Berdindu · Ba al duzu zalantzarik? · Transexualitatea
Indizea
Zalantza orokorrak
- Nola esango diot familiari edota eskolan edo lanean?
- ¿Egia da haur transexualak badaudela?
- Transexuala naiz, eta nire inguruko jendearen babesa izan arren, niretzat zaila da haiekin gaiaren inguruan hitz egitea, zer gertatzen ari zaidan ulertzen ez baitute.
- Ez dut sekula emakume-jantzirik eraman, emakume transexuala ez naizela esan nahi al du horrek? Zenbait fasetan itxura hiperfemeninoa eraman dut, esan nahi al du horrek gizon transexuala ez naizela?
- Transexuala naiz, eta oraindik ez dut trantsizioa hasi; izan ere, beldur handia ematen dit bide hori hasteak, sentitzen dudanaren araberako emakumea edo gizona izatera iristea ezinezkoa iruditzen zaidalako.
- Transexuala naiz eta trantsizioa hasi nahi dut, baina zera esaten didate: "zure gorputza onartu behar duzu, burua gorputzera egokitu behar duzu eta ez alderantziz", "kirurgiak gorputzaren aurkako erasoak dira".
- Emakumez janztea atsegin duen gizona naiz, gizonez janztea gogoko duen emakumea naiz… horrek esan nahi du transexuala naizela?
- Nire semea edo alaba transexuala da. Nire erruagatik, hazi nuen moduagatik izan ote den kezkatuta nago.
Emakume transexualen zalantzak
- Zer aldaketa fisiko eragiten ditu hormona-tratamenduak?
- Sexu-bizi betea izan dezaket?
- Hormona tratamendua baliagarria al da aurpegiko ilea desagerrarazteko?
- Kirurgia-motak
Gizon transexualen zalantzak
- Zer aldaketa fisiko eragiten ditu hormona-tratamenduak?
- Sexu-bizi betea izan dezaket?
- Maskulinizatzeko baliabideak
- Gizonezko adiskideen taldeak
- Kirurgia-motak
Beste zalantza batzuk
- "Sexu-aldaketa" esatea ez dela zuzena entzun dut. Zergatik?
- Egia al da genitalak berresleitzeko kirurgia bat jaso arte ezin ditugula emakumetzat edo gizontzat jo?
- Zenbait tokitan transexualei "hirugarren sexua" esaten zaiela konturatu naiz, zuzena al da hori?
- Komunikabide askok "sexu-ikuskizunaren" parean jarri ohi dute transexualitatea sarri. Zentzuzkoa al da hori?
- Egia al da transexualitatea fenomeno modernoa dela, XX. mendean mendebaldean sortutakoa?
- Nola liteke pertsona batek bere gorputzaren aurkako sexua "hautatzea"?
- Transexualak oso zorrotzak dira hizkuntzaren erabilerarekin. Zergatik?
1. Nola esango diot familiari edota eskolan edo lanean?
Transexual guztiek behin baino gehiagotan heldu behar izan diote arazo horri, baina ez du konponbide erraza, pertsona bakoitzak bere bizipenak dituelako norberarenak besteen bizipenekin alderatzeko modurik ez dagoelako; bakoitza prest dagoenean jakingo du bere unea iritsi dela, eta senitartekoei eta hurkoei adierazteko modurik onena bilatuko du.
2. Egia da haur transexualak badaudela?
Bai. Transexual asko txiki-txikitatik jakitun dira beren sexua ez datorrela bat ez esleitzen zaienarekin ez beren genitalekin (askotan, 2 edo 3 urte baino ez dituztela ohartzen dira horretaz). Beste hainbatetan, nerabezaroan zehar jabetzen dira, eta beste zenbaitetan heldutasunera iristean (nork bere identitatea ezeztatzen du sarri, gizarte osoak esleitzen dion sexura egokitu nahian, eta hortik dator berandutze hori).
Uste okerra da identitatea eta pentsatzeko eta sentitzeko gaitasuna 18 urte bete arte ez dela iristen pentsatzea. Adingabe transexualei adingabeak direlako bakarrik tratamendu egokia ez ematea, sendabidea baduten gaixotasunak ez sendatzea bezalako zerbait litzateke, erraz baztertzeko moduko sufrimendua luzatzea alegia.
Adingabe horiek garaiz tratatzen baditugu, ordea, hau da, pubertasunaren aurretik, gazte horiek identifikatzen ez diren sexu bateko karaktereak gorputzean garatu baino lehen (ez dute sexu hori berezkotzat jotzen), sufrimendu eta gastu asko saihesteko moduan egongo gara. Haur transexualen senitartekoek elkarte espezifiko bat sortu dute: Andicfam (andicfam@gmail.com).
3. Transexuala naiz, eta nire inguruko jendearen babesa izan arren, niretzat zaila da haiekin gaiaren inguruan hitz egitea, zer gertatzen ari zaidan ulertzen ez baitute.
Sarritan transexualen hurkoek maitatu eta babestu egiten dituzte, eta hori eskertzekoa da, premia larrienean daudenenean, babesa ukatuz gero, are gogorragoa litzatekeelako. Nolanahi ere, senitarteko eta lagun hurkoek ezin dute transexualen egoera ulertu. Nahiz eta haien identitatea erabat onartu eta transexuala izatea zer den jakin, nekez uler dezakete nola itxuraz “gauza txikiak direnek” onerako zein txarrerako hainbesteraino eragiten dieten.
Horregatik oso garrantzitsua da beste transexual batzuekin harremanetan jartzea, eta horrek ez du esan nahi, inondik inora, ghetto baten barruan ixtea, horiek beste inork baino hobeto ulertzen (eta batzuetan partekatzen) dituztelako haien bizipen eta sentimenduak; transexualen elkarteak dira toki aproposak, esaterako.
4. Ez dut sekula emakume-jantzirik eraman, emakume transexuala ez naizela esan nahi al du horrek? Zenbait fasetan itxura hiperfemeninoa eraman dut, esan nahi al du horrek gizon transexuala ez naizela?
- Ez batak ez besteak ez dute esan nahi emakume edo gizon transexuala ez zarenik.
- Transexualek nahasmendua, desorientazioa sentitu ohi dute etapa batzuetan (luzeak izan daitezke, eta urte luzeak, bizitza osoa ere eman dezakete), eta, ildo horretan, beren genero-identitatea edo sexu-identitatea ukatu ere egin dezakete, gizarteak eta gorputzak esleitu dien sexura egokitzeko alferrik ahaleginduz, nahiz eta sexu hori, inondik inora, “berezkotzat” sentitu ez.
- Sentitzen ez duten sexu batera (dagoeneko ez dute berezkotzat sentitzen) egokitzeko ahalegin horretan beren genero-identitatea edo sexu-identitatea ukatzen dutenez, batzuetan hipermaskulinizatzeko (emakume transexualek) edo hiperfeminizatzeko (gizon transexualek) joera har dezakete, eta beren buruari zentsura ezar diezaiokete eta "bidegabeko" feminitate- edo maskulinitate-zantzu oro sistematikoki eta gordinki erreprimitzeko joera har dezakete (zenbait kasutan beren buruari denbora luzean iruzur egiteraino).
- Halaber, emakume transexual lesbianak edo gizon transexual gayak gizartearen aurrean “gizon edo emakume heterosexual” gisa ager daitezkeen bezala (agian bikotekidea aurkitu ahal izateko, edo batzuetan, hori sinistera iritsi direlako), emakume edo gizon transexual heterosexualek ere “gay edo lesbiana” gisa aurkez dezakete beren burua. Horrek ez du esan nahi, inondik inora, inoiz horrelakoak izan direnik (jendeak emakume- edo gizon-eredu jakin batzuekin lotu baditu ere, beste era bateko emakumeak edo gizonak izan direlako).
- Nahiko ohikoa da transexualak trantsizioa baino askoz ere lehenagotik, beren sexu psikologikoaren berezko arropekin janzten hastea (intimitatean gehienbat, baina baita jendaurrean ere, neurri handiagoan edo txikiagoan, eta hori "trabestitzea" litzateke, haien genero-identitatea edo sexu-identitatea zein den ez dakitenentzat edo identitate hori ukatu egiten dutenentzat), baita, garai jakin batzuetan, transexualek beren burua trabestitzat edo cross dresser-tzat jotzea, baina ez da beti horrela izaten. Izan ere, batzuetan beren identitatea ezeztatzen dute edo beren buruari zentzura ezartzen diote; beste askotan, berriz, guztiz frustratuta sentitzen dira, sentitzen duten sexuko arropak eramanagatik, identifikatzen ez diren sexu bateko gorputzaren barruan daudelako, eta, horrela, beren burua "emakumez mozorrotutako gizon trabestitu" edo "gizonez mozorrotutako emakume trabestitu" gisa ikusten dutelako. Hortaz, beren sexu psikologikoari dagozkion arropak ez eramateak ez du esan nahi, inondik inora, transexualak ez direnik (hori sinistea nahasmendu-iturri izan daiteke transexualarentzat, lehen etapetan).
5. Transexuala naiz, eta oraindik ez dut trantsizioa hasi; izan ere, beldur handia ematen dit bide hori hasteak, sentitzen dudanaren araberako emakumea edo gizona izatera iristea ezinezkoa iruditzen zaidalako.
- Argi dago bide korapilatsua eta gogorra dela, gizartearen transfobiarengatik bereziki, baina esan beharra dago itxaropentsuak eta positiboak izateko arrazoiak ere badaudela. Gogorra izanagatik ere, azkenean zure genero-identitatearen edo sexu-identitatearen arabera bizitzeko aukera izatea zoragarria da benetan, ispiluaren aurrean jartzean betidanik izan zaren baina orain artean aurkako sexuaren itxuraren azpian ezkutatuta zegoen emakumea edo gizona ikustea, jendeak betidanik identifikatu zaren sexuko kide gisa onartzen eta tratatzen zaituela sentitzea…sentsazio hori ikaragarria da.
- Hasieran ezinezkoa dirudi sentitutako sexuaren (sexu psikologikoa) araberako itxura lortzea, eta nork bere gorputza maskulinoegi edo femeninoegi ikusten du, egokiezina. Pixkana-pixkana, ordea, hormonak, laser-depilazioa (emakumeak) edo ariketa fisikoa (gizonak) konbinatuz (eta, behar izanez gero, ebakuntza txiki baten laguntzarekin), gorputza eta aurpegia aldatzen dira, poliki-poliki, baina funtsean, eta interesdunek uste baino askoz ere lehenago, zera ikusten dute, lehenagotik ezagutzen ez zituen jendeak (eta, hortaz, haiei sexua ezartzean aurreiritzirik ez dutenak) benetan direnaren arabera tratatzen dituela, hau da, betidanik izan diren eta sentitu diren emakume edo gizon gisa.
- Eta, nahiz eta transfobiak eta zisexismoak arazo larria izaten jarraitu, gizartean erabat sustraitua egonik nekez konpon daitekeena (matxismoak, homofobiak edo arrazakeriak beren horretan jarraitzen dutela ikusi besterik ez dago, adibidez), poliki-poliki aurrerapenak egiten ari dira transexualen identitatearen eta eskubideen errespetuari eta onarpenari dagokienez. Gaur egun oraindik ere jende transfobiko asko aurkitzen dugu transexualen identitatea eta eskubideak oraindik ere errespetatzen ez dituena, baina horiei kasurik ez egiteko eta transexualak errespetatzen dituzten pertsonengana hurbiltzeko aukera ere badago (gero eta gehiago dira gainera).
6. Transexuala naiz eta trantsizioa hasi nahi dut, baina zera esaten didate: "zure gorputza onartu behar duzu, burua gorputzera egokitu behar duzu eta ez alderantziz", "kirurgiak gorputzaren aurkako erasoak dira"."
- Hainbat pertsonak ez dakite eta ez dute ulertzen beste sexuko gorputz batekin jaiotzea eta bizitzea zer den, baina horien aurreiritziek ez zaituzte nahastu behar. Burua, identitatea da pertsonaren ezaugarri nagusia, eta horri eman behar zaio lehentasuna.
- Esaterako, eskatzen ote zaie gaixotasun genetikoak edo beste era bateko gaixotasunak dauzkatenei beren gorputza onartzeko?: "zure gaixotasunaren eraginak sendatu edo arinduko dizkizugu nahi baduzu, baina hobe zenuke zure organismoa 30 urtetik gora bizitzeko programatua ez dagoela onartzea; horrelakoa da zure gorputza, eta ez dugu aldatuko bizimodu arrunt bat eraman nahi duzulako bakarrik".
- Kirurgia guztiak (bihotz-transplantearekin hasita eta txantxartutako haginak kentzearekin bukatuta) "erasotzat" har ditzakegu, baita tratamendu mediko guztiak ere, baina bizitza edo bizi-kalitatea ematen dute (genitalak berresleitzeko kirurgiak behar dituzten transexualen kasuan, adibidez), eta, ondorioz, “erasotzat” jotzea gutxienez uste okerra eta errealitatearen distortsioa eragitea da.
7.Emakumez janztea atsegin duen gizona naiz, gizonez janztea gogoko duen emakumea naiz… horrek esan nahi du transexuala naizela?
- Ez, inondik inora Transexuala izatea ez da sexu bateko edo besteko arropekin janztea, beste sexuarekin argi eta garbi eta etengabe identifikatzea baizik, kontua ez da emakumez edo gizonez janztea, emakume edo gizon sentitzea (eta izatea) eta sentipen horren arabera bizi nahi izatea baizik.
- Besterik gabe beste sexuko arroparekin jantzi nahi baduzu, sexu horrekin identifikatu gabe, edota zure asmo bakarra horretaz amets egitea baldin bada, sexu horretako kidea zaren heinean bizitzeko asmorik gabe, orduan zu ez zara transexuala. Pertsona askok oso gogoko dute aurkako sexuaren arropak janztea, eta “beren sexu biologikoarekin” identifikatuta sentitzen dira (zisexualak izanik), ez da harritzekoa, inondik inora (trabestiak, crossdresserrak eta drag queenak beren "sexu biologikoarekin" identifikatzen dira, edozein arrazoirengatik emakume-arropak daramatzate, baina gizon sentitzen dira eta gizonak dira).
- Nolanahi ere, kontuan hartzekoa da transexualitatearen inguruan eta oro har sexu-aniztasunaren inguruan informaziorik eza eta hezkuntzarik eza direla nagusi, eta, horregatik, transexualak eta transexualak ez direnak ere nahastuta, noraezean, aurkitzen direla sarri, bi errealitateen arteko gurutze-bidean.
- Ildo horretan, emakume batzuk, zenbait fasetan, ez dira oraindik gauza izaten beren burua emakumetzat jotzeko (izan ere, gizartearen aurreiritzi transfobikoek sinistarazi egin diete ezinezkoa dela emakumea izatea baldin eta gizonezko gorputz baten barruan jaio bazara), eta horregatik, emakumezkoen arropez janzteko gogoa eta trabestismoa nahastu egiten dituzte, beren burua trabestitzat joz. Litekeena da, halaber, trabestismoa eta maskulinitatea bateraezinak direlakoan trabestitzen diren gizon zisexualek (ez-transexualak) emakume transexualak direla pentsatzea.
- Horregatik oso garrantzitsua da kontzeptuak bereiztea, transexualen artean kontzientzia hartzea eta trantsizioaren hasiera atzeratzeak berekin ekar ditzakeen arazoak saihesteko eta zisexual edo ez-transexualek hormona bidezko terapiak alde batera utz ditzaten lortzeko. Nahastuta bazaude, zer sentitzen duzun edo zer zaren seguru ez bazaude, hobe duzu profesionalengana jotzea (gaian aditutako psikiatrak, psikologoak edo sexologoak), transexuala zaren edo ez ebazteko modurik ez badute ere, zure identitatearen kontzientzia hartzeko laguntza handikoak izan daitezkeelako zuretzat.
8. Nire semea edo alaba transexuala da. Nire erruagatik, hazi nuen moduagatik izan ote den kezkatuta nago.
- Ez duzu ez kezkarik ez errurik sentitu behar. Zure semea edo zure alaba nola hazi edo hezi duzun, horrek ez du inolako eraginik zure sexu psikologikoan.
- Horren adierazgarri dugu gizartearen presio guztia (eskola, familia, lagunak, komunikabideak eta abar) transexualen borondatearen auka doala, transexualen sexu psikologikoa deuseztatzen ahalegintzeko eta transexualak beren "sexu biologikoarekin" identifika daitezen, beren kromosoma eta genitalen sexua onar dezaten ahalbidetzeko. Hala eta guztiz ere, transexualek argi daukate beren sexua "sexu biologikoaren" aurkakoa dela, beren sexu zerebrala askoz ere indartsuagoa delako presio hori guztia eta beren anatomia baino.
1. Zer aldaketa fisiko eragiten ditu hormona-tratamenduak?
- Libidoa murrizten da.
- Larruazalaren lodiera murrizten da, eta, horren ondorioz, gorputz-sentsibilitatea handitzen da.
- Ez-borondatezko erekzioak desagertzen dira.
- Gorputz-ilea gutxitzen da.
- Titiak handitzen dira.
- Muskulu-masa galtzen da, eta, horren eraginez, indarra gutxitzen da.
2. Sexu-bizi betea izan dezaket?
Gaur egun, zirujau espezializatuek emakume transexualen genitaletan egindako ebakuntzek oso emaitza onak ematen dituzte, eta, horri esker, sexu-bizi betea eduki dezakete emakume horiek.
3. Hormona tratamendua baliagarria al da aurpegiko ilea desagerrarazteko?
Ez. Hormona-tratamenduek gorputz-ilea indargabetu egiten dute, baina aurpegiko ilearekin ez da gauza bera gertatzen, eta teknika espezifikoak erabili behar dira ilea desagerrarazteko, hala nola fotodepilazioa, elektrolisia, laserra eta abar. Bata edo bestea hautatuko dugu deuseztatu beharreko ile-motaren arabera.
4. Kirurgia-motak
(Atal honetan kirurgia bakoitzaren deskribapen labur bat egingo dugu, besterik ez; hortaz, bakoitzaren nondik norakoen berri izateko, hobe duzue emakume transexualentzako kirurgian aditutako zirujau batengana jotzea, edo bestela transexualen elkarteekin harremanetan jartzea, kirurgia horiek aplikatu zaizkien beste emakume batzuk ezagutu ahal izateko).
- Aldebiko titi-handitzea: Toraxaren barnean bi titi-protesi txertatzen dira, askotariko materialez egin daitezkeenak, hala nola silikona, seruma eta abar. Erabilitako sarbidearen arabera, ebakiak aureoletan, titi azpiko ildoan edo galtzarbeetan egiten dira.
- Baginoplastia: Bagina berreraikitzeko eragiketa da; bagina ez ezik, klitoria, ezpain txikiak eta ezpain handiak ere berreraikitzen dira.
- Hiru teknika-mota daude, eta zirujauek horien artean hautatuko dute baginaren hormetako ehunaren arabera: zakil-inbertsioaren bidezko baginoplastia (zakilaren larruazala erabiltzen da bagina-barrunbea egiteko), kolonbaginoplastia (kolonaren atal bat erabiltzen da bagina-barrunbea egiteko, eta zakil-inbertsioaren teknika erabili ohi duten zirujauek erabiltzen dute zakilaren larruazala nahikoa ez denean, behar bezalako sakonera lortzeko), eta, azkenik, baginoplastia eskroto-ehuna erabiliz (hiru tekniketan berriena da, eta gainera sakonera ez dago zakilaren larruazal kantitatearen mendean).
- Aurpegi-feminizazioa: Aurpegiko hazpegi maskulinoak gutxitu edo murriztu egiten dira (bereziki bekainen gaineko arkua, masailezurra, kokotsa eta sudurra), itxura femeninoagoa emateko.
1. Zer aldaketa fisiko eragiten ditu hormona-tratamenduak?
- Libidoa handiagotzen da.
- Menstruazioa desagertzen da.
- Ahotsa baxuago bihurtzen da.
- Aknea.
- Gorputz- eta aurpegi-ile kantitatea handitzen da.
- Muskulu-masa handitzen da, eta, horren eraginez, indarra handitzen da.
- Klitoria hazten da.
- Alopezia.
2. Sexu-bizi betea izan dezaket?
Gaur egun, gizon transexualentzako kirurgia genitalek ez dute emaitza onik ematen, baina badira beste zenbait baliabide sexu-bizi betea ahalbide dezaketenak.
3. Maskulinizatzeko baliabideak
Bularra ezkutatzea: Gizon transexualentzako konpresio-elastiko espezifikoak. Protesiak: Gizon transexualentzako zenbait protesi-mota daude merkatuan, protesiaren funtzioaren arabera sailka ditzakegunak: batzuk egunero erabiltzekoak dira, beste batzuk txiza zutik egin ahal izateko diseinatu dira bereziki, eta beste batzuk, berriz, sexu-harremanetarako; eta eginkizun horiek konbinatzen dituzten eredu dualak ere badaude.
Lotura interesgarriak:
4. Gizonezko adiskideen taldeak
Jasotako hezkuntza dela medio eta urte askoan ez dagokien genero bat esleitu zaienez, gizon transexualek gizonezko adiskide talde bat edukitzeko premia izan ohi dute, haiekin beren kezkak partekatu ahal izateko. Horregatik, elkarte askotan gizonezko adiskideen taldeak sortzen dira.
5. Kirurgia-motak
(Atal honetan kirurgia bakoitzaren deskribapen labur bat egingo dugu, besterik ez; hortaz, bakoitzaren nondik norakoen berri izateko, hobe duzue gizon transexualentzako kirurgian aditu den zirujau batengana jotzea, edo bestela transexualen elkarteekin harremanetan jartzea, kirurgia horietan esperientzia duten beste gizon batzuk ezagutu ahal izateko).
- Aldebiko mastektomia: titiak erauzi egiten dira, eta titien tamainaren arabera dagokion teknika erabiltzen da. Aldebiko histerektomia: barneko ugalketa-organoak erauzi egiten dira.
- Metadoioplastia: mikrozakila egiten da, klitoria erabiliz.
- Faloplastia: zakil ez-funtzional bat berreraikitzen da, beste gorputz-atal batzuetako (besaurrea edo izterra, normalean) ehunak erabiliz.
1. "Sexu-aldaketa" esatea ez dela zuzena entzun dut. Zergatik?
Transexualek ez dute sexuz aldatzen, beren sexua, sexu zerebrala edo psikologikoa alegia, ez delako aldatzen. Hori bai, benetan direnaren arabera bizitzen hasten dira, beren sexuaren arabera eta itxura eta genitalak sexu horretara egokituta. Hortaz, "sexu-aldaketa" esatea ez da zuzena, inondik inora.
2. Egia al da genitalak berresleitzeko kirurgia bat jaso arte ezin ditugula emakumetzat edo gizontzat jo?
- Bi gauza horiek ez dira nahastu behar.
- Aurreiritzi horren iturburua sexu-identitatea, pertsonaren sexua alegia, hankartean kokatzean datza, eta hori guztiz okerra da, eta diskriminatzailea gainera, nahi bai baina kirurgietara jotzeko aukerarik ez duten transexualentzat, edota horrelakorik nahi edo behar ez dutenentzat: kirurgiek ez dituzte transexualak "emakumetzen edo gizontzen", transexualen genitalak haien sexu psikologikora egokitu egiten dituzte, besterik ez, baina sexu psikologikoa da pertsona bakoitza zer den (gizona edo emakumea) ebazten duena, kirurgia genitalak egin diren edo ez (nahi izan ez dutelako, ezin izan dutelako, beldur izan direlako edo beste edozein arrazoirengatik) alde batera utzita.
- Transexualitatea identitate-kontua da, eta ez genitalen kontua. Eta transexualak bere burua emakume edo gizon gisa ikusten du betiere ebakuntza egin nahi duen edo ez alde batera utzita (nolanahi ere, transexual gehienek ebakuntza egin nahi dute —emakumeen % 86ak eta gizonen % 59ak; "Injustice at every turn" http://endtransdiscrimination.org/PDFs/NTDS_Report.pdf– azterlanaren arabera, oraindik asko dira ebakuntzarik nahi ez dutenak edo ebakuntza-premiarik ez dutenak, edota teknikekin oraindik fidatzen ez direnak).
3. Zenbait tokitan transexualei "hirugarren sexua" esaten zaiela konturatu naiz, zuzena al da hori?
- Ez, hori esatea ez da zuzena, eta gainera ez ditu transexualak errespetatzen. Transexualek oso argi daukate beren sexu-identitatea, beren sexu psikologikoa zein den, emakumeak dira, emakume ez-transexualak emakumeak diren bezala, edota gizonak, gizon ez-transexualen maila berean.
- Nolanahi ere, badira "hirugarren sexuko" kide sentitzen direnak eta sexu horrekin identifikatzen direnak:
- Litekeena da transexuala ez izatea, bere burua ez gizon gisa ez emakume gisa ikusten ez duen pertsona baizik, edota, aldi berean, bi sexuko kide sentitzen dena. Horrelakoei intergenero, transgenero edo genderqueer esaten zaie.
- Litekeena da emakume edo gizon transexuala izatea, baina gizartearen aurreiritzi transfobiko eta zisexisten eraginez, aurkako genitalekin jaiotzeagatik, benetan emakumea edo gizona ezin dela izan sinistuta egotea. (Ildo horretan, transexualak "hirugarren sexukotzat" jotzen dituzten gizarteek sexu-identitatea ukatzen diete, haien sexua haien genitalekin lotzen dituztenek bezala, eta hori beste transfobia- edo zisexismo-mota bat da, leunagoa bada ere, sexu-identitatea berdin-berdin ukatzen diena, nahiz eta gizarte horietako batzuetan indarkeriaren eta gizarte-bazterkeriaren mailak txikiagoak izan –ikus Julia Serranoren "Whipping Girl. A Transsexual Woman On Sexism And The Scapegoating Of Feminity" liburuaren 7. kapitulua http://akntiendz.com/?p=4653–).
- Kulturen arabera, ustezko "hirugarren sexu" bat duten gizarteek oso errealitate desberdinak sartzen dituzte kategoria horren barruan, hala nola gizonen homosexualitatea, trabestismoa, lesbianismoa, transexualitatea eta transgenerismoa.
4. Komunikabide askok "sexu-ikuskizunaren" parean jarri ohi dute transexualitatea sarri. Zentzuzkoa al da hori?
Ez. Irudi horrek, oro har, gizon transexualak ikusezin bihurtzen ditu, baita emakume transexual ekintzaile eta profesional guztiak ere (diputatuak, epaileak, abokatuak, irakasleak, editoreak, zirujauak, hegazkin-pilotuak, konpositoreak, zinema-zuzendariak eta abar), baina, aldi berean, beste zerbait ezkutatzen du. Izan ere, hainbat emakume transexualek (herrialde askotan, ia guztietan) sexuaren industria dute irtenbide bakarra (prostituzioa, pornografia eta abar), eta hori hala da gizarte-bazterkeriaren eta apartheidaren ondorioz, beste edozein lan aurkitzeko bidea oztopatzen diena; hori gutxi balitz, osasun publikoak ez ditu transexualek beharko lituzketen kirurgia-tratamenduak estaltzen.
5. Egia al da transexualitatea fenomeno modernoa dela, XX. mendean mendebaldean sortutakoa?
- Ez, inondik inora Neolitikotik hasita, garai guztietan izan dira beren ”sexu biologikoarekin” bat egin ez eta beste sexuarekin identifikatu diren pertsonak, horren arabera bizi izan direnak, aurkitutako frogek berresten dutenez.
- Alde bakarra da orduan ez zela posible ez hormona-tratamendua (hormonak XX. mendean aurkitu zituzten), ez kirurgia (genitalak berresleitzeko lehen kirurgia arrakastatsua, genitalak berreraiki eta pertsonaren sexu psikologikora egokitu zituena, XX. mendearen erdialdean burutu zen). Gaur egun, ustez "hirugarren sexu" bat daukaten kulturetan ere (batzuetan transexualitatearen "alternatiba naturala" dela esaten da), ustezko "hirugarren sexu" horretako kideetako askok hormonak hartzen dituzte.
- Gaur egun, ustez "hirugarren sexu" bat daukaten kulturetan ere (batzuetan transexualitatearen "alternatiba naturala" dela esaten da), ustezko "hirugarren sexu" horretako kideetako askok hormonak hartzen dituzte.
- Areago oraindik, Indian, esaterako ("hirugarren sexua" instituzionalizatua dago bertan, beste hainbat herrialdetan bezala), 'Hijrek' ("hirugarren sexu" horretako kidetzat jotzen dira emakume transexual, transgenero eta eunukoekin batera) genitalak berresleitzeko kirurgia moduko bat egiten zuten, eskura zuten teknologia erabiliz (zakila eta barrabilak guztiz irenduz). Egiaztatu da, halaber, aukera izanez gero, gehienek nahiago dutela emakume gisa erregistratu "hirugarren sexuko" gisa erregistratu baino (adibidez: http://www.bangaloremirror.com/article/1/20110321201103210007282056c4f6938/The-Majority-of-Transsexuals-like-to-be-women-.html). Ikus, halaber, "Whipping Girl. A Transexual Woman On Sexism And The Scapegoating Of Feminity" de Julia Serrano ("Ciencia Patológica: Desmontando los Modelos Sexológicos y Sociológicos de la Transexualidad") (“Patologia-zientzia: transexualitatearen sexologia- eta soziologia-ereduak desmuntatuz”) liburuaren 7. kapitulua http://akntiendz.com/?p=4653.
6. Nola liteke pertsona batek bere gorputzaren aurkako sexua "hautatzea"?
- Ez da hautatzen den zerbait, inondik inora. Transexualek ez dute inoiz beren sexu psikologikoa hautatzen, kromosomen sexua hautatzen ez duten bezala. Hautu bakarra egin dezakete: beren identitatearen arabera bizi edo guztiz frustratuta edo beren identitatea ukatuz bizi.
- Gaur egun oraindik ere, zoritxarrez, transfobia da nagusi, eta transexualek, trantsizioa hastean, den-dena jartzen dute arriskuan, hitzaren zentzurik literalean: bizitza eta osasuna —erasoak, tratamenduak, kirurgiak eta abar—, familia —etxetik kanporatutako nerabeak, seme-alaben babespearen galera, bikotearen haustura eta abar—. lagunak, gizarte-posizioa —mespretxua eta iseka, bazterketa, miseria—, lana —emakume transexual gehienek prostituziora jo behar dute, ezinbestean—, batzuetan dena galtzen dute (zorionez, gero eta gutxiagotan), beste batzuetan zati bat bakarrik, baina ia beti zerbait galtzen dute… eta hala ere betiere prest egoten dira dena arriskuan jartzeko beren genero- edo sexu-identiatearen arabera bizi ahal izatearren: Nola pentsa daiteke inork bere borondatez transexuala izatea “hauta” dezakeela sufrikario horri aurre egin behar diola jakinik? Beren identitateari eusteko premia larria sentitzen dute, eta irrika horri jarraiki egin behar dute aurrera, ezinbestean.
7. Transexualak oso zorrotzak dira hizkuntzaren erabilerarekin. Zergatik?
- Transexualei aplikatutako hizkuntza gaizki erabiltzeak min egiten du.
- Genero-identitatea edo sexu-identitatea ukatzeko hizkuntza iraingarria erabiltzeak min handia ematen die transexualei, areago oraindik gizarte transfobiko hauetan etengabe irainak eta isekak jasaten ari direla eta identitatea behin eta berriz ukatu egiten zaiela aintzat hartuta, eta hori, fasearen arabera, kolpeak baino mingarriagoa izan daiteke (tratu txar psikologikoekin gertatzen den bezala) eta autoestimuan ere kalte egiten die, beren identitatea ezeztatzeko eta nahasteko faseak okerragotzeko lagungarri den heinean.
- Gainera, hitzak, definizioak eta sailkapenak ez dira etiketa soilak, errealitateak ikusgarri eta ikusezin bihurtzeko, edota errealitateak nabarmendu, ezkutatu edo ukatzeko ere baliagarri dira. Horregatik, ezinbestekoa da kontzeptu jakin batzuk argitzea eta zuzen erabiltzea, eta besteei ere zuzen erabil ditzatela exijitzea.
- "Transexualek aurkako sexukoak izan nahi dutela" esatea, beren sexu psikologikoari dagokion sexukoak ez direla esatea da, hau da, beren sexu-identitatea ukatzea da. Hau esatea, aldiz, zuzena da: "transexualek beren benetako sexuarekin, beren sexu psikologikoarekin (sexu-identitatea) bat etorriz bizi nahi dute.
- Itxurari bakarrik erreparatzen badiogu, emakume transexualak emakumez janzten diren gizon zisexualekin (trabestiak, crossdresserrak, drag queenak eta abar) parekatzen baditugu, emakume transexualen sexu-identitatea ukatuko dugu, horrela emakume ez diren eta emakume sentitzen ez diren pertsonen (trabestiak, crossdresserrak, drag queenak eta abar) zaku berean sartuko ditugulako; eta gauza bera gertatzen da gizon transexualak drag kingen edo trabestitzen den edozein emakumeren parean jartzen baditugu.
- Transexualitatea "hautu" baten antzera aurkezteak zera esan nahi du, beren genero-identitatea edo sexu-identitatea borondatez ebazteko aukera badutela; alabaina, inork ere ezin du bere sexu-identitatea aukeratu, kromosomak aukeratzerik ez dugun bezala. Eta horrek oso inplikazio larriak ditu gainera, esaterako osasun-sistemei tratamenduak ukatzeko aukera ematea, nork bere borondatez egindako “hautua” dela eta kontrakoa ere aukera zezakeela argudiatuta, pertsonaren berezko zerbait dela eta trantsizioa egitea apeta soil bat ez, baizik eta erabateko premia dela onartu beharrean.
- Transexualei "hirugarren sexukoak" deitzeak, "gizonak, emakumeak eta transexualak" esateak, azken horiek emakume edo gizon kategorien barnean ez baleude bezala, edo pertsona zisexualak (ez-transexualak) izendatzeko "benetako emakumeak" edo "benetako gizonak" bezalako esamoldeak erabiltzeak adierarazi nahi dute emakume eta gizon transexualak ez direla egiazkoak, iruzurrak edo imitazio txarrak baizik. Hori guztia aurreiritzi transfobiko eta zisexisten ondorio hutsa da; horien arabera, pertsonaren sexua hankartean dago, eta ez zerebroan. Gainera, aurreiritzi horiek guztiek ez dituzte inondik inora transexualen identitatea, eskubideak eta sentimenduak errespetatzen.