Maixabel Lasarekin hizketan

"Gaurko gaietan" Maixabel Lasa, Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria, elkarrizketatu dugu.


2009ko urria

Gasteizko Principal antzokian egingo da azaroaren 29an, igandez, Terrorismoaren Biktimak Omentzeko III. Ekitaldi Instituzionala. Hori dela eta, Maixabel Lasarekin hitz egin dugu. Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria pozik azaldu da ekitaldiaren inguruan lortutako adostasunarekin. "Esparru demokratikoko alderdi guztiak eta biktimen elkarteak izango dira bertan", azpimarratu du. Batasun berbera nahi du kolektiboaren inguruko alde guztietan. Era berean, Lasak nabarmendu du bera buru duen Zuzendaritzatik ahalegin guztiak egiten ari direla oroimenaren mapa deritzona benetan martxan jartzeko, "udalen inplikazioa funtsezkoa baita". Egitasmo horren lan-ildoaren xedea biktima guztien "oroimena eta oroitzapena" gordetzea da.


Datorren azaroaren 29an Terrorismoaren Biktimak Omentzeko III. Ekitaldi Instituzionala egingo da. Pozik al zaude alderdi politikoek lortutako adostasunarekin?

Dagoeneko Espainiako biktimen kolektibo guztiak etorriko direla esan dute, eta hori oso garrantzitsua da. Era berean, alderdi politiko guztiak ere bertan izango direlakoan gaude.

Adostasuna funtsezkoa da terrorismoaren biktimei buruzko edozein alderi buruz hitz egiteko orduan. Ez da erraza izango alderdi politikoak hortaz jabetzea, ezta?

Gehien sufritzen dutenak, dugunak, biktimak gara. Izan ere, alderdi politikoak euren tirabira partikularretan murgilduta ikusten ditugu. Ulergarria da beste gai batzuen inguruan tirabira horretan aritzea, eztabaidan. Baina biktimen gaian garrantzitsuena batasuna da, terrorismoa guztiok pairatzen dugulako, gizarte osoaren kontra baitoa, hau da, sistema demokratikoaren kontra, pertsona jakin batzuk aukeratzen dituen arren.

Elkarteek nola hartzen dute halako ekitaldietarako gonbita?

Ondo hartzen dute, orain arte ez baita halakorik egin. Batez ere 70 eta 80ko hamarkadetako biktimez ari naiz, gaur egungoek, komatxo artean, errekonozimendu hori atentatuaren unean jaso baitute.  Baina gehiengo diren gainontzeko biktimek eskertu egiten dituzte halako ekitaldiak, errekonozimendua... Baina ekitaldi handi horietaz gain, garrantzitsuena herri bakoitzean ekitaldiak egiteko lanean jarraitzea da, atentatua gertatu den toki bakoitzean, alegia. Herritarrarentzat udala da erreferentziazko erakundea. Oroimenak beti egon behar du hor, ezin da alde batera utzi.

Aurreko ekitaldietako esperientzia kontuan hartuta eta balantzea eginaz, zein gako, sentipen edo keinu dira aipagarrienak?

Batez ere biktimek adierazten dizuten gogobetetasuna, behingoz erakundeak jada gurekin ez dauden pertsonen omenezko ekitaldi batean izango direlako. Oraingoan erakunde guztiak egongo dira gainera. Biktimetako askok uste dute maite zituzten haiek merezi dutela halakorik.

Omenaldi handien zikloa amaitu dela aipatu duzu. Zein norabide hartuko dute?

Omenaldi handiak amaitu direla esatean ez dugu esan nahi gelditu egingo garenik, ez eta gutxiago ere. Zuzendaritzatik oroimenaren eta oroitzapenaren ildoa jorratzen jarraituko dugu.  Oroimenak bizirik behar du, gure artean ez daudenei zor zaie, eta baita atentatua pairatu eta bertan direnei ere. Hurrengo belaunaldientzat itzaliko ez den argia izan behar da. Horregatik, oroimenaren mapa lantzen ari gara, hau da, txanponaren beste aldea. Guztiok dugu sufrimenduaren maparen berri, badakigu non dauden gurutze gorri horiek, ETAk eta beste terrorismo batzuek atentatuak egin dituzten tokiak. Markatu gabe dauden toki horiek nabarmentzea itxaropena eta elkarbizitza da.

Oroimenaren mapa abian jartzeko udalen laguntza beharko duzue.

Udalak gero eta gehiago inplikatzen ari dira. Batzuek hitzarmena sinatuko dute urtea amaitu baino lehen, datorren urtearen hasieran atentatuak izan diren tokietan oroigarriak jartzen joateko. Baina azpimarratu beharra dago, udalei adierazten diegunean terrorismoaren biktimei errekonozimendu-ekitaldia egitearen beharra, badirela bete beharreko hainbat puntu: lehenik, udal-akordioa behar da, adostasuna; bigarrenik, protagonistak inplikatu behar dira, biktimen familiek prest egon behar dute; eta azkenik, omenaldiak oroigarri fisikoa behar du, historian iraungo duena.

Beraz, helburua da gizarteak omenaldia bere egitea.

Errugabeok gertatu denari buruz azaldu dezakeguna garrantzitsua da gizartea sendatzeko. Batez ere etorkizuneko belaunaldiei begira. Terrorismoaren amaiera eta elkarbizitza baketsua dira guztion helburua.

Biktimekiko errekonozimenduan aldaketarik eman al da gizartean?

Atentatu bat dagoen bakoitzean gero eta jende gehiagok hartzen du parte kontzentrazioetan, beldurra alde batera utzita. Gizartea aldatu dela erakusten duten gertakari txikiak badira. Agian ez da erantzun masiborik ematen, Miguel Ángel Blancoren erailketarekin gertatu zenaren parekorik; unean uneko gertakariak dira, baina azken urteotan jende askok erakutsi duen irmotasunari esker, gizartea konturatu da garrantzitsua dela kalera ateratzea.

Zuzendaritzak legealdirako duen helburuetako bat GALen biktimen errekonozimendua da.

Behin baino gehiagotan esan dudanez, guretzat, errekonozimendu-ekitaldiek zabalagoak izan behar dute. Gehiengo diren ETAren biktimek eta GALen edota eskuin muturraren biktimek eskubide berberak dituzte. Giza Eskubideen urraketarik handiena pertsona bati bizia kentzea da. Ikuspuntu horretatik, egia, justizia eta ordaintza denentzat dira berdin. Ildo horretan, Zuzendaritzak 2008ko uda baino lehen aurkeztu zion Legebiltzarrari GALen eta eskuin muturraren biktimei buruzko txostena. Alor horretan lanean jarraitzen dugu, biktimekin harremanetan jartzen eta gainontzeko biktimei eskaini dizkiegun laguntza mota berberak eskainiz. Oroimenaren mapa horretan ere euren tokia izan behar dute.

Biktimek ikasgeletan euren bizipenak azaltzeari buruz asko hitz egin da. Bideragarria al da Hezkuntzaren ikuspuntutik begiratuta?

Erabat bideragarria da, eta egin beharko litzateke. Baina eskakizun pedagogikoen araberakoa izango da parte-hartze hori. Batzuetan lekukotasunak idatzita egongo dira, beste batzuetan ikus-entzunezkoak izango dira, eta kasu batzuetan biktimak ikasgelara joango dira. Aukera guztiak jarri behar dira hezkuntza-komunitatearen eskura.

Ikasgelak eta hezkuntzaren alorraz gain hor dago familiari dagokiona. Sarritan ahaztu egiten dugu haurrek gurasoengandik jasotzen dituztela lehen ezagutzak. 

Familia da gure lehen erreferentzia. Ondoren aisialdia dator, baina garrantzitsuena familia da. Kasu askotan familietan oso gutxi hitz egin da gaiari buruz, agian lehen aipatu dugun beldurragatik. Herri batean atentatu bat gertatzen denean, esaterako, familian ez da hortaz hitz egiten. Errazagoa da ehunka edo milaka hildako eragin dituen urakanaz hitz egitea, edo Estatu Batuetan hamaika lagun hil dituen 'eroaz'. Errazagoa dirudi urruti gertatzen denaz hitz egitea. Duela gutxira arte gaia tabua izan da, ez bakarrik ikastetxeetan edo familian, baita gizartean orokorrean ere.

 

Azken eguneratzea: 2011/04/19