Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko urriaren 23koa, Universidad del Paํs Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolaren Arautegia EHAAn argitara dadila agintzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 233
  • Hurrenkera-zk.: 6747
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/10/23
  • Argitaratze-data: 2007/12/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10 artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.

Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Eta Universidad del Paํs Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta lege horren 10. artikuluko bigarren atalean adierazten denez, antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, eta ez dira indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak, bi mila eta zazpiko urriaren 16ko bileran, Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolaren Arautegia onartzea erabaki zuen.

Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko, ondokoa

Arautegi honetan, Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako jarduerak gobernatuko dituzten ildoak jasotzen dira. Ildo horiek Estatutuak errespetatuko dituzte (abenduaren 23ko 322/2003 Dekretua, 2004ko urtarrilaren 12ko EHAA), eta baita aplika daitekeen legeria ere.

  1. – Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola Euskal Herriko Unibertsitatearen barruan dago. Unibertsitatearen helburu orokorretan parte hartzen duen ikastegia da, ingeniaritza ikasketetan zientziaren eta kulturaren sorrera, garapen, transmisio eta kritikari dagokienez. Eskola arduratzen da bere ikasketa planetan dauden diziplinen ikaskuntza antolatzeaz, diziplina horiek irakasteaz eta diziplina horietako ikerkuntza bultzatzeaz, eta baita ere bere espezialitatearen zerbitzu publikoa emateak berekin dakarren gestio administratiboaz eta titulu akademikoak emateaz, abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoko 34.2 artikuluaren arabera.

  2. – Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolak, kanpora zabaltzerakoan, bere jarduera burutzen duen inguruneko industria garapenari lagunduko dio, ematen duen irakaskuntza gizartearen beharretara hurbilduz.

  3. – I. eranskinean gaur egun Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan eskaintzen diren titulazioak daude.

  1. – Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolaren egoitza hemen dago: Otaola etorbidea 29, 20600 Eibar (Gipuzkoa).

  2. – Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola honako hauen bidez arautuko da: indarrean dagoen legeria, UPV/EHUko Estatutuak, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onarturiko arautegi hau eta UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegia (arautegi honetan arautzen ez den guztirako oinarrizkoa erabiliko da), eta aplika dakizkiokeen gainerako arautegiak.

  3. – Arautegi honek errespetatzen ditu Konstituzioa, indarrean dauden legeak eta UPV/EHUko araudia, eta berau interpretatzea Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako Ikastegiko Batzarrari dagokio, UPV/EHUko zerbitzu juridikoei kontsultatu ondoren.

  4. – Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolak honako titulazioak ematen ditu:

    • Industria Ingeniaritza Teknikoa, Mekanika espezialitatea.

    • Industria Ingeniaritza Teknikoa, Industria Elektronikoa espezialitatea.

  5. – Hauek dira irakaskuntza eta ikerkuntza ardurak dituzten Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako sailak:

    147.– Elektronika eta Telekomunikazioak.

    136.– Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak.

    103.– Ingeles eta Aleman Filologia.

    113.– Euskal Filologia.

    057.– Fisika Aplikatua I.

    146.– Sistemen Ingeniaritza eta Automatika.

    142.– Ingeniaritza Elektrikoa.

    145.– Ingeniaritza Mekanikoa.

    149.– Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika.

    112.– Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza.

    141.– Hizkuntza eta Sistema Informatikoak.

    148.– Makina eta Motor Termikoak.

    066.– Matematika Aplikatua.

    054.– Enpresen Antolakuntza.

  6. – Dokumentu honen II. eranskinean agertzen da laborategi, gela, bulego, liburutegi eta beste hainbat zerbitzuren zerrenda.

  7. – Jasotzen diren iradokizun, kexa eta erreklamazioei erantzun egokia emate aldera, Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolak definituta dauzka bere Kalitatea Gestionatzeko Sistemaren barruan, haiek gestionatzeko behar diren prozesuak, etengabeko hobekuntzara bideraturiko jarduerak identifikatzea eta ezartzea ahalbidetzen duten prozesuak.

  1. "Erreklamazioak eta Gogobetetzea Neurtzea" izeneko prozesuen bidez gestionatzen dira kexak eta erreklamazioak.

    Erreklamazio-orriak ikastegiko Idazkaritzan eskatzen dira. Erreklamazioa Eibarko IITUEko Kalitatea Gestionatzeko Sistemarekin zerikusia duen edozein pertsona fisikok edo juridikok aurkez dezake, horretarako arrazoia eta egin den eguna adieraziz. Orria bete ondoren, ikastegiko Idazkaritzan utziko da eta Idazkaritzak "Erreklamazio Orria" inprimakia Akademia Antolakuntzako zuzendariordeari emango dio.

    Erreklamazioa jaso ondoren, Akademia Antolakuntzako zuzendariordeak aztertu eta, emandako datuen arabera, erabakiko du zein den edo diren burutu beharreko ekintza edo ekintzak, aurkeztutako erreklamazioari erantzuna emateko. Burutu beharreko ekintzak proposatu ondoren, Akademia Antolakuntzako zuzendariordeak atal hori sinatuko du eta data jarriko.

    Akademia Antolakuntzako zuzendariordeak erreklamazio-orria Kalitateaz arduratzen den pertsonari emango dio, erabakitako ekintza edo ekintzak azter ditzan eta esan dezan beharrezkoa den ala ez zuzentzeko, prebenitzeko edo hobetzeko neurriren bat hartzea. Hala erabakiz gero, "Zuzentzeko, prebenitzeko eta hobetzeko neurrien Gestioa" izeneko prozesuaren arabera jokatuko du.

    Zuzentzeko, prebenitzeko edo hobetzeko neurriren bat hartu beharra ikusten badu, Kalitate arduradunak atal hori sinatuko du eta data jarriko.

    Kalitateaz arduratzen den pertsona IITUEko Zuzendaritzari aurkeztuko dio erreklamazioa, horri buruzko azken erabakia har dezan eta erabaki hori erreklamazioa aurkeztu duenak jaso dezan.

  2. Iradokizunak "Kalitate eta Zuzendaritzaren Berrikuspen Batzordearen" prozesuen bidez kudeatzen dira.

    Eibarko IITUEko pertsonalak (irakasleak eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalak) eta ikasleek iradokizunak egiteko eta informazioa eskatzeko, "Iradokizunen, Informazio Eskaeraren eta Beste jakinarazpen batzuen Orria" izeneko inprimakiaren arabera egin daiteke.

    IITUEko ikasleei jakinarazpen ofizialak egitea zuzendariaren ardura da eta pertsonalari jakinaraztea, berriz, Kalitate arduradunarena.

  1. – Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolaren anagramak elementu hauek ditu: San Andresen gurutzea, Eibar hiriaren irudi; engranaje urdin bat, mekanikaren irudi; eta uhin sinusoidal bat, elektronikaren irudi, III. eranskinean jasotzen den legez.

  1. – Hauek dira Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako kideak:

    1. Ofizialki ikastegira atxikita dauden irakasle guztiak.

    2. Ikastegian irakasten diren titulazio eta ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

    3. Ikastegira atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.

  2. – Ikastegiari lotuta egongo dira, baina kide izateke, ikastegira atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten irakasleak, ikastegian egoitza daukaten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta ikastegian zerbitzuak ematen dituztenak.

Hauek dira Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolaren eginkizunak:

  1. Bai irakaskuntzari bai gestioari dagokionez, ematen dituen UPV/EHUko titulu akademiko ofizialak edo berezkoak antolatzea, bai eta bestelako espezializazio ikastaro, etengabeko prestakuntzarako edo unibertsitate nahiz kultur hedakuntzarako ikastaroak ere, kontuan izanik bere inguruko gizartea eta lan mundua.

  2. Urtero irakats eskaintza egitea, UPV/EHUko ikasketa programazioaren arabera, bai eta ikasturte bakoitzerako ikasketa planak ere, titulazio bakoitzean eskolak ematen dituzten sail guztiekin koordinazioan.

  3. Ikasketa planak onetsi edo aldatzea proposatzea, eta UPV/EHUko beste organo batzuek halakorik proposatzen dutenean eta horrek berari eragiten dienean, ikasketa planak onetsi edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea.

  4. Ikastegietan ematen diren titulazioen funtzionamendu orokorra ebaluatzea.

  5. Irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek euren eginbeharrak betetzen dituztela jagotea.

  6. Ikastegiaren aurrekontuko hornidura gestionatzea eta atxikita dauzkan baliabideak administratu eta langileak gidatzea.

  7. Ikastegiaren urteroko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteroko memoria egitea.

  9. Hizkuntza plangintza orokorra garatu eta ikastegira egokitzea, eta bermatzea, bere eskumenen eta funtzioen barruan, euskararen erabilera.

  10. Etengabeko hobekuntza bultzatzea, eta atxikiriko langileen trebetasun pedagogikoa nahiz prestakuntza eguneratzea.

  11. UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea euren eginkizunak betetzen.

  12. Zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatzea, eta espezializazio nahiz unibertsitate hedakuntzarako ikastaroak sustatzea.

  1. Legeak, Estatutuek edo unibertsitate arautegiak bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak.

Honako hauek dira gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak: Ikastegiko Batzarra, zuzendaria, zuzendariordea, idazkari akademikoa eta administratzailea.

Honako hauek dira kide anitzeko gobernu organoak: Ikastegiko Batzarra eta Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan sortutako batzorde guztiak, ebazpenak hartzeko berezko eskumena dutenak zein eskumen hori eskuordetuta dutenak.

  1. – Hauek izango dira Ikastegiko Batzarraren osakideak: zuzendaria, zuzendariordea (berezko kideak), idazkari akademikoa, administratzailea (berezko kideak), eta 30 kide, unibertsitateko kidegoen artean banatuko direnak, ikastegian ematen diren titulazioetan irakats betebeharra duten Sail guztien ordezkaritza bilatuz.

  2. – Ikastegiko Batzarreko kideen % 20, gutxienez, ikasle izango da, eta % 11, gutxienez, administrazio eta zerbitzuetako langile. Kide guztien % 51, gutxienez, unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionario izango da.

    Zuzendariak egingo du zuzendaritza taldea izendatzeko proposamena. Ikastegiko Batzarreko kideen % 51, gutxienez, irakasle funtzionario izango da.

  3. – Batzarreko kideak sufragio unibertsal bidez hautatuko dira, unibertsitateko kolektibo desberdinen artetik, eta honako banaketaren arabera:

    16 kide, unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionarioen ordezkariak.

    3 kide, beste irakasle eta ikertzaileen ordezkariak.

    7 kide, ikasleen ordezkariak.

    4 kide, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak.

  4. – Ikastegiko Batzarrak bere arautegia izango du funtzionamendurako eta, kide hautatuak lau urtetik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek urtero aldatuko baitira.

  5. – Ikastegiko Batzarreko kideak hautatzean bete egin beharko da Estatutuek xedatutakoa eta UPV/EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura.

  1. – Ikastegiko Batzarra da kide anitzeko ohiko gobernu organoa Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan.

  2. – Ikastegiko Batzarraren erabakiak lotesleak izango dira Ikastegiko beste organo eta kideentzat, eta ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, batez ere honakoak:

    1. Ikastegiaren arautegia prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.

    2. Ikastegiko zuzendaria hautatzea.

    3. Gobernu organoei irakasleen plantillan eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantillan dauden beharrizanak aurkeztea.

    4. Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak ikastegira egokitzeko plana onartzea.

    5. Hizkuntza normalkuntzarako planak betetzeko eta plan horiei jarraipena egiteko ikastegiak dauzkan premien memoriak aurkeztea Campuseko Errektoreordetzari, hark errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.

    6. Ikastegiari atxikitako irakasle lanpostuen eskariez iritzia ematea.

    7. Ikasketa planak eta euren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

    8. Ikastegiak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dena bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

    9. Irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak aztertu eta onartzea, kontuan hartuta ikastegiari atxikitako sail edo sail atalen iritzia.

    10. Kalitate arduraduna izendatzea, Ikastegiko zuzendaritzak proposatuta.

    11. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    12. Irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea Campuseko Batzarrerako. Ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena ikastegiko Ikasleen Kontseiluak egingo du.

    1. Ikastegiak, beharrezkoa izanez gero, bere esker ona adierazteko erabiliko dituen moduak zabaldu eta arautzea.

    2. UPV/EHUko Estatutuek eta beroriek garatzen dituzten arauek bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko beste gobernu organoek eskuordetzen dizkionak.

  3. – Ikastegiko Batzarrak ohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko ditu urteko memoria, eginkizun plana eta urteko txosten ekonomikoa. Dokumentu horiek zuzendariak aurkeztuko ditu bileran. Memoria eta eginkizunen plana behin onartuta, Campuseko Batzarrari eta Gobernu Kontseiluari bidaliko zaizkio, jakitun egon gaitezen.

  1. – Ikastegiko Batzordeak.

    • Batzorde Iraunkorra.

    • Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea.

    • Euskarako Batzordea.

    • Kalitate Batzordea.

    • Hauteskunde Batzordea.

    • Ekonomi Batzordea.

  2. – Kontrako xedapenik ezean, Ikastegiko Batzordeetako buru zuzendaria edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona izango da. Batzorde horiek, gutxienez, estamentu bakoitzeko ordezkari bat izango dute, eta urtebeteko iraupena izango dute.

  3. – Hauteskunde, Kalitate eta Ekonomi Batzordeak kontsulta izaera izango du.

  4. – Kolektibo batek pertsona bat batzorde bateko kide hautatzeko, pertsona horrek ez du Batzarreko kide izan beharrik. Izendapena Ikastegiko Batzarrak egingo du ikasturte bakoitzaren hasieran, edo batzordea osatzean.

  5. – Batzordeen bileretarako deia batzorde horien buru denak egingo du, batzorde horietako bi kidek edo Ikastegiko Batzarreko kideen bostetik batek eskatuta.

  6. – Batzorde bakoitzak idazkari bat izendatuko du kideen artetik, egiten den lehenengo bileran. Idazkariaren eginkizunak hauek izango dira: bileren deia egitea batzordeko buruak hala eskatuta, eta bilera bakoitzean harturiko erabakien akta egitea.

    Akta horiek, eta horiei buruzko dokumentuak, ikastegiko idazkari akademikoak gordeko ditu.

  7. – Batzorde guztiek, ikasturte hasieran eta kide berriak hautatu aurretik, txosten bat aurkeztuko diote Ikastegiko Batzarrari, aurreko ikasturtean eginiko jarduerei buruzko informazioarekin.

  1. – Ikastegiko Batzarrak eskuordeturiko Batzorde Iraunkorra ezartzen da. Batzordea honakook osatuko dute: zuzendaria (batzordeko burua), administratzailea (idazkari lanak egingo ditu), unibertsitateko irakasleen kidegokoetako funtzionarioen 6 ordezkari, beste irakasle eta ikertzaileen ordezkari 1, ikasleen 3 ordezkari, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari 1; guztiak Ikastegiko Batzarreko kide izango dira.

  2. – Urtero berritu beharko da, eta Ikastegiko Batzarrean ikasleen ordezkariak hautatu ondorengo lehenengo ohiko bileran.

  3. – Batzorde Iraunkorrak c), e), f) eta i) funtzioak eskuordetuta ditu, baita Ikastegiko Batzarrak egoki irizten dituen beste batzuk ere; hala ere, kanpo geratzen dira Araudi honetako 8. artikuluko 2. ataleko a), b), k) eta m) funtzioak.

  4. – Harturiko erabakiak Ikastegiko Batzarrak berretsi edo aldatu beharko ditu, honen hurrengo deialdian, UPV/EHUko Sailen oinarrizko arautegiaren 16.2 artikuluan ezartzen diren jarraibideen arabera.

  5. – Funtzionamendurako oinarrizko arauak Ikastegiko Batzarraren arau berak izango dira, eta % 60ko quoruma eskatuko da eratzeko eta akordioak baliozkoak izateko.

  1. Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea.

    1. Akademia Antolakuntzako zuzendariordeak eratuko du eta hiru irakasle eta hirugarren ikasturteko ikasle batek osatuko dute. Irakasleak eta ikaslea dagokien ordezkariek izendatuko dituzte Ikastegiko Batzarrean, baina ez dute bertako kide izan beharrik.

    2. Batzorde hau ikasturte bakoitzean berritu egingo da, eta erabakiak hartuko ditu aurkezten zaizkion eskaeren aurrean, bai baliozkotzeen inguruan bai eta aukera askeko kredituen baliokidetasunak aitortzearen inguruan. Hori egiteko, indarrean dagoen legeria jarraituko du. Batzordearen erabakiak errektorearen aurrean erreklamatu ahal izango dira. Ikastegiko Zuzendaritzak bermatu egingo du batzordeari aholkularitza teknikoa ematea dagokion negoziatuak.

    3. Batzordeak aztertu egingo ditu eta Ikastegiko Batzarrari proposatuko dizkio Ikastegiko Akademi Antolakuntzan edo ikasketa planetan sartu nahi diren aldaketak.

  2. Euskara Batzordea.

    1. Ikastegian Euskara Batzorde bat eratuko da. Batzordea honakook osatuko dute: zuzendaria edo honek izendatzen duen pertsona bat (batzordearen buru izango dena), hiru irakasle, administrazio eta zerbitzuetako langile bat eta bi ikasle, Ikastegiko Batzarrean beraien ordezkariak hautatuak eta ez dutenak nahitaez bertako kide izan beharrik.

    2. Batzorde hau ikasturte bakoitzean berrituko da.

    3. Bere helburu nagusia ikastegian euskararen erabilera sustatzea da, eta horretarako hau egingo du:

      1. – Euskarako planei buruzko informazioa eta aholkularitza emango du edo/eta ikastegian plan horiek burutzea proposatuko du.

      2. – Pixkanaka-pixkanaka elebitasuna ezartzeko planak antolatu eta sustatuko ditu, UPV/EHUko Euskararako Batzordearekin adostasunean.

      3. – Ikastegiko sailen lanak koordinatuko ditu, euskaraz irakastea ahalbidetuko duen oinarrizko material espezifikoa prestatzeari dagokionean.

  3. Kalitate Batzordea.

    1. Honako hauek osatuko dute: zuzendaria edo honek bere ordez izendatzen duen pertsona, ikastegiko kalitate arduraduna (idazkari lanak egingo dituena), irakasleen hiru ordezkari, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat eta ikasleen ordezkari bat, Ikastegiko Batzarrean haien ordezkariek hautatuak eta ez dutenak nahitaez bertako kide izan beharrik.

    2. Bere eginkizun nagusia ikastegian ezarritako kalitate arauak betetzen diren ikustea da, eta horrek hobeto funtzionatzeko hobekuntza proposamenak egitea.

    3. Bere proposamenak deitzen den lehenengo Ikastegiko Batzarrean onartu beharko dira.

    4. Ikastegiko Kalitate Kudeaketa Sistemari dagokionez, Kalitate Batzorde gisa hartzen da.

    5. Kalitate arduradunaren kargua ikastegiko zuzendariaren agintaldian izango da, eta kargu hori amaitu egingo da agintaldi hori amaitzean edo agintaldiaren uztea aurreikusten den kasuren bat gertatzen denean.

  4. Hauteskunde Batzordea.

    Ikastegian Hauteskunde Batzorde bat egongo da. Honen eginkizunak izango da bertan egiten diren hauteskunde prozesu guztiak behar bezala eginaraztea, UPV/EHUko dagokion araudian ezartzen den bezala, eta batez ere bertako Hauteskunde araubide Orokorraren 9.2 artikuluari jarraituz.

    Hauteskunde Batzordea honakook osatzen dute:

  1. – Zuzendaria, edo honek bere ordez izendatzen duen pertsona. Batzordeko buru izango da.

  2. – Idazkaria. Hau Batzordeko idazkari izango da.

  3. – Irakasleen bi ordezkari, bata unibertsitateko irakasleen kidegokoetako funtzionario doktoreen taldekoa, eta bestea, berriz, irakasle eta ikertzaileen taldekoa. Zozketa bidez hautatuko dira hauek, Ikastegiko Batzarreko kideen artetik.

  4. – Ikasleen ordezkari bat, zozketa bidez hautatua Ikastegiko Batzarreko kideen artetik.

  5. – Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, zozketa bidez hautatua Ikastegiko Batzarreko kideen artetik.

  1. Ekonomi Batzordea.

    1. Ikastegian Ekonomi Batzorde bat sortuko da, eta hau honakook osatuko dute: zuzendaria (batzordeko buru izango da), Administratzailea (idazkaria izango da), irakasleak eta ikasle bat, bere ordezkariek Ikastegiko Batzarrean aukeratua, eta ez dutenak nahitaez bertako kide izan beharrik. Batzordeko kideak ikasturteko aldatu egingo dira.

    2. Bere eginkizunen barruan sartuko da ikastegiaren ekonomi alorra, bai ohiko aurrekontuari dagokionez bai ezohikoari dagokionez.

    3. Batzorde hau kontsultarako da, eta bere proposamenak Ikastegiko Batzarrak onartu beharko ditu baliozkoak izan daitezen. Ikastegiko urteko memoria ekonomikoa egingo du.

    4. Bere funtzionamendu arauak Ikastegiko Batzarrak arautu, aldatu edo/eta berretsiko ditu.

  1. – Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izango dira.

  2. – Bileretarako deiak, oro har, ohikoak izango dira. Ikastegiko Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu, gutxienez, seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, baita ere, arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan. Ezohiko bilerarako aztergaien zerrendan ez dira agertuko gai hauek: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela onartu beharko da bileraren hasieran. Onartzen ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia.

    Dena dela, kide anitzeko organoko kideen % 25ek hala eskatzen badute, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta gehienera ere zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik hasita.

  2. – Bilerarako deia organoko idazkariak bideratuko du, denbora nahikoarekin eta, edonola ere, bileraren data baino hiru egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zein ordutan, eta zeintzuk gai aztertuko diren bertan. Organoko kideek denboraz eskuratu beharko dituzte aztergaiei dagozkien dokumentuak eta, edonola ere, bileraren data baino 24 ordu lehenago.

  3. – Edonola ere, aztergaiak osatzen dituzten puntuak zehatz eta mehatz jasoko dira deialdian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, behar den garaian eta moduan eskatutakoak. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

  4. – Iragarki taulan eman beharko da argitara deialdia, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

  1. – Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. UPV/EHUko Estatutuetako 228. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio organoko kide batek kide izateari.

  2. – Kide anitzeko organoa behin eratuta, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatuak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bere egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoetako kideek beren eginkizunak burutzeko behar duten informazioa eskatu edo/eta eskuratu ahal izango dute, ikastegiko idazkari akademikoari eskaera egin ondoren.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa egotea bertan lehen deialdian; edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian.

    Lehenengo eta bigarren deialdiaren artean gutxienez bost minutuko tartea egongo da, eta gehienez hamar minutukoa.

    Edonola ere, organoko burua eta idazkaria beti egon beharko dira, edo, bestela, euren ordezkoak.

  2. – Kide anitzeko organoko beste kide batzuen esku utzi ahal izango da botoa, zuzendaria hautatzerakoan salbu. Kide bakoitzak beste baten ordez baino ezingo du eman botoa. Organoa eratzeko quorumerako ez dira zenbatuko organoko kideek beste batzuen esku utzitako botoak.

    Organoko kideek idatziz adierazi beharko dute beste batzuen esku uzten dituztela botoak, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.

  3. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezkoa izango den quoruma beharrezkoa izango da botazio guztietan.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bilera behar bezala antolatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.

  2. – Eztabaidak aztergaiei jarraituz egingo dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzeko erabakia har dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.

  3. – Organoko buruak, beharrezkoa ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoetako kideek aktan agerrarazi ahal izango dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerraraziko dira haiekin batera.

  5. – Kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bileretara egoki deritzonean, aztergaietako punturen batekin zerikusia daukan iritzia edo informazioa eman diezaioten kide anitzeko organoari. Gonbidatuen izen-abizenak bilerako aktan jasoko dira, botoa emateko eskubidea izango ez duten arren.

  1. – Erabakiak baiezkoa emanez hartuko dira (eskua jasota), bertako inork ez badu kontrakorik esaten. Bestela, botazio bidez egingo da. Botazioaren kasuan, emandako boto baliodunen artetik gehiengo osoa beharko da, Estatutuek, ikastegiaren arautegiak edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Proposamen bakarra dagoenean, onartua izango da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; eta hala ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitate botoak erabakiko du.

  2. – Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek eskatzen duenean eta behar bezala arrazoitzen duenean. Dena dela, botazioa beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.

  3. – Aurkako botoa eman dutenek eta horretarako arrazoia azaldu, ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan. Botazioa isilpekoa bada, interesatuak boto txartela emango dio organoko idazkariari botazioko unean eta, txartel horrekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio.

  4. – Kide anitzeko organoek hartutako erabakiak UPV/EHUko araudi orokorreko Arautegi honekiko eta indarrean dagoen legeriarekiko subsidiarioak dira, eta beraz, ezin dute haien kontra egin.

  5. – Ikastegiko Batzarrak, Batzorde iraunkorrak eta Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak hartutako erabakiak kide bakarreko organoek hartutako erabakien gainetik daude. Erabaki horiek lotesleak dira eta kide bakarreko organoek eta Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako kideek eta bertara atxikiriko beste langileek bete beharrekoak.

  1. – Kide anitzeko organoko idazkariak bilerako akta egingo du. Aktak bileran bertan edo hurrengoan onartuko dira, eta hurrengo bilerako aztergaiei dagozkien dokumentuekin batera banatuko dira akten zirriborroak. Aktak, behin onartuta, idazkariak sinatuko ditu eta organoko buruak ontzat emango.

  2. – Aktan honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia, eta egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko edozein kidek eskatu ahal izango du bere parte hartzea edo proposamena hitzez jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esango duen moduan.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak proposatu den aldaketa egiaztatuko du, eta gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo da.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen bilera bat egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa gertatzen bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei eta hamar eguneko epea emango zaie erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat emango dira; Erreklamaziorik aurkeztuz gero, kide anitzeko organo aldatuak egingo duen lehen bileran onartu beharko dira aktak.

  6. – Aktaren laburpenak soilik hartutako erabakiak ditu, eta aktaren zirriborroari dagokio, oraindik ez baita onartu. Laburpen hori posta elektronikoz bidaliko zaie langile guztiei eta Ikasle Kontseiluari, edonola ere, pertsonen intimitatea babestuz.

  7. – Behin onartuta, akta ikastegiko kideen esku geratuko da, Akademi Idazkaritzan kontsultatzeko. Honek aurreko laburpena ordezkatuko du, edonola ere, pertsonen intimitatea babestuta.

  1. – Idazkari akademikoak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede emango du, eta ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Hartutako erabakiak argitaratu egingo dira iragarki taulan, gehien ere hiru egun balioduneko epean, eta pertsonen intimitatea babestuta. Organoko buruak eta idazkariak ziurtatu beharko dute hartutako erabakiak argitara ematen direla eta gutxienez hilabete egongo direla argitaratuta jendaurrean. Izan ere, epe horren barruan egongo da aukera kasuan kasuko errekurtsoa aurkezteko dagokion erakunde nagusiari.

  3. – Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak jakinarazi egin beharko zaizkie interesatuei. Erabakiak jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango ditu ondorioak. Jakinarazpena Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egingo da.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ez bada behintzat. Erabakiak publikoak dira eta unibertsitateko kasuan kasuko organoak jakinaren gainean jarriko dira.

  2. – Kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra dagokion errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari lehen auzialdian, hilabeteko epean.

  1. – Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako kide bakarreko gobernu organoak hauek dira: zuzendaria, zuzendariordeak eta idazkari akademikoa. Organo hauek ikastegia ordezkatzen duten organo izaera dute.

  2. – Zuzendariorde edo idazkari akademiko karguak izateko, Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolari atxikiriko irakasle izatea eskatuko da, arduraldi osoko lanarekin.

Zuzendaria da Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako maila goreneko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoa.

Zuzendariak kargua uzten duenean, Ikastegiko Batzarraren ezohiko deialdia egingo da, kargu uztea jakinarazi eta eztabaidatu, Hauteskunde Batzordea izendatu eta zuzendari berria hautatzeko egutegia ezartzeko.

Zuzendaria irakasle funtzionarioen edo irakasle kontratatu doktoreen artetik hautatuko da. Arduraldi osoko lana izan behar du eta Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolari atxikitako unibertsitateko irakasleen kidego batekoa izan behar da.

Hautagai zerrendak aurkeztean, zuzendaritza taldearen osaera eta bere programa aurkeztu beharko da.

Zuzendaria hautatzeko Ikastegiko Ezohiko Batzarra deitzen denean, batzarreko buru denak zuzendaritarako euren burua aurkezten duten hautagai guztiei emango die hitza beraien programaren defentsa egin dezaten. Ikastegiko Batzarreko kideek hautagaiei beharrezko diren argibideak eskatu eta erantzuteko eskubidea izango dute, botazioa egin aurretik.

Zuzendaria hautatzeko botazioan, edonola ere, Ikastegiko Batzarreko kideen gehiengo osoa egon beharko da. Ezingo da Arautegi honetako 15.2 artikuluan aurreikusitako botoa eskuordetu. Zenbait hautagai aurkezten diren kasuan, lehenengo itzulian hautatuko da gehiengo osoa lortuko lukeena. Zehazturiko prozedura jarraituz hautagairik ez balitz hautatuko, bigarren itzulian hautatuko da. Bigarren itzuli horretara lehen itzulian botorik gehien lortu duten bi hautagaiak aurkeztuko dira, eta botorik gehien lortzen duena hautatuko da. Bi itzulietako botoa izenezkoa izango da, eta hautaturiko hautagaiaren izena hauteskunde txartelean idatzi beharko da.

Hautagai bakarra aurkeztuko balitz, botazioa baiezko edo ezezko botoen prozedura bidez egingo da. Hautagaia lehen itzulian hautatuko da baiezko botoen gehiengo osoa izango balu, eta bigarren itzulian, berriz, baiezko botoak ezezkoak baino gehiago balira.

Hautagaia edo hautagaiak inola ere ezingo dira hautatu zuzendari ez badituzte Ikastegiko Batzarreko kideen laurden baten aldeko botoak.

Hautagai zerrendarik aurkeztuko ez balitz edo ez balitz lortu aurreko zenbakian eskatzen den emaitza zuzendaria hautatzeko, beste hauteskunde prozesu bat irekiko da. Egoera bera gertatuko balitz, Ikastegiko Batzarrak dagokion erabakia hartuko du zuzendari postua betetzeko.

Ez dago mugarik agintaldietan. Kargua uzten duen zuzendariak, horrela irizten badio, bere hautagaitza aurkeztu ahal izango du berriro hautatua izateko.

Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako zuzendaria bere eginkizunak betetzen hasiko da errektoreak izendatzen duenean. Agintaldiak lau urteko iraupena izango du.

  1. – Zuzendariak arrazoi hauengatik utziko du kargua:

    1. hilez gero;

    2. legezko ezintasuna izanez gero;

    3. dimisioa aurkeztuz gero;

    4. ikastegiko kide izateari utziz gero;

    5. agintaldia amaituz gero.

    6. Ikastegiko Batzarrak zentsura mozioa onartuz gero edo konfiantza galdera ez gaindituz gero.

  2. – Ahal den kasuetan, zuzendariak jardunean jarraituko du zuzendari berria izendatu arte.

  3. – Zuzendaria gaixorik edo kanpoan badago, izendapenean beren-beregi zehaztutako zuzendariordeak egingo lioke ordezkoa. Halako izendapenik ez balego, Ikastegiko Batzarrak izendatuko du ordezkoa egingo duen zuzendaritza taldeko kidea. Ikastegiko Batzarreko burua, kasu honetan, antzinatasun handieneko kidea izango da. Sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jarduneko zuzendariak hauteskundeetarako deia egingo luke hilabeteko epean.

  4. – Ikastegian kide bakarreko organo bat ere ez balego, kategoria eta antzinatasun handiena daukan ikastegiko arduraldi osoko irakasleak hartuko lituzke bere gain zuzendariaren zereginak. Irakasle horrek ikastegiko zuzendaria aukeratzeko deia egin beharko luke gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan.

    Zentsura mozioa

  1. – Ikastegiko Batzarrak zuzendariaren ardura eskatu ahal izango du, zentsura mozio bat gehiengo oso bidez onartuz.

  2. – Zentsura mozioak ikastegiko idazkari akademikoari aurkeztuko zaizkio, Batzarreko kideen laurden baten sinaduren babesarekin.

  3. – Behin zentsura mozioa aurkeztu ondoren, zuzendariak zazpi egun naturaleko epean ezohiko Ikastegiko Batzarra deituko du, zentsura mozioari buruz eztabaidatu eta botazioa egiteko.

    Eztabaidaren hasieran, zentsura mozioa sinatu duten Ikastegiko Batzarreko kideetako batek honen defentsa egingo du. Zentsura egin zaionaren erantzuna. Jarraian, hitza eskatzen duten Ikastegiko Batzarreko kideek hitz egingo dute, aldeko eta kontrako txandetan.

  4. – Ikastegiko Batzarrak zentsura mozioa onartzen badu, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala, eta zuzendari berria hautatzeko prozesua hasiko da.

  5. – Zentsura mozioa onartzen ez bada, eskatzaileek ezingo dute ekimen bera aurrera eraman ikasturte berean.

    Konfiantza arazoa.

  1. – Zuzendariak konfiantza arazoa Ikastegiko Batzarrari aurkeztu diezaioke.

  2. – Konfiantza arazoa zuzendaritza taldearen gestioaren gai zehatz bati edo gestio osoari buruzkoa izango da, eta zentsura moziorako ezarritako prozedura bidez eztabaidatu eta bozkatuko da.

  3. – Konfiantza eman dela ulertuko da, baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean, eta onartzen ez bada, berriz, eta UPV/EHUko Estatutuetako 277. artikuluari jarraituz, zuzendaria hautatzeko prozesua hasiko da, Eibarko IITUEko Arautegian ezarritakoaren arabera eta UPV/EHUko ikastegien oinarrizko arautegian ezarritako moduan.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du zuzendaria, neurri batean edo erabat.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko gaiak eguneratzeko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Hauek dira ikastegiko zuzendariaren eginkizunak:

    1. Ikastegiko ordezkariak izatea eta ikastegiari atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala izatea.

    2. Ikastegiaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

    3. Ikastegiko kide anitzeko organoetako buru izatea.

    4. Ikastegiko Batzarraren, gobernu organo orokorren eta campuseko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.

    5. Errektoreari bere eskumeneko izendapenak proposatzea.

    6. Ikastegiko Batzarrari urteko memoria eta plana aurkeztea.

    7. Dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik, ikastegiko leku guztien higienea eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurri zuzentzaileak hartzea.

    8. Ikastegiko kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

    9. Ikastegiaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

    10. Ikastegiari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia daukatenak, UPV/EHUren Estatutuetako 102.2 eta 103.2 artikuluetan ezarritako moduan.

    11. Tokiak esleitzea ikastegian diharduten sail, institutu eta zerbitzuei, Ikastegiko Batzarrak onartuko dituen irizpideez bat. Era berean, ikastegiko azpiegitura erabiltzean lehentasunak zeintzuk diren erabakiko du.

    12. Ikastegian irakaslana duten sailen arteko koordinazioa proposatu eta sustatzea, titulazio bakoitzean ematen diren gaiak ikasketa planari ondo egokitzen zaizkiola bermatzeko.

    1. Titulazio bakoitzean ematen diren edukiak eta gaien metodologia eguneratzea sustatu eta bultzatzea.

    2. Lankidetza eta koordinazio programak adostea sailekin irakaskuntza eta ikerketa jardueretarako, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.

    1. Gainerako gobernu organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuak edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, ikastegiarekin zerikusia daukatenak.

  2. – Era berean, ikastegiko zuzendariak lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

  1. – Ikastegiko zuzendaritza taldeko burua zuzendaria izango da eta honako hauek osatuko dute: zuzendariordeek, idazkari akademikoak eta administratzaileak.

  2. – Ikastegietako zuzendaritza taldeak laguntza eman behar dio zuzendariari bere zereginetan, batez ere honako hauetan:

    • titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanetan;

    • ikasketa planak eguneratzeko zereginean, modu horretara gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko;

    • ikasleen laneratzea bultzatzeko eginkizunean;

    • ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak gainbegiratzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez;

    • irakats plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzeko zereginean, bai eta titulazioetako irakaslanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestio lanean ere;

    • titulazioen irakats kalitatea sustatzeko lanean;

    • ikastegiko jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzeko lanean.

  1. – Errektoreak, zuzendariak proposatuta, zuzendariordeak izendatuko ditu behar diren baldintzak betetzen dituzten ikastegiko arduraldi osoko irakasleen artetik.

  2. – Zuzendariordeek zuzendariak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta euren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio Ikastegiko Batzarrari eta, horrez gain, argitara emango dira.

  3. – Zuzendariordeen kopurua ez da izango UPV/EHUko ikastegien oinarrizko arautegiaren eranskinean jasotako irizpideak aplikatuta ateratzen den kopurua baino handiagoa.

  4. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezaintasun legala, ikastegiko kide izateari uztea edo errektoreak hala ebaztea, zuzendariak proposatuta.

  5. – Zuzendariak zuzendaritza taldean gertatutako aldaketen berri emango du Ikastegiko Batzarraren hurrengo bileran.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu zuzendariordeak gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko dituzte emanda karguan.

  1. – Idazkari akademikoa errektoreak izendatuko du, zuzendariak proposatuta. Idazkaria jardunean dagoen arduraldi osoko irakasle bat izango da.

  2. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa; heriotza; legezko ezintasuna; UPV/EHUko kide izateari uztea; edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

Hauek dira ikastegiko idazkari akademikoaren eginkizunak:

  1. Idazkari moduan aritzea Ikastegiko Batzarrean eta, betetzen duen karguagatik, dagokion gainerako batzordeetan; eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.

  2. Ikastegiko Batzarrerako deia egitea, zuzendariaren agindua jaso ondoren.

  3. Gobernu, ordezkaritza eta administrazioko kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo Ikastegiko dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

  4. Ikastegiko erregistro orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arautegi eta irizpideei jarraiki.

  5. Ikastegiko Batzarrak hartuko dituen erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu organoari.

  6. Oro har, laguntza ematea Ikastegiko zuzendariari; eta, baita ere, Ikastegiko idazkari akademikoari dagozkion gainerako eginkizunak betetzea.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du Ikastegiko idazkari akademikoa, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Ikastegiko zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua administratzailea izango da.

  2. – Administratzaileak mendekotasun funtzionala izango du zuzendariarekiko eta Ikastegiko administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horrez gain, Ikastegiko organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz arduratuko da.

  3. – Ikastegiko administratzaileak eguneratuta izango du Ikastegiari atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio Ikastegiko Batzarrari, ontzat eman dezan. Ondoren unibertsitateko Gerentziara igorriko da. Era berean, laguntza teknikoa emango dio zuzendaritza taldeari ikastegiaren urteko premien memoria prestatzeko lanean. Memoria hori ontzat eman beharko du Ikastegiko Batzarrak.

Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolak, bere helburuak betetzeko eta jarduerak aurrera eramateko, behar beste langile izango ditu eta UPV/EHUko aurrekontu orokorrean sail berezituak, eta Ikastegiak autonomiaz gestionatuko du bere saila.

UPV/EHUk urtero zehaztuko du Ikastegiaren aurrekontuko hornidurarako emango duen diru sail orokorra, baina aurrekontuko hornidurak beste osagai hauek ere izango ditu:

  1. Burutzen dituen zereginen etekin garbiak.

  2. Jasotzen dituen diru laguntzak, kasuan kasuko diru laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

  3. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  4. Zientzia, teknika edo arte lanak egiteko edo espezializazio ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokion zatia.

  1. – Ikastegiaren jarduera ekonomikoa EHUren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

  2. – Ikastegian atalak badaude, kontuan hartuko da oinarrizko arautegi honetako 6.3. artikuluak dioena.

  3. Ikastegiak EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabidea baditu, dekanotza edo zuzendaritza taldeak jakinaren gainean jarriko du Gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek ikastegiaren aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztu du Ikastegiko Batzarrean, ontzat eman dezan.

  1. – Arautegi hau osoz edo zatiz aldatzeko ekimena zuzendariari edo Eskolako Batzarreko kideen % 25i dagokio. Aldaketa eskatuz gero, idazki bat aurkeztu behar zaio zuzendariari, eta idazki horretan nahitaez azalduko dira eskatzaileen identifikazioa eta proposatutako ordezko testua.

  2. – Gutxienez hamabost egun natural igaro behar dute arautegi honen aldaketa erabaki behar duen ezohiko Eskolako Batzarraren bilera deitzen denetik egiten den arte. Ikastegiko Batzarrak horretarako beren-beregi deituko duen ezohiko bilera batean onartu beharko da proposatutako aldaketa, eta emandako botoen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

  3. – Onetsitako aldaketak Gobernu Kontseilura eramango dira, legaltasun kontrola behin eginda, behin betiko onespena eman diezaien.

Eibarko Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako arautegi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Industria Ingeniari Teknikoa, Industria Elektronika espezialitatea.

Industria Ingeniari Teknikoa, Mekanika espezialitatea.

Laborategiak - Lantegiak Inbentarioko

kodea

Metalografia 0AB4

Metrologia 0AB5

CAD II 0AB10

Fabrikazio Mekanikoa 0AB9

Saiakuntza Mekanikoak 0AB8

Automatika II eta Fluidoen Mekanika 0AB7

Kimika eta Materialak 01B5

Termoteknia 0AB8

CAD I 01B10

Aplikazio Informatikoak 01B13

Automatika I 03B13

Elektronika II 03B12

Elektronika I 03B11

Fisika 03B10

Elektrizitatea 04B16

Makina elektrikoak 04B15

Informatika I 04B14

Informatika II 04B13

Mikroelektronika 04B12

Ikerketa I+G 04B3

Ikerketa I 04B4

Zirkuitu inprimatuak 04B7

Proiektuak I 05B9

Proiektuak II 05B10

Proiektuak III 05B11

Proiektuak IV 05B12

Anagramen zerrenda. Eskolako anagrama ez da inoiz UPV/EHUko anagramak baino altuagoa edo luzeagoa izango.

Irakurgarria izan dadin, gutxienez honako neurria izango du ikastegiko anagramak: 35 mm luzeran X 15 mm altueran.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.