Azken eguneratzea: 2013/07/05

Unibertsitate ikasleek garatutako zortzi lankidetzako enpresa ekimen aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak

Iñigo Urkullu lehendakariak, Ricardo Barkala Enplegu eta Lan sailburuordeak eta Iosu Zabala Mondragón Unibertsitateko errektoreak zortzi junior kooperatiba aurkeztu dituzte gaur Oñatin, Eusko Jaurlaritzak emandako babes finantzarioarekin Mondragón Unibertsitatean garatutako lehendabizikoak.

Iragan martxoan Eusko Jaurlaritzak onartutako 2013-2016 aldian enplegua sustatzeko programa oinarrian dela, Mondragón Unibertsitateak junior kooperatiba motako (lan elkartuko) zortzi enpresa-ekimen sortzea bultzatu du. Hala, unibertsitateko ikasleek, beren prestakuntza akademikoa osotzeko, enpresa bat sortzen duten. Unibertsitatearen babesa dute eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan izena emanda egon behar dira.

Mondragón Unibertsitatearen enpresa-proiektuan LEINN graduaren lehen mailako 96 ikasle ari da zuzenean parte hartzen, baita Euskadiko Kooperatiben Batzorde Nagusiko senior aholkularien taldea ere, esperientzia eta ezagutza profesionala eskainiz. Junior kooperatiba bakoitzak aholkulari bat izango du, trebakuntza akademikoa eta kudeaketan trebatzea bateratzen ahaleginduko dena, lankidetzako enpresa‑proiektu ekonomikoki bideragarria ahalbidetzeko.

Lehendakariak bere hitzaldian EAEko administrazioek gazteei lana aukerak emateko egin dituzten ahaleginak nabarmendu ditu. «Helburu hori lortzeko neurriak hartzeko eta baliabideak inbertitzeko konpromisoa dugu. Gazteen enplegua babesteko estrategia bat dugu, hori baita legealdi honetako xederik garrantzitsuena», esan du.

Asmo horren adibide gisa, Urkulluk aste honetan bertan Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek sinatutako hitzarmena aipatu du. Htzarmen horren bidez, autoenplegua bultzatzeko ekintzailetzako sistema, «Lehen aukera» izeneko egitasmoa, abiaraziko dute. «Lau instituzioek elkarrekin 5 milioi euro erantsiko dizkiegu gure laguntza-programei batu gaituen proiektu hau bultzatzeko», nabarmendu du lehendakariak.

Urkulluren ustez, junior kooperatibei buruzko ekimena arlo honetan dago. «Norabide berean emango den beste pauso bat eta Euskadiko gizartearen kezka nagusiari erantzuteko eta Eusko Jaurlaritzaren eginkizun nagusia betetzeko asmoan beste arraun bat dira», azaldu du.

 

 

JUNIOR KOOPERATIBA PROIEKTUAK

  • SMASH – 14 ikasle (aplikazioak sortzea)
  • EGO – 11 ikasle (marka-posizionamendurako aholkularitza)
  • STEPS – 15 ikasle (berrikuntza hezkuntzan, ekitaldiak eta esperientziak diseinatu eta antolatzea, aholkularitza eta antolaketa)
  • SMARTWAY – 11 ikasle (negozio-zerbitzuak)
  • KIBBER – 9 ikasle (3 negozio-lerro: Play this Way (aholkularitza), Fénix prods (musika-produkzioko zerbitzuak), MTA Venture Capital (gizarte-berrikuntza)
  • GLOW – 14 ikasle (coachinga, tailerrak eta ekitaldiak diseinatu eta dinamizatzea eta produktuen eta zerbitzuen berrikuntzarako aholkularitza)
  • SNATU – 11 ikasle (gizarte-ekintzailetzako proiektuak, teknologia eta ekitaldiak)
  • JUMP IN – 11 ikasle (trebakuntza eta tailerrak, aholkularitza estrategikoa eta esperientzia-marketinga)

 

Fitxategi-eranskina:

Junior kooperatiba (pdf, 526 kb)