Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko azaroaren 30ekoa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Errektore hautatzeko Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko Agindua emateko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 244
  • Hurrenkera-zk.: 7206
  • Xedapen-zk.: 219
  • Xedapen-data: 2007/11/30
  • Argitaratze-data: 2007/12/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

UPV/EHUko Estatutuen 249. artikuluak zehazten du errektorea unibertsitateko kideek hautatuko dutela, hautaketa zuzenaz eta sufragio unibertsal, libre eta sekretuaz.

Arautegi honen bidez, 2004. urtean onartu zen arautegia 4/2007 Legera egokitu beharra dago (lege horrek Unibertsitateen Lege Organikoa aldarazi du) hauteskunde taldeak aldatu egin baitira, eta, bestalde gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako indarrean dagoen legedia ere izan behar da kontuan.

Gobernu Kontseiluak, 2004ko uztailaren 22an egindako bileran, Estatutuak garatzeko prozedura ezarri zuen, eta 2007ko azaroaren 29an, organo berak, Errektore Hautazeko Arautegia onartu zuen, eranskinean jasotako moduan.

Azkenik, UPV/EHUko Estatutuetako 258.1. d) artikuluak dio, idazkari nagusiak bermatu behar duela UPV/EHUko erabakiak argitaratzea; eta, bestalde, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemaren buruzkoak, dio erabakiak oso-osorik argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Horregatik guztiagatik, honakoa

UPV/EHUko Estatutuetako bigarren xedapen iragankorrean zehaztutako dago Estatutuok indarrean jartzen direnetik hilabeteko epean gehienez ere, Gobernu Kontseiluak Hauteskunde Arautegi Orokorra onartuko duela. Beraz, xedapen hori betetzeko, behin-behineko Gobernu Kontseiluak, 2004ko otsailaren 3an egindako bileran, Errektorea Hautatzeko Arautegia onartu zuen eta horri jarraituta egin zen 2004ko hauteskunde prozesua.

Hala ere, arautegi hori 4/2007 Legera egokitu beharra dago (lege horrek Unibertsitateen Lege Organikoa aldarazi du) hauteskunde taldeak aldatu egin baitira, eta, bestalde, gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako indarrean dagoen legedia ere izan behar da kontuan. Unibertsitateen Lege Organikoak, 20.2 artikuluaren bidez, ematen du aukera errektorea aukeratzeko sistema aldatzeko, baina aldaketa hori Unibertsitateko Klaustroak onartu behar du Estatutuetan egin beharreko aldaketen bidez.

Araudi honen helburua da errektorea hautatzeko hauteskundeak arautzea UPV/EHUko Estatutuetako 249. artikuluan zehaztutakoari jarraituz (UPV/EHUko Estatutuak 2003ko maiatzaren 21ean onartu zituen unibertsitateko Klaustroak, eta abenduaren 23ko 322/2003 Dekretuaren bidez argitaratu ziren EHAAn, 2004ko urtarrilaren 12an argitaratu ere).

Errektorea unibertsitateko kideek hautatuko dute, hautaketa zuzenaz eta sufragio unibertsal, haztatu, libre eta sekretuaz. Errektore izateko hautagai izan ahalko dira UPV/EHUn jardunean dauden eta arduraldi osoa daukaten unibertsitateko katedradunen kidegoko irakasle funtzionarioak.

  1. – Hautesle izango dira Euskal Herriko unibertsitatean zerbitzuak betetzen dituzten guztiek, betiere, hauteskundeetarako deian errolda ixteko zehaztutako egunean jardunean badaude; ere berean, ikasleak ere izango dira hautesle, baldin eta matrikula indarrean badute eta hurrengo artikuluan jasotako hautesle-taldeetako erroldaren batean agertzen badira.

  2. – Hauteskundeetan botoa emateko eskubidea izateko beharrezko diren baldintzak hauteskundeetarako deian errolda ixteko zehaztutako egunean bete behar dira.

  1. – Errektorea hautatzeko hauteskundeetarako, unibertsitateko kideak ondoko lau talde hauen arabera egongo dira banatuta:

    1. UPV/EHUrekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreak, hau da: unibertsitateko katedradunen kidegoetakoak; unibertsitate eskoletako katedradunen kidegoetakoak; unibertsitateko irakasle titularrak; eta unibertsitate eskoletako irakasle titularrak, baldin eta doktore titulua badute. Era berean, talde honetan sartuko dira kontratupeko irakasle eta ikerlari doktoreak, betiere, UPV/EHUrekin lortura iraunkorra badute.

    2. Gainerako irakasle eta ikerlariak, aurreko taldean sartzen ez direnak.

    3. Ikasketa ofizialetan matrikulatutako ikasleak. Talde horretakoak izango dira berezko tituluetan eta Giza Zientzien unibertsitate tituluan matrikulatutako ikasleak. Hirugarren zikloko ikasletzat honakoak hartuko dira: doktoregoko programaren batean matrikula egina dutenak; ikertzeko gaitasuna aitortuta izanik eta tesi proiekturako tutoretza-matrikula egina izanik, ez dutenak tesiaren defentsa egin.

    4. Administrazio eta zerbitzuetako langileak: UPV/EHUko funtzionarioak edo lan kontratuko langileak; beste administrazio publiko batzuetakoak izanik, indarreko legediari jarraiki UPV/EHUn zerbitzuak betetzen ari diren langileak; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen lanpostuen zerrendan ageri diren konfiantzazko langileak.

  2. – Kideren bat talde batean baino gehiagotan ageri bada, jarduera nagusia betetzen duen taldea izango da kontuan hartuko dena.

  3. – Ez dira hautesle izango ikastegi atxikietako ikasleak, administrazioko langileak eta irakasleak.

  4. – Hautesleek kasuan kasuko hauteskunde mahaian emango dute botoa; dena dela, botoa aldez aurretik emateko eskubideari buruz zehaztutakoa ere izan beharko da kontuan.

  1. – Errektorea hautatzeko hauteskundeetarako deia egin bezain laster, Hauteskunde Batzorde Nagusia eratuko da.

  2. – Euskal Herriko Unibertsitateko Hauteskunde Batzorde Nagusiari dagokio errektorea hautatzeko hauteskundeak antolatzea, kontrolatzea, emaitzak aldarrikatzea eta horren guztiaren inguruan egindako inpugnazioak ebaztea.

  3. – Honakoak izango dira Hauteskunde Batzorde Nagusiko kideak: errektorea (batzordeburua izango da); idazkari nagusia; hauteskunde taldeetako kide bana, Gobernu Kontseiluko kideen artetik zozketaz aukeratuak. Zozketan talde bakoitzerako titularra eta bi ordezko aukeratuko dira. Zozketa horretarako, Gobernu Kontseiluko kide guzti-guztiak kasuan kasuko taldeetan banatuko dira.

  4. – Aukeratutako kideren bat errektore izateko hautagai bada edo hautagai zerrendaren bateko kide bada, kargua utzi eta ordezkoa izendatuko da batzorderako. Errektoreari ordezkoa egiteko Estatutuetako 251. artikuluan zehaztutakoari jarraituko zaio edo, hori posible ez bada, Gobernu Kontseiluko kategoria eta antzinatasun handieneko kidea izango da ordezkoa. Idazkariaren ordezkoa, berriz, Gobernu Kontseiluan irakasle eta ikerlarien taldeko kiderik gazteena izango da, betiere, ezinezkoa bada zuzendaritza taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko errektoreak emandako erabakian zehaztutakoa ezartzea.

  5. – Hauteskunde Batzorde Nagusiak gehiengo soilaren bidez hartuko ditu erabakiak; berdinketa dagoenean batzordeburuaren botoak erabakiko du.

  6. – Hauteskunde Batzorde Nagusiaren egoitza Idazkaritza Nagusia izango da, eta eginkizunak egoki betetzeko behar dituen baliabide guztiak izango ditu.

  7. – Arautegi honetako idatzi eta agiri guztiak Hauteskunde Batzorde Nagusiko buruari zuzendu beharko zaizkio eta Unibertsitateko Erregistro Nagusian aurkeztu beharko dira, erregistroak daukan ordutegiaren barruan.

  8. – Hauteskunde Batzorde Nagusiak ahalmena dauka araudi hau eta hauteskunde prozesu honi ezar dakizkiokeen gainontzekoak interpretatu eta ezartzeko.

  1. – Errektorea aukeratzeko hauteskunde eguna behin zehaztuta, hauteskunde batzorde bana eratuko da ikastegietan. Batzorde hori barrutiko hauteskunde talde bakoitzeko (41. artikuluan zehaztutako eran egongo dira banatuta taldeak) kide batez osatuta egongo da, ikastegiko batzarreko kideen artetik aukeratuta. Batzorde burua dekano edo zuzendaria izango da, edo hark eskuordetutako kideren bat, eta idazkaria, berriz, idazkari akademikoa.

  2. – Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalak (AZP) campus bakoitzean izango duen hauteskunde batzordeko burua gerentea edo horrek eskuordetutako pertsona izango da, eta adineko mahai batez osatuta egongo da.

Hauteskunde Batzorde Nagusiaren eskumenak dira:

  1. behin betiko errolda onartzea.

  2. hautagaiak aldarrikatzea 16. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

  3. ikastegietako mahaien kokalekua onartzea, ikastegiko dekano edo zuzendariaren proposamenari jarraituz.

  4. hauteskunde mahaiek egindako galderak ebaztea.

  5. errektore izateko hautagai hautetsia aldarrikatzea.

  6. hauteskunde mahaiko botazioa baliogabetzea, eta beste hauteskunde prozesu bat irekitzea 24. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

  7. kexak, erreklamazioak eta errekurtsoak ebaztea, araudi honi jarraituz;

  8. Gobernu Kontseiluak zehaztu ez arren, hauteskunde prozesua behar bezala betetzeko beharrezko diren gainontzeko jarduketak.

  9. hauteskunde mahaiko kide izateari uko egiteko aurkeztutako arrazoiak aztertzea.

  10. hautagaien kanpainako gastuak gainbegiratzea.

  1. – Agintaldia amaitu baino hilabete lehenago, Gobernu Kontseiluak errektorea hautatzeko hauteskundeetarako deia egingo du.

  2. – Kargua uzteko arrazoia Estatutuetako 250. artikuluan zehaztutako besteren bat bada, hauteskundeetako deia egiteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, errektoreak kargua uzten duen egunetik kontatzen hasita.

  1. – Idazkaritza Nagusiak hautesleen behin-behineko errolda osatuko du pertsonaleko zerbitzuek eta akademi gestiokoek emandako zerrendak oinarri hartuta. Ondoren, errolda argitaratzeko agindua emango du eta Errektoregoko iragarki oholean, campusetako errektoreordetzakoetan eta ikastegi guztietakoan jarri beharko da Gobernu Kontseiluak hauteskundeetarako onartutako egutegiaren arabera. UPV/EHUko erakundearen iragarki oholetan (intranet) ere argitaratuko dira.

  2. – Behin-behineko erroldari buruzko erreklamazioak Hauteskunde Batzorde Nagusiari zuzendu beharko zaizkio, hauteskundeetarako egutegian jasotako epearen barruan; erreklamaziook Unibertsitateko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira. Hauteskunde Batzorde Nagusiak lau egun baliodun izango ditu erreklamazioak ebazteko, eta, ondoren, behin betiko errolda onartu eta argitaratzeko agindua emango du.

  1. – Errektorea hautatzeko hauteskundeetan, irakasle eta ikertzaileentzat (4. artikuluko a eta b hauteskunde taldeak) ikastegia izango da hauteskunde barrutia (atxikipenari dagokiona).

  2. – Ikasleen kasuan, hauteskunde barrutia ikastegia izango da. Doktoregoko, master ofizialetako eta berezko tituluetako ikasleen kasuan, honakoetako bat izango da barrutia: ikasketak ematen diren ikastegia edo ikastegi baten baino gehiagotan ematen badira, programaren ardura daukan sailaren edo institutuaren egoitzari dagokion ikastegia. Hori posible ez bada, programako zuzendariaren ikastegia izango da barrutia. Giza Zientzietako ikasleen kasuan, berriz, eskolak emateko erabiltzen den lekua.

  3. – Administrazio eta zerbitzuetako langileentzat (AZP) UPV/EHUko hiru campusak izango dira hauteskunde barrutia.

  1. – Honakoak dira hauteskunde mahaiaren eginkizunak: botazioan buru izatea, bozketa bakez eta gardentasunez egiten dela zaintzea, hauteskundeei buruzko arautegia bete egiten dela zaintzea eta botoak zenbatzea.

  2. – Unibertsitateko talde bakoitzeko eratu behar den hauteskunde mahai kopurua Hauteskunde Batzorde Nagusiak zehaztuko du. Lurralde sakabanaketa edo beste gorabehera batzuk kontuan izanda boto eskubidea bermatu ahal izateko egoki bada hauteskunde mahai bat baino gehiago eratzea, horrela erabakiko du Hauteskunde Batzar Nagusiak. Edozelan ere, eta posible den heinean, ikastegi bakoitzak edo irakasgune bakoitzak gutxienez hauteskunde mahai bat izango du.

  3. – Hauteskunde mahai bakoitzak mahaiburu bat eta hiru mahaikide izango ditu. Edozelan ere, bi mahaiburu (titularra eta ordezkoa) eta sei mahaikide (3 titular eta 3 ordezko) izendatuko dira, behar bezala ordenatuta.

  4. – Horiek guztiak barrutiko hautesleen artetik, eta, egoki denean, kasuan kasuko hauteskunde taldeetako kideen artetik, aukeratuko dira barrutiko Hauteskunde Batzordeak egindako zozketaren bidez. Ez da zozketan sartuko hautagai izateko onartutakorik. Giza Zientzietako titulazioaren kasuan, Hauteskunde Mahairako zozketa Hauteskunde Batzorde Nagusiak egingo du.

  5. – Hauteskunde mahaiko kide izatea egokituz gero, nahitaezkoa da eginkizun hori betetzea, behar bezala egiaztatutako bidezko arrazoirik izan ezean. Horrelakoetan, idatzi bidez egin beharko zaio uko izendapenari, idatzia hauteskunde batzordeko idazkariari zuzenduta eta izendapenerako jakinarazpenean zehaztutako epearen barruan.

  6. – Mahaia eratzean ez bertaratzeak erantzukizunak eskatzea ekar dezake, eta horrelako egoeratan, hauteskunde mahaiko buruak edo, hala egokituz gero, Hauteskunde Batzorde Nagusiko buruak, hautesleen artetik berak nahi duena aukeratuko du.

  1. – Mahaiburua eta mahaikideak, titularrak zein ordezkoak, botazioa hasteko ordua baino ordubete lehenago bilduko dira botazio lekuan, mahaia eratzeko eta dagozkien eginkizunak betetzeko. Titularrek eta ordezkoek txandak nola antolatu erabakiko dute botazioa hasi aurretik, eta aktan jasota ageri beharko da.

  2. – Mahaia eratzeko nahitaezkoa izango da mahaiburua eta hiru mahaikideak bertan izatea. Botazioa egin bitartean, gutxienez mahaiko bi kide egon beharko dira bertan.

  3. – Mahaiko zenbait kide bertaratu ez direlako ezinezkoa bada mahaia eratzea, berton daudenek unean bertan emango diote egoeraren berri Hauteskunde Batzordeari, haren ustez hauteskundeak behar bezala egiteko egokien diren pertsonak aukera ditzan, edo dekano edo zuzendariaren esku utz dezan ardura hori.

  4. – Ikuskariak botazioa hasteko zehaztutako ordua baino 30 minutu lehenago bertaratu beharko dira. Mahaiburuak ikuskarien agiriak hartu eta mahaia eratzeko aktari erantsiko dizkio. Ikuskariak berandu badoaz eta heldu orduko mahaia eratzeko akta eginda badago, ezin izango dute prozesua ikuskatu.

  5. – Mahaia eratzeko akta mahaiburuak, mahaikideek (titularrek eta ordezkoek) eta ikuskariek bete beharko dute bozketa hasi aurretik, Hauteskunde Batzorde Nagusiak onartutako ereduari jarraituz.

  1. – Mahaiak botoen gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak, eta berdinketarik egonez gero, mahaiburuaren botoak erabakiko du.

  2. – Hauteskunde prozesuan gorabehera larririk gertatuz gero, mahaiburuak Hauteskunde Batzorde Nagusiari jakinaraziko dio lehenbailehen, eta, gainera, horren berri jaso beharko du aktan.

  1. – Hala nahi duten hautagaiek ikuskari bat proposatu ahalko dute mahai bakoitzeko. Ikuskaria kasuan kasuko mahaiko hauteslea izan beharko da.

  2. – Ikuskariak izendatzeko eskariak Hauteskunde Batzorde Nagusiari bidali beharko zaizkio, hautagaiak behin betiko aldarrikatu eta hurrengo bi egunen barruan. Ikuskariak izendatzeko eskarian proposatu nahi diren ikuskarien izen-deiturak, helbidea eta telefonoa eman beharko dira, eta horrekin batera interesatuek sinatutako onarpen idatziak aurkeztu.

  3. – Hauteskunde Batzorde Nagusiak, baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, bakoitzaren izendapena egingo du, bi kopiatan. Ikuskariak aleetako bat mahaiko buruari emango dio eta hark mahaia eratzeko aktari erantsi.

  1. – Hautagaitzak hautagaiak berak sinatutako idatzi bidez aurkeztu beharko dira, hautagaiaren izen-abizenak adierazita eta Hauteskunde Batzorde Nagusiari zuzenduta.

  2. – Hautagaiek hautagai izateko lege xedapenetan jasotako baldintza guzti-guztiak bete beharko dituzte, horien artean, klaustrokideen % 10ek sinatutako bermea.

  3. – Errektore izateko hautagaiek idatziz aurkeztu beharko dute programa eta gobernu taldearen egitura eta osaera, eta jasota ageri beharko da nortzuk izango diren errektoreordetza gehienen eta Idazkaritza Nagusiko karguen ardura izango dutenak. Proposatutako gobernu taldean sexu bietako jendea egon behar da ordezkatuta gutxienez % 40an.

  4. – Hautagai zerrendak aurkezteko idatzia UPV/EHUko Erregistro Orokorreko bulegoetan aurkeztu beharko da, Gobernu Kontseiluak onartuko duen egutegiari jarraiki.

  5. – Hautagaitza bertan behera utzi nahi izanez gero, Hauteskunde Batzorde Nagusiari zuzendutako idatzia aurkeztu beharko da Erregistro Nagusian, botoa aldez aurretik emateko zehaztutako epea bukatu baino gutxienez 24 ordu lehenago.

Hauteskunde Batzorde Nagusiak, hautagaiek baldintza guztiak betetzen dituztela behin egiaztatuta, hautagaien behin-behineko zerrendak aldarrikatuko ditu, Gobernu Kontseiluak onartutako egutegiari jarraituz. Hautagaiak behin-behinekoz aldarrikatuta, inpugnazioak aurkeztu ahal izango dira unibertsitateko Erregistro Orokorrean, hauteskundeen egutegian horretarako zehaztuko den epean. Hauteskunde Batzorde Nagusiak inpugnazioak ebatzi, hautagai zerrendak behin betiko aldarrikatu eta agindua emango du beroriek ikastegi bakoitzeko iragarki oholean, bai eta unibertsitatearen iragarki ohol informatikoaren bidez ere, argitaratzeko.

Aldarrikatutako hautagai zerrendak ikusgai egongo dira gutxienez botazio egunera arte.

Errektorerako hautagaiak zerrendak aldarrikatu ondoren UPV/EHU utziko balu, modu automatikoan geratuko da baliogabe zerrenda.

  1. – Hautagai zerrendak behin betiko aldarrikatzen direnetik botaziorako 24 ordu falta diren arte, hautagaiek hauteskunde kanpaina egin ahal izango dute.

  2. – UPV/EHUko Estatutuetako 249.2 artikuluan jasotakoa betetzeko, Unibertsitateak (zerbitzu nagusien kasuan Gerentziaren bidez, eta ikastegien kasuan dekano eta zuzendarien bidez) hauteskundeetako ekintzak egiteko behar dituzten lokalak utziko dizkie errektore izateko hautagaiei, horretarako eskaririk eginez gero. Edozelan ere, hautagai bakoitzak goiz edo arratsalde batez baino ezin izango du erabili ikastegi bakoitzeko gradu aretoa edo areto nagusia.

  3. – Ikastegi guztietan iragarki ohol bereziak jarriko dira hauteskundeetako propagandarako.

  4. – Hauteskunde garaian aukera egongo da hautagaiaren web orrira edo/eta blogera sartzeko atari honen bidez: www.ehu.es/elecciones. Atari horrek bi sarrera izango ditu: bat erakundearena eta beste bat hautagai bakoitzerako. Hautagaiek edo berek aukeratutako norbaitek web orrian jartzen den informazioa moderatuko du. Sarrera, bestalde mugatua izango da eta hautagaiek baino ezin izango dute eskegi informazioa. Botoa eskatzeko, erakundearen beste komunikazio sare batzuk ere erabili ahal izango dira, betiere, KIT Gerenteordetzak adierazitako irizpideei jarraituz.

  5. – Hautagaiek hautesle zerrenda osoaren kopia bat izateko eskubidea izango dute. Hautagaiei ez zaie aldez aurretik boto txartelik emango botazio eguna baino lehen banatzeko.

  6. – Errektore izateko hautagaiek "pdf" formatuan aurkeztu beharko dituzte programak, bi hizkuntzeta, eta aparteko bi dokumentutan: bata gaztelaniaz eta bestea, euskaraz (www.ehu.es/elecciones; www.ehu.es/hauteskundeak).

  7. – Errektore izateko hautagaiek beren programako oinarrizko puntuen berri eman dezaten, diru kopuru bat izango du bakoitzak, Gobernu Kontseiluak deialdian onartutakoa. Diru hori eskuratu ahal izateko, justifikatu egin beharko da gastua. Debekatuta dago erakundearen fondoak, kargu akademikoei esleituak, erabiltzea kanpainarako.

  8. – Kanpaina ezin izango da finantzatu kanpoko erakundeen bidez, eta propagandarako onartuko den ikur bakarra Unibertsitatekoa izango da.

  9. – Kasuan kasuko hauteskunde batzordearekin ados jarrita, ikastegi bakoitzeko ikasle kontseiluak, Unibertsitatekoarekin batera, ikastegi bakoitzean eskola ordu bat izango du bere zereginak betetzeko eta hauteskundeen arrazoia eta horien garrantzia azaltzeko. Ordu horretan ez da eskola jarduerarik egingo eta gela egoki bat izango dute zeregin hori betetzeko. Ezin izango dute, inolaz ere, tarte hori erabili hauteskunde kanpaina egiteko, ez eta hautagai baten alde egiteko ere.

  10. – Errektoreak Unibertsitateko Klaustrorako ezohiko deia egingo du, hautagaiek beren programak aurkeztu eta eztabaida ditzaten. Klaustrokideek hautagaientzako galderak prestatu ahal izango dituzte 20 klaustrokideren sinaduren babesarekin; galderok Klaustroa baino gutxienez 48 ordu lehenago aurkeztu beharko dituzte.

  11. – Hautagai guztiek baldintza berberetan egin dezaten hauteskunde kanpaina, errektore kargurako hautagaiak irakasle eta ikerlari legez dituzten eginkizunetatik libre egongo dira, hautagai zerrendak behin betiko aldarrikatzen diren unetik hasi eta lehenengo bozketa egin arte; bigarren txanda egin behar izanez gero, bigarren txanda horretara doazen hautagaiak bigarren bozketa egin arte egongo dira eginkizunetatik libre. Kasuan kasuko sailak eskolak behar bezala emateko beharrezko diren neurriak hartuko ditu.

  1. – Botoa emateko txartel ofizialak eta gutunazalak Hauteskunde Batzorde Ofizialak onartuko ditu. Hautagaiak aurkeztu aurretik, aipatutako batzordeak txartelen diseinu orokorra onartu ahal izango du.

  2. – Errektorea hautatzeko hauteskundeetan hautagai bakarrari eman ahal izango zaio botoa.

  3. – Deialdian zehaztuko da zein izango den botoa emateko ordutegia eta mahai guztietarako bera izango da. Ordutegia honakoa izan daiteke: 10:00etan hasi eta arratsaldeko 19:00ak arte, etenik egin gabe.

  4. – Hautesleak beren burua identifikatu beharko du botoa emateko, eta honako agiriren bat erabili ahal izango du: UPV/EHUko kide dela egiaztatzen duen txartela edo eskudun administrazio publikoak identifikaziorako emandako agiri ofizialen bat.

  5. – Mahaiko kideek egiaztatuko dute botoa ematera etorri dena erroldan dagoela. Ondoren, hautesleak boto txartela emango dio mahaiko buruari edo dagokion mahaikideari, eta berak boto kutxan sartuko du segituan.

  6. – Mahaiko kide batek botoa eman duten hautesleak markatuko ditu dagokion zerrendan, mahaiko buruak edo mahaikideak txartelak boto kutxan sartu ahala.

  7. – Botazioa amaitzeko ordua heltzean, mahaiko buruak botazioa amaitzera doala iragarriko du ozen, eta ez dio inori gehiago gelan sartzen utziko. Dena dela, barruan daudenetako batek artean botorik eman ez badu, utzi egingo dio botoa ematen. Hurren, mahaiko erroldan dauden ikuskariek eta mahaikideek emango dute botoa, nahi izanez gero.

  8. – Boto txartela aukeratzeko edo mahaiko buruari emateko ezintasunen bat daukatenek konfiantzako pertsona baten bidez egin ahalko dute.

  1. – Botazio egunean bere hauteskunde barrutian egoterik ez dutenei bertan parte hartzea errazteko asmoz, ikastegietako zuzendariek eta campusetako gerenteordeek botoa aldez aurretik ematea onartuko dute, botazio eguna baino lehenagoko hiru egun baliodunetan, behar den ziurtagiria emanda. Ikastegietan lan egiten duten administrazio eta zerbitzuetako langileek kasuan kasuko ikastegian eman ahal izango dute botoa aldez aurretik, AZPkoen Hauteskunde Batzordeak onartuko duen prozedurari jarraiki.

  2. – Botoak gutunazal ofizial itxian egon beharko dira. Gutunazal itxi hori eta NANaren fotokopia bat (edo 18. artikuluan adierazitako beste dokumentuen fotokopia bat) beste gutunazal batean sartu beharko dira, dagokion mahaiburuari zuzendurik. Gutunazal horren kanpoaldean hauteslearen izen-abizenak eta zein taldetako kidea den adierazi beharko da; hautesleak hegalean sinatu eta zinta itsasgarriarekin ondo itxiko du.

  3. – Behin botazioa amaituta, horrela emandako botoak boto kutxan sartuko dira, hauteslea erroldan agertzen dela egiaztatu ondoren. Hautesleren batek botoa aldez aurretik eman arren hauteskunde egunean ere ematen badu, aldez aurretik emandako botoak balioa galduko du eta ez da kutxan sartuko.

  4. – Hautesleak berak eman behar du aldez aurretiko botoa.

  5. – Errektorea hautatzeko bigarren txanda egin behar izanez gero, aldez aurretiko botoa botazioa egunaren aurreko bi lanegunetan eman ahal izango da.

  1. – Botazioa amaituta, botoak zenbatuko dira ekitaldi publikoan. Botazio bat baino gehiago egonez gero, lehenengo, errektorea hautatzeko botazioko txartelak zenbatuko dira. Behin boto guztiak zenbatuta, mahaiak erreklamazioak ebatziko ditu.

  2. – Boto baliogabeak izango dira: oharren bat duten txarteletan emandako botoak eta izenen bat ezabatuta edo aldatuta dutenak; baliogabeak izango dira ere gutunazalean txartel desberdinak sartuta dituztenak, edo gutunazal gabe ontzian sartutakoak, gutunazala nahitaezkoa denetan.

  3. – Boto guztiak zenbatu eta erreklamazioak ebatzi ondoren, emaitzak aktan jasoko dituzte Hauteskunde Batzorde Nagusiak mahaiburuari emandako ereduaren arabera. Aktan jaso beharrekoak dira: hautesle kopurua, hauteskunde talde bakoitzeko boto emaileak, txartel baliogabeen kopurua, txartel baliodunak (boto zuriak zenbat izan diren berariaz adierazita) eta hautagai bakoitzak lortutako boto kopurua. Halaber, erreklamazioak, hartutako erabakiak eta gorabeherak ere adierazi beharko dira.

  4. – Boto zenbaketa behin amaituta, mahaiko buruak posta elektronikoz berehala bidaliko dizkio emaitzak Hauteskunde Batzorde Nagusiari (secretariagenerallg.ehu.es).

  5. – Akten jatorrizkoak biharamunean bidaliko zaizkio Hauteskunde Batzorde Nagusiari, hauteskunde mahai guztietakoak hartu ondoren botoak haztatu ditzaten hauteskunde taldeak kontuan hartuta.

Aktak behin sinaturik, suntsitu egingo dira boto kutxetatik ateratako boto txartelak (ingurugirorako jasangarria den prozeduraren bat erabilita), baliogabeko botoak dauzkatenak edo erreklamazioren bat izan dutenak izan ezik. Horiek aktari erantsiko zaizkio, eta mahaikideek akta behin sinatuta, Idazkaritza Nagusira bidaliko dituzte.

Mahaiek argitara emango dituzte emaitzak aktak sinatu bezain laster. Horretarako, aktak fotokopiatu eta ikastegietako hauteskunde oholetan eskegiko dituzte.

  1. – Hauteskunde Batzorde Nagusiak akta hartu ondoren, boto guztiak zenbatuko ditu botazio egunaren hurrengo bi egunetan. Era berean, aktak aztertuko ditu eta egindako erreklamazio eta izandako gorabeherei buruzko erabakia hartuko du aktan jasotakoa kontuan hartuta.

  2. – Errektorea hautatzeko hauteskundeetako botoa haztatua izango da, Unibertsitateko talde banaketaren araberakoa. Taldeak eta bakoitzari dagozkion ehunekoak honakoak dira:

    1. A taldea, unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreak: % 51.

    2. B taldea, bestelako irakasle eta ikertzaileak: % 18.

    3. C taldea, ikasleak: % 20.

    4. D taldea, administrazio eta zerbitzuetako langileak: % 11.

      Botoen haztapena egiteko, hautagai zerrendei emandako baliozko botoak baino ez dira kontuan izango. Artikulu honen ondorioetarako, baliozko botoak hautagai bakar bat markatuta dutenak izango dira. Beraz, ez dira baliozko bototzat hartuko ez boto zuriak, ez boto baliogabeak.

      Zenbaketaren akta egin ondoren, Hauteskunde Batzorde Nagusiak hautatutako hautagaia aldarrikatuko du behin-behinekoz.

  3. – Baliozko botoen haztapena kasuan kasuko hauteskunde batzordeak egingo du. Botoen haztapenari dagokion koefizientea lortzeko, zatiketa egingo da: 2. puntuaren arabera talde bakoitzari dagokion ehunekoa zati hautagai zerrenda guztiek talde horretan lortutako baliozko boto guztiak. Hauteskunde batzordeak koefiziente hori ezarriko die hautagai zerrenda bakoitzak talde bakoitzean lortutako botoei, ondorengo puntuan adierazitako irizpideei jarraituz.

  4. – Eragiketak egiteko, ondorengo formula eta eranskineko adibidea hartu behar dira kontuan. Gehiengoa osoa izango da boto haztatuen % 50 baino gehiago lortu bada.

    Formula aplikatzeko irizpideak:

    Sa A taldea: Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreak

    Sb B taldea: bestelako irakasle eta ikertzaileak

    Sc C taldea: ikasleak

    Sd D taldea: administrazio eta zerbitzuetako langileak

    Pr Talde bakoitzari dagokion ehunekoa (artikulu honetako 2. puntuan adierazitakoak)

    Vv Hautagai zerrenda bakoitzak talde bakoitzeko lortutako baliozko botoak

    Cp Talde bakoitzaren haztapen koefizientea

    V1 1. hautagaiak lortutako boto kopurua

    V2 2. hautagaiak lortutako boto kopurua

    V3 3. hautagaiak lortutako boto kopurua

    C1 1. hautagaiak lortutako boto haztatuen %

    C2 2. hautagaiak lortutako boto haztatuen %

    C3 3. hautagaiak lortutako boto haztatuen %

    Talde bakoitzean hautagai bakoitzak lortu duen boto haztatua kalkulatzeko formula:

    Cp = Pr , Ci = Cp x Vi i= 1, 2, 3,...

    Vv

    Hautagai bakoitzak guztira lortutako boto haztatuak hautagai bakoitzak talde bakoitzean lortutako botoen batura izango da.

  1. – Lehenengo txandan hautetsi aldarrikatuko da baliozko botoen erdiak baino gehiago biltzen dituen hautagaia, aurreko zenbakiak adierazitako haztapenak behin aplikatuta. Inork lortuko ez balu boto kopuru hori, bigarren botazioa egingo da, baina horretan bakarrik lehiatu ahal izango dira lehen botazioan boto gehien lortu duten hautagai biak, lehen aipatutako haztapenak kontuan hartuta. Bigarren txandan botoen gehiengo soila lortzen duen hautagaia aldarrikatuko da hautetsi, botoen haztapena egin ondoren. Bigarren txanda lehenengo txandako emaitzak argitaratu eta gehienez 10 egunera egingo da.

  2. – Hautagai bakarra badago, lehen botazioa baino ez da egingo. Botazio horretan hautesleek alde, kontra edo zuri eman ahalko dute botoa. Hautagai bakar hori errektore aldarrikatuko da, baldin eta emandako baliozko botoetatik aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira, 23. artikuluko 2. puntuan zehazten diren haztapenak behin aplikatuta.

  3. – Hasiera batean hautagai bat baino gehiago egon arren hauteskunde egunean hautagai bakarra balego gainontzeko hautagaitzak bertan behera utzi dituztelako, txanda bakarra egingo da 2. paragrafoan zehaztutakoari jarraituz.

  4. – Hautagai hautetsia behin-behinekoz aldarrikatzen denean, erreklamazioak jarri ahal izango dira aldarrikapena egin eta hurrengo bi egunetan. Hauteskunde Batzorde Nagusiak bi eguneko epea izango du (erreklamazioak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatzen hasita) erreklamazioak ebazteko, eta, ondoren, behin betiko aldarrikatuko du nor den hautetsia.

  5. – Hautagai hautetsia behin betiko aldarrikatzearen kontra errekurtsoa jar dakioke errektoreari hiru eguneko epean. Hark bost eguneko epea izango du errekurtsoak ebazteko, eta epe hori igarota ez badu horren gaineko erabakirik eman, erreklamazioa ez dela onartu ulertu beharko da eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du erreklamazio egileak.

  6. – Hautetsia behin betiko aldarrikatu aurretik, Hauteskunde Batzorde Nagusiak baliogabetu egin ahalko du mahai bateko edo zenbaitzuetako botazioa, baldin eta botazioaren emaitzan eragina izan dezakeen akatsik egon bada. Horrelakoetan, berriro egingo da botazioa ahalik eta arinen.

  7. – Errektoreak jardunean jarraituko du hautetsiak kargua hartu arte. Hauteskundeetarako deia egin eta hautagairik ez badago, edo aurkeztutako bakarrak ez badu hautsi izateko behar besteko gehiengorik lortu, errektoreak jardunean jarraituko du, eta beste hauteskunde batzuetarako deia egingo du, gehiez ere hogeita hamar eguneko epean.

  1. – Hauteskunde mahai bakoitzean boto kutxa elektroniko bat egongo da, bai eta leku egokia ere boto txartelak egiaztatzeko behar den gailua jartzeko. Arrazoi teknikoak kontuan hartuta kutxa elektroniko bakarra jar daiteke talde desberdinetarako, betiere, behar bezala identifikatu eta botoak taldeen arabera zenbatzen badira.

  2. – Bestalde, hautagai zerrenda bakoitzerako txartel nahikoa eta boto zuria emateko txartel nahikoa edukiko du txartelak jartzeko gordeta dagoen lekuan.

  3. – Hauteskunde mahaiak boto kutxako gailu elektronikoa ireki eta ixteko kontrol txartelaz gain, beharrezko diren akta eta agiriak eta hautesle errolda izan beharko ditu.

  4. – Hauteskunde mahaiak, eratzeko unean edo eratu ondoren, botoa emateko lekuan eduki beharreko materialen bat falta balu, berehala emango dio horren berri Hauteskunde Batzorde Nagusiari, falta diren gauzak ekar ditzaten.

  1. – Botazioa hasi aurretik, mahaiburuak -mahaikideak eta behar bezala akreditatutako ikuskariak aurrean direla- boto kutxako gailu elektronikoa piztu eta kutxa irekitzeko kontrol txartela sartuko du kutxa pertsonalizatzeko. Kutxaren gailu elektronikoak hauteskunde mahaiko datuak eta hautagai zerrendak zuzenak direla egiaztatuko du. Era berean, egiaztatu egingo dute boto kutxaren pantailan hautagai zerrenda bakoitzeko botoak, boto zuriak eta baliozko botoak eta botoa emandakoen kopurua zeroan daudela.

  2. – Ondoren, txartelak gorde behar dituen kutxatila hutsik eta ondo itxita dagoela eta egiaztapenerako gailua behar bezala dabilela egiaztatuko dute.

  3. – Botazioa hasi aurretik ezinezkoa bada aurreko 1. puntuan boto kutxa elektronikoa irekitzeko adierazitakoa betetzea kutxa ondo ez dabilelako, mahaiburuak, hauteskunde barrutian material elektronikoaren ardura daukanarekin hitz egin, eta, egoki iritziz gero, matxuratutako boto kutxa elektronikoa kendu eta beste bat jarriko du. Horrelakorik gertatzekotan, mahaiburuak gertatutakoa jasota utziko du 20. artikuluan zehaztutako aktan, eta Hauteskunde Batzorde Nagusiari jakinaraziko dio.

  4. – Aurreko paragrafoan zehaztutako prozedura boto kutxa elektronikoaren funtzionamenduan gorabeherarik dagoenerako da, dena delako gorabehera botazioa egin bitartean edo hauteskunde mahaietan botoak zenbatzen diren bitartean gertatzen denerako, hain zuzen ere.

Hautesleak boto elektronikorako txartela, behar bezala itxita, eskura emango dio mahaiburuari, eta hark boto kutxaren gailu elektronikoko irakurgailuan sartuko du. Gailu elektronikoak txartela irakurri, eta onartu edo atzera botako du. Onartuz gero, boto kutxa elektronikoaren zirrikitua ireki egingo da, eta mahaiburuak, jendaurrean, kutxan sartuko du boto txartela.

Jarraian, itxi egingo da boto kutxa elektronikoko zirrikitua, eta hautesle kopurua gehitu egingo da mahaiko boto kutxatilaren pantailan.

  1. – Boto kutxako gailu elektronikoak boto txartela onartzen ez duenetan, mahaiburuak hautesleari txartela itzuli eta beste bat hartzeko eskatuko dio.

  2. – Mahaiburuak egiaztatu egin beharko du hautesleak ematen dion boto txartel itxiaren kanpoko aldea ez dagoela aldatuta: ez daukala ezer idatzirik edo botoa zein eratakoa den erakutsiko duen ikurrik edo txartelak berak jatorriz ez daukan bestelakorik. Aldatuta badago, mahaiburuak ez du onartuko txartela, eta beste bat hartzeko eskatuko dio hautesleari.

  3. – Hautesleak boto txartela itxi barik ematen badio mahaiburuari, hark ixteko eskatuko dio hautesleari, itxi ondoren boto kutxa elektronikoaren irakurgailuan sartu ahal izateko.

  4. – Boto emateko prozesuan kutxa guztiz bete eta posible ez bada boto gehiago sartzea, mahaiko buruak ezaugarri bereko beste boto kutxa huts bat jarriko du. Mahaiburuak gorabehera horren berri eman beharko du 20. artikuluan zehaztutako aktan, eta Hauteskunde Batzorde Nagusiari jakinaraziko dio zer erabaki duten.

  5. – Boto elektronikoa emateko prozesua abian dela mahaiburuak boto kutxa elektronikoak ez duela zuzen funtzionatzen ikusiz gero, agindua emango du botoa eskuz sartzeko kutxan, eta kendu egingo dute matxuratutako gailu elektronikoa eta beste bat jarri kutxa itxita egon dadin. Era berean, mahaiburuak mantenimenduko arduradunari eskatuko dio beste boto kutxa elektroniko bat ekartzeko (boto kutxa elektronikoa osorik, botorako kutxatila eta guzti). Boto kutxa elektroniko berria hartu ondoren, ireki eta martxan jarriko du, eta mahaiburuak, lehengo boto kutxa zigilatu eta mahaiaren zaintzapean utzi ostean, aurrerantzean botoa modu elektronikoan emateko agindua emango du.

  6. – Boto kutxa zigilatuko botoak kutxa horretatik atera eta kutxa berrian sartu beharko dira. Hauteskunde mahaiak erabakiko du, ikuskariak aurrean direla, hori noiz egin: botazio prozesuan zehar edo amaieran. Mahaiburuak gorabehera horren berri eman beharko du 20. artikuluan zehaztutako aktan, eta Hauteskunde Batzorde Nagusiari jakinaraziko dio zer erabaki duten.

  7. – Matxuratutako gailu elektronikoa zigilatu egingo du mahaiburuak, eta Hauteskunde Batzorde Nagusiari jakinaraziko dio, gailu hori mahaitik kendu eta gordetako datu guztiak ezaba ditzaten.

  8. – Mahaiko buruaren zeregina da beharrezko neurriak hartzea botazioa oztopa dezakeen ekintzarik gerta ez dadin.

    Mahaiburuak, aurreko paragrafoetan zehaztutako gaien baten inguruko erabakirik hartu baino lehen, aholkua eskatuko die hauteskunde barrutian material elektronikoaren mantenimenduaren ardura dutenei.

Boto kutxa elektronikoko gailu elektronikoak ez badu onartzen aldez aurretik emandako botoaren txartela, edo aldez aurretik emandako botoaren gutunazala irekitzean mahaiak boto txartel bat baino gehiago dagoela ikusten badu, mahaiak, hauteslearen nortasuna isilpean gortzeko xedez, ez du kutxan sartuko boto hori: gainontzeko agiriekin batera Hauteskunde Batzorde Nagusiari bidaliko dio, eta 20. artikuluan adierazitako aktan jasota utziko ditu bai gertaera, bai gertaerako arrazoiak ere.

Halaber, aldez aurretik emandako botoaren txartelak kanpoko aldean gorabeherak dituela ikusiz gero, mahaiak ez du kutxan sartuko eta Hauteskunde Batzorde Nagusiari bidaliko dio.

  1. – Botazioa behin bukatuta, mahaiburuak kutxa ixteko kontrol txartela sartuko du gailu elektronikoan, eta, horrela, kutxa ez erabilgarri egongo da. Jarraian, mahaiko boto zenbaketa elektronikoari ekingo zaio. Jarraian, mahaiko boto zenbaketa elektronikoari ekingo zaio. Ikuskariren batek eskaria eginez gero, mahaiak botoak eskuz zenbatzea erabaki dezake.

  2. – Mahaiburuak ozen irakurriko ditu boto kutxaren pantailan agertuko diren zenbaketa elektronikoko emaitzak, eta, irakurri ere, honako guztiak irakurriko ditu:

    1. hauteskunde talde bakoitzeko hautesle kopurua.

    2. baliozko botoen kopurua.

    3. boto zurien kopurua.

    4. hautagaia zerrenda bakoitzeko baliozko botoen kopurua.

  3. – Ostean, mahaiburuak galdetuko du zenbaketa elektronikoko emaitzaren kontra protestarik edo erreklamaziorik dagoen. Horrelakorik ez badago edo mahaiak, gehiengo osoz, ez onartzea erabakitzen badu, 20. artikuluan zehaztutako akta beteko du, honakoak jasota utzita: hauteskunde mahaiko hautesle erroldan agertzen den hautesle kopurua; eta boto kutxako pantailan agertzen diren datuak, aurreko paragrafoan adierazitakoak. Amaitzeko, mahaiburuak, mahaikideek eta ikuskariek akta sinatuko dute.

  4. – Hauteskundeetako emaitzak behin-behinekoz argitaratzeko xedez, emaitzak boto kutxa elektronikoetatik zuzenean bidaliko dira Hauteskunde Batzorde Nagusira.

  5. – Hauteskunde mahaiak gehiengoz erabakitzen badu zenbaketa elektronikoaren kontra egindako protestak edo erreklamazioak onartzea, mahaiburuak jasota utziko du lehenengo zenbaketaren emaitza, eta bigarrenez zenbatuko ditu irakurgailu elektronikotik banan-banan berriro pasatuz kutxako txartel guztiak. Zenbaketa hori gailu egiaztatzailearen bidez baino ez da egingo. Ezin izango dira inondik inora boto elektronikoko txartelak ireki, txartelik ez kaltetzeko eta balioz emandako botorik ez baliogabetzeko.

  6. – Boto elektronikoak bigarrenez zenbatzeko, mahaiburuak boto kutxa irekiko du eta, denen aurrean, lehen esan bezala, banan-banan berriro ere pasatuko ditu mahaira ekarritako irakurgailu egiaztatzailetik. Mahaiburuak ozen irakurriko du txartel bakoitzaren bidez aukeratutako hautagaia, eta txartela bai mahaikideei, bai ikuskariei erakutsiko die.

  7. – Boto txartelen batek kanpoko aldean gorabeheraren bat balu, mahaiak Hauteskunde Batzorde Nagusiari bidaliko dio gainontzeko agiriekin batera, eta 20. artikuluan adierazitako aktan jasota utziko du bai gertaera, bai gertaerako arrazoiak ere.

  1. – Boto kutxaren gailu elektronikoa itxi eta zenbaketa elektronikoa hasita dagoela gorabeheraren batek 20. artikuluan zehaztutako akta betetzea eragozten badu, mahaiburuak beste boto kutxa elektroniko bat eskatuko du: kutxa berria martxan jarrita, kutxa zaharreko txartel guztiak atera eta banan-banan sartu eta erregistratuko ditu berrian. Mahaiburuak gorabehera horren berri eman beharko du 20. artikuluan zehaztutako aktan, eta Hauteskunde Batzorde Nagusiari jakinaraziko dio zer erabaki duten.

  2. – Ezinezkoa bada beste kutxa elektroniko bat lortzea, mahaiburuak, mahaikideen iritzia entzun ondoren, banan-banan zenbatuko ditu txartel guztiak irakurgailu elektronikotik berriro pasatuz, 31.6 artikuluan zehaztutakoaren arabera.

  1. – Mahaikideek sinatu egingo dituzte inpugnaziorik, erreklamaziorik edo zalantzarik eragindako txartelak, aktari erantsi eta artxibatu egingo dira. Gainontzeko txartelak, eskuzko birzenbaketa burutu ondoren, suntsitu egingo dira jendaurrean ingurugirorako jasangarria den prozeduraren bat erabilita.

  2. – Mahaiburuak, mahaikideek eta ikuskariek 20. artikuluan zehaztutako akta sinatuko dute. Ondoren, mahaiburuak berriro sartuko du kontrol txartela kutxako gailu elektronikoan kutxa behin betiko ixteko eta botazioan erregistratutako datu guztiak ezabatzeko. Behin hori eginda, mahaiburuak deskonektatu egingo du gailu elektronikoa.

  3. – Aurrean esandako eginkizun guztiak burutu eta gero, Mahaiak eskuzko birzenbaketa elektronikoa gauzatuko du, aldez aurretik egin ezean.

2008. urtean egingo den hauteskunde prozesurako, 17.7 artikuluan zehaztutako kopurua 15.000 eurokoa izango da hautagai bakoitzarentzako.

Arautegi honek baliorik gabe uzten ditu bere kontra doazen maila bereko edo beheragoko arau guztiak.

Arautegi hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.

Sa, lotura iraunkorra duten doktoreak 51 (153) 1892 1514 80 600 500 414

Sb, gainerako irakasle eta ikertzaileek 18 (54) 1946 1362 70 550 450 362

Sc, ikasleak 20 (60) 51000 7650 15 2000 3000 2650

Sd, administrazio eta zerbitzuetako langileek 11 (33) 1300 910 70 400 300 210

TALDEA Pr Vv Cp = Pr C1 C2 C3 GUZTIRA

Vv

Sa, lotura iraunkorra duten doktoreak 51 1514 0, 03368 20,208 16,840 13,943 50,991

Sb, gainerako irakasle eta ikertzaileek 18 1362 0, 01321 7,265 5,944 4,782 17,991

Sc, ikasleak 20 7650 0,00261 5,220 7,830 6, 916 19,966

Sd, administrazio eta zerbitzuetako langileek 11 910 0,01208 4,832 3,624 2,536 10,992

GUZTIRA 37,525 34,238 28,177 99, 94

Bigarren txandara 1. eta 2. hautagaia doaz.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.