatzik diote erosketa egitera joan zirenean establezimendua erabat fidagarria iruditu zitzaiela.

 

Bestelako datu interesgarriak

  • Azterketan parte hartu zuten lagunen % 71k azken urteetan erosi zuen telefono mugikor bat, eta artikulu hori da, hain zuzen ere, erositakoena, ordenagailuaren aurretik (% 51).
  • Azterketarako proposaturiko produktuak erosteko gehien baliatzen den establezimendu mota denda espezializatua da, bereziki mugikorren eta ordenagailuen kasuan (% 85 eta % 60, hurrenez hurren).
  • Merkataritza elektronikoaren bidezko artikulu horien erosketek oso maila txikiak dituzte (% 2,3), eta ordenagailuak eta produktu elektronikoak erosteko izaten dira gehienbat.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2008ko martxoaren 26a