HAUTAKETA PROZESUAREN
GARAPENA
Atal honetan izangaiek aintzat hartu behar dituzten hautaketa-prozesuaren
alderik garrantzitsuenak jorratzen dira.
Onartuen eta bazter
utzitakoen zerrendak
Hautaketa-prozesuan onartu diren eta bazter utzi diren pertsonen
izenak jendaurrean jartzen dituzten zerrendak dira.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren hilabeteko epean
Langileriaren Kudeaketako Zuzendariak ebazpena emango du onartutakoen
eta lehiaketaz kanpo utzitakoen behin-behineko zerrenda
onesteko. Adierazitako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratuko da eta bertan adieraziko da zerrendak
non jarriko diren jendaurrean. Edonola ere zerrenda horiek agerian
izango dira Hezkuntzako Lurralde-Ordezkaritzetan, bai eta Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Interneten duen helbidean
ere: http://www.hezkuntza.ej-gv.net
Komeni da nork bere izena onartuen zerrendan dagoela ikustea.
Onartuen zerrendarekin batera, bazter utzitakoen zerrenda eta
kanpoan geratzeko arrazoia ere argitaratuko dira.
Zerrenda horien aurka, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik
hamar lanegun pasatu baino lehenago, izangaiek erreklamazioa
aurkeztu ahal izango dute edo lehiaketaz kanpo geratzeko
akatsa konpondu ahal izango dute. Horrez gain, euren datu pertsonaletan
akatsen bat antzeman duten izangaiek epe bera izango dute akatsok
zuzentzeko. Erreklamazioak Langileria Kudeaketako Zuzendariari
igorriko zaizkio.
Interesdunak lehiaketaz kanpo uzten duen akatsa adierazitako
epean konponduko ez balu, eskabidean amore eman duela ulertuko
da.
Aurkeztutako erreklamazioak behin aztertuz gero, onartuen
eta lehiaketaz kanpo geratutakoen behin betiko zerrenda
onartzen duen Langileriaren Kudeaketako Zuzendariaren ebazpenaz
onartu edo ezetsiko dira aurkeztutako erreklamazioak ere. Ebazpen
hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko
da eta bertan adieraziko da non izango diren jendaurrean onartutakoen
eta lehiaketaz kanpo utzitakoen zerrenda osorik eta egiaztatutakoak.
Edonola ere, zerrendak Hezkuntzako Lurralde-Ordezkaritzetan
eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Interneten
duen helbidean: http://www.hezkuntza.ej-gv.net
argitaratuko dira.
Konproba ezazu onartuen behin betiko zerrendan agertzen zaren,
izan ere probak egiteko unean zerrenda horixe erabiliko da.
Ebazpen horren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa
jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari erabakia
argitaratu eta hurrengo egunetik hilabetea pasatu baino lehenago.
Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi Agindu honen bidez
deitzen den prozedurak eskatutako betebeharrekoak beteta izatea
aitortzen zaienik interesdunei.
Hautaketa-Epaimahaiak
Epaimahaiek aukeratuko dituzte izangaiak.
Horien osaketa EHAAren bidez jendaurrean jarriko da, onartu
eta bazter utzitako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu
ostean.
Kategoria bakoitzeko epaimahai bat izendatuko da, epaimahaiburu
batek eta beste lau kidek osatua:
- Epaimahaiburua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak
izendatutakoa.
- Epaimahaikide bat, sektorean ordezkaritzarik handiena duten
sindikatuek proposatuta.
- HAEEko ordezkari bat.
- Bi teknikari espezialista.
- Idazkari lanetan Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzako teknikari
bat arituko da, hitzarekin baina botorik gabe.
Epaimahai bakoitzerako ordezko epaimahai bana izendatuko da.
Eginkizunak: probak balioestea, probak kalifikatzea eta, oro
har, hautaketa-prozesua garatzea, oro har, eta baita hauek ere:
- Puntuaketak batzea, izangaiak sailkatzea eta oposizio-lehiaketa
gainditzen dutenen izenak aldarrikatzea.
- Hautatutako izangaien zerrendak lantzea eta argitaratzea eta
deialdia egin duen organoari zerrenda horiek igortzea.
- Arau horiek aplikatzerakoan sor litezkeen zalantzak ebaztea,
eta aurreikusi ez diren egoeratan zalantzak argitzea.
Epaimahaietako kideek parte ez hartzeko eta epaimahaiak errefusatzeko,
azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide
Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideak, 28. eta 29.
artikuluetan xedatutako arauei jarraituko zaie.
Epaimahaiek horien lanetara aholkulari espezialistak eta laguntzaile
teknikoak sartzea proposatu ahal izango dute.
Deialdi honetako II. eranskinean jasotako irizpideen arabera
izangaiei dagozkien puntuaketak Sail honetako Langileria Kudeatzeko
Zuzendaritzak esleituko du.
Epaimahaiek ezin izango dute aldarrikatu, inolaz ere, arlo
jakin batean deitutako lanpostuak baino izangai gehiagok gainditu
dutela hautaketa-prozesua. Probak gainditzeari buruzko edozein
proposamen, aurretik esandakoaren aurkakoa baldin bada, baliogabekoa
izango da eskubide osoz.
Oposizioa eta lehiaketa
Hautaketa-prozesuak bi aldi izango ditu: lehiaketa aldia eta
oposizio aldia.
Lehiaketa
Aldi honetan izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko
dira II. eranskineko balio-taulen arabera izangaiei puntuaketa
esleituko zaie. Horretarako izangaiek balio-taula horietan adierazten
diren egiaztagiriak erantsiko dituzte, oposizio aldiko behin
betiko emaitzak argitaratu ondoren. Hamar egun balioduneko epea
irekiko da.
Langileriaren Kudeaketarako Zuzendariak zehaztuko duen egunean,
izangaiek lehiaketa aldian lortutako puntuazioak Hezkuntzako
Lurralde Ordezkaritzetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Sailak Interneten duen helbidean agerian jarriko dira: http://www.hezkuntza.ej-gv.net.
Behin betiko zerrenda jendaurrean jarri eta hamar egun baliodunetan
interesdunek erreklamazioko idazkiak aurkeztu ahal izango dizkiote
Langileriaren Kudeaketarako Zuzendariari.
Lehiaketa aldiko behin betiko puntuazioak Langileriaren Kudeaketarako
Zuzendariaren ebazpenak zehaztuko duen egunean eta lehenago
adierazitako tokietan jendaurrean jarriko dira. Interesdunek
horren aurkako gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango
diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio
eta Zerbitzuen Sailburuordeari.
Oposizioa
Oposizio aldiko probak egin aurretik, nazionalitate espainiarra
ez duten izangaiek, beren jatorritik hizkuntza hori ezagutzen
dutela ondorioztatzen ez bada, gaztelaniaren ezagutza egiaztatu
beharko dute proba baten bitartez, eta hizkuntza horretan ulermen
eta ahozko eta idatzizko adierazmen maila ona dutela frogatu
beharko dute.
Atal honetan aipatzen den proba egin beharrik ez dute izango
Espainiera Atzerriko Hizkuntza gisa Goi Mailako Diplomatura
dutenek, horrela ezarri baitzuen uztailaren 20ko 826/1988 Errege
Dekretuak (29ko BOE), urtarrilaren 10eko 1/1992 Errege Dekretuak
(15eko BOE) aldatu eta osatuak; edo bestela Hizkuntza Eskola
Ofizialak emandako Atzerritarrentzako Espainieran Gaitasun Agiria
dutenek, edo Filologia Hispanikoan edo Erromanikoan Lizentziatura
dutenek.
Hautaketa-probak kategoria bakoitzari dagokion gai zerrendetatik
aterako dira eta III. Eranskinean aurki daitezke.
Oposizio aldiak bi ariketa izango ditu:
· Lehen ariketa: aukera anitzeko galdera-sorta bat erantzun
beharko da idatziz, epaimahaiak erabakitako gehienezko epean.
Galderak III. Eranskineko gai zerrendetatik ateratakoak izango
dira.
· Bigarren ariketa: idatzizko proba izango da, epaimahaiak
erabakitako iraupena izango duena eta izangaien gaitasun balorazio
pertsonala egitera bideratutako galderak izango ditu, horiek
ere III. Eranskineko gai zerrendetatik ateratakoak.
Plazen esleipena
Hautaketa-prozesua amaitu ostean Hautaketa-Batzordeek kategoria
bakoitzean hautatu diren izangaien zerrendak egingo ditu. Ebazpen
baten bidez Langileriaren Kudeaketa zuzendariak zehaztuko duen
egunean -eguna EHAAn argitaratuko da- zerrendok Hezkuntzako
Lurralde-Ordezkaritzetako iragarki-oholetan jarriko dira eta
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Interneten duen
helbidean: http://www.hezkuntza.ej-gv.net
argitaratuko dira.
Zerrenda horien aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa
jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, zerrendak
jendaurrean jarri eta hurrengo egunetik hilabetea pasatu baino
lehenago.
Hautespen-probak gainditu dituzten izangaien zerrendak EHAAn
argitara eman eta hurrengo egunetik egutegiko hogei egun pasatu
aurretik, hautatutako izangaiek Hezkuntzako Lurralde-Ordezkaritzetan
deialdiaren Aginduan zehazten diren agiriak aurkeztu beharko
dituzte.
Lan legepeko langile finkoa izatera iristeko proba aldi bat
gainditu beharko da.