Eneolitoa

edo Kobre Aroa. (Lat. aeneus «kobrezko, brontzezko» + Gr. lithos «harria»). Kobrea erabiltzen hasi zen historia aurreko aroa. Eneolitoa Neolitoaren hurrena da, metalak erabiltzen hasi ziren garaia, Brontze Aroaren aurrekoa. Metalgintzako oinarrizko teknikak Sortalde Hurbilean sortu ziren eta K.a. 2500. urte ingurutik aurrera hedatu ziren Europako mendebalean. Kalkolito Aroa izena ere eman ohi zaio (Gr. khalkos «kobrea» + lithos «harria»).  v  Eneolitoa Euskal Herrian. Euskal Herrian kobrea lantzen hasi zen gizonak egungo euskaldunaren antzeko ezaugarri morfologikoak eta antropologikoak zituen, artzaintzan ziharduen oro har eta aztarna ugari utzi zituen bizi zen leizeetan eta harpeetan, hala nola hileta oroitarrietan (trikuharrietan). Euskal Herrian K.a. 2500. urte aldera hasi bide ziren lantzen metalezko lehen tresnak, kobrezkoak guztiak: eztenak, aizkorak, sastakaiak, gezi puntak. Sail eder bat agertu zen Gobaederrako leizean (Erribera Goitia, Araba). Jaso dira, halaber, garai hartako kobrezko apaingarri batzuk (eskumuturreko batzuen zatiak, eraztunak, lepoko batzuen hondarrak). Eneolitoak K.a. 1200. urte ingurua arte iraun zuen Euskal Herrian, Brontzearen erabilera nagusitzen hasi zen arte. Aro honetan funtsezko aldakuntzak izan zituen euskaldunen zibilizazioak: beterrietan lehen laborariak azaldu ziren (Santimamińe, Jentiletxeta, Bilar-Guardia, Jaizkibel, Isturitze…), hegoaldeko (Millaresko kultura) eta ipar-mendebaleko (zelta indoeuroparrak) herriekiko harremanak areagotu ziren eta, oro har, euskal gizartearen kultura ezaugarriak eta bereizgarriak itxuratu ziren. Bestalde, kobrearekin batera, beste metal batzuk ere lantzen hasi ziren, aleazioetan batzuk (eztainua, beruna, zilarra), eta hutsik besteak (urrea, zilarra).