Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko urriaren 23koa, Universidad del Paํs Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren Arautegia EHAAn argitara dadila agintzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 231
  • Hurrenkera-zk.: 6668
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/10/23
  • Argitaratze-data: 2007/11/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.

Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Eta Universidad del Paํs Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta Lege horrek dio, 10. artikuluko bigarren atalean antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak, bi mila eta zazpiko urriaren 16ko bileran, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren Arautegia onartzea erabaki zuen.

Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko, ondokoa

Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolak unibertsitateko ikasketen arloan zerbitzu publikoa eskaintzen du eta oinarrizko helburutzat dauzka enpresa eta merkataritza arloko ikasketak ematea, kultura zabaltzeko zereginetan parte hartzea, garapen sozioekonomikoaren partaide izatea, batez ere, Euskal Herrian, eta eskolaren ikasketa eta ikerketa jarduerak bideratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) eta beste erakunde batzuekin elkarlanean aritzea ahalbidetuko duten programen bidez.

Hori guztia kontuan hartuta eta UPV/EHUko Estatutuetako xedapena betetzeko, arautegi honen xedea da ikastegiaren beraren arloak arautu eta bultzatzea. Horrela, bada, Ikastegiko Batzarrak eskolaren antzinatasuna, ospea eta tradizioak merezitako konpromisoa bete nahi du. Izan ere, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola Merkataritza Eskolaren oinordeko leial da, 1818an Bilboko Kontsuletxearen, Merkataritzako Lanbide Eskolaren eta Merkataritzako Goi Ikasketen Eskolaren babes eta laguntzarekin sortutako eskola harena.

  1. – Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola (egoitza: Elkano, 21 – 48008 Bilbao) Euskal Herriko Unibertsitateak, eskubide publikodun erakundeak, Bizkaiko Campusean duen ikastegietako bat da eta, bere eskumenen arloan, unibertsitate mailako ikasketak ematen dituen zerbitzu publikoa.

  2. – Ikastegiak unibertsitateko ikasketak antolatzen ditu, eta eranskinean jasotako tituluak lortzera edo ikasketa eskaintza betetzera (betiere, enpresa eta merkataritza arloak) bideratutako akademia eta administrazio arloko prozesuak zuzendu eta gestionatzen ditu. Ikastegiaren helburuak dira:

    1. Beharrezkoa den ezagutza transmititzea, gizarteak, enpresaren eta merkataritzaren arloan, behar duen unibertsitate-tituludunen eskaerari erantzuteko.

    2. Enpresa eta merkataritzaren arloko profesionalak edo gizarteko beste arlo batzuetakoak prestatzeko xedez unibertsitate-mailako programak garatzea.

    3. Beste ikasketa batzuk kontuan hartzea, unibertsitateko titulu, ziurtagiri edo berezko diplomak ematearren, indarreko legeriak ezarritakoarekin bat etorrita.

    4. Kultura zabaldu eta sustatzea ikasleek prestakuntza osoa izan dezaten eta eskolaren inguru soziala sustatzeko.

    5. Parte hartzea garapen sozioekonomiko orokorrean eta, bereziki, Euskal Herrikoan, ikasketa, ikerketa edo ikastegian ematen diren irakasgaien aplikazio praktikoak sustatuz edo eginez.

  3. – Haren helburuak hobeto betetzearren, ikastegiak bere irakats- eta ikerketa-jarduerak koordinatuko ditu, UPV/EHUko gainerako ikastegiekin lankidetza ahalbidetzeko eta garatzeko aukera ematen duten programen bidez. Horretarako, honakoak egingo ditu:

    1. Tituluak eta enpresa- eta merkataritza-ikasketen arloko eta unibertsitateak eskatzen dion beste edozein arlotako diplomak eta ziurtagiriak lortzera bideratutako irakaslana antolatu eta emango da.

    2. Enpresa-ikasketak ematen dituzten beste unibertsitate-eskola edo parekagarriak diren beste ikastegi batzuekiko harremanak sustatuko dira, baita enpresa, erakunde publiko eta pribatuekin ere, eratuta dauden edo eratu daitezkeen baltzu, elkarte eta bestelako erakundeetan parte hartuz.

    3. Ikastegian ematen diren ikasketekin lotura zuzena daukaten ikasketa, ikerketa eta plangintzaren arloko ekitaldi, biltzar, simposium eta bestelako jardueretan parte hartuko da.

    4. Ikastegiak ahal den laguntza guztia emango dio unibertsitateari eta unibertsitateko zentroei, eta beharrezko laguntza eskatu die haiei ikastegiaren eta, beraz, unibertsitatearen beraren, helburuak lortzeko.

    5. Bultzatu egingo ditu, indarreko araudiaren barruan, beste enpresa eta erakunde publiko eta pribatuekiko harremanak, ikasleek praktikan izan behar duten prestakuntza ahalbidetzeko asmoz.

  4. – Ikastegian eskolak ematen dituzte sailak dira: Industria Ekonomia, Enpresen Kudeaketa eta Berrikuntzaren Baliospena (eskolan bertan dute egoitza); Zuzenbide Publikoa, Ekonomia Aplikatua II, Ekonomia Aplikatua V, Finantza Ekonomia I, Finantza Ekonomia II, Frantses Filologia, Ingeles eta Aleman Filologia, Euskal Filologia eta Enpresen Antolakuntza (ez dute egoitzarik ikastegian).

  1. – Ikastegia honako hauei jarraituz arautuko da: indarrean dagoen legeria, UPV/EHUko Estatutuak eta arautegi hau (oinarrizko arautegiari jarraituz garatua eta ikastegiko arautegian arautzen ez den guztirako oinarrizkoa erabiliko da), eta aplika dakiokeen gainerako arautegia.

  2. – Zuzendaritzak ikastegiko jarduerak direla-eta izan daitezkeen kexa, erreklamazio eta iradokizunak jasoko ditu eta horiek bideratzeko protokoloa ezarriko du. Paperean aurkeztu ahal izango dira (horretarako inprimakiak atezaintzan hartu ahal izango dira) edo posta elektronikoz (web orrian be eskuragarri). Erreklamazio, iradokizun eta kexak behar adinako identifikazioaz aurkeztuko dira. Dena dela, Zuzendaritzak isilpean gorde beharko du informazio hori. Hamabost eguneko epean ebatzi beharko dira eta erabaki arrazoitua helarazteko eskari-egileak erabilitako bide bera erabiliko da, gutxien dela.

  3. – Zuzendaritzak ikastegiaren anagramarako proposamena egin dezake, gero Ikastegiko Batzarrak onartu beharko duena, eta horrek arautegi hau aldatzea ekarriko dau.

  1. – Ikastegia honako hauek osatzen dute: ikastegiko kideek eta bertara lotutako gainerako langileek.

  2. – Hauek dira ikastegiko kideak:

    1. Ikastegira ofizialki atxikita dauden irakasle guztiak.

    2. Ikastegian irakasten diren titulazio eta ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

    3. Ikastegira atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.

  3. – Ikastegira lotuta egongo dira, baina kide izateke, ikastegira atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten irakasleak, ikastegian egoitza daukaten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta ikastegian zerbitzuak ematen dituztenak.

Hauek dira ikastegiaren eginkizunak:

  1. Bai irakaslanari eta bai gestioari dagokionez, UPV/EHUko titulu akademiko ofizialak edo berezkoak antolatzea, bai eta bestelako espezializazioko, etengabeko prestakuntzako edo unibertsitate- nahiz kultura-hedakuntzako ikastaroak ere.

  2. Urtero irakats-eskaintza egitea, UPV/EHUko ikasketa-programazioaren arabera, bai eta ikasturte bakoitzerako ikasketa-planak ere, titulazio bakoitzean eskolak ematen dituzten sail guztiekin koordinazioan.

  3. Ikasketa-planen onespena edo aldaketa proposatzea, eta UPV/EHUko beste organo batzuek halakorik proposatu eta ikastegian eragina daukanean, ikasketa-planak onetsi edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea.

  4. Bertan ematen diren titulazioen funtzionamendu orokorra ebaluatzea.

  5. Irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek euren eginbeharrak betetzen dituztela jagotea.

  6. Eskolaren aurrekontuko diru-zuzkidura gestionatu, baliabideak administratu eta atxikita dituen langileak gidatzea.

  7. Ikastegiaren urteroko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteko memoria egitea.

  9. Hizkuntza-plangintza orokorra garatu eta ikastegira egokitzea.

  10. Etengabeko hobekuntza bultzatzea, baita langileen berrikuntza pedagogikoa nahiz prestakuntzaren eguneratzea ere.

  11. UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea beren eginkizunak betetzen.

  12. Zientzia-, teknika-, arte- eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatu, eta espezializazio- nahiz unibertsitate-hedakuntzarako ikastaroak sustatzea.

  1. Legeak, Estatutuek edo unibertsitate arautegiak bere gain uzten dituen gainerako eginkizun guztiak.

Ikastegiko Batzarra, zuzendaria, zuzendariordeak, idazkari akademikoa eta administratzaileak dira Bilboko Enpresa Ikasketen UEko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak.

Kide anitzeko gobernu-organoak dira Ikastegiko Batzarra, Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea eta Euskara Batzordea.

  1. – Ikastegiko Batzarreko berezko kide dira: zuzendaria (bera izango da batzarraren burua), zuzendariordeak, idazkari akademikoa eta ikastegiko administratzailea. Kide hautatuak, berriz, honakoak: 22 katedradun edo irakasle titular; 2 irakasle kontratatu; ikasleen 9 ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 4 ordezkari.

  2. – Ikastegiko Batzarreko kide hautatuak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek urtero aldatuko baitira.

  1. – Ikastegiko Batzarra da kide anitzeko ohiko gobernu organoa Eskolan.

  2. – Ikastegiko Batzarrak ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, batez ere honakoak:

    1. Ikastegiaren arautegia prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.

    2. Eskolako zuzendaria aukeratzea.

    3. Gobernu organoei irakasleen plantillan eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantillan dauden beharrizanak aurkeztea.

    4. Unibertsitate-planetan biltzen diren helburuak ikastegira egokitzeko plana onartzea.

    5. Campuseko errektoreordeari edo, hala dagokionean, Gobernu Kontseiluari aurkeztea, errektore aurrean tramitatzeko, hizkuntza-normalkuntzarako planak betetzeko beharren memoriak eta plan horien jarraipena egitea.

    6. Ikastegira atxikitako irakasle-lanpostuen eskariez informatzea.

    7. Ikasketa-planak eta euren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

    8. Irakasteko behar diren azpiegitura-planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak aztertu eta onartzea, kontuan hartuta ikastegiari atxikitako sail edo sail-atalen iritzia.

    9. Ikastegiak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dela bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

    10. Zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea Campuseko Batzarrerako. Ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena ikastegiko Ikasleen Kontseiluak egingo du.

    12. Ikastegiak, beharrezkoa izanez gero, bere esker ona adierazteko erabiliko dituen moduak zabaldu eta arautzea.

  3. – Ikastegiko Batzarrak ohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko ditu urteko memoria, eginkizunen plana eta urteko txosten ekonomikoa. Dokumentu horiek zuzendariak aurkeztuko ditu bileran. Memoria eta eginkizunen plana behin onartuta, Campuseko Batzarrari eta Gobernu Kontseiluari bidaliko zaizkie, jakitun egon daitezen.

  1. – Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordearen burua zuzendaria izango da eta hark izendatutako ordezkoa. Zuzendariaz gain honakoak izango dira batzordearen kide: Akademia Antolakuntzako zuzendariordea; ikastegiko idazkaria (batzordeko idazkari izango da eta ez du botorik izango); ikastegira atxikitako egonda arduraldi osoan bost irakasle baino gehiago dituen sail bakoitzeko ordezkari bat; ikastegira atxikitako gainerako sailetako ordezkari bat; eta ikasle bat. Bost irakasle edo gutxiagoko sailen ordezkaria txandakatu egingo da ikasturtero. Ikaslea Ikasleen Kontseiluak izendatuko du.

  2. – Akademia Antolakuntzako Batzordea ikasturte bakoitzean berrituko da. Batzordeak ikasketak baliozkotzeko eskaerak ebatziko ditu, bai eta aukera askeko kredituak amortizatzekoak ere, indarrean egongo den legeriari jarraiki. Horiez gain, eskuordetzen zaizkion gainontzeko eginkizunak ere beteko ditu. Ikastegiko zuzendaritzak bermatuko du ikastegiko kasuan kasuko bulegoak aholkularitza teknikoa emango diola batzordeari. Batzordeak hartutako erabakien kontra errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari.

Euskara Batzordea parte hartze eta aholkularitza organoa da. Batzorde horren helburua da euskararen erabilera bultzatzea ikastegian, UPV/EHUren plangintza orokorrari jarraiki. Batzordearen burua Euskarako zuzendariordea izango da eta honakoak dira gainontzeko kideak: bi irakasle (bietako bat idazkaria izango da); administrazio eta zerbitzuetako langile bat; eta ikasle bat, guztiak batzarrak izendatuak kasuan kasuko taldeak aukeratuta. Batzordea irekita egongo da ikastegiko gainerako kideentzat ere (hitza baino ez dute izango). Ikasturte bakoitzean berrituko dira kideak.

Kalitate Batzordea eratuko da, aholkularitza eginkizunak izango dituena. Batzordearen burua zuzendaria izango da edo hark bere ordez izendatutako bat, idazkaria, idazkari akademikoa, eta gainontzeko kideak zuzendariak edo Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu. Batzordearen zeregina izango da, oro har, ikastegia hobetzea eta horretarako, ikastegian hobetu beharrekoak aztertu eta ekintzak proposatuko ditu. Ez dira barne hartzen batzordearen funtzionamendurako beste ezaugarri batzuk.

  1. – Bilerak ohikoak eta ezohikoak izango dira.

  2. – Bilerak, oro har, ohikoak izango dira. Ikastegiko Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu, gutxienez, seihileko bakoitzean. Kide anitzeko gainontzeko organoak gutxienez sei hilabeterik behin bilduko dira.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, halaber, arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez da agertuko aurreko akten onespena, ez eta galde-eskeak ere.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela berretsi behar da bileraren hasieran. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia. Dena dela, kide anitzeko organoko kideen % 25ek hala eskatzen badu, biltzeko deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da, eta, gehienera ere, zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik hasita.

  2. – Bilerarako deia organoko idazkariak bideratuko du, denbora nahikoarekin eta, edonola ere, bileraren data baino hiru egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zer ordutan, eta zeintzuk gai aztertuko diren bertan. Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute Organoko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  3. – Nolanahi ere, deialdian behar bezala zehaztu beharko da zein diren aztergai-zerrenda osatzen duten puntuak, eta barne egongo dira deialdi aurretik eskatutako puntuak, edo deialdiaren ondoren eskatutakoak, baldin eta bilera baino 24 ordu lehenago kideen % 10ek eskatu badu. Ezin izango da hartu aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik, baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

  4. – Organoak jarduera daukan egoitzetan eta gainerako tokietan eman beharko da argitara deialdia, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

  1. – Kide anitzeko organoko kide izatea norberaren ezaugarria da eta ezin zaio beste inori utzi. UPV/EHUren Estatutuetako 228. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio ordezkari batek ordezkari izateari. Horrez gain, kide izateari utziko dio urte batean jarraituko bi bileratara edo ez jarraituko hirutara ez doan kideak. Kide izateari utziko dio, era berean, hamabi hilabeteko tartean egiten diren bileren erdietara ez badoa, nahiz eta ez bertaratzeko arrazoirik izan.

  2. – Organoa behin eratuta, hutsik geratuko diren lekuak ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretan hautatutakoak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joanez gero, organoetako kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartu behar dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunetarako beharrezko izan dezaketen unibertsitateko dokumentazioa eta informazioa eskatzeko. Eskaera idatziz egin behar da, gutxien dela, bilera hasi baino 24 ordu lehenago. Dokumentazio eta informazio horrek ez dauka zertan zerikusirik izan bilerarekin.

  1. – Kide anitzeko organoa balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa egotea bertan lehen deialdian; edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdien artean 5 minutuko tartea gorde beharko da. Edonola ere, organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Bigarren deialdian organoa eratzeko beharrezkoa den quoruma, hau da, kideen herena, bozketa guztietan da beharrezkoa.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bilera behar bezala gara dadila bermatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.

  2. – Eztabaidak aztergaiei jarraituz egingo dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.

  3. – Organoko buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoetako kideek aktan agerrarazi ahal izango dute beren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira proposamenekin batera.

  5. – Kide anitzeko organoko buruak, egoki deritzonean, organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bileretara aztergaietakoren bati buruzko iritzia edo informazioa eman dezaten. Aldez aurretik gonbidapenik egin ezean, idatzizko eskaria bilera baino gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da adierazita bilerako zein aztergaietan hartuko duen parte gonbidatuak. Aktan jaso egingo da bileran gonbidatuak izan direla; gonbidatuek ez dute botoa emateko eskubiderik.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila behar da, Estatutuek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu duten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen duena. Berdinketa izanez gero, berriro bozkatuko da; berriro berdinduz gero, organoko buruaren kalitate-botoak erabakiko du.

  2. – Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek eskatzen duenean. Dena dela, beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek eta horretarako arrazoia azaldu, ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan. Bozketa isilpekoa bada, interesatuak boto-txartela emango dio organoko idazkariari bozkatzerakoan, eta, txartel horrekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto-txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio. Abstenitzen direnak ere erantzukizunetik salbuetsita geratuko dira (30/1992 Legea, Herri Administrazio Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena, 27.4 artikulua).

  1. – Idazkariak bilerako akta egingo du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu beharko da. Hurrengo bilerarako utziz gero, kide anitzeko organoko kideei zirriborroa helaraziko zaie, posta elektronikoz, bilera eta hurrengo hiru lanegunetan, hartara aldaketak proposatzeko aukera izan dezaten. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar du.

  2. – Aktan nahitaez jasoko dira bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aldaketak proposatu ahal izango dituzte, aktaren zirriborroa hartzen duten unetik akta onartzeko bozketa egiten den arte. Proposamenak idatziz egin behar dira, ezin izango dira aldatu eta aktaren zirriborroari buruzkoak izango dira. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen bilera bat egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Esandako epean erreklamaziorik aurkeztu ezean, aktak onartutzat emango dira. Bestela, aldatutako kide anitzeko organoak egiten duen lehen bileran bozkatu beharko dira.

  6. – Aktak, behin onartuta, iragarki-ohol ofizialetan argitaratuko dira eta posta elektronikoz bidali kide anitzeko organoko kideei, ikastegiko gainontzeko irakasleei eta AZPkoei, eta Ikasleen Kontseiluari horren bidez ikasleen eskura egon daitezen. Edozelan ere, aktak argitaratzean babestuta egin beharko da pertsonen intimitatea.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Hartutako erabakiak argitara emango dira iragarki-ohol ofizialean, gehien dela hiru egun balioduneko epean eta pertsonen intimitatea babestuta. Organoko buruak eta idazkariak ziurtatu beharko dute hartutako erabakiak argitara ematen direla, eta, gutxienez, hilabete batez egongo direla argitaratuta jendaurrean. Izan ere, epe horretan egongo da errektoreari errekurtsoak aurkezteko aukera.

  3. – Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak interesdunei jakinarazi behar zaizkie. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ez bada behintzat. Erabakiak publikoak dira eta unibertsitateko kasuan kasuko organoei jakinaraziko zaizkie.

  2. – Arautegi honetako 6. artikuluan aipatzen diren kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari, hilabeteko epean.

  1. – Zuzendaria gobernu, ordezkaritza eta administrazioko kide bakarreko organoa da.

  2. – Zuzendaria ikastegira atxikitako unibertsitateko irakasleen kidegoetako arduraldi osoko irakasle doktoreen artetik hautatuko da. Baldintza horiek betetzen duen hautagairik aukeratu ez bada, bigarren txanda egingo da, eta horretan, hautagai izan ahalko dira ikastegira atxikitako unibertsitateko irakasleen kidegoetako ez doktoreak edo irakasle kontratatu doktoreak. Lehenengo txandarako zein bigarrenerako hautagai zerrendak epe berean aurkeztu beharko dira.

  3. – Zuzendaria Ikastegiko Batzarrak aukeratuko du.

  4. – Zuzendaria errektoreak izendatu behar du, eta izendapena egiten den egunean hasiko da zuzendaria bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da, eta karguan elkarren segidako bi agintaldi bete daitezke.

  1. – Zuzendariak kargua utziko du:

    1. hilez gero;

    2. legezko ezintasuna izanez gero;

    3. dimisioa aurkeztuz gero;

    4. ikastegiko kide izateari utziz gero;

    5. agintaldia amaituz gero;

    6. Ikastegiko Batzarrak zentsura-mozioa onartuz gero.

  2. – Ahal izanez gero, zuzendariak jardunean jarraituko du zuzendari berria izendatu arte.

  3. – Zuzendaria gaixorik edo kanpoan egonez gero, izendapenean beren-beregi hautatutako zuzendariordeak ordezkatuko du. Halako izendapenik ez balego, Ikastegiko Batzarrak izendatuko du bere ordez arituko den zuzendaritza taldeko kidea. Ikastegiko Batzarreko burua, kasu honetan, antzinatasun handieneko kidea izango da. Sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jarduneko zuzendariak hauteskundeetarako deia egingo luke hilabeteko epean.

  4. – Ikastegiko kide bakarreko organorik egon ezean, kategoria eta antzinatasun handiena daukan ikastegiko arduraldi osoko irakasleak hartuko ditu bere gain zuzendariaren zereginak. Irakasle horrek ikastegiko zuzendaria aukeratzeko deia egin beharko du gehien dela sei hilabeteko epean.

  5. – 1.f) atalean adierazitako zentsura-mozioa Ikastegiko Idazkaritzan aurkeztuko da idatziz, arrazoituta eta, gutxienez, batzarreko kideen % 20ren sinadurak dituela. Zentsura-mozioa aurkeztuta eta eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuta, zuzendariak Ikastegiko Batzarrari dei egingo dio 72 orduko epean ezohiko bilera egiteko. Zentsura-mozioa aurkeztu eta hamabost eguneko epean, gehienez ere, egin beharko da bilera hori. Bilera horretan, lehenengo eta behin, zentsura-mozioari buruzko azalpenak emango ditu mozioa sinatu duen batzarkideetako batek. Zentsura-mozioa jaso duenak erantzuna eman ondoren, hitza eskatu duten batzarkideek hartuko dute parte txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek. Zentsura-mozioa onartzeko, Ikastegiko Batzarreko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan behar dira. Ikastegiko Batzarrak zentsura-mozioa onartuz gero, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala, eta segidan, hauteskundeetarako deia egingo du.

  1. – Errektoreak irakats-betebeharretatik salbuets dezake zuzendaria, zati batean edo erabat.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakats-betebeharretatik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntza eta ikerketa arloetan eguneratze aldera. Horretarako, hiru urtez, gutxienez, iraun behar du karguan.

  1. – Hauek dira ikastegiko zuzendariaren eginkizunak:

    1. Ikastegiaren ordezkaria eta ikastegira atxikitako langile guztien zuzendari funtzionala izatea.

    2. Ikastegiko jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta ikuskatzea.

    3. Ikastegiko kide anitzeko organoetako buru izatea.

    4. Ikastegiko Batzarraren, gobernu-organo orokorren eta campus bakoitzeko organoen jarraibideak ezarri eta haien erabakiak betetzea.

    5. Errektoreari proposatzea haren eskumeneko izendapenak.

    6. Ikastegiko Batzarrari aurkeztea urteko memoria eta plana.

    7. Zerbitzu teknikoekin koordinaturik, ikastegiko leku guztien higiene eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

    8. Ikastegiko kideen eskari eta proposamenak zuzendu eta bideratzea.

    9. Ikastegiaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

    10. Ikastegiari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia dutenak, UPV/EHUren Estatutuen 102.2 eta 103.2 artikuluetan adierazitako moduan.

    11. Tokiak esleitzea ikastegian diharduten sail, institutu eta zerbitzuei, Ikastegiko Batzarrak onartuko dituen irizpideekin bat etorrita. Era berean, ikastegiko azpiegitura erabiltzean lehentasunak zein diren erabakiko du.

    12. Lankidetza- eta koordinazio-programak adostea sailekin irakaskuntza- eta ikerketa-jardueretarako, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.

    1. Gainerako gobernu-organoek eskuordetzen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta, beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, ikastegiarekin zerikusia duten eginkizunak.

  2. – Era berean, ikastegiko zuzendariak lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

  1. – Ikastegiko zuzendaritza-taldearen burua zuzendaria izango da eta honako hauek osatuko dute: zuzendariordeek eta idazkari akademikoak.

  2. – Ikastegiko zuzendaritza-taldeak laguntza eman behar dio zuzendariari bere zereginetan, batez ere honako hauetan:

    • titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanean;

    • ikasketa planak eguneratzeko zereginean, modu horretara gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko;

    • ikasleen laneratzea bultzatzeko eginkizunean;

    • ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak gainbegiratzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez;

    • irakats-plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzeko zereginean, bai eta titulazioetako irakaslanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestio lanean ere;

    • titulazioen irakats kalitatea sustatzeko lanean;

    • ikastegiko jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzeko lanean.

  1. – Errektoreak, zuzendariak proposatuta, zuzendariordeak izendatuko ditu beharrezko baldintzak betetzen dituzten ikastegiko arduraldi osoko irakasleen artetik.

  2. – Zuzendariordeek zuzendariak eskuordetzen dizkien lanak egingo dituzte, eta haien izendapenean aipatutako arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio Ikastegiko Batzarrari, eta, horretaz gain, argitara emango dira.

  3. – Zuzendariordetzen kopurua ez da izango UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegian jasotako irizpideak aplikatuta ateratzen den kopurua baino handiagoa.

  4. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, ikastegiko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

  5. – Zuzendariak zuzendaritza-taldean gertatu diren aldaketen berri emango du Ikastegiko Batzarraren hurrengo bileran.

  1. – Errektoreak irakats-betebeharretatik salbuetsi ahal izango ditu zuzendariordeak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakats-betebeharretatik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko dituzte emanda karguan.

  1. – Idazkari akademikoa errektoreak izendatuko du, zuzendariak proposatuta. Idazkaria jardunean dagoen arduraldi osoko irakasle bat izango da.

  2. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitze, dekanoak proposatuta.

Hauek dira ikastegiko idazkari akademikoaren eginkizunak:

  1. Ikastegiko Batzarraren bileretara eta haren kargua betetzeagatik idazkari gisa aritu behar duen batzorde guztietara joatea, eta bilkuren aktak idatzi eta zaintzea.

  2. Ikastegiko Batzarra biltzeko deia egitea, zuzendariaren aginduz.

  3. Ikastegiko gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo ikastegiko dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

  4. Ikastegiko Erregistro Orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arau eta irizpideak betez.

  5. Ikastegiko Batzarrak hartuko dituzten erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu-organoari.

  6. Laguntza ematea, oro har, ikastegiko zuzendariari, bai eta ikastegiko idazkari akademikoari dagozkion gainerako eginkizunak betetzea ere.

  1. – Errektoreak irakats-betebeharretatik salbuetsi ahal izango du ikastegiko idazkari akademikoa, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakats-betebeharretatik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko dituzte emanda karguan.

  1. – Ikastegiko zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua administratzailea izango da.

  2. – Administratzaileak zuzendariarekiko mendekotasun funtzionala izango du, eta ikastegiko administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horretaz gainera, ikastegiko organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan, eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz ere arduratuko da.

  3. – Ikastegiko administratzaileak eguneratuta izango du ikastegira atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio Ikastegiko Batzarrari, ontzat eman dezan. Ondoren unibertsitateko Gerentziara igorriko da. Era berean, laguntza teknikoa emango dio zuzendaritza-taldeari ikastegiaren urteko premien memoria prestatzeko lanean. Memoria hori ontzat eman beharko du Ikastegiko Batzarrak.

Ikastegiak bere helburuak betetzeko eta jarduerak aurrera eramateko, behar beste langile izango ditu, eta UPV/EHUko aurrekontu orokorrean sail berezituak, eta bakoitzak autonomiaz gestionatuko du bere saila.

UPV/EHUk urtero zehaztuko du ikastegiaren aurrekontuko hornidurarako emango duen diru-sail orokorra, baina aurrekontuko hornidurak beste osagai hauek ere izango ditu:

  1. Burutzen dituen jardueren etekinak.

  2. Jasotzen dituen diru-laguntzak, kasuan kasuko diru-laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

  3. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  4. Zientzia-, teknika- edo arte- lanak egiteko edo espezializazio-ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokion zatia.

  1. – Ikastegiaren jarduera ekonomikoa UPV/EHUren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

  2. – Ikastegiak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendaritza-taldeak jakinaren gainean jarriko du Gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek ikastegiaren aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztuko du Ikastegiko Batzarrean, ontzat eman dezan.

  1. – Arautegia aldatzeko ekimena zuzendariak edo Ikastegiko Batzarreko kideen % 25ek har dezake. Aldaketak proposatzeko, txosten arrazoitua aurkeztu beharko zaio zuzendariari. Idazkiak alderdi hauek jasoko ditu: aldaketa eskatzen duten pertsonen izenak, proposatzen diren ordezko testua, gehikuntzak, zuzenketak edo kenketak. Zuzendariak ikastegiko ezohiko batzarrera deituko du, aldaketa horretaz erabakitzeko, hilabeteko epean, gehienez ere, ekimena aurkeztu denetik kontatzen hasita.

  2. – Arautegia aldatzeko proiektuak aurrera egingo du, baldin eta aldeko botoen gehiengo osoa lortzen badu. Aldaketa proposamena onartzen ez bada, ezin izango da egin testu bera aldatzeko beste proposamenik bi urteko epean, baldin eta eskariak ez badauka Ikastegiko Batzarreko kideen bi herenen babesa. Onartutako aldaketak Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaizkio, legaltasun-kontrola egindakoan, hark onar ditzan.

Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolak koordinatzen dituen titulazioak eskolan ematen diren berak dira, hau da: eskolak ondoren jasotako unibertsitate-ikasketak antolatu eta titulu akademiko eta besteko ikasketa eskaintza lortzera bideratutako prozesu akademiko eta administrazio arloak zuzentzen eta gestionatzen ditu:

  • Enpresa Zientzietako Diplomatura.

UPV/EHUk arautegi hau behin betiko onartu ondoren, Ikastegiko Batzarra aukeratzeko hauteskundeetarako deia egingo da.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.