Heldu dira Gabonak! Ia mundu osoan ospatzen da egun hauetan Jesusen jaiotza. Familiaren eta lagunen arteko loturak estutu egiten dira, opariak trukatzeko ohitura dago, etxeak zuhaitzarekin apaintzen dira, jaiotza ere jartzen da zuhaitzaren azpialdean, kaleak argiz alaitzen dira, Gabon kantak, Olentzero, Hiru Errege Magoak…
Euskal Herrian bazkari eta afari bereziekin ospatzen ditugu Gabonetako egun nagusiak: Gabon gaua, Natibitate eguna, Gabon Zaharra, Urte berri eguna eta Errege Eguna. Ohiturak agintzen duen bezala, azalorea, intxaur-saltsa, karakolak, gozoak… ohikoak izaten dira gure mahaietan.
Gutxi gora behera horrexek dira gure Gabon jaien ezaugarriak. Baina, ba al zenekien munduan zehar Gabonak ospatzeko era diferenteak daudela?
Gabonak munduan
Bolivian ez da ohikoa Gabonetan etxe eta toki publikoak argiz eta apaingarriz betetzea. Iluminazioa eta apaingarrien kolorea urte berriari ondo etorria emateko bakarrik erabiltzen dute. Bolivian, txerri edo abelburuen solomo errea izaten dute gau horretako jaki nagusia, entsaladaz, frijolez edo labean erretako patataz lagunduta.
Venezuelan ere gastronomiak garrantzi berezia du Gabonetan. 'Hallacas' delakoa da plater tipikoa, hau da, bananondo orrietan bilduta jaten den artoz, olibaz, berduraz eta haragiz egindako masa bat. Izan ere, venezuelarrek, janari hori oparitzen diete beraien lagunei bisitatzera datozenean.
Norvegian kandela-argi eta etxe-txokoko suarekin lotzen dituzte Gabonak. Santa Luzia egunez (abenduaren 13an) hasten dituzte Gabon aurreko ospakizunak. Otarrez, linu-abarrezko koroaz eta pinu-buru edo intxaurrez egindako iratxoen irudiz apaintzen dituzte etxeak. Izokina, bakailaoa, haragi-albondigak, orein patea ahabiekin eta 'akevitt' edo Norvegiako pattarra da Eguberri garaiko gastronomia norvegiarra. Afalostean, Gabonetako arbola piztu eta 'Juleniesse' edo Eguberri egunean Papa Nöel bihurtzen den eguberri-iratxoaren zain geratzen dira haurrak.
Australian, uda giroan igarotzen dituzte Gabonak (25-38 gradu zentigradu bitarteko tenperatura izaten dute). Abenduaren 25aren aurreko egunetan Gabon kantak kandela argitan abestea ohitura dute. Eta australiarren menua, itsaskia, urdaiazpiko gozoa, entsalada, haragi hotza eta budin beroa arrautza-esnearekin izaten da.
Finlandian, berriz, kontrako giroa: Gabon zuri-zuriak izaten ohi dituzte, elurrez estalitakoak. Etxeak Gabon zuhaitz handiekin apaintzen dituzte, argi, girnalda eta guzti.
Errusian eliza ortodoxoaren egutegia jarraitzen dute, eta hori dela eta, urtarrilaren 6an eta 7an egiten dituzte ospakizunak. Errusiako etxeetan hamabi plater izaten dira Eguberri gaueko afarian, plater bat apostolu bakoitzaren omenez. Erremolatxa-zopa, arraina, taloa, eztia eta gaztanbera izaten dira herrialde hartako gabonetako jaki nagusia.
Mexikon abenduaren 16an hasten dira Eguberrietako ospakizunak Posadas izenekoekin (San Josek eta Birjinak Belenerako bidaian ostatua aurkitzeko izan zituzten arazoak gogorarazteko antzezpenak). Antzezpenen ondoren, jaiari ekiten zaio: umeek Satanas irudikatzen duen gozo-eltzea apurtzen dute, laranja, mandarina, azukre-kaina eta mani fruituz beteta. Eguberri egunean, etxea erratzez garbitzeko ohitura dago, zortea garbi sar dadin.
Brasilen garrantzi berezia du itsasoak. Eguberri gauean suzko erruberaz argitzen da Ipanema eta Copacabanako hondartzetako zerua. Copacabanan, "filhas do santo" direlakoek (apaiz emakume afrikarrek) kandelak piztu eta lorez eta opariz beteriko txalupa txikiak botatzen dituzte itsasora. Itsasoak eramatea seinale ona da, Yemanjá Itsasoetako Jainkosak urte berria bedeinkatu egiten duela esan nahi baitu horrek.
Japonian, abendua iristean, zorrak kitatu, etxeak eta ondasunak garbitu eta berritzen hasten dira, urte berriaren hasierako prestakuntza gisa. Ohiturak dioenez, etxearen garbiketa berezia egin behar da egun horretan eta gero familia osoarekin batera fideo-katilukadak jan, bizitza luzearen sinbolo gisa. Urte-zaharra da Eguberrietako egun nagusia, eta egun horri 'Omisoka' deitzen diote.
Indian, abenduaren 25ean jai nazionala ospatzen dute eta herrialde hartan bizi diren 20 milioi kristauek Eguberria ospatzen dute, mendebaldeko ohiturei jarraituz. Urte berria, hala ere, egutegi hinduaren arabera ospatzen da, apirilaren 20an, su handi eta errito-bainuekin. Egun horretan milioika erromes bainatzen da Ganges ibaian edo putzu eta urmael sakratuetan.
Afrikako toki askotan (Burkina Fason eta Kongon, adibidez) alaitasun eta zentzu erlijioso handiz ospatzen dituzte Gabonak. Ahal dutenek traje edo jantzi berria estreinatzen dute. Gauerdiko meza eta haurrek egiten dituzten jaiotzak ere ohikoak dira.
|