Azken eguneratzea: 2007/05/11
Programa Nazio Batuek eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak sustatu dute
Ohitura iraunkorrak sustatzeko 13 mila euskal familiek parte hartu duten GAP programa azken txanpan sartu da
Global Action Plan Programa (GAP) azken txanpan sartu da. Nazio Batuek sustatutako programa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak garatu du Euskal Autonomia Erkidegoan eta helburua herritarrei kontsumo iraunkorraren aldeko ohiturak sustatzea da.

Programan parte hartu duten 13 mila euskal familiek lau eskuliburu jaso dituzte, iraunkortasun irizpideak beren eguneroko bizitzan aplikatzen lagunduko dieten aholkuekin eta gomendioekin. Erosketa saskia nola bete, hondakinen kudeaketa nola bideratu, energia, garraioa edo ura dira, besteak beste, liburu horietan landu dituzten gaiak.

GAP programa urtarrilean abiatu zuten, erosketak eta etxeko hondakin kudeatzeko eskuliburuarekin. Bigarren eta hirugarren eskuliburuetan energiaren eta garraioaren gaiak jorratu zituzten. Bertan, energiaren erabilera murrizteko eta zentzuz erabiltzeko gomendioak eta autoaren erabilera gutxitzeko aholkuak ematen dira. Izan ere, aldaketa klimatikoa eragiten duten CO2 igorle handienetarikoak baitira bi jarduera horiek. Hilabete honetan bertan bidali den azkeneko eskuliburuak uraren gaia lantzen du. Eskuliburuan datu interesgarriak eta deigarriak jasotzeaz gain, parte hartzaileei aholkuak ematen zaizkie egunerokotasunean ingurumenean sortzen dituzten inpaktuak murrizteko.

Euskadik Urdaibain eta Deba Beherean abiatu zuen GAP programa lehendabiziko aldiz 2003 eta 2004 urteetan. Emaitzak oso onak izan ziren; aipagarria da, esate baterako, eskualde horietan aurreztutako ur kopurua 15 milioi litrora iritsi zela, 50 metroko luzera duten 6 igerileku betetzeko adina. Etxeko energiaren erabilera ere %17 murriztu zen sektore horrek sortzen dituen CO2 emisioak %15 murriztuz.

Aurten esperientzia hiru euskal hiriburuetan eta Deba Goiena, Lea Artibai eta Aguraingo eskualdeetan garatzen ari da, 13.000 familia baino gehiagoren parte hartzearekin. Proiektu garrantzitsu honek utzitako emaitzak ekainean egingo dira publiko, orduan amaituko baita programa. Hala ere, proiektuan parte hartu duten familien inplikazio maila noraino iristen den egiaztatzeko jarraipena egingo da, jarrera iraunkorrak barneratu dituzten hala ez egiaztatzeko. GAP programa lehenengoz garatu zenean egiaztatu zen parte hartu zuten familiek egunerokotasunean jarrera iraunkorrak barneratu zituztela, programa berak hasiera batean markatutako helburuak gaindituz.

OHARRA.- GAP programaren lau eskuliburuak jaitsi litezke honako weborrian: ingurumena.net