Azken eguneratzea: 2007/03/13
Euskal kantari, irakasle, olerkari eta ikertzaileak Bidegileak bildumaren sorta berrien protagonistak
Julen Lekuona, Imanol Lartzabal, Lourdes Iriondo, Maurizia Aldeiturriaga, Pedro Yrizar, Manex Goihenetxe, Jose Mari Larrarte eta Jose Basterretxea Oskillasori eskainitako liburuxkak aurkeztu dira. Biografia hauen bidez, euskalgintzan aitzindari izan diren gizon-emakumeak ezagutzeko aukera ematen da

Bidegileak bildumako 44. eta 45. sortak osatu eta argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Oraingo honetan euskal kantagintzan nabarmendutako gizon-emakumeek eta ikerlariek osatu dute bilduma. Sorta bakoitzeko lau pertsonaiak bat etortzen dira zenbait ezaugarriri dagokionez eta ongi uztartzen dira landu diren profilen barruan.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, Euskara Sustatzeko zuzendari Miren Dobaranek, bildumaren koordinatzaile Mikel Atxagak, eta plazaratu diren zortzi liburuki berrien egileek egin dute Donostian bi sorta berrien aurkezpena.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatzen duen Bidegileak bildumaren bidez, euskalgintzan aitzindari izan diren pertsonak eta taldeak ezagutzera eman nahi dira. Bilduman azaltzen diren lagun batzuk oso ospetsuak dira; beste batzuk, ordea, ezezagunak gertatzen dira jendearentzat, baina guztiek euskararen alde lan itzela egin dute.

Bilduma honen bidez, bidegile horien pentsaera, bizitza eta lana modu ulergarrian eta atseginean kaleratzen ahalegindu da. Hori lortzeko, besteak beste, eta argitalpenaren kalitatea ziurtatzeko, material grafiko ugari erabiltzeaz gain, testuen idazketa adituen esku utzi da. Bi karpeta hauetan Mikel Atxaga izan da zuzendari eta koordinatzaile. Liburuxka berri hauen 2.100 ale inprimatu dira eta paperean zabaltzeaz gain, www.euskara.euskadi.net helbidean paratu dira kontsulta-gai, lehenago argitaratutako sortekin batera. Sorta hauen zabalpena, ohi den moduan, salmenta lekuen bitartez egiteaz gain, ikastetxe, euskaltegi eta herri-liburutegietara gauzatuko da.

Hona gai nagusien, pertsonaien eta idazleen zerrenda:


44. Euskal kantagintza
-Julen Lekuona    Idazlea: Joxemari Iriondo
-Imanol Lartzabal    Idazlea: Felipe Juaristi
-Lourdes Iriondo    Idazlea: Joxemari Iriondo
-Maurizia Aldeiturriaga   Idazlea: Agurtzane Intxaurraga

45. Ikertzaileak
-Pedro de Yrizar    Idazlea: Ricardo Badiola Uriarte
-Manex Goihenetxe   Idazlea: Jean Louis Davant
-Jose Mari Larrarte   Idazlea: Gregorio Arrien
-Jose Basterretxea "Oskillaso"  Idazlea: Adolfo Arejita

Berrogeita laugarren sorta euskal kantariekin osatu da.

44/1) Joxemari Iriondo: JULEN LEKUONA (Oiartzun, 1938-2003)

Apaiz ohia, kantaria eta idazlea. Hamalau urterekin erabaki zuen apaizgaitegira joatea. Hamazortzi urterekin hasi zen aldizkarietan idazten, beti euskaraz. Apaiztu berritan, Aizpurutxora bidali zuten apaiz eta bertan elizkizunak gitarraz eta kantuz alaitzen zituen. Batetik bestera kantari ibili zen, hasieran bakarrik, gero beste kantari edo orkestra batzuekin batera. Ez dok amairu taldeko partaidea izan zen. Apaiz izateari utzi eta aurrezki kutxa batean aritu zen lanean.

44/2) Felipe Juaristi: IMANOL LARTZABAL (Donostia, 1947- Orihuela, 2004)

Abeslaria. Delineante ikasketak egin zituen. Argia dantza-taldeko kidea izan zen 1965ean. Ez dok amairu taldeko kidea, 1966an sortu zutenetik. 1969an kaleratu zuen lehen diskoa Michel Etxegaray ezizenez. 1973tik 1976ra Parisen bizi izan zen. Hogei bat disko kaleratu zuen, gehienetan olerkiak musikatu zituelarik.

44/3) Joxemari Iriondo: LOURDES IRIONDO (Donostia, 1937-2005)

Abeslaria. Mojen ikastetxean ikasia. Misiolari izateko formakuntza jasotzen hasi zen, baina gaixotasun larri batek galarazi zion. Txikitatik abestu zuen, hasieran letra eta musika berak konpondu zituen; geroago, ordea, haren senar Xabier Letek. Ez dok amairu taldeko kidea izan zen. Gitarra lagun zuela abestu ohi zuen. Urnietako haurrekin antzerkia ere egiten zuen.

44/4) Agurtzane Intxaurraga: MAURIZIA ALDEITURRIAGA (Zeberio, 1904-1988)
Pandero jotzailea. Bederatzi urte zituela neskame joan zen. Hamabi urterekin hasi zen jaietan herriko plazan panderoa jotzen. Hamazazpi urterekin ezagutu zuen senarra izango zuen Benantzio eta handik aurrera beti elkarrekin jo zuten. Fede handikoa, langile fina eta perfekzio zalea, naturaltasuna aldarrikatzen zuen. Abesteko era punki mugimenduarentzat eredu izan zen.
Laburbilduz:

  • Lekuona, Lartzabal eta Iriondo gipuzkoarrak; Aldeiturriaga, berriz, bizkaitarra.
  • Ez dok amairu taldeko partaideak izan ziren Lekuona, Lartzabal eta Iriondo, 1966tik 1972ra.
  • Laurak abeslari eta musikariak: Aldeiturriagak panderoa jotzen zuen; Iriondok eta Lekuonak, berriz, gitarra.
  • Laurak laikoak, Lekuona apaiz ohia izan zen baina.

Berrogeita bosgarren sorta ikertzaileekin osatu da.

45/1) Ricardo Badiola Uriarte: PEDRO de YRIZAR (Azkoitia, 1910-2004)

Ingeniaria, ekonomialaria, euskalaria. Bi urte zituela Madrilera eraman zuten bizitzera. Inudearekin ikasi zuen euskara eta erdaldun berritzat zuen bere burua. Gaztetan hasi zen Azkoitiko berbeta aztertzen. Astronomia, xake-jokoa, pianoa eta euskara ziren bere zaletasun nagusiak. Sei hizkuntzatan moldatzeko gai zen, errusieraz eta alemanez besteak beste. Euskararen ikertzailea. Zenbait erakundetako kidea izan zen. Euskaltzain urgazle eta ohorezkoa.


45/2) Jean Louis Davant: MANEX GOIHENETXE (Ezterenzubi, 1942-2004)

Fraide ohia, irakaslea eta historialaria. Euskara ziurtagiria ere bazuen. Hainbat urtetan irakasle lan egin zuen, historia klaseak frantsesez eta euskaraz ematen zituen. Ikas elkarteko idazkaria, Haritschelhar lehendakaria zela. Abertzalea, mendizalea eta euskaltzalea. Euskal Herriko historiaz liburu eta artikulu ugari idatzi zituen. Liburu bakarra idatzi zuen euskaraz, Lapurdi.

45/3) Gregorio Arrien: JOSE MARI LARRARTE (Bidania, 1926- Bilbo, 2004)

Fraidea, filosofoa eta teologoa. Pasiotarren Gabiriako ikastetxean ikasle eta Eubakoan irakasle aritu zen. Horizontes aldizkarian argitaratu zituen bere lehen idazlan eta olerkiak. Bizitza osoa klase ematen eman zuen. Nafarroako Irakasle Eskolan euskara irakasle aritu zen, irakaslegaiak alfabetatzen. Euskal gramatika zuen ardura. Eusko Legebiltzarreko itzultzaile izan zen erretiratu arte. Euskaltzain urgazle eta ohorezkoa.

45/4) Adolfo Arejita: JOSE BASTERRETXEA OSKILLASO (Madril, 1911- Iruñea, 1996)

Idazle, irakasle eta ikertzailea. Euskara kalean ikasi zuen, Gernikan. Ingeles eta euskara klaseak eman zituen. Zientzia Zehatzak eta Fisika ikasketak egin zituen. Hizkuntzak ikasi zituen, liburuak jatorrizko hizkuntzan irakurtzeko. Pintura erakusketaren bat egin zuen. 1963tik Euskaltzaindiaren laguntzaile. Kurloiak da bere eleberri ezagunena. Euskara ikasteko metodo bat ere sortu zuen. 2003an argitaratu zen Euskaldunak Madrilen eleberria.

Laburbilduz:

  • Yrizar eta Larrarte, gipuzkoarrak; Goihenetxe, Nafarroa Beherekoa; eta Basterretxea, berriz, Madrilen jaiotako bizkaitarra.
  • Larrarte eta Goihenetxe fraideak izan ziren; Larrarte bizitza osoan, baina Goihenetxe bost urtez baino ez.
  • Laurak euskararen ikertzaileak.
  • Goihenetxe, Larrarte eta Basterretxea irakasle aritu ziren.
  • Yrizar eta Larrarte, euskaltzain urgazle eta ohorezkoak; Basterretxea eta Goihenetxe, Euskaltzaindiaren laguntzaileak.
  • Yrizar, Larrarte eta Basterretxea eleanitzak.