Azken eguneratzea: 2006/01/25
54 herrrialdetako 325 etorkin aritu dira euskara ikasten Aisa harrera-ikastaroetan
Kultura Sailak eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailak elkarlanean antolatuta. HABEk berariazko ikasmaterialak sortu ditu

Helduen euskalduntze alfabetatzearen ikuspegitik, etorkinena alor estrategikoa dugu eta datozen urtetan garapen nabaria ezagutuko du. Ildo horretatik Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren etorkinentzat harrera-ikastaroak antolatu ditu, baita ikastaro horietan berariaz erabili beharreko ikasmaterialak sortu ere.

 

Duela bi urte hasitako AISA programa azken urteotan Euskadira etorri diren etorkinei zuzendutako ekimena dugu, Inmigraziorako Euskal Planaren baitan kokatzen da eta Kultura Sailak HABEren bitartez sustatu du Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Saileko Inmigrazio Zuzendaritzarekin lankidetzan. Joan den abenduan bi Sailek lan hitzarmen baten bitartez formalizatu zuten egitasmo hau, urtez urte, eta hala iritziz gero, berritzen joateko.

 

Harrera-ikastaroen helburua da Europako Batasunatik kanpoko etorkinak, Euskal Autonomi Erkidegoan bizi eta euskararekin harremanik izan ez dutenak, euskara ikastera laguntzea. Ikastaro horien xedea ere bada etorkinak euskal gizartea hobeto ezagutzen laguntzea bertan integra daitezen eta euskara ikasten lehen urratsak ematea.

 

AISA hemengo gizartearen funtzionamendua ezagutu eta euskara ikasteko programa da.

Europako Erreferentzia Markoaren oinarrizko mailari egokitu zaio. Programaren barruan, Aisa ikasmaterialak sortu, eta harrera-ikastaroak antolatu dira.

 

54 herrialdetako 325 ikasle

 

2005. urtean, 325 ikasle aritu dira euskara ikasten AISA harrera-ikastaroetan, 54 herrialdeetakoak. Ikasleen bataz besteko adina 33 urtekoa izan da, hiru ikasletik bi emakume izan dira eta gehiengo zabala latinamerikarra izan da,   214 ikasle Ameriketako herrialdeetakoak ziren eta hauen artea daude ere multzo zabalena eskaini duen herrialdeak (Kolonbia 53 ikasleekin, Bolibia 34, Argentina 28, Ekuador 22); Magrebeko herrialdeetako 28 ikasle izan dira, eta Europaren kasuan Errumania izan zen iazkoan ikasle gehien eman zuen herrialdea (14). Ikasketa maila kontuan izanda, erdia baino zertxobait gehiagok eskola ondoko gradua edo hortik beherako ikasketak zituen.

 

Guztira, 32 ikastaroak antolatu dira 21 udalerritan: Agurain, Aduna, Aizarnazabal, Bergara (2 talde), Berriz (2 talde), Bilbo (3 talde) , Donostia, Durango (3 talde), Eibar, Elorrio, Ermua, Getaria, Getxo (4 talde), Hernani (2 talde), Laudio, Lekeitio, Markina, Ondarroa, Ordizia (2 talde), Orio eta Villabona-Amasan.

 

Ikastaro malguak

 

2005. urtean harrera-ikastaroak antolatzerakoan, oro har, malgutasunez jokatu da. Malgutasuna hainbat arlotan izan da: adibidez, ikastaroa antolatu nahi zuen udalak edo euskaltegiak askatasun gehiago izan du, ikastaroa beraien beharretara egokitzeko (datak, egunak, orduak, erritmoa, euskaltegia…). Udalek eta euskaltegiek noiznahi antolatu dute ikastaroa, beharra sortu denean udalek errazago antzeman dutelako.  Ordutegiari dagokionez, ikastaroaren 60 orduak betetzeko ere malgutasunez jokatu da; baina, astean 6 ordu eman ordez, gehienek 4 ordutako erritmoa aukeratu dute.

 

Ebaluazioa positiboa da: oro har AISA programa esperientzia interesgarria da parte hartzaile guztientzat. Oso aberasgarria dela diote parte-hartzaile gehienek (ikasleek, irakasleek, udal teknikariek…). Kulturen arteko zubiak eraikitzen laguntzen duen programa da. Ikasleek gure gizartea hobeto ezagutzen ikasten dute eta euskaldunok ere ikusten dugu badugula beraiengandik zer ikasi. Aniztasuna aberasgarria da guztiontzat.

 

Udalen inplikazioa handia izan da ikastaroak antolatzerakoan; udalek ikastaroak bereganatu dituzte eta inplikazio hori antzeman da ikastaroen publizitatea egiteko orduan, herrietako euskaltegiekin negoziatzen edota liburuak finantzatzen. Udaletako normalizazio eta inmigrazio teknikariak aritu dira ikastaro hauek antolatzen.

 

Ikastaroetan HABEk diseinatu eta argitara eman dituen inmigranteen kolektiboari  zuzendutako ikasmaterial bereziak erabiltzen dira, AISA ikasmaterialak, hain zuzen. Euskara ikasteko oinarri-oinarrizko materiala da eta Afrika, Latinoamerika, Asia eta Europako Ekialdetik etorritako lagunengan pentsatuz garatu da. Ikastaroetan erabiltzen diren AISA ikasmaterialak ere ondo baloratzen dituzte ikasleek eta irakasleek.

 

Ikasmaterial horiek baliatuz, etorkinek ulermena garatuko dute batez ere, kaletik doazela errotuluetan jasotzen diren hitzak ezagutu eta galduta ez sentitzeko. Hitz egiterakoan laguntza eskatu edota gauzak nola deitzen diren galdetzeko gutxieneko gaitasuna ere lortuko dute. Hainbat esaldi ere buruz ikasiko dituzte esaldiaren barruko hitzak analizatu gabe, adibidez: …gustatzen zait, ez zait gustatzen, Nola duzu izena?… Gainera, hasierako maila honetan hiztegiaren lanketari garrantzi berezia eskaini zaio.

 

60 ikastordu

 

AISA ikasmateriala lau liburutan jasota dago. Liburu bakoitzak bost unitate biltzen ditu.

Unitatearen iraupena, batez beste, hiru ordukoa da; beraz, lau liburuena 60 ordu inguru. Unitateekin batera irudizko hiztegia eskaintzen da zazpi hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, arabiera, berberera eta txinera.

 

Irakasleentzat, halaber, esperientzia berria da, zeren euskalduntze orokorreko taldeekin konparatuz gero, ikastaro hauek oso  ezberdinak dira. Euskara ikasteko erritmoa motelagoa izaten da arrazoi askorengatik. Adibidez, klase berean ama-hizkuntza ezberdinetako ikasleak izanik, irakasleei denbora gehiago kostatzen omen zaie eginbeharrekoa adieraztea. Bestetik, irakasleak ikastaroetan askotan eman behar izaten du hemengo gizartearen ezaugarrien berri. Ez dira, beraz, euskalduntze orokorreko ikastaro arruntak, baina ikasleentzat egokiak eta motibagarriak dira.

 

Ikasleek oso ondo baloratzen dituzte ikastaroak, ikasteko ilusioa izaten dute. Dena den, ikasleen berezko arazoengatik (lan baldintza gogorrak, txanda aldaketak lanean, etxez maiz aldatu beharra…) zenbaitetan asistentzia ez da oso ona izaten. Ikastaro hauekin mundu berri bat irekitzen zaie ikasleei, izan ere, kaletik doazela ez zaizkie arrotzak egiten ikusten dituzten  kaleko errotuluak, kartelak… nola bizi garen ezagutzen dute eta gure kulturara hurbiltzen dira.

 

Bere txikian, aniztasuna integratzen, baina errespetuz, saiatzen dira AISA harrera-ikastaroak.