Azken eguneratzea: 2010/10/15

Soziolinguistika Eskuliburua aurkeztu dute

8 idazlek euskarazko lehen Soziolinguistika Eskuliburua idatzi dute, Soziolinguistika Klusterraren ekimenez. Soziolinguistika Eskuliburua hizkuntza-plangintzan lanean dabiltzan profesional eta arduradunentzako erreferentziazko liburua izango da.

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Soziolinguistika Klusterrak Soziolinguistika Eskuliburua aurkeztu dute Gasteizko EHU-UPVren Letren Fakultatean. 

381 orriko liburuan soziolinguistikaren nazioarteko oinarrizko teoria eta ikerketak bildu dituzte, baita Euskal Herrian teoria eta ikerketa horiek izan duten garapena ere. Nazioarteko bibliografia zabala izan dute oinarri eta soziolinguistika arloko ehun bat  kontzeptu ere jaso dituzte glosategian. Besteak beste, corpusaren plangintza, egozentrismo glotikoa, eleaniztasuna, elebitasuna vs. diglosia, erregistroa, estatusaren plangintza, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN), Hizkuntza-darwinismoa, Hizkuntza-politika edota Hizkuntzaren arnasguneak

Arkaitz Zarraga, Jean-Baptiste Coyos, Jone Miren Hernández, Lionel Joly, Imanol Larrea, Loren V. Martínez, Belen Uranga eta Paul Bilbaok idatzi dute eskuliburua baina beste 30 bat adituk ere parte hartu dute liburuaren edukien diseinuan. Soziolinguistika Klusterreko Oihana Lujanbiok koordinatu du lantaldea eta aholkularitza eman dutenen artean daude Iñaki Martínez De Luna (EHU-UPV), Mikel Zalbide (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila), Koldo Zuazo (EHU-UPV), Julen Arexolaleiba (Mondragon Unibertsitatea) eta Paula Kasares (NUP). 

2004an sortutako Soziolinguistika Klusterrak mota askotariko 20tik gora erakunde biltzen ditu eta tartean daude EHU-UPV, Mondragon Unibertsitatea, NUP, UEU eta Eusko Ikaskuntza, Gipuzkoa Donostia Kutxa eta hainbat udal eta aholkularitza-enpresa. 

Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen hitzetan, Soziolinguistika Klusterrak bideratu duen lan aipagarriari esker, eskura dauzkagu, “modu ezin hobean”, soziolinguistika diziplinaren terminologia, oinarriak eta kontzeptu nagusiak: “Esku artean daukagun emaitzak euskal soziolinguistikaren esparruan mugarri izateko aukera guztiak dituela kontuan hartuz, gertakari honen aurrean pozarren sentitzeko parada baliatu nahi dugu aurrerantzean gutxienez kalitate bereko azterlanak bultzatzeko gure asmoa berresteko”. 

Klusterreko lehendakari Iker Martínez De Lagos-en esanetan, Soziolinguistika Klusterraren eta berau osatzen duten bazkide guztien amets eta erronka nagusietako bat betetzera dator Soziolinguistika Eskuliburuaren argitalpena. Bere esanetan, euskararen normalizazioan lanean ari den edonorentzako tresna baliagarria da Soziolinguistika Eskuliburua, hizkuntza egoeraren diagnosi aberatsagoa egiteko oinarri eta euskara indartzeko politikak eta egitasmoak modu eraginkorragoan diseinatzeko lagungarri. 

Eusko Jaurlaritzak eta Soziolinguistika Klusterrak 2011n berrituko dituzte, hurrenez hurren, EAEko Mapa Soziolinguistikoa eta Euskal Herriko Kaleetako Hizkuntza Erabileraren Neurketak eta jasoko diren datu horien alderdi teorikoa betetzera dator, besteak beste, Soziolinguistika Eskuliburua. 

Soziolinguistika Eskuliburuari buruzko informazio gehiago