Legazpi-Urdaneta espedizioa oroitzeko jardunaldia antolatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Filipinetako Bilboko kontsulatuarekin batera
2016.eko martxoak 21
Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Carlos Salinas Filipinetako enbaxadoreak, Legazpi-Urdaneta espedizioaren 450. Urteurrena ospatu dute. Bidaia honi esker, munduko merkataritza bide inportanteenetako bat deskubritu zen: Pazifiko mendebaldea eta Asia, eta Amerikaren arteko lotura, hain zuzen. Aldundiko Tronu aretoan egindako jardunaldian, Andres Urdanetaren figuraren garrantzia gogoratu, eta Euskadi eta Filipinen arteko loturak goraipatu dituzte.
Ekitaldi horren baitan Marc de Borja idazle eta diplomatiko filipindarrak bere liburu "Los Vascos en Filipinas" aurkeztu du, Eusko Jaurlaritzaren Urazandi bildumaren barruan argitaratu dena. Filipinetan betidanik egon da euskal presentzia nabarmena.
Ignacio Uriarte Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiaren Plangintza, Koordinazio eta Ebaluaziorako arduradunak parte hartu du halaber.
Legazpi-Urdaneta espedizioa euskal oinarriko enpresa izan zen nagusiki, euskal buruzagiak, tripulazioa eta neurri handi batean euskal kapitala eduki zuena. Euskal Herriaren nortasunaren, abentura irriken, eta ikasteko eta errealitate berriak deskubritzeko beharraren isla izan zen.
Mexikoko Navidad portutik atera zen espedizioa, 1564ko azaroaren 21ean, eta 1565eko otsailaren 15ean lehorreratu Filipinak Uharteetan, bi herrien arteko harreman egonkorrak finkatuz. Misio honen ondorioz, Andres de Urdaneta ordiziarrak Amerikara itzultzeko itsasbide berria deskubritu zuen Ipar Pazifikotik, harrez gero “Urdaneta itsasbidea” edo “Tornaviaje” gisa ezagutu dena. Nabigazioan mugarri izan zen deskubrimendu hau, hura baitzen Asiatik Amerikara nabigatzeko modu bakarra.
Urdanetaren txosten teknikoak erabakigarriak izan ziren Ozeano Pazifikoan garai hartan egindako deskubrimenduetan, Filipinetako asentamendua sortzeko batez ere. Urdanetak Legazpi eraman zuen bertara, eta honek Manila sortu zuen gero, Filipinetako hiruburua.
Jardunaldiaren barruan, Mikel Urretabizkaia kazetariak zuzendutako “Urdanetaren sekretua” dokumentalaren laburpen bat ikusi ahal izan da. Gipuzkoako diputatu nagusiak eman dio amaiera jardunaldiari.