Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2008ko uztailaren 22koa, Euskal Herriko Unibertsitateko Graduko eta Graduondoko Ikasketetako errektoreordearena, Master Ofizialak Gestionatzeko Arauak argitaratzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 163
  • Hurrenkera-zk.: 4965
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/07/22
  • Argitaratze-data: 2008/08/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera, unibertsitateko irakaskuntza ofizialak antolatzen dira, eta unibertsitateko irakaskuntza ofizialak garatzea dauka helburu, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Eremuaren ondorioz zehaztutako lerro orokorren arabera. Errege Dekretu hori, hain zuzen ere, 2007ko urriaren 30ean argitaratu zen, eta argitaratu eta hurrengo egunean sartu zen indarrean.

Errege Dekretu hau unibertsitateek emandako masterreko unibertsitate-irakaskuntza ofizialetan ezarri beharra dago.

EHUko Doktoregoko Azpibatzordeak Master Ofizialak Gestionatzeko Arauak aldatzea erabaki zuen 2008ko apirilaren 3ko bileran.

Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Master Ofizialak Gestionatzeko Arauak aldatzea erabaki zuen 2008ko apirilaren 10eko bileran.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak honela dio 10.2. artikuluan: “Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira”.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Master Ofizialak Gestionatzeko Arauak, eranskinean jasotako modua.

Leioa, 2008ko uztailaren 22a.

Errektorea.

Eskuordetzeaz 2004-06-17ko Ebazpena (2004-07-08ko EHAA),

2006-07-20ko Ebazpena (2006-08-21eko EHAAn

aldatuta).

Graduko eta Graduondoko Ikasketetako errektoreordea,

CARMEN GONZÁLEZ MURUA.

  1. – Unibertsitate-masterreko irakaskuntza ofizialak egiteko, Espainiako unibertsitate-titulu ofiziala edo Europako Goi Mailako Hezkuntza Eremuko goi-mailako hezkuntza-erakunde batek egindako beste titulu bat eduki beharko da, masterreko irakaskuntzak egiteko eskumena ematen dutelako titulua eskaintzen duen herrialdean.

  2. – Era berean, Europako Goi Mailako Hezkuntza Eremukoak ez diren hezkuntza-sistemen arabera titulatutakoek ere egin ahal izango dituzte, eta, horretarako, ez dituzte euren tituluak homologatu beharko. Dena dela, unibertsitateak egiaztatu egingo du euren prestakuntza-maila Espainiako unibertsitate-titulu ofizialen eta titulua ematen duen herrialdean graduondoko irakaskuntzetarako sarbidea ematen duten tituluen parekoa dela. Nahiz eta horrelaxe sartu, interesdunak aldez aurretik duen titulua masterreko irakasgaiak egiteko baino ez da homologatuko eta onetsiko.

EHUko unibertsitate-masterreko ikasketak egin nahi dituzten ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte:

  1. Titulu hauetako bat izatea: lizentziatua, ingeniaria, arkitektoa, diplomatua, arkitekto teknikoa edo ingeniari teknikoa.

  2. Master ofizialaren proposamenean ezarritako baldintza espezifikoak betetzea.

  3. Unibertsitate-masterrean onartua izatea, arautegi honetako 2. artikuluan eta hurrengoetan zehaztutako prozeduraren arabera.

  1. – Unibertsitate-master batean matrikula egiteko prozesua baino lehen, izena emateko epea irekiko da. Izena emateko prozesuan ikasleak hautatzeko erabiliko diren irizpideak unibertsitate-master bakoitzean ezarritakoak izango dira, arautegi honetako 4. artikuluak 1. idatz-zatian dioen moduan.

  2. – Masterreko arduradunak argitara emango ditu irizpide horiek masterra irakatsiko duen ikastegiaren, sailaren edo institutuaren iragarki oholean, eta bertan egongo dira jarrita eskariak aurkezteko epea amaitu arte. Masterreko arduradunak, era berean, ikastaroak noiz eta non emango diren argitaratuko du, bai eta eskolen ordutegia ere.

  3. – Ezarritako prozeduraren arabera izena emateko, ikasleak unibertsitate-master bakoitzak zehaztuko duen idazkaritzan ematen dizkioten agiriak erabiliko ditu, eta agiri bakoitzean adierazitako epean aurkeztuko ditu.

    EHUren web orrian eta Graduondoko Ikasketetako eta Etengabeko Prestakuntzako Unitateak zehaztutako idazkaritzetan azalduko da ikasturte bakoitzean zer agiri aurkeztu behar diren izena emateko orduan.

Ikasleok ez dute homologatu beharko EGHEtik kanpoko titulu atzerritarra, graduondoko ikasketa ofizialetan sartu ahal izateko. Halakoetan, titulua eta gainerako agiriak legeztatu egin beharko dira, eta, beharrekoa izanez gero, itzulpen ofiziala egingo da EAEko hizkuntza ofizialetara. Arautegi honi erantsi zaizkio agiriak legeztatu eta itzultzeko argibideak.

Atzerriko titulua homologatzeke daukaten ikasleak onartzeko, beharrezkoa izango da Doktoretzako Azpibatzordearen onespena lortzea.

Master bakoitzeko arduradunak Doktoretzako Azpibatzordera bidali beharko du atzerriko titulua homologatzeke daukaten ikasleen dokumentazioa. Izena emateko epea bukatu eta 10 egunera bidali beharko da dokumentazioa, beranduenez.

  1. – Graduondoko programa ofizialak osatu eta onartzeko prozedurari buruzko arautegiaren arabera, master bakoitzeko batzorde akademikoak hautatuko ditu ikasleak, unibertsitate-masterra justifikatzeko memorian merituak ebaluatzeko zehaztuta dauden irizpideak kontuan hartuta.

  2. – Hautatutako ikasleen zerrendak argitaratzea:

    Ikasleak hautatzeko prozesua behin bukatuta, master ofizialaren arduradunak gestio hauek egin beharko ditu:

    • Ikasle onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak argitaratu, ikasleak onartzeko epea bukatu eta, gehienez ere, 5 lan eguneko epean.

    • Erreklamazioak aurkezteko epea ezarri (gehienez ere hurrengo 4 lan egunak).

    • Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo sei lan egunen barruan, ikasle onartuen behin betiko zerrenda argitaratuko du, horretarako dagoen ereduari jarraiki. Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari behin betiko zerrenden kontra, zerrendak argitaratu eta biharamunean hasiko den hilabeteko epearen barruan.

    • Masterretan onartutako ikasle guztiek tutore bana izango dute, masterreko irakaslea izango dena.

    • Tutore horrek zehaztuko du ikasle bakoitzak egin beharreko ikasketa-plana. Horrez gain, jarraibideak emango ditu, ikasle bakoitzaren aholkularitza akademiko eta profesionalerako.

    • Dena dela, ikasleek, onartuak izateko, matrikula egin beharko dute.

    • Master bakoitzeko arduradunak Doktoretzako Azpibatzordera bidali beharko du atzerriko titulua homologatzeke daukaten ikasleen dokumentazioa. Izena emateko epea bukatu eta 10 egunera bidali beharko da dokumentazioa, beranduenez.

Unibertsitate-masterretan onartutako ikasleek Doktoretzako Azpibatzordeak zehaztutako egutegiaren arabera egingo dute ikasturte horretan izango dituzten ikasgai guztien matrikula.

Master eta Doktoretzako Atalak ezarritako prozeduraren arabera egingo da matrikula. Prozesu horretan, EHUren web orrian eta Graduondoko ikasketetako eta Etengabeko Prestakuntzako Unitateak zehaztutako idazkaritzetan azalduko da ikasturte bakoitzean zer agiri aurkeztu behar diren izena emateko orduan.

28 urtetik beherako ikasle guztiei eskola asegurua kobratuko zaie. 28 urtetik gorako ikasleek, berriz, asegurua egin beharko dute nahitaez. Unibertsitateak borondatezko asegurua dauka kontratatuta, premia duten ikasleentzat. Aseguru hori ikasleek eurek kontratatuko dute zuzenean kasuan kasuko konpainiarekin.

Matrikula aldatu nahi izanez gero, eskari arrazoitua aurkeztu beharko da, eta Unibertsitate-masterreko tutoreak eta arduradunak baimendu beharko dute. Batzorde akademikoak baimena ematen ez badu, erreklamazioa aurkeztu ahal izango zaio graduondoko batzorde akademikoari eta, beharrezkoa izanez gero, EHUko Doktoregoko Azpibatzordeari Aldaketa hori adierazitako epeetan egingo da beti.

Bi epe egongo dira matrikula egiteko, eta egutegiak Doktoretzako Azpibatzordeak onartuko ditu. Matrikula egiteko lehenengo epea irailean hasiko da, eta bigarrena, lauhilekoa hasi baino lehen. Epealdi hori matrikula berriak egiteko izango de, eta, ez, lehendik dauden matrikulak luzatzeko.

Salbuespen moduan, Master eta Doktoretzako Ataleko arduradunak ontzat ematen badu, eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, EHUko Doktoretzako Azpibatzordeak baimena eman dezake, zenbait ikaslek matrikula ikasturte bakoitzerako onartutako egutegitik kanpo egiteko.

Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, Master eta Doktoretzako Atalak Doktoretzako Azpibatzordeko kideei jakinaraziko die master bakoitzean zenbat ikasle matrikulatu diren eta eskolak noiz hasiko diren. Doktoretzako Azpibatzordeak aztertu egingo ditu aurkeztutako dokumentuak, eta masterrak irakasteko baimena emango du. Azken bi ikasturteetan 10 ikasle baino gutxiago izan dituzten masterrak EHUren eskaintzatik kanpo geratu ahal izango dira. Jarduera akademikoa ez da hasiko matrikula egiteko epea bukatu arte.

  1. – Ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urte bakoitzerako zehaztutakoa izango da.

  2. – Prezio publiko murriztuak ordaintzeko edo preziook ordaintzetik salbuetsita egoteko eskubidea izateko, matrikula egiteko epearen barruan bete beharko dira horretarako baldintzak.

  3. – Ikasleak epeka ordaintzea erabakitzen badu, Eusko Jaurlaritzak prezio publikoei buruzko aginduan zehaztutako epeak errespetatu beharko ditu.

  4. – Salbuespenezko matrikulaldia egiten denean eta beka ukatzen denean, matrikula ezin izango da zatika ordaindu.

  5. – Eskola asegurua, ikaslearen txartela eta gainerako tasa administratiboak epe bakarrean ordainduko dira (matrikula egiterakoan).

  6. – Kredituak baliozkotzeko kontuan hartuko da arautegi honetako II. kapitulua. Dena dela, kreditu horiei dagozkien prezioak ordaindu egin beharko dira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikasturte bakoitzerako ezarriko duenaz bat.

  7. – Aurkeztutako matrikulak behin-behinean onartuko dira, EHUko Doktoretzako Azpibatzordeak masterra irakasteko baimena eman arte. Matrikula aurkeztu denetik hiru hilabete igarotzen badira Master eta Doktoretzako Atalak horren kontra ebatzi eta jakinarazpenik eman barik, matrikula onartu egin dela ulertuko da.

Ikasleek zenbat ordaindu behar duten zehazteko orduan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikasturte bakoitzeko zehaztutako Prezio Publikoei buruzko Aginduaren arabera dituzten baldintzak hartuko dira kontuan.

Funtzionarioek edo lan-kontratudun langileek, ezkontideek, agiri fede-emailearen bidez egiaztatzen duten izatezko bikoteek eta, EHUn egonda, funtzionarioek edo lan-kontratudun langileek ardurapean dituzten seme-alabek unibertsitateko organoek matrikulako tasak itzultzeko zehaztutako inprimakiak eskatu ahal izango dituzte matrikula egiteko orduan, Unibertsitateko Gerentziak ikasturte bakoitzerako onartutako zirkularra kontuan hartuta.

  1. – Aurkeztutako matrikulak ordaintzen diren unean hartuko dira onartutzat, baina matrikula aurkeztu denetik hiru hilabete igarotzen badira Master eta Doktoretzako Batzordeak horren kontra ebatzi eta jakinarazpenik eman barik, matrikula onartu egin dela ulertuko da, eta erabaki irmoa izango da ondorio guztietarako.

  2. – EAEko Tasa eta Prezio Publikoei buruzko maiatzaren 29ko 13/1998 Legean xedatutakoaren arabera, legez aurreikusitako epeetan eta moduan ikasleak matrikula baliogabetzeko eskatzen badu, ez zaizkio inolaz ere ordaindutako prezio publikoak itzuliko.

  3. – Unibertsitateak ikaslearen matrikula atzera botatzen badu, zergatik azaldu beharko du, eta halakoetan baino ez dira itzuliko interesatuak ordaindutako prezio publikoak. Matrikula atzera bota duen ebazpen horren aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdun guztiek EHUko errektoreari, edo berak eskuordetutako agintariari.

    Matrikula baliogabetzeko arrazoiak honako hauek dira:

    1. Matrikula ez ordaintzea: tasak ez ordaintzeagatik matrikula baliogabetzen zaien ikasleek galdu egingo dute ordura arte ordaindutako dirua, eta ordaintzeko geratzen zaiena zortzat hartuko da, unibertsitatearen alde. Ebazpen batean zehaztuko da zorra zenbatekoa den, eta horren berri emango zaio ikasleari. EHUrekin zorrak dituztenek ezingo dituzte erabili unibertsitatearen zerbitzuak, bereziki honako hauek: ezingo dute egin beste ikasketarik, ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk, ezta espediente akademikoari buruzko informaziorik ere, eta ezingo dute egin beste matrikularik. EHUri zor dioten dirua ordaindu bezain laster berreskuratuko dituzte eskubideok. Eskubide horiek indarrean dagoen ikasturtean berreskuratu nahi dituzten ikasleek, urte horretako ekainaren 1a baino lehen ordaindu beharko dute diru kopurua.

    2. Matrikula egiteko eskatzen den baldintzaren bat ez betetzea: eskakizuna egingo zaio interesatuari hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo gainerako tramiteak bideratzeko, azaroaren 26ko 30/1992 legeko 71.1 artikuluan adierazitako moduan.

    3. Beste alde batetik, interesatuak horrelaxe eskatuz gero, matrikula baliogabetuko da, beti ere eskaera hori urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen egin bada. Gainera, ordaindutako diru kopurua unibertsitate-masterra oraindik hasi ez denean baino ez da itzuliko, edota ikastegi, sail edo institutu antolatzaileak arautegi honetakoa urreko artikuluetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez duenean.

    4. Ikasle berriek matrikula baliogabetu badute, inskripzio berria eskatu beharko dute, ikasketa horiek berriro egin nahi badituzte.

    5. Bekadun ikasle moduan matrikulatu ahal izateko, ikasleek beken deialdian zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte matrikula egiten duten unean, beti ere beka-eskabidea baino lehen bideratu badute. Izan ere, bekaren ordezkagiria eta gainerako matrikula-agiriak aurkeztu beharko dituzte. Bestela, beka-eskabidea egiteko aukera izan arren, matrikulako ikasgaien prezioak ordaindu beharko dituzte.

      Nolanahi ere, eskakizun akademikoak betetzeagatik bekadun moduan matrikulatutako ikasleak ez dira zordunak izango, beka ukatu dietela jakin ondoren matrikula baliogabetzeko eskatzen badute.

  1. – EHUko graduondoko ikasketa ofizialean matrikulatuko diren ikasle guztiek ordaindu beharko dute eskola-asegurua. Eskola-aseguruak 28 urteetara arte babesten ditu ikasleak.

  2. – Eskola-aseguruak ere babesten ditu atzerriko ikasleak, baldin eta elkarrekikotasun hitzarmena eginda badago, adierazi gabe edo beren-beregi, euren herrialdeekin.

Unibertsitateak borondatezko asegurua dauka kontratatuta, horren beharra izan dezaketen ikasleentzat. Aseguru hori kontratatu nahi duten ikasleek zuzenean jo behar dute kasuan kasuko aseguru-etxera.

Baliokidetasun prozedurari ekiteko ikaslea matrikulatuta egon beharko da egindako ikastaroak edo lanak baliozkotu nahi dituen masterrean. Matrikulatu ondoren, ikasleak urrats hauek eman beharko ditu:

Tramitazioa.

Ikasleak masterreko batzorde akademikoari eskatuko dio baliozkotzea. Hori egiteko azken eguna ikastaroa hasi eta hilabetea igarotzen denean izango da, eta dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

  • Baliokidetasunen inprimakia, behar bezala beteta.

  • Ziurtagiri akademikoa.

  • Egindako irakasgaiaren programa.

    Baliokidetasun eskaerak ikusita, eskatutako ikasketak baliozkotzeko proposamenak bidaliko dizkio masterreko Batzorde Akademikoak EHUko Doktoretzako Azpibatzordeari, hilabeteko epean. Horretarako, espedienteko dokumentu guztiak bidali beharko ditu Master eta Doktoretzako Atalera.

    EHUko Doktoretzako Azpibatzordeak ebatziko ditu baliokidetasun-eskaerak, eta jakinaren gainean jarriko ditu bai masterreko batzorde akademikoa bai ikasleak. Ebazpen horretan honako hauek adieraziko dira: baliozkotutako kredituak eta, baleude, baliozkotu ez direnak. Azken kasuan arrazoiak azaldu beharko ditu.

    EHUko Doktoretzako Azpibatzordearen ebazpenen aurka, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote errektoreari, ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

    Baliozkotutako kredituen tasak.

    Baliozkotutako kredituen tasengatik ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urte bakoitzerako zehaztutakoa izango da.

Tramitazioa.

Kredituak prozedura honen arabera onetsiko dira, ikaslearen unibertsitate-espedientea kontuan hartuta. Edonola ere, ikasleak 45 kreditu egin beharko ditu, gutxienez.

Kreditu horiek ikaslearen espedientean agertuko dira, onetsitako kreditu moduan.

Ikasleak Masterreko Batzorde Akademikoari eskatuko dio kredituak onesteko, ospe handiko erakundeetan egindako ikastaro edo jarduerengatik. Hori egiteko azken eguna ikastaroa hasi eta hilabetea igarotzen denean izango da, eta dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

  • Kredituak onesteko eskaera, behar bezala beteta.

  • Egindako jardueraren ziurtagiria.

    Kredituak onesteko eskaerak ikusita, kredituak amortizatzeko proposamenak bidaliko dizkio Masterreko Batzorde Akademikoak EHUko Doktoretzako Azpibatzordeari, hilabeteko epean. Horretarako, espedienteko dokumentu guztiak bidali beharko ditu Master eta Doktoretzako Atalera.

    EHUko Doktoretzako Azpibatzordeak ebatziko ditu kredituak onesteko eskaerak, eta jakinaren gainean jarriko ditu bai Masterreko Batzorde Akademikoa bai ikasleak. Ebazpen horretan honako hauek adieraziko dira: onetsitako kredituak eta, egon baleude, amortizatu ez direnak. Azken kasuan arrazoiak azaldu beharko dira.

    EHUko Doktoretzako Azpibatzordearen ebazpenen aurka, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote errektoreari, ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

    Onetsitako kredituen tasak.

    Baliozkotutako kredituen tasengatik ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urte bakoitzerako zehaztutakoa izango da.

  1. – Ikasketa planeko gaietan ikasleak bereganatutako ikasketa maila kalifikatzeko zenbakiak erabiliko dira (0 eta 10 artekoak), hamartar bakarrarekin. Zenbakiez gain, letraz ere adierazi ahal izango dira kalifikazioak, modu honetara:

    1. 0,0 eta 4,9 artean ez gai (EG).

    2. 5,0 eta 6,9 artean nahikoa (N).

    3. 7,0 eta 8,9 artean oso ongi (O).

    4. 9,0 eta 10 artean bikain (B).

  2. – Irakasgaien aktetan adieraziko diren kalifikazioak sinatu egin beharko dituzte, nahitaez, irakasle arduradunak eta masterraren zuzendaritza akademikoa izan duen arduradunak. Aktek ez dute emendakin, zirriborro edo zuzenketarik izan behar. Izango balituzte, diligentziaturik egon beharko dute eta lehen aipaturiko pertsonek beren-beregi sinatuta.

  3. – Kalifikazioak master ofiziala bakoitzak jakinaraziko duen tokian emango dira argitara; arautegi honetako 14. artikuluan aipatutako epeak argitaratze egunean hasiko dira.

  4. – Deialdi bakarra egingo da ikasturtean masterreko gaiak gainditzeko, eta ez da egongo horretarako salbuespenik. Gehienez ere, bi deialdi egongo dira.

  5. – Masterreko ikasketa ofizialak behin bukatuta, masterreko batzorde akademikoa bildu egingo da eta, ikasleek lortutako kalifikazioetan oinarrituta, ebaluazio-akta orokorra beteko du. Akta horretan agertuko dira ikasketak gainditu eta master titulu ofiziala eska dezaketen ikasleen zerrenda, hau da, euren espezializazio akademikoa edo ikertzeko gaitasuna egiaztatuko duen titulua eskuratu dutenena.

    Aktak bete eta gero, Master eta Doktoretzako Atalera bulegora igorriko dira, epea amaitu eta hilabetearen buruan gehienera.

Kalifikazioak berrikustea eskatzeko, erreklamazioa aurkeztuko zaio ikasgaia edo jarduera akademikoa eman duen irakasleari. Ondoren, Masterreko Batzorde Akademikoak jardungo du, 2007-2008 ikasturtean graduondoko programa ofizialak osatu eta onartzeko prozedurari buruzko arautegiko 1. kapituluko 1. artikuluko 7. idatz-zatian dioen moduan (Gobernu Kontseiluak 2006ko maiatzaren 10ean onartutako arautegia).

Erreklamazioak ebatzi eta ikasleari horren berri emango zaio gehienez ere hilabeteko epean, erreklamazioa aurkezten den egunaren biharamunetik aurrera hasita.

Ikasleek gorako administrazio errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote EHUko errektoreari graduondoko batzorde akademikoak hartutako ebazpenaren kontra, ebazpen horren berri izan eta hilabeteko epean. Errektoreak txostena eskatuko dio EHUko Doktoretzako Azpibatzordeari, erreklamazioa ebazteko.

Une horretan ematen den ebazpena behin betikoa izango da eta administrazio bidea agortuko du.

  1. – EHUko master titulu ofizialak errektoreak emango ditu, eredu normalizatuari jarraiki. Unibertsitateko Titulu Ofizialen Erregistroan jasota geratu beharko dira emandako tituluak.

  1. – Tituluak emateko eskaerak leku hauetan aurkeztuko dira: Master eta Doktoretzako Atalean (Leioako Campusa) eta horretarako egongo diren bulegoetan. Hauek dira aurkeztu beharreko agiriak:

    1. Instantzia, eredu arautuan.

    2. NANaren edo pasaportearen fotokopia.

    3. Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Tasen salbuespenerako eskubidea duten ikasleen kasuan arautegi honetako 8. artikulua hartuko da kontuan.

    4. Unibertsitate-masterra egiteko aurkeztutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo fotokopia eta originala, erkatu ahal izateko, beti ere ikasleak agiri hau aurkeztu ez bazuten unibertsitate-masterreko matrikula egiteko orduan. Ikasleek titulu hori EHUn lortu badute, ez dute agiri hori aurkeztu beharko.

      Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala eskuratzeko eskubideak ordainduta eduki izanaren ziurtagiria bidaliko die Master eta Doktoretzako Atalak ikasleei. Ziurtagiri honek tituluaren ondorio berberak izango ditu, titulua bera eman arte.

      Tituluen banaketa.

      1. – Interesdunak berak jaso beharko du titulua, inprimatu eta gero, Master eta Doktoretzako Atalean. Interesatua bera joatea ezinezkoa balitz, baimena eman diezaioke beste pertsona bati (notariotza-ahalordearen bidez), beronek jaso dezan bere izenean.

        Aurreko paragrafoan adierazitakoa aldatzeke, interesatuak eskaria egin diezaioke idatziz Master eta Doktoretzako Atalari bere etxetik gertuen dagoen bulego hauetakoren batera bidaltzeko titulua: Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzara, Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzara, Arabako Campuseko Errektoreordetzara, probintziako Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritzara, Hezkuntza Bulegora edo Kontsuletxera.

      2. – Tituluak jasotzeko onartua dagoen jardunbide bera aplikatuko da bikoiztuen kasuan.

Egindako ikastaro eta mintegien ziurtagiriak emateko eskaerak leku hauetan aurkeztuko dira: Master eta Doktoretzako Atalean eta horretarako jarriko diren bulegoetan. Era berean, EHUren web orrian eta Graduondoko Ikasketako eta Etengabeko Prestakuntzako Unitateak zehaztutako idazkaritzetan azalduko da ikasturte bakoitzean zer agiri aurkeztu behar diren.

Graduondoko titulu ofizialak eta ziurtagiriak ematearren ordaindu beharreko tasak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztutakoak izango dira.

Tasa horiek EHUk eskabidea egiten adierazitako kontuetako batean ordainduko dira.

  1. – Unibertsitate-master bakoitzeko diru-sarrerak eta gastuak Behin Behineko BGG baten bidez kudeatuko dira, eta bankuko kontu bat izango du loturatzat. Master eta Doktoretzako Atalak, master ofiziala irakatsi egingo dela jakinda, Behin Behineko BGGa irekitzeko eskatuko dio Kontabilitate Zerbitzuari, kasuan kasuko unibertsitate-masterreko gastuak kudeatzeko.

    BGG hori BGG Organiko baten menpe egongo da, tituluaren ardura duen organoari dagokionaren menpe, hain zuzen ere. Organo arduradun bat baino gehiago egonez gero, antolatzaileek erabakiko dute zein BGG Organikoren menpe egongo den BGG.

  2. – Tramite hori egiteko, BGGa irekitzeko dokumentua bidaliko dio Master eta Doktoretzako Atalak unibertsitate-masterreko arduradunari. Arduradunak inprimakia bete eta atal berera itzuliko du; atalak, egiaztapenak egin ondoren, Kontabilitate Zerbitzura bideratuko du, BGGa eta horri lotutako kontu korrontea irekitzeko.

  3. – BGGaren lehen arduraduna master ofizialaren irakasle arduraduna izango da. BGGaren bigarren arduraduna masterraren ardura daukan saileko, ikastegiko edo institutuko zuzendaria izango da. Irakasle berberak betetzen baditu kargu biak, bigarren arduraduna graduondokoaren ardura duen organoko idazkaria izango da.

  4. – Unibertsitate-masterreko irakasle arduraduna aldatzen denean, Master eta Doktoretzako Atalak horren berri emango dio Kontabilitate Zerbitzuari, beharrezko aldaketak egin ditzaten.

    Master ofizialaren Behin Behineko BGGa behin eratuta, Kontabilitate Zerbitzuak jakinaraziko die Master eta Doktoretzako Atalari eta master ofizialaren arduradunari BGGaren eta kontu korrontearen zenbakia.

Master ofizialen BGGei dirua emango zaie aurrekontutik, ezarriko diren parametroen arabera, masterraren gastuei aurre egiteko. Ekitaldi ekonomikoan zehar kanpoko deialdietatik etor daitezkeen diru-laguntzak masterretako diru-sarreren aurrekontuan sartuko dira.

Masterraren irakasle arduradunak hitzarmena egiten badu erakunde publiko edo pribaturen batekin diru-laguntzak lortzeko, diru hori EHUren aurrekontuen kontuan sartzeko eskatuko dio. Ondoren, jakinaren gainean jarriko du Master eta Doktoretzako Atala, diru-laguntza jasoko duela egiaztatzen dituen dokumentuak aurkeztuta. Master eta Doktoretzako Atalak, dokumentuak aztertu ondoren, Kontabilitate Zerbitzura bidaliko ditu, kontabilizatu eta aurrekontuan jasotzeko.

Unibertsitate-masterreko BGGren aurrekontua masterreko arduradunek kudeatuko dute.

Master ofizialen irakaskuntzako gastuak guztiz ordaindu beharko dira master bakoitzak bere aurrekontuan jasoko duen diru-kopuruarekin. Gastuen gestioa unibertsitatearen aurrekontuei buruzko arau orokorretara lotuko da, honako hauek kontuan hartuta:

Gastu arruntak kasuan kasuko kontzeptuari atxikiko zaizkio, unibertsitatearen kontuen planaren arabera.

EHUkoak ez diren langileen ordainketak ez ohiko finantziazioaren bidez egingo dira (kanpoko ekarpenak, diru-laguntzak...), eta kasu bakoitzean ezarri daitekeen kudeaketarako araudiaren bidez arautuko dira.

Aipatutako langileei honako diru-kopuru hauek ordainduko zaizkie, gehienez ere:

  1. – Masterrean eskolak ematearren, orduko 120 euroraino.

  2. – Bidaiak, joan-etorriak eta mantenua justifikatzeko, berriz, aurrekontua kudeatzeko EHUn indarrean egongo den arautegiak dioena beteko da.

    Erositako material inbentariagarria gastuen kasuan kasuko kontzeptuan kontabilizatuko da eta unibertsitatearen ondarean sartuko da. Horrexegatik, inbentario ofizialean agertu beharko da, arlo horretako arautegiak xedatutakoaren arabera.

EHUk antolatuko dituen unibertsitate-master guztiei aplikatuko zaie arautegi hau. EHUk beste unibertsitate batzuekin batera antolatuko dituen programa ofizialen kasuan ere aplikatuko da arautegi hau baina, horrez gain, erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena hartuko da kontuan.

Hasiera batean proposatu diren master ofizialetan aldaketarik egin nahi izanez gero, Doktoretzako Azpibatzordeak beren-beregi eman beharko du baimena eta horretarako dauden tramite guztiak bete beharko dira. Bestalde, ikasketa planetako aldaketak direla-eta, matrikula egiteko epea baino lehen jakinarazi eta baimendu beharko dira.

Arautegi honetan aurreikusitakoaren aurkako xedapen guztiak indarrik gabe geratuko dira.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.