Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko urriaren 23koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Vitoria-Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolaren Arautegia EHAAn argitara dadila agintzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 233
  • Hurrenkera-zk.: 6748
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/10/23
  • Argitaratze-data: 2007/12/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.

Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta Lege horrek dio, 10. artikuluko bigarren atalean antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Esukal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak, bi mila eta zazpiko urriaren 16ko bileran, Vitoria-Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolaren Arautegia onartzea erabaki zuen.

Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko, ondokoa

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikastegia den eta bere egoitza Arabako Campusean duen Vitoria-Gasteizko Irakasleen Unibertsitate-Eskola, Irakasle-titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren unibertsitate-irakaskuntzak eta bestelako irakaskuntza-eskaintzak ordenatu, antolatu zein prozesu akademiko eta administratiboak gestionatzen dituen prestakuntza, irakaskuntza eta ikerkuntza-zentroa da.

  1. – Eskola honako hauen bidez arautuko da: indarrean dagoen legeria, Estatutuak, eta UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegiari jarraiki Ikastegiko Batzarrak burutu duen Ikastegiaren Arautegia eta aplika dakizkiokeen gainerako arautegiak. Ikastegiko arautegi honetan arautzen ez den guztirako Ikastegien Oinarrizko Arautegia erabiliko da.

  2. – Vitoria-Gasteizko Irakasleen Unibertsitate-Eskolak Vitoria-Gasteizko J. Ibañez de Santo Domingo kaleko 1-en dagoen eraikinean du bere egoitza eta, gaur egun, eranskinean biltzen diren titulazioak irakasten ditu.

  3. – Eskolan irakaskuntza ematen duten sailen zerrenda, arautegi honen 2. eranskinean ageri dena da.

  4. – Irakaskuntza eta ikerkuntza laguntzeko azpian zerrendatzen diren zerbitzuak dauzka Eskolak:

    1. Zientzia esperimentalen laborategia.

    2. Plastika-ikasgela.

    3. Musika-ikasgela.

    4. Gimnasioa.

    5. Irakaskuntzarako Informatika-Ikasgela.

    6. Multimedia-Laborategia.

    7. Hizkuntza-ikasgela.

  5. – Eskolako kideek euren kexak, erreklamazioak eta iradokizunak Zuzendaritza-taldeari helarazi ahalko dizkiote, Erregistrotik bidalitako idazkien bitartez. Eskariek gehienez zazpi egunen buruan jasoko dute erantzuna. Idazkiaren lehenengo sinatzaileari bidaliko zaion erantzunean emango da hartu den erabakiaren berri eta halaber, horren beharrik bada, erabakiaren motibazioa.

  6. – Eskolaren ikurra, arautegi honen 3. eranskin gisa datorrena, UPV/EHUren anagrama ofizialarekin batera eta Unibertsitateko arautegiarekin bat etorriz erabiliko da.

  1. – Eskola honako hauek osatzen dute: ikastegiko kideek eta bertara lotutako gainerako langileek.

  2. – Hauek dira Eskolako kideak:

    1. Ofizialki ikastegira atxikita dauden irakasle guztiak.

    2. Ikastegian irakasten diren titulazio eta ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

    3. Ikastegira atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.

  3. – Ikastegira lotuta egongo dira, baina ez dira kide izango, ikastegira atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten irakasleak, ikastegian egoitza daukaten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta ikastegian zerbitzuak ematen dituztenak.

Hauek dira Vitoria-Gasteizko Irakasleen Eskolako eginkizunak:

  1. Bai irakaskuntzari eta bai gestioari dagokionez, UPV/EHUko titulu akademiko ofizialak edo berezkoak antolatzea, bai eta bestelako espezializazio-ikastaro, etengabeko prestakuntzako edo unibertsitate nahiz kultur hedakuntzako ikastaroak ere.

  2. Urtero irakats eskaintza egitea, UPV/EHUko ikasketa programazioaren arabera, bai eta ikasturte bakoitzerako ikasketa planak ere, titulazio bakoitzean eskolak ematen dituzten sail guztiekin koordinatuta.

  3. Ikasketa planak onetsi edo aldatzea proposatzea, eta UPV/EHUko beste organo batzuek halakorik proposatzen dutenean eta horrek berari eragiten dionean, ikasketa planak onetsi edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea.

  4. Eskolan ematen diren titulazioen funtzionamendu orokorra ebaluatzea.

  5. Irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek euren eginbeharrak bete ditzaten jagon.

  6. Eskolaren aurrekontuko hornidura gestionatu, atxikita dauzkan baliabideak administratu eta langileak gidatzea.

  7. Ikastegiaren urteroko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteroko memoria egitea.

  9. Hizkuntza plangintza orokorra garatu eta Eskolara egokitzea.

  10. Etengabeko hobekuntza, berrikuntza pedagogikoa eta langileen gaitzea bultzatzea.

  11. UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea euren eginkizunak betetzen.

  12. Zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatzea, eta espezializazio nahiz unibertsitate hedakuntzarako ikastaroak sustatzea.

  1. Legeak, Estatutuek edo unibertsitate-arautegiak bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak.

Honako hauek dira Eskolako gobernu, ordezkaritza eta administrazio-organoak: Eskola-Batzarra, zuzendaritza-taldea osatzen duten pertsona guztiak eta Eskolako administratzailea.

Honako hauek dira kide anitzeko gobernu organoak: Unibertsitate-Eskolako Batzarra eta Eskolan sortutako batzorde guztiak, erabakiak hartzeko berezko eskumena dutenak zein eskumen hori eskuordetuta dutenak.

  1. – Hauek izango dira Unibertsitate-Eskolako Batzarraren osakideak: zuzendaria -batzarburua dena-, Idazkari Akademikoa, zuzendariordeak, Ikastegiko Administratzailea, eta unibertsitate sektore guztien arteko 37 eskolako kide hautatu.

  2. – Unibertsitate-Eskolako Batzarraren kide hautatuen banaketa honakoa izango da: % 51a irakasle funtzionario (19 pertsona); % 16a gainontzeko irakasle eta ikerlari (6 pertsona); % 22a ikasle (8 pertsona) eta % 11 administrazio eta zerbitzuetako langile (4 pertsona).

  3. – Unibertsitate-Eskolako Batzarrak bere arautegia izango du funtzionamendurako eta, kide hautatuak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek urtero aldatuko baitira.

  4. – Unibertsitateko Eskola Batzarreko kideak hautatzean bete egin beharko da Estatutuek xedatutakoa eta UPV/EHUko Hauteskunde-Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura.

  1. – Unibertsitate-Eskolako Batzarra da kide anitzeko ohiko gobernu organoa Irakasleen Unibertsitate-Eskolan.

  2. – Unibertsitate-Eskolako Batzarrak ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, batez ere honakoak:

    1. Eskolaren arautegia prestatu eta Gobernu-Kontseiluari proposatzea, honek onar dezan.

    2. Gobernu-organoei irakasleen plantillan eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantillan dauden beharrizanak aurkeztea.

    3. Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak Eskolara egokitzeko plana onartzea.

    4. Hizkuntza-normalkuntzako planak betetzeko eta plan horiei jarraipena egiteko ikastegiak dauzkan premien memoriak aurkeztea Campuseko Errektoreordetzari, honek errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu-Kontseiluari bidera diezazkion.

    5. Eskolari atxikitako irakasle lanpostuen eskariez iritzia ematea.

    6. Ikasketa planak eta euren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu-Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

    7. Irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak aztertu eta onartzea, kontuan hartuta Eskolari atxikitako sail edo sail-atalen iritzia.

    8. Eskolak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dela bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

    9. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    10. Irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea Campuseko Batzarrerako. Ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena ikastegiko Ikasleen Kontseiluak egingo du.

    11. Eskolak, beharrezkoa izanez gero, bere esker ona adierazteko erabiliko dituen moduak eratu eta arautzea.

    12. Estatutuek eta beroriek garatzen dituzten arauek bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko beste gobernu organoek eskuordetzen dizkionak.

  3. – Unibertsitate-Eskolako Batzarrak ohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko ditu urteko memoria, eginkizun-plana eta urteko txosten ekonomikoa. Dokumentu horiek zuzendariak aurkeztuko ditu bileran. Memoria eta eginkizunen plana behin onartuta, Campuseko Batzarrari eta Gobernu-Kontseiluari bidaliko zaizkio, jakitun egon daitezen.

  1. – Honako hauek izango dira Eskolako berariazko batzordeak:

    1. Akademia-Antolakuntzako eta Ikasketak Baliokidetzeko Batzordea.

    2. Euskararako Batzordea.

    3. Praktiketako Batzordea.

  2. – Eskolak Akademia-Antolakuntzako eta Ikasketak Baliokidetzeko Batzordea izango du. Batzordeko burua zuzendaria izango da, edo honek bere ordez izendatzen duen zuzendariordea. Gainerako kideak hauek izango dira: Eskolako Idazkari Akademikoa, sail ezberdinetako zazpi irakasle eta hiru ikasle. Eskolako zuzendariak bermatuko du Ikastegiko kasuan kasuko bulegoak aholkularitza teknikoa emango diola Batzordeari. Akademia-Antolakuntzako eta Ikasketak Baliokidetzeko Batzordeak, eskuordetuko zaizkion eginkizunez gain, ikasketak baliokidetzeko eta aukera askeko kredituak amortizatzeko ikasleek aurkeztuko dituzten eskariak ebatziko ditu, indarreko legeriari jarraiki. Batzorde horrek hartutako erabakien aurkako errekurtsoak aurkeztu ahalko zaizkio Errektoreari.

  3. – Eskolak Euskararako Batzordea ere izango du, parte hartze eta aholkularitza-organoa izango delarik. Batzorde horren helburua izango da euskararen erabilera bultzatzea ikastegian, UPV/EHUren plangintza orokorrari jarraiki. Euskararako Batzordea zuzendariak edo hark bere ordez izendatuko duen pertsonak, hiru irakaslek, hiru ikaslek eta AZPren bi kidek osatuko dute. Batzorde-burua zuzendaria edo ordezkatzen duen pertsona izango da, eta batzordeko idazkaria lehenengo bileran aukeratuko da. Batzorde honen betekizunak honako hauek izango dira:

    1. Eskolan euskararen planak informatzea, aholkatzea eta praktikara eraman daitezen proposatzea.

    2. Eskolan elebitasuna mailaka lortzeko plan espezifikoak antolatu eta bultzatzea, Unibertsitateko Euskararako Batzordearekin elkarlanean.

    3. Sailen lanak koordinatzea euskarazko irakaskuntza eta ikerkuntza ahalbidetuko dituen material oinarrizkoa prestatze aldera.

  4. – Praktiketako batzordea kontsulta-organoa da eta batzorde-burua izango den zuzendariak edo honek bere ordez izendatuko duen pertsonak, praktiketan irakaskuntza duten sail ezberdinetako sei irakaslek, eta ahal bada 2. eta 3. mailakoak diren lau ikaslek osatuko dute. Batzorde honek Zuzendaritzari eta Unibertsitate-Eskolako Batzarrari lagundu behar die Eskolako ikasleek burutu beharreko irakaskuntza-praktikekin zerikusirik duten arloetan. Batzordeko idazkaria lehenengo bileran aukeratuko da.

  5. – Unibertsitate-Eskolako Batzarrak izaera aholku-emailea izango duen beste edozein batzorde sortu ahalko du aldi baterako. Horretarako batzorde berri bakoitzaren osaera, presidentzia, idazkaritza, lan-esparrua eta betekizunak, bai eta, horren beharrik balego, bere funtzionamendu-erregimenaren berezitasunak, zehaztuko ditu.

  1. – Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izango dira.

  2. – Bileretarako deiak, oro har, ohikoak izango dira. Unibertsitate-Eskolako Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu, gutxienez, seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean, bai eta arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko gai hauek: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela onartu beharko da bileraren hasieran. Onartzen ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia.

    Dena dela, kide anitzeko organoko kideen % 25ek hala eskatzen badute, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta, gehienera ere, zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik hasita.

  2. – Bilerarako deia organoko idazkaritzak bideratuko du, denbora nahikoarekin eta, edonola ere, bileraren data baino hiru egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zein ordutan, eta zeintzuk gai aztertuko diren bertan. Organoko kideek denboraz eskuratu beharko dituzte aztergaiei dagozkien dokumentuak eta, edonola ere, bileraren data baino 24 ordu lehenago.

  3. – Edonola ere, aztergaiak osatzen dituzten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deialdian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, erregistro bidez eta deialdia baino lehen eskatutakoak Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo absolutuak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

  4. – Organoak jarduera daukan egoitzetan eta gainerako tokietan eta web orrian eman beharko da argitara deialdia, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

  1. – Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. Estatutuetako 228. artikuluan aipatutako egoeretan, eta urte batean hiru bileratara, edo agintaldian bostetara, -arrazoirik gabe- joango ez balitz, utziko dio organoko kide batek kide izateari.

  2. – Organoa behin eratuta, hutsik geratuko diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatuak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoa izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Zuzendaritza-taldeak lan hori ahalbidetuko du, dokumentazioa eta informazioa Zuzendaritzan eskuragarri eginez.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen gehiengo absolutua egotea bertan lehen deialdian; edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean gutxienez bost minutu eta gehienez 60 minutuko tartea izan beharko da. Edonola ere, organoko burua eta idazkaria beti egon beharko dira edo, bestela, euren ordezkoak.

  2. – Bilera batera justifikatuta joaterik ez duen pertsonak kide anitzeko organoko beste kide baten esku utzi ahalko du botoa. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak beste baten ordez baino ezin izango du eman botoa. Organoa eratzeko quorumerako ez dira zenbatuko organoko kideek beste batzuen esku utzitako botoak.

    Organoko kideek idatziz adierazi beharko dute beste batzuen esku uzten dituztela botoak, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.

  3. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezkoa izango den quoruma beharrezkoa izango da bozketa guztietan.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bilera modu ordenatuan burutzea bermatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bilera bertan behera utzi ahal izango du.

  2. – Eztabaidak aztergaiei jarraituz egingo dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzeko erabakia har dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.

  3. – Organoko buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoetako kideek aktan agerrarazi ahalizango dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerraraziko dira haiekin batera.

  5. – Kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bileretara egoki deritzonean, aztergaietako punturen batekin zerikusia daukan iritzia edo informazioa eman diezaioten kide anitzeko organoari. Gonbidatuen izen-abizenak bilerako aktan jasoko dira, botoa emateko eskubidea izango ez duten arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, ikastegiaren arautegi honek edo gainerako lege-xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Proposamen bakarra dagoenean, onartua izango da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; eta hala ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitate-botoak erabakiko du.

  2. – Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek eskatzen duenean. Dena dela, botazioa beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.

  3. – Aurkako botoa eman edo abstenitu direnek eta horretarako arrazoia azaldu, ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan. Botazioa isilpekoa bada, interesatuak boto-txartela emango dio organoko idazkariari botazioko unean eta, txartel horrekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio.

  1. – Idazkaritzak bilerako akta egingo du. Aktak bileran bertan edo hurrengoan onartuko dira, eta hurrengo bilerako aztergaiei dagozkien dokumentuekin batera banatuko dira akten zirriborroak. Aktak, behin onartuta, idazkariak sinatuko ditu eta organoko buruak ontzat emango.

  2. – Aktan honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; botazioa egiteko era eta emaitza; hartutako erabakien edukia eta, egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko edozein kidek eskatu ahal izango du bere parte hartzea edo proposamena hitzez hitz jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esango duen moduan.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak proposatu den aldaketa egiaztatuko du, eta gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo da.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen bilera bat egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa gertatzen bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei eta hamar eguneko epea emango zaie erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, kide anitzeko organo berriak egingo duen lehen bileran onartu beharko dira aktak.

  6. – Aktak, onartu ondoren, Eskolako iragarki oholean iragarriko dira, beti ere pertsonen intimitatea gordez, eta web orrian Izaera pertsonaleko datuen babesaren abenduaren 13ko 15/1999 Lege organikoak dioena betez, Eskolako kide guztiek eskuratu eta kontsultatu ahalko dituzte Eskolako Idazkaritza Akademikoan.

  1. – Idazkaritzak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede emango du eta ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiak Eskolako iragarki oholean emango da argitara eta web orrian Izaera pertsonaleko Datuen Babesaren abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak dioena betez gehienez ere hiru egun balioduneko epean eta pertsonen intimitatea babestuta.

    Organoko buruak eta idazkariak ziurtatu beharko dute hartutako erabakiak argitara ematen direla eta gutxienez hilabete egongo direla argitaratuta jendaurrean. Izan ere, epe horren barruan egongo da aukera kasuan kasuko errekurtsoa aurkezteko Errektoretzari.

  3. – Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak jakinarazi egin beharko zaizkie interesatuei. Erabakiak jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango ditu ondorioak. Jakinarazpena Administrazio-Prozeduraren Legean xedatutako moduan egingo da.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ez bada behintzat. Erabakiak publikoak dira eta unibertsitateko kasuan kasuko organoak jakinaren gainean jarriko dira.

  2. – Arautegi honetako 7. artikuluan aipatzen diren kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari, hilabeteko epean.

  1. – Zuzendaria Eskolako kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio-organoa da.

  2. – Zuzendaria ikastegiari atxikitako unibertsitateko irakasleen kidegoetako arduraldi osoko irakasle doktoreen artetik hautatzen da, eta errektoreak izendatzen du. Halakorik ezean, eta Hauteskunde-Arautegi Orokorrak dioenari jarraiki, Eskolako zuzendaria hautatuko da irakasle funtzionarioen edo irakasle kontratatu doktoreen artetik.

  3. – Zuzendaria sufragio unibertsal haztatuaren bidez aukeratuko da Hauteskunde-Arautegi Orokorrean xedatutakoa betez.

  4. – Eskolako zuzendaria errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko dira bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da eta segidan gehienez bi agintaldi.

  1. – Zuzendariak arrazoi hauengatik utziko du kargua:

    1. hilez gero;

    2. legezko ezintasuna izanez gero;

    3. dimisioa aurkeztuz gero;

    4. ikastegiko kide izateari utziz gero;

    5. agintaldia amaituz gero;

    6. Ikastegiko Batzarrak zentsura-mozioa onartuz gero.

  2. – Zentsura-mozioaz. Arautegi honetako 21.1.f) atalean agertzen den zentsura-mozioa idatziz aurkeztu beharko da Erregistroan Unibertsitate-Eskolako Batzarreko kideen % 20ak, gutxienez, sinaturik. Behin aurkeztu ondoren eta baldintzak betetzen dituela ikusirik, zuzendariak 72 ordutako epean Unibertsitate-Eskolako Batzarra deituko du zentsura-mozioa aurkeztu eta gehienez hamabost eguneko epean bildu dadin. Eztabaidari hasiera emateko, zentzura mozioaren defentsa egingo du sinatu duten Unibertsitate-Eskolako Batzarkideetako batek. Zentzuratuaren erantzuna izan ondoren, Unibertsitate-Eskolako Batzarkideek parte hartu ahal izango dute aldeko eta kontrako iritziaz azaltzeko.

    Zentsura-mozioa onartuko da aldeko botoak gehiago badira kontrakoak baino. Unibertsitate-Eskolako Batzarrak mozioa onartuz gero, zuzendariak berehala aurkeztuko du bere dimisioa.

  3. – Ahal den kasuetan, zuzendariak jardunean jarraituko du Zuzendari berria izendatu arte.

  4. – Zuzendaria gaixorik edo kanpoan balego, izendapenean beren-beregi zehaztutako zuzendariordeak egingo lioke ordezkoa. Halako izendapenik ez balego, Ikastegiko Batzarrak izendatuko du ordezkoa egingo duen Zuzendaritza-taldeko kidea. Ikastegiko Batzarreko burua, kasu honetan, antzinatasun handieneko kidea izango da. Sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jarduneko zuzendariak hauteskundeetarako deia egingo luke hilabeteko epean.

  5. – Ikastegian kide bakarreko organo bat ere ez balego, kategoria eta antzinatasun handiena daukan ikastegiko arduraldi osoko irakasleak hartuko lituzke bere gain zuzendariaren zereginak. Irakasle horrek ikastegiko zuzendaria aukeratzeko deia egin beharko luke gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan.

  1. – Errektoreak irakaskuntzatik salbuetsi ahal izango du zuzendaria, neurri batean edo erabat.

  2. – Agintaldia amaituta, zuzendariak eskubidea izango du irakaskuntzatik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko gaiak eguneratzeko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Hauek dira Eskolako zuzendariaren eginkizunak:

    1. Eskolaren ordezkaria izatea eta ikastegiari atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala izatea.

    2. Ikastegiaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

    3. Ikastegiko kide anitzeko organoetako buru izatea.

    4. Unibertsitate-Eskolako Batzarraren, gobernu-organo orokorren eta campus bakoitzeko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.

    5. Errektoreari bere eskumeneko izendapenak proposatzea.

    6. Unibertsitate-Eskolako Batzarrari urteko memoria eta plana aurkeztea.

    7. Dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik, ikastegiko leku guztien higiene eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

    8. Ikastegiko kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

    9. Eskolaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

    10. Ikastegiari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia daukatenak, UPV/EHUren Estatutuetako 102.2. eta 103.2. artikuluetan adierazitako moduan.

    11. Tokiak esleitzea ikastegian diharduten sail, institutu eta zerbitzuei, Ikastegiko Batzarrak onartuko dituen irizpideez bat. Era berean, ikastegiko azpiegitura erabiltzean lehentasunak zeintzuk diren erabakiko du.

    12. Lankidetza eta koordinazio-programak adostea sailekin irakaskuntza eta ikerketa-jardueretarako, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.

    1. Gainerako gobernu-organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, ikastegiarekin zerikusia daukatenak.

  2. – Era berean, ikastegiko zuzendariak lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu-Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

  1. – Eskolako Zuzendaritza-taldeko burua zuzendaria izango da eta, honez gain, honako hauek osatuko dute: zuzendariordeek eta idazkari akademikoak.

  2. – Zuzendaritza-taldea izendatzeko zuzendariak egingo duen proposamenak Unibertsitate-Eskolako Batzarra osatzen duten pertsona guztien % 51 irakasle funtzionario izateko betebeharra errespetatuko du.

  3. – Ikastegietako Zuzendaritza-taldeak laguntza eman behar dio zuzendariari bere zereginetan, batez ere honako hauetan:

    • titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanean;

    • ikasketa-planak eguneratzeko zereginean, modu horretara gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko;

    • ikasleen laneratzea bultzatuz;

    • ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak gainbegiratzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez;

    • irakats plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzeko zereginean, bai eta titulazioetako irakaslanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestio-lanean ere;

    • titulazioen irakats kalitatea sustatzeko lanean;

    • ikastegiko jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzeko lanean.

  1. – Errektoreak, zuzendariak proposatuta, zuzendariordeak izendatuko ditu behar diren baldintzak betetzen dituzten ikastegiko arduraldi osoko irakasleen artetik.

  2. – Zuzendariordeek zuzendariak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta euren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio Unibertsitate-Eskolako Batzarrari eta, horrez gain, argitara emango dira.

  3. – Zuzendariordeen kopurua ez da izango UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren eranskinean jasotako irizpideak ezarrita ateratzen den kopurua baino handiagoa.

  4. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, Eskolako kide izateari uztea edo Errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

  5. – Zuzendariak zuzendaritza-taldean gertatuko aldaketen berri emango du Unibertsitate-Eskolako Batzarraren hurrengo bileran.

  1. – Errektoreak irakaskuntzatik salbuetsi ahal izango ditu zuzendariordeak gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakaskuntzatik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko dituzte emanda karguan.

  1. – Idazkari akademikoa Errektoreak izendatuko du, zuzendariak proposatuta. Idazkaria jardunean dagoen arduraldi osoko irakasle bat izango da.

  2. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, UPV/EHUko kide izateari uztea edo Errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

Hauek dira ikastegiko Idazkari akademikoaren eginkizunak:

  1. Idazkari moduan aritzea Unibertsitate-Eskolako Batzarrean eta, betetzen duen karguagatik, dagokion gainerako batzordeetan; eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.

  2. Unibertsitate-Eskolako Batzarrerako deia egitea, zuzendariaren agindua jaso ondoren.

  3. Gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo Eskolako dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

  4. Eskolako erregistro orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arautegi eta irizpideei jarraiki.

  5. Unibertsitate-Eskolako Batzarrak hartuko dituen erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu-organoari.

  6. Oro har, laguntza ematea ikastegiko zuzendariari; bai eta Eskolako Idazkari akademikoari dagozkion gainerako eginkizunak betetzea ere.

  1. – Errektoreak irakaskuntzatik salbuetsi ahal izango du ikastegiko Idazkari akademikoa, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaskuntzatik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Eskolako zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua administratzailea izango da.

  2. – Administratzaileak menpetasun funtzionala izango du zuzendariarekiko eta ikastegiko administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horrez gain, Eskolako organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz arduratuko da.

  3. – Eskolako administratzaileak eguneratuta izango du Eskolari atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio Unibertsitate-Eskolako Batzarrari, ontzat eman dezan. Ondoren unibertsitateko Gerentziara igorriko da. Era berean, laguntza teknikoa emango dio zuzendaritza-taldeari ikastegiaren urteko premien memoria prestatzeko lanean. Memoria hori ontzat eman beharko du Unibertsitate-Eskolako Batzarrak.

Bere helburuak betetzeko eta jarduerak aurrera eramateko, Eskolak behar beste langile izango ditu, eta UPV/EHUko aurrekontu orokorrean sail berezituak, autonomiaz gestionatuko dituenak.

UPV/EHUk urtero zehaztuko du ikastegiaren aurrekontuko hornidurarako emango duen diru-sail orokorra, baina aurrekontuko hornidurak beste osagai hauek ere izango ditu:

  1. Burutzen dituen zereginen etekin garbiak.

  2. Jasotzen dituen diru-laguntzak, kasuan kasuko diru-laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

  3. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  4. Zientzia, teknika edo arte-lanak egiteko edo espezializazio-ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru-sarreretatik dagokien zatia.

  1. – Ikastegiaren jarduera ekonomikoa UPV/EHUren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

  2. – Eskolak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendaritza-taldeak jakinaren gainean jarriko du Gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek Eskolaren aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztuko du Unibertsitate-Eskolako Batzarrean, ontzat eman dezan.

  1. – Arautegia eraldatzeko prozeduraren ekimena zuzendariari berari edo Unibertsitate-Eskolako Batzarreko kideen % 25ari dagokieke. Ekimen hau gauzatzeko, zuzendariari idazki bat aurkeztu beharko zaio, proposaturiko testu berria eta proposamen-egileen identifikazioa bertan agertuz.

  2. – Zuzendariak ezohiko Unibertsitate-Eskolako Batzarra deitu beharko du, ekimena aurkeztu zenetik aste beteko gehieneko epean, eraldaketa honen inguruko iritzia eman dezan. Erreformak aurrera egingo du Batzarraren gehiengo absolutuaren aldeko botoa lortuko balu. Aurrera egin duten aldaketak Gobernu-Batzarrari helaraziko zaizkio, beronen onarpena jasotzeko, legalitate-kontrol derrigorrezkoaren ondoren.

  3. – Eraldaketarako proiektu bat galdurik, eskatzaileek ezingo dute ekimen hori berriro egin akademi ikasturte berean.

Vitoria-Gasteizko Irakasleen Unibertsitate-Eskolak honako titulazio hauek koordinatu eta ematen ditu egun (2006-2007 Ikasturtea):

  • Irakasle, Haur-Hezkuntza berezitasunean.

  • Irakasle, Lehen Hezkuntza berezitasunean.

  • Irakasle, Heziketa Fisikoa berezitasunean.

Vitoria-Gasteizko Irakasleen Unibertsitate-Eskolan irakaskuntza ematen duten sailak honako hauek dira:

  1. Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpenaren Didaktika.

  2. Didaktika eta Eskola-Antolakuntza.

  3. Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika.

  4. Hezkuntza eta Bilakaeraren Psikologia.

  5. Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktika.

  6. Gizarte-Zientzien Didaktika.

  7. Hezkuntzaren Teoria eta Hezkuntza.

  8. Filosofía.

  9. Erlijio Mintegia.

  10. Soziologia.

  11. Neurozientziak.

  12. Balioen Filosofia eta Gizarte-Antropologia.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.