Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2008ko otsailaren 18koa, Universidad del Paํs Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Farmazia Fakultatearen Arautegia EHAAn argitara dadila agintzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 51
  • Hurrenkera-zk.: 1541
  • Xedapen-zk.: 228
  • Xedapen-data: 2008/02/18
  • Argitaratze-data: 2008/03/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.

Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Eta Universidad del Paํs Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta Lege horrek dio, 10. artikuluko bigarren atalean antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Esukal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak, bi mila eta zortziko otsailaren 12ko bileran, Farmazia Fakultatearen Arautegia onartzea erabaki zuen.

Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko, ondokoa

Honako barne-erregimeneko arautegi honek Farmazia-Fakultatearen eta bere aginte-organoen funtzionamendua erregulatzea du helburu, Universidad del Paํs Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) estatutuek, bere ikastegien oinarrizko arautegiak eta indarrean dauden eta aplika dakizkiokeen arautegi eta legeria guztiek ezartzen dutenarekin bat etorrita.

  1. – Farmazia-Fakultatea, Universidad del Paํs Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) ikastegia, irakaskuntzarako eta ikerkuntzarako gunea da; Farmazia, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Ingurumen-Zientziak eta Giza Elikadura eta Dietetikaren titulu ofizialak lortzera bideratutako unibertsitate-ikasketak ordenatzen eta antolatzen ditu, bai eta ere prozesu akademikoak eta administratiboak gidatu eta gestionatu ere. Halaber, UPV/EHUk onartuko lituzkeen eta Fakultatearen jarduerari esker edozein beste titulu edo diploma lortzeko irakaskuntza antolatu eta koordinatuko du. Nolanahi ere, onartutako ikasketa ofizialen zerrenda arautegi honen I eranskinean jasoko da, zein aldian-aldian eguneratuko baita.

  2. – Farmazia-Fakultateak Vitoria-Gasteizko (01006) Unibertsitatearen Ibilbideko 7an dagoen eraikinean dauka egoitza.

  3. – Farmazia-Fakultatean eskolak ematen dituzten sailen zerrenda arautegi honen II eranskinean jasoko da, zein aldian-aldian eguneratuko baita.

  4. – Farmazia-Fakultatean irakaskuntza eta ikerkuntza laguntzeko dauden zerbitzuen zerrenda arautegi honen III. eranskinean jasoko da, zein aldian-aldian eguneratuko baita.

  1. – Farmazia-Fakultatea ikastegiko kideek eta berorri lotutako gainerako pertsonalak osatzen dute.

  2. – Hauek dira Farmazia-Fakultateko kideak:

    1. Ofizialki ikastegiari atxikita dauden irakasle guztiak.

    2. Fakultatean irakasten diren titulazio eta ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

    3. Fakultateari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako pertsonala.

  3. – Ikastegira lotuta egongo dira, baina kide izan gabe, ikastegiari atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten gainerako irakasleak, ikastegian egoitza daukaten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonala, eta ikastegian zerbitzuak ematen dituztenak.

Hauek dira Fakultatearen eginkizunak:

  1. Bai irakaskuntzari eta bai gestioari dagokionez, UPV/EHUko titulu akademiko ofizialak edo berezkoak antolatzea, bai eta bestelako espezializazio-ikastaro, etengabeko prestakuntzako edo unibertsitate nahiz kultur hedakuntzarako ikastaroak ere.

  2. Urtero irakaskuntza-eskaintza egitea, UPV/EHUko ikasketa-programazioaren arabera, bai eta ikasturte bakoitzerako ikasketa-planak ere, titulazio bakoitzean eskolak ematen dituzten sail guztiekin koordinazioan.

  3. Ikasketa-planen onespena edo aldaketa proposatzea, eta UPV/EHUko beste organo batzuek halakorik proposatu eta ikastegian eragina daukanean, ikasketa-planak onetsi edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea.

  4. Fakultatean ematen diren titulazioen funtzionamendu orokorra ebaluatzea.

  5. Fakultatearen irakaskuntza-plana, administrazioa eta zerbitzuak aurrera eramateko behar den pertsonala proposatzea.

  6. Irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalak bere eginbeharrak betetzen dituen jagotea.

  7. Ikastegiaren aurrekontuko hornidura gestionatzea eta atxikita dauzkan baliabideak administratu eta langileak gidatzea.

  8. Irakaskuntzan eta ikerkuntzan laguntzeko berezko zerbitzuak sustatu eta gestionatzea legeek esleitzen dioten ahalmenen arabera.

  9. Fakultatearen urteroko plana garatu eta betetzea.

  10. Urteroko oroitidazkia egitea.

  11. Hizkuntza-plangintza orokorra garatu eta ikastegira egokitzea.

  12. Etengabeko hobekuntza bultzatzea, eta langileen trebetasun pedagogikoa nahiz prestakuntza eguneratzea.

  1. UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea zeinek bere eginkizunak bete ditzan.

  2. Zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatzea, eta espezializazio nahiz unibertsitate-hedakuntzarako ikastaroak sustatzea.

  1. Legeak, estatutuek edo unibertsitate-arautegiak bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak.

Farmazia-Fakultatearen gobernu, ordezkaritza eta administrazio-organoak Fakultateko Batzarra, Dekanoa, Dekanordeak, Idazkari Akademikoa eta Administratzailea dira.

  1. – Kide anitzeko organoak dira Fakultateko Batzarra, Akademia-Antolakuntza eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea, Euskara Batzordea, Ikerkuntza Batzordea, Batzorde Ekonomikoa, Prebentzio eta Segurtasunerako Batzordea, Kalitate Batzordea eta 8.2.j artikuluaren arabera eratzen diren Fakultate Batzarraren batzordeak.

  2. – Kide anitzeko gobernu-organoak, Ikastegiko Batzarraz gain, ikastegian sortutako eta ebazpenak hartzeko berezko eskumena duten Batzordeak dira, zeinek arautegi honek eskuordetutako eskumenetan.

  1. – Fakultateko Batzarreko osakideak Dekanoa, Dekanordeak, Idazkari Akademikoa, Fakultateko Administratzailea, eta 32 kide izango dira, azken hauek unibertsitateko kidegoen artean era honetan banatukoak: 17 osakide Unibertsitatearekin behin betiko lotura duten irakasleen kidegoetako artean hautatuak, 4 osakide gainontzeko irakasleen eta ikertzaileen artean hautatuak, 3 kide administrazio eta zerbitzurako pertsonalaren artean hautatuak eta 8 kide ikasleen artean hautatuak.

  2. – UPV/EHUko estatutuek ezartzen dituzten ordezkarien portzentaiak bermatzeko, Dekanoaz gain, Dekano-taldearen bi kide gutxienez Unibertsitatearekin behin betiko lotura duten irakasleak izango dira.

  3. – Fakultateko Batzarra honako arautegi honek gidatuko du eta bere kide hautatuak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek urtero aldatuko baitira.

  1. – Fakultateko Batzarra ikastegiko kide anitzeko ohiko gobernu-organoa da ikastegian.

  2. – Fakultateko Batzarrak ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabakiak hartu behar ditu, batez ere honakoak:

    1. Fakultatearen arautegia prestatu eta Gobernu-kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.

    2. Fakultateko Dekanoa hautatzea.

    3. Gobernu-organoei Fakultateko irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren plantillako beharrizanak aurkeztea.

    4. Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak Fakultatera egokitzeko plana onartzea.

    5. Hizkuntza-normalkuntzarako planak betetzeko eta plan horiei jarraipena egiteko Fakultateak dauzkan premien memoriak aurkeztea Campuseko Errektoreordetzari, hark Errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu-kontseiluari bidera diezazkion.

    6. Fakultateari atxikitako irakasle-lanpostuen eskariez iritzia ematea.

    7. Ikasketa-planak eta beren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu-kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

    8. Irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak onartzea, aldez aurretik balorazio orokor bat eginda.

    9. Fakultateak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dena bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

    10. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea campuseko batzarrerako; ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena Fakultateko Ikasle- Kontseiluak luzatuta.

    12. Fakultateak, beharrezkoa izanez gero, ohorezko aitorpenak adierazi eta emateko erabiliko dituen moduak zabaldu eta arautzea.

    1. Estatutuek eta beroriek garatzen dituzten arauek bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko beste gobernu-organoek eskuordetzen dizkionak.

  3. – Fakultateko Batzarrak ohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko ditu urteko oroitidazkia, eginkizun-plana eta urteko txosten ekonomikoa, Dekanoak aurkeztuta. Oroitidazkia eta eginkizunen plana behin onartuta, Campuseko Batzarrari eta Gobernu-kontseiluari bidaliko zaizkie, jakitun egon daitezen.

  1. – Farmazia Fakultateko batzordeak honakoak izango dira:

    1. Akademia-Antolakuntza eta Ikasketak Baliozkotzekoa.

    2. Euskara.

    3. Ikerkuntza.

    4. Ekonomikoa.

    5. Prebentzio eta Segurtasuna.

    6. Kalitatea.

  2. – Batzorde guztiak, bere kide hautatuei dagokienez, lau urterik behin eraberrituko dira, ikasleen ordezkariak salbuetsita, horiek urtero aldatuko baitira, eta halabeharrez Fakultateko Batzarreko kide izan behar ez dutenak.

  3. – Talde bakoitzak bere ordezkariak hautatuko ditu, beharrezkoa bada botazioaren bidez.

  4. – Batzordeen eraketa-ekitaldian, batzorde bakoitzak bere idazkaria hautatuko du.

Akademia-Antolakuntza eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeko burua Dekanoa izango da, edo hark bere ordez izendatuko lukeen Dekanordea. Honez gain, batzordea Idazkari Akademikoak, irakasleen 5 ordezkarik, titulazio bakoitzeko gutxienez bana ordezkari izateko aukeratutakoak, eta ikasleen 3 ordezkarik, titulazio bakoitzeko gehienez bana ordezkari izateko aukeratutakoak, osatuko dute.

Fakultateko zuzendaritzak bermatuko du Fakultateko kasuan kasuko bulegoak aholkularitza teknikoa emango diola batzordeari.

  1. – Akademia-Antolakuntza eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak ikasleek aurkeztuko dituzten eskariak ebatziko ditu indarreko legeriari jarraiki, ikasketak baliozkotzeko, aukera askeko kredituak amortizatzeko eta kreditu baliokideak aintzat hartzeko. Batzorde horrek hartutako ebazpenen aurkako errekurtsoak Errektoreari aurkeztu ahal izango zaizkio.

  2. – Gainera, Akademia-Antolakuntza eta Ikasketak Baliozkotzeko batzordearen eginkizunak honako hauek izango dira:

    1. Sailek proposatutako irakaskuntza-programaz iritzia ematea eta beronen antolakuntza Fakultate Batzarrari proposatzea, examinetarako eta eskola teoriko zein praktikoetarako egutegi egokiak ezarriz.

    2. Irakasgaien edukietan egon daitezkeen gainezartze-kasuak baloratzea.

    3. Irakaskuntzarako eremuen erabilera aztertzea, baliabideen probetxu egokiena lortzeko asmoz.

    4. Irakaskuntza-jardueragatik sor daitezkeen gatazketan artekariarena egin; irakaskuntzarekin erlazionatutako gatazkentzat ebazpenak proposatzea, sailen mailatik at geratzen direnean edo sailek konpontzerik ez dutenean.

    5. Aplika daitezkeen irakaskuntza-moduluak aztertzea, bai eta onar daitezkeen ikasleen kopurua ere.

    6. Ikasketa-planen garapena ikuskatu eta koordinatzea, bai eta emaitzen balorazioa ere.

    7. Epaimahai akademikoetako kideen izendapena Fakultateko Batzarrari proposatzea.

    8. Fakultateko Batzarrak bere gain uzten dituen edo arautegiak ematen dizkion eginkizun guztiak onartzea.

  3. – Akademia-Antolakuntza eta Ikasketak Baliozkotzeko batzordeari laguntzeko, Farmazia-Fakultatean irakasten diren graduko titulazio bakoitzerako batzorde tekniko bat osatuko da eta hauek proposamenak aurkeztuko dizkiote Akademia-Antolakuntza eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeari. Batzorde teknikoen arteko koordinatzailea Akademia-Antolakuntzarako Dekanordea izango da.

  4. – Batzorde teknikoak osatu dituzten kideak izango dira:

    1. Dekanoak izendatutako titulazioaren koordinatzaile bat, zein batzordeko burua izango baita.

    2. Titulazioan irakaskuntza-zama handien duten jakintza-arloko lau irakasle, dagokien sailek proposatuta.

    3. Ikasleak, bana titulazioaren ziklo bakoitzeko, Fakultateko Ikasleen Kontseiluak proposatutakoak.

  5. – Titulazioen batzordeen eginkizun eta aztergai izango dira:

    1. Titulazioen jarraipena egitea.

    2. Ikasketa-planak ikuskatzea, koordinatzea eta eraberritzea.

    3. Farmazia-Fakultatearen menpeko titulazioen arazo espezifikoak analizatzea.

    4. Fakultateko Akademia-Antolakuntzarako eta Ikasketak Baliokidetzeko Batzordeak eslei diezazkiokeen gai guztiak onartzea.

Euskara Batzordea, parte hartze eta aholkularitza-organoa izango da eta batzorde horren helburua izango da euskararen erabilera bultzatzea Fakultatean, UPV/EHUren plangintza orokorrari jarraiki. Euskara-Batzordeko burua Dekanoa izango da, edo hark bere ordez izendatuko lukeen pertsona eta, gainera, irakasleen 3 ordezkarik, AZPren 2 ordezkarik eta ikasleen 2 ordezkarik osatuko dute.

  1. – Euskara Batzordearen eginkizunak izango dira:

    1. Fakultateko euskararako plangintzei buruzko informazioa, aholkua ematea eta proposamenak egitea.

    2. Unibertsitateko Euskara Batzordeari jarraiki, Fakultaterako plangintza espezifikoak antolatu eta bultzatu, beti elebitasunean aurrera egiteko.

    3. Sailen arteko koordinatzailea izatea irakaskuntza eta ikerkuntza euskaraz egiteko behar den oinarrizko materiala prestatzeko orduan.

Ikerkuntza Batzordea aholku-emailea izango da eta Dekanoa izango du buru eta, gainera, irakasle doktore funtzionarioen 3 ordezkarik, gainontzeko irakasle eta ikertzaile doktoreen 2 ordezkarik, trebatzen ari diren irakasle eta ikertzaileen ordezkari batek eta AZPren ordezkari batek osatuko dute.

  1. – Ikerkuntza Batzordearen eginkizunak dira:

    1. Ikerkuntzan laguntzeko zerbitzu komunen sorrera eta abiaraztea bultzatzea.

    2. Sailen, ikerkuntzarako erakunde publikoen eta enpresa publiko zein pribatuen arteko konexioa sustatzea.

    3. Ikerkuntzarako eremuen erabilera aztertzea, baliabideen probetxu egokiena lortzeko asmoz.

    4. Fakultatean lantzen diren ikerkuntza-gaien berri emateko hitzaldi eta mintegiak burutzea eta bultzatzea.

    5. Ikerkuntzaren kalitatea eta irakasleen eta ikertzaileen heziketa zientifikoa sustatu.

    6. Fakultateko Batzarrak bere gain uzten dituen edo arautegiak ematen dizkion eginkizun guztiak onartzea.

Batzorde Ekonomikoa aholku-emailea izango da eta Dekanoak, batzordeko burua izango denak, Idazkari Akademikoak, batzordeko idazkaria izango denak, Fakultateko Administratzaileak, irakasleen 4 ordezkarik, AZPren ordezkari batek eta ikasleen 2 ordezkarik osatuko dute.

  1. – Batzorde ekonomikoaren eginkizunak dira:

    1. Fakultateari emandako aurrekontuen banapena proposatzea eta jarraipen ekonomikoa egitea.

    2. Urteroko oroitidazki ekonomikoa Fakultateko Batzarrari aurkeztea.

    3. Gradu-ondoko tituluen aurrekontuari buruzko iritzia ematea, bai eta Fakultateko beste behin behineko diru-iturriei buruzkoa ere.

    4. Fakultate Batzarrak bere gain uzten dituen edo arautegiak ematen dizkion eginkizun guztiak onartzea.

Prebentziorako eta Segurtasunerako Batzordea aholku-emailea izango da. Bere burua Dekanoa izango da, edo honek bere ordez izendatuko lukeen pertsonak eta, gainera, Fakultateko Administratzaileak, 3 irakasleen 3 ordezkarik, trebatzen ari den AZPren ordezkari batek, administrazioko eta zerbitzuetako langileen bi ordezkarik eta ikasleen ordezkari batek osatuko dute.

  1. – Prebentziorako eta Segurtasunerako Batzordea UPV/EHUko Errektorearen 2003ko apirilaren 7ko erabakiarekin bat etorrita arituko da, UPV/EHUko prebentziorako berezko zerbitzuaren eraketa, antolakuntza eta funtzionamenduari dagokienez, eta bere eginkizunak dira:

    1. Konposatu eta hondakin kimikoak eta biologikoak manipulatzeko, biltzeko eta ezabatzeko arauak Fakultateko Batzarrari proposatzea.

    2. Segurtasunerako arautegiak jakitera ematea eta betetzen direla zaintzea.

    3. Fakultateko instalakuntzak, muntaiak zein gailuak mantentzeak eta aldatzeak sor ditzaketen arriskuak aztertzea eta informatzea.

    4. Fakultate Batzarrak bere gain uzten dituen edo arautegiak ematen dizkion eginkizun guztiak onartzea.

Kalitate Batzordea aholku-emailea izango da eta Dekanoak, batzordeko burua izango denak, Fakultateko Administratzaileak, irakasleen 4 ordezkarik, administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren 2 ordezkarik eta ikasleen 2 ordezkarik osatuko dute.

  1. – Kalitate Batzordearen eginkizunak izango dira:

    1. Kalitatearen kultura sustatzea.

    2. Titulazioen ebaluazioetatik eratorritako hobekuntza-planen aplikazioaren jarraipena egitea.

    3. Fakultateko kalitateko gidaliburua egitea eta bere jarraipena zaintzea.

    4. Fakultate Batzarrak bere gain uzten dituen edo arautegiak ematen dizkion eginkizun guztiak onartzea.

  1. – Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izango dira.

  2. – Bileretarako deiak, oro har, ohikoak izango dira. Fakultateko Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu, gutxienez, seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, halaber, arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko aurreko akten onespena eta galde-eskeak izeneko aztergaiak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela berretsi behar da bileraren hasieran. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia.

    Dena dela, kide anitzeko organoko kideen % 25ek hala eskatzen badu, biltzeko deia egin beharko da eta bilera ezohikoa izango da, eta, gehienera ere, zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik hasita.

  2. – Bilerarako deia organoko Idazkariak bideratuko du, denbora nahikoarekin eta, edonola ere, bileraren data baino hiru egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zer ordutan, eta zeintzuk gai aztertuko diren bertan. Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  3. – Deialdian aztergaiak osatzen dituzten puntuak jasoko dira zehatz-mehatz. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo absolutuak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

  4. – Aztergaietan agertu beharko dira organoko kideen % 10ek gutxienez, erregistroaren bitartez eta beranduenez deialdia baino 72 ordu lehenago eskatutako puntuak.

  5. – Organoak jarduera daukan egoitzetan eta gainerako tokietan eman beharko da argitara deialdia, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

  1. – Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi, honako egoeretan utziko diolarik organoko kide batek kide izateari (UPV/EHUren estatutuetako 228. artikulua):

    1. Hilez gero edo ezintasuna izanez gero;

    2. Hauteskundeak baliogabetuz gero;

    3. Agintaldiaren amaiera.

    4. Dimisioa aurkeztuz gero.

    5. UPV/EHUkoa, Fakultatekoa edo hautatu izan zeneko taldeko kidea izateari uztea.

    6. Hiru saietara jarraian ez etortzea justifikaziorik gabe, edo sei ez jarraitutan.

  2. – Organoa behin eratuta, hutsik geratuko diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraiki eta bete ezin den leku kopurua kideentzako lekuen % 50ekoa edo handiagoa edo organoetako kideentzako lekuen % 30ekoa edo handiagoa bada, hauteskunde partzialak egin behar dira lekuak betetzeko. Modu horretan hautatutakoak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegiak betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu kontseiluko kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute beren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoa izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Dekanotza-taldeak eginkizun hori erraztuko du, eskatutakoa gehienez bost egun balioduneko epean bere esku jarriz, ohiko bideen bitartez eta, beti ere, pertsonen intimitatea behar bezala babestuz.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa egotea bertan lehen deialdian; edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean egon beharreko tartea 10 minututakoa izango da. Edonola ere, organoko Buruak eta Idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Bozketa guztietan kide anitzeko organoko gutxienez kideen herenaren presentzia beharko da.

  1. – Kide anitzeko organoko Buruak bilera behar bezala gara dadila bermatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.

  2. – Eztabaidak aztergaiei jarraituz egingo dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzeko erabakia har dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.

  3. – Organoko Buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoetako kideek aktan agerrarazi ahal izango dute beren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira proposamenekin batera.

  5. – Kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bileretara, egoki deritzonean, aztergaietako punturen batekin zerikusia daukan iritzia edo informazioa kide anitzeko organoari eman diezaioten. Gonbidatuen izen-abizenak bilerako aktan jasoko dira, botoa emateko eskubidea izango ez duten arren.

  6. – Fakultateko edozein kidek eskubidea izango du kide anitzeko organoen bileratara joateko baimena organoaren buruari eskatzeko. Eskaera onartuz gero, joan daiteke, hitzarekin baina botorik gabe.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo osoa behar izango da, Estatutuek, Arautegi honek edo gainerako lege-xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen duena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu duten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen duena.

    Berdinketa izanez gero, berriro bozkatuko da; eta berriro berdinduz gero, organoko Buruaren kalitate-botoak erabakiko du.

  2. – Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek eskatzen duenean. Dena dela, beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek edo abstenitu egiten direnak horretarako arrazoia azalduz gero, ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan. Bozketa isilpekoa bada, interesatuak boto-txartela emango dio organoko Idazkariari bozkatzerakoan, eta, txartel horrekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto-txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio.

  1. – Idazkariak bilerako akta egingo du. Aktak bileran bertan edo hurrengoan onartuko dira, eta hurrengo bilerako aztergaiei dagozkien dokumentuekin batera banatuko dira akten zirriborroak. Aktak, behin onartuta, Idazkariak sinatuko ditu eta organoko Buruak ontzat emango.

  2. – Aktan nahitaez jasoko dira bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko edozein kidek eskatu ahal izango du bere parte-hartzea edo proposamena hitzez hitz jasotzeko aktan eta, horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua, eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esango duen moduan.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak proposatu den aldaketa egiaztatuko du, eta gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo da.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen bilera bat egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Esandako epean erreklamaziorik aurkeztu ezean, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztu gero, kide anitzeko organo aldatuak egingo duen lehenengo bileran onartu beharko dira aktak.

  6. – Behin onartuta, Fakultateko iragarki-taulan argitaratuko dira, beti ere pertsonen intimitatea gordeta, eta ikastegiko kideek eskuratu ahal izango dituzte kontsultetarako ikastegiko Idazkaritza Akademikoan.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede emango du eta ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Fakultate Batzarrak hartutako erabakiak Fakultateko iragarki-taulan emango dira argitara gehien ere hiru egun balioduneko epean, eta pertsonen intimitatea behar bezala babestuta. Erabaki hauek, gutxien dela, hilabetean egongo dira argitaratuta. Gainera, pertsonei buruzko erabakiak interesatuei jakinarazi beharko zaizkie zuzenean. Erabakiek argitaraturik egingo duten hilabetean zehar, epeak ere korrituko dira Errektoregoaren aurrean egin beharreko errekurtsoa egiteari dagokionean.

  3. – Akademia-Antolakuntza eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak hartutako erabakiak interesatuei jakinarazi beharko zaizkie zuzenean.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ez bada behintzat. Erabakiak publikoak dira eta unibertsitateko kasuan kasuko organoak jakinaren gainean jarriko dira.

  2. – Kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Errektoreari, hilabeteko epean.

  1. – Dekanoa Fakultateko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio-organoa da.

  2. – Dekanoa Fakultateari atxikitako, arduraldi osoko eta Unibertsitaterekin behin betiko lotura duten irakasleen artetik hautatzen da, eta Errektoreak izendatzen du.

  3. – Dekanoa Fakultateko Batzarraren ezohiko bileran hautatuko da.

  4. – Dekanoa izateko kandidaturen aurkezpenarekin batera, Dekanotza-taldearen osaera, lehenengo Dekanordearen izendapena eta programa aurkeztu beharko dira.

  5. – Hautagai bat baino gehiago aurkezten baldin bada, lehenbiziko bueltan hautatua izanen da Fakultateko batzarkide guztien gehiengo absolutuen botoak lortzen dituen hautagaia. Inork lortuko ez balu boto kopuru hori, bigarren botazioa egingo da, baina horretan bakarrik lehiatu ahal izango dira lehenengo botazioan boto gehien lortu duten hautagai biak, boto gehien lortzen duena hautetsia izanik.

  6. – Hautagai bakarra aurkezten baldin bada, bozketa aldeko eta kontrako botoen prozedura bitartez burutuko da eta hautagaia lehenbiziko bueltan hautatua izanen da aldeko botoen gehiengo absolutua lortzen baldin badu. Bigarren bueltan hautatua izanen da aldeko botoen gehiengo xinplea lortuz gero. Beharrezko gehiengoa ez baldin bada lortzen, hauteskunde berriak egingo dira.

  7. – Arautegi honetan jasotzen ez diren ustezkoetan, UPV/EHUko hauteskunde arautegi orokorrean jasotakoa jarraitu beharko da.

  8. – Dekanoa Errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko dira bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtetakoa izango da. Gehienez, bi agintaldi egin daitezke segidan.

  1. – Dekanoak arrazoi hauengatik utziko du kargua:

    1. Hilez gero.

    2. Legezko ezintasuna.

    3. Dimisioa aurkeztea.

    4. Fakultateko kide izateari utziz gero;

    5. Agintaldia amaituz gero.

    6. Fakultateko Batzarrak zentsura mozioa onartuz gero.

  2. – Zentsura-mozioa ikastegiko idazkaritza akademikoan aurkeztuko da idatziz, arrazoituta eta, gutxienez, batzarreko kideen % 20ren sinaduraren babesarekin. Behin zentzura mozioa aurkeztu eta eskatutako betebeharrak betetzen dituela egiaztaturik, Dekanoak 72 ordutako epean Fakultate Batzarraren bilerarako dei egingo du, bilera beranduenez zentzura mozioa aurkeztu denetik hamabost egunera izan beharko delarik. Eztabaida mozioa sinatu duen batzarkide baten zentzura mozioaren defentsarekin hasiko da. Zentzuratuak erantzungo du eta ondoren Fakultate batzarreko kideek parte hartuko dute, eskatu ondoren eta aldeko eta kontrako txandetan.

    Zentzura aurrera aterako da alde bozkatzen duten batzarkideen kopurua kontra bozkatzen duten kopurua baino handiagoa denean. Fakultate Batzarrak zentsura-mozioa onartzen baldin badu Dekanoak berehala aurkeztuko du dimisioa.

  3. – Cuando ello resulte posible, el Decano o Decana continuarแ en sus funciones hasta el nombramiento del nuevo Decanato.

  4. – Dekanoa gaixorik edo kanpoan balego, izendapenean beren-beregi zehaztutako Dekanordeak egingo lioke ordezkoa. Halako izendapenik ez badago, kide ohikoena buru dela, Fakultateko Batzarrak izendatuko du ordezkotza egingo duen Dekanotza-taldeko kidea. Sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jarduneko dekanoak hauteskundeetarako deia egingo du hilabeteko epean.

  5. – Fakultatean kide bakarreko organo bat ere ez balego, kategoria eta antzinatasun handiena daukan Fakultateko arduraldi osoko irakasleak hartuko lituzke bere gain Dekanoaren zereginak. Irakasle horrek Dekanoa aukeratzeko deia egin beharko luke gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan.

  1. – Errektoreak irakaskuntza-lanetik salbuetsi ahal izango du Dekanoa, neurri batean edo erabat.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaskuntza-lanetik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko gaiak eguneratzeko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko dituzte emanda karguan.

  1. – Hauek dira Dekanoaren eginkizunak:

    1. Fakultateko ordezkaria izatea eta ikastegiari atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala izatea.

    2. Fakultatearen jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

    3. Fakultateko kide anitzeko organoetako buru izatea.

    4. Ikastegiko Batzarraren, gobernu-organo orokorren eta campus bakoitzeko organoen jarraibideak ezarri eta haien erabakiak betetzea.

    5. Errektoreari proposatzea haren eskumeneko izendapenak.

    6. Fakultateko Batzarrari urteko oroitidazkia eta plana aurkeztea.

    7. Dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik, ikastegiko leku guztien higiene eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

    8. Fakultateko kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

    9. Fakultatearen ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

    10. Ikastegiari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia dutenak, UPV/EHUren estatutuen 102.2. eta 103.2. artikuluetan adierazitako moduan.

    11. Tokiak esleitzea ikastegian diharduten sail, institutu eta zerbitzuei, Fakultateko Batzarrak onartuko dituen irizpideez bat. Era berean, ikastegiko azpiegitura erabiltzean lehentasunak zein diren erabakiko du.

    12. Lankidetza eta koordinazio-programak adostea sailekin irakaskuntza eta ikerketa-jardueretarako, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.

    1. Gainerako gobernu-organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, Fakultatearekin zerikusia daukatenak.

  2. – Fakultateko Dekanoak lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu-kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

  3. – Era berean, Dekanoari dagokio aurkeztutako kexa, erreklamazio eta iradokizunei erantzutea, Fakultateko edozein kidegok aurkeztu ahal izango dituenak era egokian erregistratutako idatzi batez. Erantzunean, idazkiaren lehenengo sinatzaileari igorri beharrekoa, hartutako erabakia jakinaraziko da eta, hala balegokio, arrazoia.

  1. – Fakultateko Dekanotza-taldeko burua Dekanoa izango da eta Dekanordeek eta Idazkari Akademikoak osatuko dute.

  2. – Fakultateko Dekanotza-taldeak laguntza eman behar dio Dekanoari bere zereginetan, batez ere honako hauetan:

    • titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanean;

    • ikasketa-planak eguneratzeko zereginean, modu horretara gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko;

    • ikasleen laneratzea bultzatzeko eginkizunean;

    • ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak gainbegiratzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez;

    • irakaskuntza-plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzeko zereginean, bai eta titulazioetako irakaskuntz lanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestio lanean ere;

    • titulazioen irakaskuntzaren kalitatea sustatzeko lanean;

    • ikastegiko jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzeko lanean.

  1. – Errektoreak, Dekanoak proposatuta, Dekanordeak izendatuko ditu behar diren baldintzak betetzen dituzten Fakultateko arduraldi osoko irakasleen artetik.

  2. – Dekanordeek Dekanoak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta beren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio Fakultateko Batzarrari eta, horrez gain, argitara emango dira.

  3. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, Fakultateko kide izateari uztea edo Errektoreak hala ebaztea, Dekanoak proposatuta.

  4. – Dekanoak Dekanotza-taldean gertatutako aldaketen berri emango du Fakultateko Batzarraren hurrengo bileran.

  1. – Errektoreak irakaskuntza-lanetik salbuetsi ahal izango ditu Dekanordeak eta idazkaria, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakaskuntza betebeharretatik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko, beti ere karguan, gutxien dela, hiru urte eginda.

  1. – Idazkari Akademikoa Errektoreak izendatu du, Dekanoak proposatuta, jardunean dagoen arduraldi osoko irakasleen artean.

  2. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, UPV/EHUko kide izateari uztea edo Errektoreak hala ebaztea, Dekanoak proposatuta.

Hauek dira ikastegiko Idazkari Akademikoaren eginkizunak:

  1. Idazkari moduan aritzea Fakultateko Batzarrean betetzen duen karguagatik, dagokion gainerako batzordeetan; eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.

  2. Fakultateko Batzarrerako deia egitea, Dekanoaren agindua jaso ondoren.

  3. Gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo ikastegiko dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

  4. Ikastegiko Erregistro Orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arau eta irizpideak betez.

  5. Ikastegiko batzarrak hartuko dituzten erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu-organoari.

  6. Oro har, laguntza ematea ikastegiko Dekanoari, baita Fakultateko Idazkari Akademikoari dagozkion gainerako eginkizunak betetzea ere.

  1. – Errektoreak irakaskuntza-lanetik salbuetsi ahal izango du Fakultateko Idazkari Akademikoa, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakaskuntza-betebeharretatik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko dituzte emanda karguan.

  1. – Fakultateko zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua Administratzailea izango da.

  2. – Administratzaileak menekotasun funtzionala izango du Dekanoarekiko eta Fakultateko administrazio eta zerbitzuetako pertsonala zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horrez gain, Fakultateko organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz arduratuko da.

  3. – Fakultateko Administratzaileak eguneratuta izango du ikastegiari atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio Fakultateko Batzarrari, ontzat eman dezan. Ondoren unibertsitateko gerentziara igorriko da. Era berean, laguntza teknikoa emango dio Dekanotza edo taldeari ikastegiaren urteko premien oroitidazkia prestatzeko lanean, Fakultateko Batzarrak ontzat eman beharrekoa.

Fakultateak bere helburuak betetzeko eta jarduerak aurrera eramateko, behar beste langile eta UPV/EHUko aurrekontu orokorrean sail berezituak izango ditu, eta bere sailak autonomiaz gestionatuko ditu.

UPV/EHUk urtero zehaztuko du Fakultatearen aurrekontuko hornidurarako emango duen diru sail orokorra, baina aurrekontuko hornidurak beste osagai hauek ere izango ditu:

  1. Burutzen dituen zereginen etekinak.

  2. Jasotzen dituen diru-laguntzak, kasuan kasuko diru-laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

  3. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  4. Zientzia, teknika edo arte-lanak egiteko edo espezializazio-ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokion zatia.

  1. – Fakultatearen jarduera ekonomikoa UPV/EHUren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

  2. – Fakultateak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, Dekanotza-taldeak jakinaren gainean jarriko du gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek ikastegiaren aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztu du Fakultateko batzarrean, ontzat eman dezan.

  1. – Arautegia aldatzeko ekimena Dekanoak edo Fakultateko Batzarraren kideen % 25ak har dezake. Azken kasu honetan, ekimena aurrera eramateko Dekanoari zuzendutako idatzi baten bidez hautabidezko testu bat proposatu beharko da, bai eta proposamenaren sinatzaileak identifikatu ere.

  2. – Dekanoak Fakultateko Batzarra -horretarako beren-beregi deitutakoa- ezohiko bilera batean bilduko du, proposamena aurkeztutako egunetik hilabeteko epean, aldaketa-proposamenari buruzko iritzia emateko. Proposamenak aurrera egingo du emandako botoen gehiengo absolutua lortzen baldin badu. Horren ondoren, eta legaltasun kontrola behin eginda, Gobernu-kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

  3. – Aldaketa-proposamena ez baldin bada onartzen, ekintzaileek ezin izango dute proposamen berri bat luzatu urte bete pasa arte.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.