SARRERA
Atal honetan oinarrizko zenbait kontzeptu aipatzen da, deialdian
ageriko diren kontzeptuak, alegia. Aipamen berezia egiten da
hizkuntza-eskakizunak, kategoriak, etab. kontzeptuak argitzeko
(definizioak, eginkizunak, baliokidetasunak
)
Enplegu Publikoa
6/1989 Legeak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak, 23.1 artikuluan
ezartzen duenez, Administrazio Publiko bakoitzeko langileekin
bete ezin diren giza baliabideen premiak, aurrekontu-izendapena
dutenak, enplegu publikorako eskaintzaz beteko dira.
Horrenbestez, Administrazio Publikoek euren baitan hutsik dauden
plazak betetzeko erabiltzen duten prozedura enplegu publikorako
eskaintza da.
Herri Administrazioa gizartearen interes orokorren kudeatzaile
izaki, Administraziora sartzeko prozedurek honako printzipioak
bete beharko dituzte: publizitatea, berdintasuna, meritua eta
gaitasuna; horregatik, hautaketa-prozesua legez ezarritako bidetik
eraman behar da aurrera, oinarrizko urrats hauek emanez:
- Enplegu Publikorako Eskaintza onestea.- Une horretan zehazten
da zenbat plaza diren eta hauen ezaugarriak. Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da.
- Hautaketa-proben deialdia egiteko Agindua ematea, Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko hezkuntza bereziko
langileak hartzeko, lan legepeko kontratuarekin : hautaketa-prozesuaren
definizio orokorra da eta plaza guztietan du eragina. Euskal
Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da.
- Eskabideak aurkeztea.
- Onartuen eta baztertuen zerrendak
- Oposizio aldia
- Lehiaketa aldia
-Amaierako kalifikazioak
- Proba aldia
Kategoriak
Lanpostuetarako deia honako kategoria hauetan egingo da:
· Hezkuntza bereziko laguntzailea.
· Fisioterapeuta
· Okupazio-terapeuta
Kategoria horietako bakoitzean beteko diren eginkizunak hauek
dira:
Hezkuntza bereziko laguntzailea
Hezkuntza bereziko laguntzaileek honako eginkizun hauek betetzen
dituzte:
1.- Hezkuntza premia berezia duen ikasleak bere burua zaintzeko,
garbitzeko eta janzteko behar duen autonomia pertsonalari buruzko
programak diseinatzen eta gauzatzen laguntzea, ikasleari eskaini
beharreko arretaren irakasle arduradunek (tutoreak, aholkulariak,
PT, e.a.) ezarri eta gainbegiratutako orientabideak jarraituz.
2.- Hezkuntza premia berezia duen ikasleak elikadura ohiturekin
lotutako autonomia pertsonalari buruzkoa programak diseinatzen
eta gauzatzen laguntzea, ikasleari eskaini beharreko arretaren
irakasle arduradunek (tutoreak, aholkulariak, PT, e.a.) ezarri
eta gainbegiratutako orientabideak jarraituz.
3.- Ikasleari laguntzea bere eskola jarduera garatzeko behar
dituen joan-etorrietan.
4.- Zerbitzu hori behar duen ikasleari eskaini beharreko arreta
eta zainketan laguntzea era aktibo batean, atsedenaldietan eta
jolastokietan, gainerako ikasleekin harreman ona izan dezan
saiatuz.
5.- Laguntza eta Aholkularitzako profesionalekin (logopeda,
fisioterapeuta, CRIko irakasle ibiltaria, EMPko ahokularia,e.a.)
lankidetzan aritzea hezkuntza premia bereziko ikasleek egin
beharreko jardueretan, horrela eskatzen zaion kasuetan.
6.- Irakasle tutorearekin lankidetzan aritzea ACI eta hezkuntza
premia berezia duten ikasleen banakako programak egiten eta
gauzatzen berari dagokion lanbide esparruan, eta dagozkion egitekoak
gauzatzea.
7.- Irakasle tutorearekin, irakasle espezialistarekin eta,
hala badagokio, EMParekin , ACIaren eta ikaslearen bilakaeraren
jarraipena errazteko, norberaren autonomiari buruzko programei
dagokienez.
8.- Hezkuntza premia bereziko ikasleen jokabide eta komunikazio
ohiturekin lotutako gizarte-autonomiako programak diseinatzen
eta gauzatzen laguntzea, irakasle arduradunek ezarri eta gainbegiratutako
orientabideak jarraituz.
9.- Bere eskumeneko egitekoen garapenaren berri ematea, ACI
eta ikasleen bilakaeraren jarraipena errazteko, gizarte-autonomiako
programei dagokienez.
10.- Laguntzako profesional osagarriekin (logopeda, fisioterapeuta,
CRIko irakasle ibiltaria, okupazio-terapeuta, e.a.) lankidetzan
aritzea, hezkuntza premia bereziko ikasleak curriculumera iritsi
ahal izateko behar dituen materialak eta laguntza teknikoak
egokitzen eta erabiltzen laguntzea.
11.- Bere eskumeneko egitekoen garapenaren berri ematea, ACIaren
eta horren programazioaren jarraipena errazteko, eta baita ikasleek
materialak eta laguntza teknikoak erabiltzen egiten duten aurrerapena
errazteko ere.
12.- Ezarritako protokoloari jarraituz zainketa lanak egitea
bere eskumeneko esparruan, eginkizun horiek ikastetxeko gainerako
profesionalekin batera gara daitezkeela baztertu gabe.
13.- Laguntza zerbitzu osagarrietan parte hartu eta horiekin
lankidetzan aritzea mugimenduzko trebetasuna garatzeko jardueretan.
14.- Hezkuntza premia berezia duten ikasleen arreta, manipulazio,
motibazio eta kontrola bideratzen parte hartu eta laguntzea,
mugimenduzko jarduerak eta jokabideak garatzeko jardunetan.
15.- Bere eskumeneko egitekoen garapenaren berri ematea, ACIren
ondorioz banakako programazioaren jarraipena errazteko eta mugimenduzko
trebetasunei dagokienez ikasleen bilakaera errazteko.
16.- Bilera teknikoetan eta lehen deskribatutako programen
ebaluazioan parte hartzea.
Fisioterapeuta
Fisioterapeutek honako eginkizun hauek betetzen dituzte:
1.- EMPrekin lankidetzan ebaluazio psikopedagogikoa egitea
mugimenduzko gabeziengatik hezkuntza premia berezia duten ikasleen
mugimenduzko garapena baloratzeko.
2.- Curriculum egokitzapenetan eta curriculumera iristeko egokitzapenetan
aholku ematea, bere lanarekin lotura duten kontuetan.
3.- Hezkuntza premia bereziko ikasleen mugimenduzko garapena
errazteko programa egiten laguntzea, curriculum egokitzapenen
eta curriculumera iristeko egokitzapenen esparruan.
4.- Mugimenduzko gabeziengatik hezkuntza premia berezia duen
ikaslearen gaitasun funtzionalak ahalik eta gehien garatzeko
programa gauzatzen laguntzea, curriculumaren esparruan eta lan
talde osoarekin batera egindako programa orokorraren zati bezala.
5.- Irakasle, EMP, okupazio-terapeuta, logopeda, laguntzaile,
errehabilitazio sendagile, mugimenduzko ezintasunengatik hezkuntza
premia berezia duten ikasleei eman beharreko hezkuntza erantzunean
parte hartzen duten guztiekin koordinatzea, hasierako balorazio
egiteko, hezkuntza erantzuna antolatzeko, jarraipena egiteko
eta behar diren ebaluazioak egiteko.
6.- Mugimenduzko ezintasunengatik hezkuntza premia berezia
duten ikasleei eman beharreko hezkuntza erantzunean parte hartzen
duten profesionalei eta familiei aholku ematea eta orientatzea,
lankide izan daitezkeen puntuetan nola parte har dezaketen argitzeko.
7.- Urteroko plana eta oroitidazkia egitea, eta baita ikasle
izan dituztenei buruzko txostenak egitea ere.
8.- Beren jarduerarekin lotura duten prestakuntza jardunetan
parte hartzea. Eginkizun hauek ikasleekin harremana duten gainerako
profesionalekin koordinatuz beteko dira.
Okupazio-terapeuta
Hauek dira okupazio-terapeutek betetzen dituzten eginkizunak:
1.- EMPrekin lankidetzan aritzea hezkuntza premia bereziak
dituzten ikasleen ebaluazio psikopedagogikoa egiteko, honako
hauek baloratuz: autonomia funtzionalean duten maila, curriculumera
iristeko behar dituzten laguntza teknikoak eta ikastetxera sartzeko
ikasteeek dituzten oztopo arkitektonikoak.
2.- Curriculum egokitzapenetan eta curriculumera iristeko egokitzapenetan
aholku ematea beren lanarekin lotura duten gaietan.
3.- Honako gai hauek jorratzeko programa egiten laguntzea:
zentzumenezkoak eta pertzeptziozkoak, mugimendu funtzionala
erraztea, garapen psikiko eta mugimenduzkoa, eta eguneroko bizitzako
jardunetan ahalik eta autonomia gehien izatea bultzatzea.
4.- 3. puntuan aipatutako gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko
programa gauzatzen laguntzea, eta hezkuntza premia bereziko
ikasleek behar dituzten laguntza teknikoen erabileraren balorazioa,
entrenamendua eta jarraipena egitea.
5.- Irakasle, EMP, okupazio-terapeuta, logopeda, laguntzaile,
errehabilitazio sendagile, mugimenduzko ezintasunengatik hezkuntza
premia berezia duten ikasleei eman beharreko hezkuntza erantzunean
parte hartzen duten guztiekin koordinatzea, hasierako balorazio
egiteko, hezkuntza erantzuna antolatzeko, jarraipena egiteko
eta behar diren ebaluazioak egiteko.
6.- Hezkuntza premia berezia duten ikasleei eman beharreko
hezkuntza erantzunean parte hartzen duten profesionalei eta
familiei aholku ematea eta orientatzea, lankide izan daitezkeen
puntuetan nola parte har dezaketen argitzeko.
7.- Urteroko plana eta oroitidazkia egitea, eta baita ikasle
izan dituztenei buruzko txostenak egitea ere.
8.- Beren jarduerarekin lotura duten prestakuntza jardunetan
parte hartzea.
Hizkuntza-eskakizunak
Hizkuntza-eskakizuna lanpostu jakin baten zeregin guztiak euskaraz
egin ahal izateko hizkuntzaren behar den ezagutza maila da.
Irakaskuntzako postuetako hizkuntza-eskakizunak lanpostua lortzeko
eta bertako lana betetzeko beharrezko diren euskararen ezagutza
mailek zehazten dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Sailaren menpeko hezkuntza bereziko lan legepeko lanpostuetan
bi hizkuntza eskakizun dira aplikagarriak:
1. Hizkuntza-Eskakizuna (HE1):
euskara harreman hizkuntza bezala erabiltzeko behar den hizkuntza
gaitasuna bermatuko du.
2. Hizkuntza-Eskakizuna:
Hizkuntza-eskakizuna derrigorrezkoa edo ez derrigorrezkoa izan
daiteke:
· Derrigorrezkoa baldin bada, derrigorrezkotasun data
izango du eta data horretatik aurrera lanpostu horretara iristeko
eta horretan aritzeko, kasuan kasuko hizkuntza-eskakizuna betetzea
eskatuko da.
· Derrigorrezkoa ez baldin bada, euskararen ezagutzak
merezimenduen artean izango duen balioa hizkuntza-eskakizunaren
arabera zehaztuko da.
Deialdietako plaza batzuek datarik gabeko hizkuntza-eskakizuna
izango dute eta beste batzuek igarotako 2. hizkuntza-eskakizuna,
eta horrenbestez, derrigortasun data igarota duten lanpostuetara
iristeko eskakizuna hori egiaztatu beharra dago.
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko honako bideei jarraituko
zaie:
a) Hautaketa-prozesuan HE1 edo HE2 egiaztatzeko berariaz egingo
diren probak gainditzea.
b) Dagokion hizkuntza eskakizunaren frogagiria aurkeztuz.
c) Hizkuntza-eskakizunekin
homologaturik dauden hizkuntza-egiaztagiriren bat dutela
adierazteko agiririk aurkeztea.
Hizkuntza-eskakizunekin homologaturik
dauden egiaztagiri eta tituluak
Hautaketa proba hauetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko
honako titulu eta egiaztagiriak aipatutako hizkuntza-eskakizunen
baliokidetzat hartuko dira:
· HE 2:
a) Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Gaitasun Agiria, EGA
b) Euskaltzaindiaren "D" titulua
c) Nafarroako Gobernuko EGA egiaztagiria (eta Gobernu
horrek bere eremuan ezarri dituen EGAren baliokideak).
d) Labayru Ikastegiaren egiaztagiria (3. maila), 82/9/9
baino lehenago aterata.
e) EAEko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Euskararen Gaitasuneko
Egiaztagiria.
f) Madrileko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Euskararen Gaitasuneko
Egiaztagiria.
g) Euskal Filologia Lizentziatura.
h) Euskal Filologia espezialitateko Irakasle-Diplomatura.
i) Bizkaiko Irakasleen Unibertsitate Eskola Publikoan
1985az geroztik euskal adarrean lortutako Irakasle-Diplomatura.
j) Gipuzkoako Irakasleen Unibertsitate Eskola Publikoan
1985az geroztik euskal adarrean lortutako Irakasle-Diplomatura.
k) Donostiako Elizbarrutiko Irakasleen Eskolan 1984az
geroztik euskal adarrean lortutako Irakasle-Diplomatura.
l) Eskoriatzako Irakasleen Eskolan 1984az geroztik euskal
adarrean lortutako Irakasle-Diplomatura.
m) EIT
n) EAEko Administrazio Orokorreko 3. Hizkuntza-Eskakizuna.
· HE 1:
a) EAEko Hizkuntza Eskola Ofizialetako 4. Kurtsoa.
b) GUMA.
c) IGA.